Noiz argitaratua Astelehena, 2021.eko Azaroak 8

Izapidetzeko onartu da 2022ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorren proiektua

Kontuei osoko zuzenketak aurkezteko epea azaroaren 18an amaituko da, eta abenduaren 23an egitekoa da eztabaida Osoko Bilkuran

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak gaur onartu dute izapidetzeko 2022ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektua. Aurrekontua 5.273.126.597 eurokoa da; kopuru horretatik 4.767.034.210 euro gastu ez-finantzarioari dagozkio (Nafarroako Gobernuko departamentuak, Nafarroako Parlamentua eta Nafarroako Kontseilua), eta gainerakoa, 506.092.387 euro, finantza-gastuari (zorraren amortizazioa eta interesen ordainketa).

 

Gastu ez-finantzarioaren gehieneko zenbatekoa % 6,23 igo da 2021eko aurrekontuaren aldean. Azken horretan 4.481 milioikoa izan zen; beraz, zenbaki absolututan 286 milioiko aldea dago, horietatik 162 europar funtsei dagozkie.

 

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak proiektua izapidetzeko onartzeaz gain, izapidetzeko egutegia ere onetsi dute gaur.

 

Foru lege proiektua Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita —azaroaren 9an argitaratuko da—, parlamentu-taldeek eta foru parlamentarien elkarteek azaroaren 18ko 12:00etara arteko epea izanen dute osoko zuzenketak aurkezteko, eta azaroaren 25eko 14:00etara arteko epea zuzenketa partzialak aurkezteko.

 

Azaroaren 25ean Osoko Bilkuran eztabaidatuko dira proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak, eta, horiek onartu ezean, abenduaren 13tik 17ra bitartean zuzenketa partzialak eztabaidatuko dira Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean.

 

Azkenik, abenduaren 23an Parlamentuko Osoko Bilkuran eztabaidatuko da Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak 2022ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektuaren gainean emandako irizpena.

 

2022rako Aurrekontuei buruzko Foru Lege proiektua gaur sartu da Legebiltzarrean, azaroaren 8an. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Unai Hualdek, Areto Instituzionalean hartu du Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Sáiz, eta azken horrek proiektuaren entrega formala egin dio.

 

Era berean, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak Zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko Foru lege proiektua izapidetzeko onetsi dute.

 

Unai Hualdek lege honen "esangura berezia" azpimarratu du, “are gehiago kontuan hartuta pandemiaren ondoren, 2022an, susperraldi ekonomiko, sozial eta sanitarioa gauzatu behar dela, espero dugu Next Generation izeneko funts europarrek ere horretan laguntzea”.

 

Hualdek, azkenik, Foru Parlamentuari egokitu zaion "funtsezko" papera nabarmendu du Gobernuan gehiengo absoluturik ez dagoelako, eta talde parlamentarioei "beharrezkoak diren akordioak lortzeko lan egiteko" eskatu die. “Lan handiko asteak ditugu aurretik”.

 

Parlamentuak datorren hilabete eta erdian egingo dituen lanen artean daude, Hualdek hala adierazi du, besteak beste, Komunitatearen Egoerari buruzko Eztabaidaren barruan ostiralean onartutako Hobekuntzari buruzko Ponentzia abian jartzea. “Jardunaldi monografiko batzuk antolatzea barne hartzen du, eta Lorafna eguneratzeari buruzko eztabaidaren hasiera izatea espero dugu”.  

 

Elma Sáizek, bere aldetik, adierazi du 2022rako Nafarroako Aurrekontu Orokorren proiektua “ezinbesteko tresna” dela “gure lurraldean bidezko susperraldi ekonomiko eta soziala diseinatzeko. Inbertsioa % 30 igo da. Egonkortasun politikoa elkarrizketa eta adostasuna gauzatzearekin etorriko da”.