Noiz argitaratua Asteartea, 2017.eko Ekainak 27

Iritzi Publikoko eta Berrikuntza Sozialeko ‘Nafarroako Parlamentua’ Katedra aurkeztu da

NUPekin sinatutako urteko lankidetza-hitzarmenaren barneko azterketa- eta ikerketa-programa da, eta politika publikoen hobekuntzan laguntzea du helburu

Foru Legebiltzarreko lehendakari Ainhoa Aznárez Igarzak eta NUPeko Eloísa Ramírez errektoreordeak Iritzi Publikoko eta Berrikuntza Sozialeko Nafarroako Parlamentua Katedra aurkeztu dute gaur, bi erakundeek sinatutako urteko lankidetza-hitzarmenaren barneko azterketa- eta ikerketa-programa bat, zenbait jarduketa-modalitate biltzen dituena; besteak beste, lehen aldiz 2016ko abenduan argitaratu zen Iritzi Publikoaren Barometroa.

 

Iritzi Publikoko eta Berrikuntza Sozialeko Nafarroako Parlamentua Katedra Nafarroak dituen premien ezagutza sustatzeko sortu da, hartara, Administrazioaren eta herritarren arteko lotura areagotuz, politika publikoen hobekuntza ahalbidetzeko, gizartearen behaketa prospektibo sendoetatik abiaturik.

 

Katedrak 20.000 euroko hornidura du, eta, Estatuko eta Europako testuinguruan Foru Komunitatearen egoera zehatz irudikatuko duten aldian behingo azterlan sistematikoak garatzeko, 2017rako beste jarduera batzuen artean, Iritzi Publikoaren Barometroaren bigarren edizioa antolatu du. Halaber, garapenari buruzko ikerketa-proiektu bat gauzatuko du Zangozako eskualdean, Cederna-Garalur elkarteak finantzatuta.

 

Bestalde, unibertsitario adituentzako Analisi politikoari buruzko ikastaro batean parte hartuko du. Unibertsitate-Gizarte Fundazioak kudeatutako ikastaroa da, eta bere saioetatik bi eginen ditu, gutxienez, Nafarroako Parlamentuan, jendearentzat irekita.

 

Etorkizunari begira, Katedrak interes sozialeko diagnostikoak eginen ditu hitzarmeneko bi alderdiek zehaztu beharreko gaiei buruz; berrikuntza sozialaren inguruan berariazko prestakuntza eskainiko die graduatuei, profesionalei eta politika publikoen arduradunei; lanbide-aholkularitzako zerbitzuak sustatuko ditu, eta ikerketa-azpiegitura bat sortuko du, espedienterik onenak dituzten ikasleek graduko eta graduondoko praktikak egin ahal izan ditzaten.

 

Horretarako, hitzarmenean jasotako lanak hobeki programatu, koordinatu eta gainbegiratu nahian, Jarraipen Batzorde Mistoa sortu da. Eloísa Ramírez da batzordeko burua, eta Maiorga Ramírez da Parlamentuak batzordean duen ordezkaria. Batzordeak erabaki du NUPeko Soziologia Saileko Vidal Díaz de Rada irakasle iraunkorra izendatzea Katedraren zuzendari.

 

Parlamentuak eta NUPek 2001eko ekainaren 11n lankidetzarako esparru-akordio bat sinatu zuten bien helburuak lortzen lagundu dezaketen ekintzak bideratzeko, eta akordio horren barnean sortu da hitzarmena.

 

Lankidetzarako hainbat modalitate aurreikusten dira bertan, besteak beste “azterlan, proiektu edo programa juridikoak, sozialak edo politikoak egitea” eta “ikastaroak, hitzaldiak eta jardunaldiak antolatzea”.

 

Oraingoan, Ainhoa Aznárez Igarzak azaldu duenez, programatu diren jardueren bidez Parlamentuaren eta gizartearen arteko loturak estutu nahi dira, “Nafarroako gizarte askotarikoaren premiak eta eskariak aztertzen lagunduko duten ekintzen bidez, batzuk zein besteak isla daitezen Legebiltzarreko taldeek onartzen dituzten ekimen eta erabakietan. 2016an sortutako Behatoki Soziologikoaren emaitza onek ildo horretan jarraitzera bultzatzen gaituzte”.

 

Eloísa Ramírezek, bestalde, Katedraren balioa nabarmendu du “epe ertain eta luzeko lankidetzarako eredu egonkorra” den aldetik. “NUPen egitekoari ikusgaitasun handiagoa” ematen diola eta “beste erakunde batzuekin ere lankidetzan aritzeko prest” dagoela azpimarratu du. “Lankidetzarako eta lanerako plataforma honek fruitu oparoak ekar ditzake”.

 

Azkenik, Vidal Díaz de Radak ohartarazi du Iritzi Publikoaren II. Barometroaren ingurukoa izanen dela Katedraren jarduera nagusia. “Lagin-tamaina handituko dugu, banaketa geografikoa hobetuko, eta galdera sortaren zati bat aldatuko dugu”.