Noiz argitaratua Ostirala, 2020.eko Urtarrilak 10

Izapidetzeko onartu da 2020ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorren proiektua

Kontuei osoko zuzenketak aurkezteko epea urtarrilaren 22an amaituko da, eta otsailaren 27an egitekoa da eztabaida Osoko Bilkuran

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak gaur onartu dute izapidetzeko 2020ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektua. Aurrekontua 4.557.058,498 eurokoa da; kopuru horretatik 4.239.828,493 euro gastu ez-finantzarioari dagozkio (Nafarroako Gobernuko departamentuak, Nafarroako Parlamentua eta Nafarroako Kontseilua), eta gainerakoa, 317.230,005 euro, finantza-gastuari.

 

Gastu ez-finantzarioaren gehieneko zenbatekoa % 5,7 igo da 2019ko Aurrekontuaren aldean. Azken horretan 4.016.552,285 milioikoa izan zen; beraz, zenbaki absolututan 223.276,208 milioiko aldea dago.

 

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak proiektua izapidetzeko onartzeaz gain, izapidetzeko egutegia ere onetsi dute gaur.

 

Foru lege proiektua Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita —urtarrilaren 14an argitaratuko da—, parlamentu-taldeek eta foru parlamentarien elkarteek urtarrilaren 22ko 12:00etara arteko epea izanen dute osoko zuzenketak aurkezteko, eta urtarrilaren 28ko 12:00etara arteko epea zuzenketa partzialak aurkezteko.

 

Otsailaren 6an Osoko Bilkuran eztabaidatuko dira proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak, eta, horiek onartu ezean, otsailaren 10etik 18ra bitartean zuzenketa partzialak eztabaidatuko dira Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean.

 

Azkenik, otsailaren 27an Parlamentuko Osoko Bilkuran eztabaidatuko da Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak 2020ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektuaren gainean emandako irizpena.

 

2020rako Aurrekontuei buruzko Foru Lege proiektua gaur sartu da Legebiltzarrean, urtarrilaren 10ean. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Unai Hualdek, bere langela ofizialean hartu du Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Sáiz, eta azken horrek proiektuaren entrega formala egin dio.