Inbestidurako eztabaida. Nafarroako lehendakaritzarako hautagaiaren hitzaldia
Chivitek “aurrerabiderako” gobernua iragarri du “larrialdi demokratikoko” testuinguru batean, eta elkarrizketarako eta leialtasun instituzionalerako deia egin du kudeaketa-ahalmenak hobeki baliatu ahal izateko
Gaur hasi da, goizeko 9:30ean, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuko lehendakariaren inbestidurarako eztabaida egiteko Osoko Bilkura.
Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek Gobernuko lehendakaritzarako hautagaiaren proposamena Legebiltzarrari komunikatuz hasi da Osoko Bilkura.
Ondoren, María Chivite Navascués hautagaiak 40 minutuz azaldu du osatu nahi duen gobernuaren programa politikoa, eta Legebiltzarraren konfiantza eskatu du.
Chivitek aldarrikatu du bere “lehentasunak” aurrerabide ekonomiko eta sozialaren bilaketan kokatzen direla, abiaburutzat hartuta elkarrizketa eta leialtasun instituzionala, eraginkortasuna, hurbiltasuna eta kudeatzeko ahalmenaren erabilera. “Apustu egiten dugu Nafarroa integratzaile baten alde, eta ez dugu inoren kontra eraiki behar, ezta polarizazioaren bidetik ere, baizik eta guztion onuraren eta adostasun politiko eta sozialaren alde”.
Hautagaiaren hitzaldia amaitu ondoren, bilkura eten egin da eta 10:45ean ekinen zaio berriro. Une horretan hasiko dira talde eta elkarte parlamentarioen eledunen mintzaldiak, handienetik txikienerako hurrenkeran eta bakoitzak horretarako ordu erdi izanda.
Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaritzarako María Chivite Navascués hautagaiak (PSN) agindu du herritarrei "emandako hitza" beteko duela "aurrerabiderako gobernua" eraikitzeko “larrialdi demokratikoko” testuinguru batean, non, eskuineko taldeek eragindako “inboluzioaren” erruz, “politika publikoetara” eramaten ari baitira “genero indarkeriaren, klima aldaketaren eta aniztasunaren negazionismoak”.
Inbestidurako hitzaldia
Chivitek bere alde PSNren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekin-en aldekotasuna eta EH Bilduren abstentzioa dauzka inbestitua izateko. Bere hitzaldiaren hasieran Legebiltzarraren konfiantza eskatu du, herritarrei “emandako hitza bete” eta “aurrerabiderako gobernua” eraikiko duela sinetsirik.
Egungo "larrialdi demokratikoaz" ohartarazi du, "eskuineko taldeetatik datorren inboluzioa dela-eta; dagoeneko eskubideak murrizten ari dira eta politika publikoetara eramaten genero indarkeriaren, klima aldaketaren eta aniztasunaren negazionismoa".
Horren aurrean, Chivitek esan du zilegi dela zenbait alderdiren arteko ituna egitea "herritar gehienek bizikidetzaren alde bozkatu dutelako, pluraltasuna eta aniztasuna errespetatu eta integratzearen alde, Nafarroa forudun baten alde, autonomia-erkidegoen esparruan aurrera doan Espainia baten barnean; Estatu eredu deszentralizatua eta gobernantza partekatuaren eredu eraginkorrak garatzearen alde; lurraldeen arteko tirabirarik edo guztion bizikidetzaren kontrako mehatxurik gabe aurrera egitearen alde".
"Har dezagun aniztasuna aukeratzat eta ez arazotzat", eskatu du Chivitek, eta, halaber, Nafarroan autogobernua tresna gisa har dadila "herritarren zerbitzurako, oparotasunerako, gure kudeaketa ahalmenak baliatzeko hurbiltasunez, ezagueraz eta eraginkortasunez".
“Horrelaxe, hain zuzen ere, osatu nahi dudan gobernuak lanean jarraituko du autogobernua defendatzen, elkarrizketaren eta leialtasun instituzionalaren bidez”, aldarrikatu du, eta “Nafarroa integratzaile” baten aldeko bere apustua azpimarratu du: “Ez dugu uste inoren kontra eraiki behar denik, ezta polarizazioaren bidetik ere, baizik eta guztion onuraren eta adostasun politiko eta sozialaren alde”.
Aurreko legegintzaldian bezala gutxiengo parlamentarioa duen gobernu baten buru izanen den honetan, "zentzuzko elkarrizketa” eta "emandako hitzaren pisua eta balioa” aldarrikatu ditu, eta eskerrak eman dizkio horretarako prest agertu diren taldeei.
Talde guztiak animatu ditu hastear den legegintzaldian balio horiek Parlamentuan erabiltzeko, eta "horretan laguntzeko borondate osoa” eskaini die.
