Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Maiatzak 20

Irailerako trebakuntza digitaleko plan "adostu eta inklusibo" batean lanean ari dela ziurtatu du Nafarroako Gobernuak

Navarra Sumaren interpelazio bati erantzun dio, zeinak baliabideak eskatu dituen lurralde-arrakalarekin amaitzeko, 15.000 pertsonak ez baitaukate banda zabalerako sarbiderik

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilari Juan Cruz Cigudosak nabarmendu du bere departamentua Gizarteratze eta Trebakuntza Digitalerako Plan bat lantzen ari dela, "parte-hartzailea, adostua, Foru Erkidegoaren errealitatera egokitua eta inklusiboa", inor atzean ez uzteko helburua duena.



Irailerako aurreikusita dago planak Nafarroako herritarren eten digitalari helduko dio, arreta berezia jarriz bazterketa digitala jasateko arriskuan dauden kolektiboengan.

 

Kontrolerako osoko bilkuran Navarra Sumaren interpelazio bati erantzunez, Cigudosak azpimarratu du Parlamentuan 6 aldiz egin duela agerraldia eten digitalari buruz hitz egiteko, “benetan kezkatzen gaituen gai honi” buruz.

 

Ildo horretan, kontseilariak esan du Gobernua "arrakala digitala arintzeko hartu behar dituen neurriak" hartzen ari dela, "Gobernuak gustura hartzen du lidergo hori, trantsizio digital inklusiboa eta premiazkoa aldarrikatzen dugu, inor atzean gera ez dadin. Badakigu eten digitalak behatu beharreko angelu asko dituela”.

 

Banda zabalaren II. Planaren hedapenak 2024an Nafarroako biztanle guztiei segundoko 30 megako gutxieneko konexioa ahalbidetzea aurreikusten duela gogorarazi ondoren, kontseilariak azpimarratu du plan hori "hornituta dagoela, aurrekontua duela eta lehentasun espezifikoa” duela. “Aurten 2,1 milioi euro daude Erronkari ibarrean banda zabala zabaltzeko”, berretsi du.

 

Cigudosak nabarmendu duenez, arrakala digitalaren diagnostiko batean lan egin dute, eta "funtzionarioen trebakuntza digitala hobetzeko gaitasun nabarmena" antzeman dute. Horregatik, bere departamentuak langile publikoentzako trebakuntza digitalerako proposamen bat egin du eta Funtzio Publikoari helarazi zaio.

 

Era berean, kontseilariak "gizarte zibileko jende askorekin" hitz egin izana goraipatu du, besteak beste, Tercer Tiempo eta Nafarroako trebakuntza digitalaren arloan lan egiten duten beste batzuekin. Zehaztu duenez, alfabetatze digitaleko plan berri bat landu da, hainbat udalekin negoziatzen ari dena, 40 herritara iritsiko dena, eta, adibidez, hasierako mailetako ikastaroak emango dira.

 

Ángel Ansak (Navarra Suma) ohartarazi du eten digitala "Nafarroan oso presente dagoen arazoa" dela, eta "lurraldearen digitalizazioari dagokionez desoreka" dagoela azpimarratu du. “% 3k, hau da, 15.000 nafarrek baino gehiagok, ez dute banda zabala erabiltzeko aukerarik", adierazi du Navarra Suma alderdiko ordezkariak, eta "arrakala digitala desagerrarazteko neurri eta baliabide guztiak abian jartzea" eskatu dio kontseilariari, "oraindik ere badago arazo hori, eta pertsona askorentzat eguneroko arazo eta traba bat da”.

 

Javier Lecumberrik (PSN) adierazi duenez, eten digitala "lehentasun bat da bere alderdiarentzat eta Gobernuarentzat", eta "egin diren, egiten ari diren eta egiteko aurreikusita dauden gauza guztiak" balioetsi ditu. “Digitalizazioa gizartea eta gure produkzio-sistema modernizatzeko aukera izateaz gain, gizarte- eta lurralde-kohesiorako aukera ere bada; horregatik uste dugu, hain zuzen ere, mota guztietako eten digitalen aurkako borroka dela lehentasunetako bat", azaldu du.

 

Maria Solanak (Geroa Bai) kontseilariari "Estatuari eta bere ordezkariei itxaron gabe pauso gehiago emateko" deia egin dio. Halaber, gaineratu du digilitazioa ez deña “gai teknikotzat edo zerbitzuan sartzeko gaitzat hartu behar", eta eraldaketa digitalak "eragin soziala, ekonomikoa eta politikoa" duela azpimarratu du. “Teknologia horien gobernantza taxutzeko modua erabakigarria izango da demokraziaren etorkizunerako", gaineratu du.

 

Arantza Izurdiagak (EH Bildu) azpimarratu duenez, "pandemiak digitalizazioaren arloan aldaketak bizkortu ditu", eta "trebakuntza digitalaren arloan arlo guztietan lan egiteko beharra" defendatu du, "oraindik lan asko dagoelako egiteko" eta analfabetismo digitalak oinarrizko zerbitzuak eta zerbitzu instituzionalak eskuratzeko orduan ere eragina izan dezakeelako. "Funtsezkoa da aurrera egiteko lanean zentratzea".



Ainhoa Aznarezek (Podemos-Ahal Dugu) aitortu duenez, arrakala digitala arintzea "ez da gai erraza", eta "aukerak eta baliabideak ematearen alde" egin du, "mundu guztiak Internet erabiltzeko aukera bera izan dezan, inor atzean ez uzteko. Etxeko digitalizazioari aurre egin behar diogu, desberdintasuna eta aukera falta sortzen duen gaia delako".

 

Azkenik, Marisa de Simonek (Izquierda-Ezkerra) zera eskatu du: "digitalizazioa ez dadila oztopo izan adinekoek guztiok eskura ditugun ondasun eta zerbitzuak eskuratzeko. Garrantzitsuena ez da modu digitalean egitea, baizik eta sarbidea erraztea. Era guztietako zailtasunei heldu behar zaie, herritarrei teknologia digitalak erabiltzeko eragozpena izan daitezkeen zailtasun guztiei".