Noiz argitaratua Asteartea, 2019.eko Urriak 22

Israelgo arma industria eta okupazio sionista salatzeko mintzaldia Parlamentuan

Eran Efrati Israelgo armadako soldadu ohi eta orain militante antisionista juduak bere esperientzia kontatu du Palestina Habibti zikloaren barruan

Eran Efrati Israelgo soldadu ohi eta militante antisionista juduak hitzaldia eskaini du gaur Nafarroako Parlamentuan, eta Israelgo gobernuak arma industriarekin lortzen dituen etekinak eta okupazio sionista salatu ditu.

 

Israelgo armadako kidea zen Efrati, baina handik hilabete batzuetara Harresiaren Aurkako Anarkistak GBEko aktibista zen. Bere mintzaldian okupazioa eta proiektu sionista osoa salatzera eraman zuen esperientziaren berri eman du, bere ustez proiektu sionista “arrazista eta kolonialista” delako.

 

Horrez gain, armagintzako sektoreen arteko harremanak ikertzen dituen JVP Researching the Alliance (Aliantza ikertzen) egitasmoko zuzendaria ere bada Efrati, eta Israelgo gobernuak arma industriako etekinak lortzen dituela salatu du, “Palestina arma militar israeldarren laborategi gisa erabiltzen baitu”.

 

Azaldu duenez, Israelek “dirutza izugarria egiten du armak mundu osoko beste errepresio erregimen batzuei salduz” eta, horrenbestez, BDS kanpaina babestu du, “Israelen aurkako Boikot, Desinbertsio eta Zigorren kanpaina, Palestinako gizarte zibileko 170 elkartek baino gehiagok nazioarteko komunitatean plazaratutakoa, neurri hertsagarri horiek aplikatzeko eskatuz harik eta Israelek Nazioarteko Zuzenbidea eta Giza Eskubideen printzipio unibertsalak bete arte”.

 

Eran Efrati Israelgo armadako soldadu ohi bat da, eta lurralde okupatuetan egin zuen zerbitzu militarra. Bizitako esperientziaren ondorioz okupazio eta proiektu sionista salatu izan ditu eta gaur egun Jewish Voice for Peace (Bakearen aldeko ahots judua) erakundeko presidenteordea eta JVP Researching the Alliance (Aliantza ikertzen) egitasmoko ikerketa zuzendaria da; azken ekimen horretan Israel eta AEBetako segurtasun eta armagintza sektoreen arteko harremanak ikertzen dituzte.

 

Hitzaldia Palestina Habibti/ Palestina Maitea/ Palestina Querida zikloaren barruan antolatu da, eta zikloaren helburua “Nafarroako gizartea Palestinako gatazkaren inguruan sentsibilizatzea eta herri horren duintasuna nabarmentzea da, bere nortasunaren bi ezaugarri aberatsen bitartez: artea eta kultura”.

 

Zikloa SODePAZ, Internazionalistak Auzolanean, Mugarik Gabe Nafarroa, OCSI, El Salvador Elkartasuna eta Mundubat entitateek antolatu dute, eta Richard Weyndling eta Xabier Agirregabiria ordezkariek eman diote hasiera hitzaldiari eta hizlariaren aurkezpenari.

 

Saioa Parlamentu Irekia interes sozialeko herritarren ekimenak bideratzeko programan kokatzen da.