Politika ekonomikoak eta sozialak
María Chivitek hitzeman du "erabakitasunez" helduko dietela politika ekonomiko eta sozialei hurrengo legegintzaldian, eta une honetan Nafarroako ekonomia "sasoi onean” dagoela gehitu du. Bere gobernuak "euskararenganako begirunerik handiena” izanen duela agindu du.
Inbestidurako eztabaidaren hasierako hitzaldian, nazioarteko eta Estatuko "ziurgabetasun” egoera gorabehera Nafarroa hazten eta enplegua sortzen ari dela adierazi du, eta bere gobernua "bereziki ahaleginduko” dela enplegua sorrarazten, are gehiago zailtasunak dituzten kolektiboentzat, emakumeak, gazteak eta migratzaileak tartean.
Langabeziaren datu erlatibo apalak eta Gizarte Segurantzako afiliazioaren datu onak alde batera utzi gabe, aitortu du beti dagoela "gehiago egiteko". Hori dela-eta, kalitatezko enplegua bere lehentasunetakoa izanen dela adierazi du.
Beste lehentasun bat izanen da "etxebizitza duina eskuragarri izatea", eta hori sustatuko duten neurriak agindu ditu, gizarte kohesiorako, desberdinkeriaren aurkako eta lurralde desorekaren aurkako neurriekin batera.
Herritarren eskubideak "justizia sozialeko kontua” dira, eta horietan sakontzea Chiviteren helburuetakoa da, “eskubideok murrizten ari diren horiek hartutako bide arriskutsutik aldenduz”. Lasaitasun mezua zuzendu die desgaitasuna duten pertsonei, haurrei, LGTBI+ pertsonei edo Nafarroan bizi diren migratzaileei:
"Legebiltzarrak babesa ematen badit, gobernu feminista izanen gara, emakumeak ahaldunduko dituena, sexu eta afektibitate aniztasuna eta LGTBI+ eskubideak errespetatuko dituena, bereizkeriaren eta indarkeria matxisten aurka lan eginen duena. Gainera, zerbitzu publikoek aukera berdintasuna bermatu behar dutela sinesten duen gobernua izanen gara. Horregatik, zerbitzu sendoak, modernoak eta baliabidez ongi hornituak nahi ditugu", iragarri du.
Halaber konpromisoa hartu du "kalitatezko eta baliabidez hornitutako zerbitzu publikoen alde”. Horretarako dirua bildu behar dugu, eta, beraz, fiskalitate bidezkoa eta nahikoa behar dugu. Zerbitzuak lurralde kohesioaren zutabea dira. Horregatik, erkidegoa egituratzeko eta despopulazioaren kontra borrokatzeko tresna ahaltsuak dira, azpiegiturekin eta enpleguarekin batera".
Halaber, jarraitu nahi du "apustu egiten berrikuntzaren, digitalizazioaren, adimen artifizialaren eta 4.0 industriaren alde. Ekoizpen eredua aldatzen ari da, eta eraldaketak heziketarekin eta prestakuntzarekin uztartu behar ditugu, horiek eskura jarriz eta gizarte osora helarazteko bideak irekiz", arrakala digitala sortzeko egiazko arriskua saihestu behar baitugu.
Politika horien gaineko azalpenaren amaieran Chivitek ez du ahaztu "autogobernuaren arloan aurrera egiteko" konpromisoa. Adierazi du adostasunak bilatu nahi dituela "Foruen Hobekuntza eguneratzeko eta gure ahalmenak eta eskumenak XXI. mendeko erronkei egokitu ahal izateko”, eskumenak garatu ahal izateko legeak ezartzen dituen baldintzen arabera.
"Hori guztia eginen dugu bere aniztasuna, bere kultura eta ondarea eta, jakina, bere hizkuntza propioak aldarrikatzen dituen Nafarroa honetan", esan du. Ondoren hitzeman du "euskararenganako begirunerik handiena” agertuko dutela, “legearen esparruan eta errealitate soziolinguistikoaren logikan oinarrituta”. Euskarazko esaldi batekin amaitu du paragrafoa.
Osasuna eta etxebizitza
Osasuna "muineko gaia" izanen da hurrengo legegintzaldian, María Chivite sozialista gobernuburu dela. Inbestidurako eztabaidako bere hitzaldian iragarri du Osasunari buruzko Foru Lege berria onetsi nahi duela, sistema unibertsala bermatuko duena eta itxaron zerrendei eta zerbitzuen erabilera arrazionalari helduko diena.
Beste alor hauetan ere egin nahi du aurrera: laguntza integrala eta soziosanitarioa, oinarrizko osasun laguntzaren erreforma eta indartzea, pertsona erdigunean jartzen duen ospitale-antolaketa, emaitzen araberako ebaluazioa, osasun mentala bezalako erronkei heltzea, eta ikerketa eta medikuntza pertsonalizatua sustatzea.
