Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Urtarrilak 11

Itxaron-zerrenden murriztea bide onetik doala ziurtatu du Nafarroako Gobernuak

UPNren interpelazio bati erantzun dio, zeinak Erkidegoaren osasun gastu handia eta azken lau urteetan osasun arreta publikoak okerrera egin izana kontrajarri dituen

Fernando Domínguez Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak ostegun honetan adierazi duenez, itxaron-zerrendak murrizteko "bide onetik goaz" eta "egoerak hobetzen jarraituko du, eta hori albiste ona da".

 

Kontrolerako Osoko Bilkuran UPNk egindako interpelazio bati erantzunez, Dominguezek esan du hobekuntza horrekin pazienteak "arinago" artatzen dituztela, "profesionalak gusturago daudela, eta horrek osasun publikoaren inplikazio ikaragarria erakusten" duela. “Eta guk, departamentuan, pazienteak eta profesionalak ondo badaude, ezin dugu gure ahaleginagatik eta kezkengatik sari hoberik izan".

 

Kontseilariak ziurtatu duenez, "jakitun gara irisgarritasunaren inguruan dugun arazoaz, neurriak hartu behar direla dakigun bezala, eta dagoeneko hainbat ekintza ditugu ezartzen joateko".

 

Fernando Domínguezek adierazi duenez, "itxaron-zerrenden konponbidea plan integral bat da, epe labur, ertain eta luzerako neurriak dituena. Epe laburrekoak martxan daude eta badakigu funtzionatzen dutela. Baldintzak ezin hobeak izateko konpromisoa berretsi nahi dut, hilean batez beste mila paziente gutxiago izatea lehen kontsultetako itxaron-zerrenda, eta horrela lortu dugu urrian eta azaroan, 1.300 eta 1.500 paziente gutxiago baitaude lehen kontsulta baten zain, hurrenez hurren", berretsi du.

 

Kontseilariak adierazi duenez, "formula ez da magikoa, lanarekin eta konpromisoarekin, tartean dauden profesional guztiei eta aldaketa gidatzen ari diren kudeatzaileei esker, gauzatzen ari diren neurriak dira".

 

Gainera, Fernando Domínguezek nabarmendu duenez, Osasun departamentua "profesionalekin buru-belarri ari da lanean ospitaleen arteko koordinazio hobea egiteko, zuzendaritza eta teknikari talde ezberdinak garatzeko eta, horien ondorioz, itxaronaldiak laburtuko dituzten, Lehen Mailako Arretaren eta ospitaleko arretaren arteko komunikazioa hobetuko duten edo asistentzia-zirkuitu eta -metodo berriak landuko dituzten formula eta lan-eredu berriak sortzeko. Tele dermatologia adibidez, laster Nafarroako errealitatea izango da; izan ere, sei zentro lanean ari dira formula honekin eta erantzun-denbora gehienez ere 72 ordukoa da".

 

Larrialdietako zerbitzuen egoerari buruz, Fernando Dominguezek esan du "ohikoa den bezala, neguan gainkarga bat jasaten ari direla, eta, horren ondorioz, paziente batzuek denbora gehiago itxaron behar izaten dutela". Hala ere, nabarmendu duenez, "ia 80 profesional kontratatu dira, eta 56 ohe ireki Nafarroako Unibertsitate Ospitalean, larrialdietan ospitaleratzea eskatzen duten asistentziei eta programatutako jarduera kirurgikoari euskarria emateko, itxaron-zerrendak murrizten jarraitzeko".

 

Leticia San Martínek (UPN) ohartarazi duenez, "soilik azken lau urteetan ia bikoiztu egin da Lehen Mailako Arretako zentroetan hitzordua hartzeko itxaron behar dugun denbora, eta espezialistarekin hitzorduaz hitz egiten badugu, 30 egun gehiago itxaroten dugu batez beste. Hori guztia gertatzen da gure zergak ordaintzen jarraitzen dugun bitartean. Urtero zerga asko ordaintzen ditugu gure erkidegoan, eta osasun-gastuaren buruan dagoen erkidegoetako bat gara. Ahalegin ekonomiko horrek arreta hobea ekarri behar du, eta ez arreta okertzea, eta osasun-sistema publikorako irisgarritasunaren kasuan, azken lau urteotan okerrera egin duela uste dugu", azpimarratu du.

