Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Irailak 19

Iruñean Auzialdiko 10. Familia Epaitegi berria gaitzeko kreditu-gehigarria emateko Foru Legea

Osoko Bilkuran onetsia. 2019ko irailaren 19an

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur aho batez onetsi duen foru lege batek 110.000 euroko kreditu-gehigarria ematen du Iruñean Auzialdiko 10. Epaitegia gaitzeko egin beharreko obren finantzaketa premietarako.

 

Kreditu bereziaren zenbatekoa aurrekontuko partida hauetan aplikatuko da: Eraikin judizialak (48.000 euro), Instalazioak eraikin judizialetan (30.000), Bulegoko altzariak eta ekipamenduak (16.000) eta Informazio prozesuetarako ekipamenduak (16.000).

 

Honako partida honetan erabilgarri dagoen saldoaren kargura finantzatuko da kreditu-gehigarria: Toki entitateentzako dirulaguntzak irisgarritasun planak egiteko.

 

Iragan martxoan, Ministroen Kontseiluak onetsi zuen unitate judizial berriak (epaitegiak) sortzea Estatuko lurralde osoan, eta Nafarroari egokitu zitzaion Auzialdiko 10. Epaitegi berria sortzea, familia aferetarako, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari egindako eskaerarekin bat etorriz.

 

Justizia Zuzendaritza Nagusiko arkitekto teknikoek egindako kalkuluen arabera, epaitegi berriaren funtzioak egoki betetzeko beharrezkoak diren aldaketek —Abokatutza eta Sindikatuak lekualdatzeko eragiketak barne— 110.000 euroko gastua dakarte. Zaharberritze lanetan bulegoak eta gune komuna gaituko dira, baina, horrez gain, zuntza instalatzea eta altzariak eta ekipamenduak erostea ere aurreikusten da.

 

2019rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrak prestatu zirenean ez zeuden jasorik proiektu berri horiek, eta horregatik ez zen inolako gasturik jarri hasiera batean kontsignatutako aurreikuspenetan.

 

Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Legearen 4. artikuluak ezartzen duenez, foru lege bidez arautu behar dira Nafarroako aurrekontu orokorrak, eta horien aldaketak ere bai, kreditu bereziak edo kreditu-gehikuntzak emateari buruzkoak badira. Beraz, gastuen aurrekontuan esleitutako kreditua nahikoa ez denez, bidezkoa da lege hori onestea, kasu honetan irakurraldi bakarrean.