Itxaso Soto Díaz de Cerio Foru Parlamentari karguaz jabetu da
Geroa Bai talde Parlamentarioari atxiki zaio, Uxue Barkosek karguari uko egin baitio, Senatari autonomiko izateko
Nafarroako Parlamentuko Mahaiak bilkura egin du eguerdian, Itxaso Díaz de Cerio (Geroa Bai) Foru Parlamentari berria karguaz jabetu zedin, Uxue Barkosek karguari uko egin ondoren Nafarroako Foru Komunitateko senatari autonomiko izateko.
Erakunde-aretoan egin den ekitaldian, Parlamentari berriak kargua hitzeman du Legebiltzarreko lehendakari Unai Hualderen, Lehen Lehendakariorde Ainhoa Unzuren, Bigarren Lehendakariorde Juan Luis Sánchez de Muniáinen, Lehen Idazkari Yolanda Ibáñezen eta bigarren Idazkari Mikel Zabaletaren aurrean.
Sotok honako formula hau erabiliz hitzeman du bere kargura Parlamentuko lehendakariaren aitzinean:
“Hitz ematen dut foru araubidea beti errespetatuko dudala, Konstituzioari eta legeei men egingo diedala eta Foru Parlamentari karguari dagozkion eginbeharrak zintzo beteko ditudala”.
“Prometo por mi conciencia y honor respetar en todo momento el régimen foral de navarra, acatar la constitución y las leyes y cumplir fielmente las obligaciones propias del cargo de Parlamentario/a Foral”.
Sotok, zeina hamargarrena izan baitzen Nafarroako Parlamenturako 2023ko maiatzaren 28ko hauteskundeetan Geroa Baik aurkeztutako zerrendan, erregelamendu bidez ezarritako baldintzak bete ditu, eta, halatan, Foru Parlamentari karguan jardutetik heldu diren eskubide eta abantaila guztiak eskuratu ditu. Itxaso Soto (Iruña, 1990) Pedagogian Lizentziaduna da eta laneko arriskuen prebentzioan nahiz giza baliabideen zuzendaritza eta kudeaketan masterrak ditu. Nafarroako industriako hainbat sektoretako giza baliabideetan espezializatua.
Ekitaldiaren amaieran Unai Hualdek hitz egin du. Lehendakariak Itxaso Soto zoriondu du eta “ardura izugarria” duen kargu berrian “zorte ona” opa izan dio.
Kargua hartzeko ekitaldian izan dira, besteak beste, Ramón Alzórriz, Inma Jurío, Carlos Mena (G.P. PSN), Laura Aznal, Eneka Maiz (EH Bildu), Pablo Azcona, María Solana, Mikel Asiain, Isabel Aranburu (G.P. Geroa Bai), Irene Royo (PPN) Carlos Guzman, Daniel López, Miguel Garrido (Contigo-Zurekin), Maite Nosti, Emilio Jiménez (VOX) eta Rafa Eraso, Geroa Bairen Parlamentari ohia.