 

San Martínek adierazi duenez, Foru Gobernuak egindako inbertsio ekonomikoarekin "argi dago itxaron-zerrenda jaitsi egingo dela, izan ere, jaisten ari da", baina "zerrenda nola murriztu" planteatu du. Produktibitatean 620.000 euro ordaindu dira, pribatura 2.500 paziente bideratu dira, osasun pribatuan 2.500 ebakuntza kirurgiko egin dira eta pribatura 11.000 ekografia bideratu dira. Argi dago zifra horiekin itxaron zerrenda jaitsi egingo dela, baina noiz arte eutsi ahal zaio gastu horri?", galdetu du.

 

Maite Esporrínek (PSN) ez du bat egin UPNko parlamentariak azaldutako "ikuspegi katastrofistarekin"; izan ere, "ematen du zerbitzua ez dela batere eraginkorra, itxaron-zerrendak pixkanaka hobetzen ari direla agerian geratzen denean". "Ez dugu erlaxatu behar, kontrakoa baizik, eta are gehiago jasaten ari garen osasun-arretako premien hazkundea kontuan hartuta", adierazi du.

 

Txomin Gonzalezek (EH Bildu) uste du UPNren azken legegintzaldian "inflexio-puntu bat" eman zela, "mila milioiko finantziaziotik 856 milioiko finantzaketara pasatzea ekarri zuten murrizketekin". Aurreko legegintzaldietan, PSNren eta Geroa Bairen Gobernuekin, “osasun publikoaren finantzazioa hobetu zen, baina ez zaie arazo kronikoei konponbiderik eman”, eta hortaz, etorkizuneko erronketan aurrera egiteko eskatu du. “Lehentasunezkoa osasun sistema publikoa berritzea da, erreferentzia gisa jarriko gaituzten kalitate estandarrak bermatuko dituena".

 

Isabel Aranburuk (Geroa Bai) baloratu duenez, "departamentua kudeatzen duen taldearen plana funtzionatzen ari da eta egoera iraultzen hasi da, onartezintzat jotzen baitute guztiek". "Erabiltzaileek eta profesionalek zuzendu beharreko gauzarik hurbilena da, zalantzarik gabe. Murriztu, itxarote-zerrendak ezabatu ezean, edo Lehen Mailako Arreta oinarrizko arreta-maila gisa duen potentzial guztia garatu, horiek izan behar dute legegintzaldi honetako helburu lehenetsia".

 

Irene Royok (PPN) adierazi duenez, "une honetan ditugun itxaron-zerrendak onartezinak dira, osasun publikoa defendatzera zetorren gobernu batek justifikatu ezin duen drama da. Nafarroako biztanleen % 10 kontsulta espezializatu baten zain daude. Horrekin agerian geratzen da Gobernu honek ez zuela osasun publikoa defendatzen, oraingoz egin duen gauza bakarra okerrera egitea izan baita", ziurtatu du.

 

Daniel Lópezek (Contigo-Zurekin) adierazi duenez, "eskuinak, beti bezala, gai honen aurka borrokatuko du", herritarren artean arazo sozial bat sortzen saiatzeko. “Autonomia-erkidegoen artean txarrena bezala marrazten gaitu, eta egia da ez garela erkidego onenetako bat, baina ezta txarrena ere. Ez dugu autokonplazentzian erori behar, datu horiek zuzentzeko eta hobetzeko modua bilatu behar da". Hala, "aurrera egiten jarraitzeko" eskatu dio kontseilariari.

 

Azkenik, Maite Nostik (Vox) nabarmendu duenez, "sei lege eta hiru foru-dekretu daude osasun-sistema publikoaren erabiltzaileei arreta egokia jasotzeko eskubidea bermatzen dietenak. Sei lege eta hiru dekreturekin ez da askoz gehiago egin behar. Eskerrak eman nahi dizkiot kontseilariari Nafarroako osasunean dauden arazoen diagnostikoa egin izanagatik. Nire ikuspuntutik, ahalegin bat egiten ari da arazo horiek gainditzeko. Profesionalak osasun-sistemara erakartzeko plan batean ahalegin pixka bat gehiago egitea besterik ez nizuke eskatuko", zehaztu du.