Izapidetzeko onartu da 2017ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorren proiektua
Kontuei osoko zuzenketak aurkezteko epea azaroaren 16an amaituko da, eta abenduaren 22an egitekoa da eztabaida Osoko Bilkuran
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak gaur onartu dute izapidetzeko 2017ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektua. Aurrekontua 4.024.180.181 eurokoa da; kopuru horretatik 3.693.754.658 euro gastu ez-finantzarioari dagozkio (Nafarroako Gobernuko departamentuak, Nafarroako Parlamentua eta Nafarroako Kontseilua), eta gainerakoa, 330.425.523 euro, finantza-gastuari.
Gastu ez-finantzarioaren gehieneko zenbatekoa % 5,35 igo da 2016ko Aurrekontuaren aldean. Azken horretan 3.506,16 milioikoa izan zen; beraz, zenbaki absolututan 187,5 milioiko aldea dago.
Mahaiak eta Eledunen Batzarrak, proiektua izapidetzeko onartzeaz gain, 2017rako Nafarroako Aurrekontuak Parlamentuan izapidetzeko egutegia onetsi dute gaur.
Foru lege proiektua Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita —gaur bertan argitaratuko da, azaroak 2—, parlamentu-taldeek eta foru parlamentarien elkarteek azaroaren 16ko 12:00etara arteko epea izanen dute osoko zuzenketak aurkezteko, eta azaroaren 23ko 12:00etara arteko epea zuzenketa partzialak aurkezteko.
Azaroaren 24an Osoko Bilkuran eztabaidatuko dira proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak, eta, horiek onartu ezean, abenduaren 12tik 16ra bitartean zuzenketa partzialak eztabaidatuko dira Ogasuneko eta Finantza Politikako Batzordean.
Azkenik, abenduaren 22an Parlamentuko Osoko Bilkuran eztabaidatuko da Ogasuneko eta Finantza Politikako Batzordeak 2017ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proposamenaren gainean emandako irizpena.
2017rako Aurrekontuei buruzko Foru Lege proiektua iragan astelehenean sartu da Legebiltzarrean, urriaren 31n. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Ainhoa Aznárez Igarzak, bere langela ofizialean hartu zuen Nafarroako Gobernuko Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilaria, Mikel Aranburu Urtasun, eta azken horrek proiektuaren entrega formala egin zion.