Chivitek etxebizitzaren arloan egin nahi diren aurrerapenak ere aipatu ditu. Hala, 2028ra begira hasita dagoen plana garatzen jarraituko dute, “jakinik azkarrago garatu behar ditugula alokairu sozialaren eta birgaitzearen alorrak eta etxebizitza eskuragarrien parkea osatu behar dugula landa aldeetan ere; gainera, etxebizitza eskuratzeko oztopo izanen ez diren alokairu prezioak bermatu behar ditugu”.
Beste alde batetik, beharrezkotzat jo du berrindustrializazio plan bat egitea "industriaren oraingo eta geroko beharrizanei bete-betean erantzutea ahalbidetuko diguna", industria BPGaren zutabea baita, "gure indar ekonomikoetako bat, eta izugarrizko garrantzia duen eraldatze prozesu batean sarturik dago; inbertsio handiak behar ditu, eta prestakuntza guztiz espezializatua eta espezifikoa langileentzat".
Horregatik, iragarri du plan bat bultzatuko dutela “gure industria sarearen lehiakortasuna hobetu ahal izateko, urratsak eginez ekoizpen jasangarria izateko, balioa dakarrena, kalitatezko enplegua sortzen duena, eta gure industriak behar dituen profilen eskariei erantzunen dien heziketa eskaintza izateko".
Arlo horretan gogora ekarri du Europako Next Generation funtsek ekarpena egin dutela “eredu horretarako eta eraldaketa horietarako”, zeinetan leku garrantzitsua baitute banda zabala edo Nafarroako Ubidea bezalako azpiegiturek eta errepideen hobekuntzak, besteak beste. “Horiek guztiek gobernuaren helburu izaten jarraituko dute, gure erkidegoa gara dadin, modu kohesionatuan garatu ere”.
Baina "garapen eta oparotasun hori ez dira lortuko bizikidetzarik gabe", eta eremu horretan "berdintasuna da eta izanen da gure bandera. Are gehiago gaur egun, hainbat erakundetan, Parlamentu hau barne, genero indarkeria ukatzen duten taldeak badaudelarik, gobernatzen duten tokietan berdintasun politikak ezabatzen dituztenak, emakumeok bigarren mailako herritar nahi gaituztenak”.
"Inoiz baino gehiago eta inoiz baino gogotsuago, gobernu honek lan eginen du berdintasunaren, emakumeen eskubideen, ahalduntzearen, lidergoaren eta begirunearen alde”, aldarrikatu du Chivitek.
Eta horretan hezkuntza politikek ere eragiten dute. "Aukera berdintasunaren zutabe” dira, eta hezkuntza publikoa, berriz, "gure sistemaren altxorra da. Zaindu eta bikaintasunera eraman nahi dugun ondarea da”. Hori dela-eta, agindu du inbertsioak eginen direla beketan, Landa Eskolan, Haur Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan, eta apustu eginen dela NUPen Tuterako campusaren alde.
María Chivite herritarren konfiantzari eutsi eta hurrenez hurreneko bi gobernuren buru den lehenbiziko emakumea izateak “jarrera politikoari buruzko mezu oso argi bat dauka atzean: apustu egiten dugu emakumeen alde, emakumeen lidergoaren alde, ahalduntzearen eta ikusgarritasunaren alde. Azken finean, berdintasunaren alde”.
Chivitek hori esan du inbestidurako eztabaidaren hasierako hitzaldian, eta iragarri du jarraituko dutela plan estrategikoa garatzen eta zeharkako politikak indartzen, “berdintasuna maila instituzional gorenean kokatuta”.
Genero indarkeriaren biktimentzako prebentzio eta laguntza programak eta jarduketak ere bultzatzen segituko dute. “Bai, bada, izan, genero indarkeria. Eta bai, irmo jardunen dugu eta emakume horien eskubideak defendatuko ditugu", esan du, hitz erdika Voxi zuzenduta. Hala, lehenbiziko jarduketetako bat izanen da Sexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentroa martxan jartzea.
Berdintasuna, sexu dibertsitatea, energia politika jasangarriak eta landa garapena
"Gobernu hau sexu eta genero dibertsitatea aitortzen eta aldarrikatzen duten politiken eta eskubideen alde arituko da", azpimarratu du Chivitek.
Politika sozialek, eskubide sozialek, "erreferente izaten jarraituko dute", zehaztu du. Eta iragarri du eguneratu eginen dela Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legea, "gizarte moduan ditugun errealitate eta erronka berriei egokitzeko", eta aurrera eginen dela gizarte inklusiorako eskubidea eta enplegu politika aktiboak sendotzeko bidean.
Trantsizio ekologikoa, klima aldaketa, energia berriztagarrietako proiektuak edo mugikortasun jasangarria, ekonomia zirkularra garatzeko agenda baten barruan: alderdi horietaz ere mintzatu da bere hitzaldian, eta Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko Lege proiektu bat kudeatuko dela iragarri du.
Landa garapenaren arloan, 2027 arteko programa garatuko da, bultzada emanen zaio I+G+Bari sektore osoan eta bereziki nekazaritzako elikagaien sektorean, nekazaritza ekologikoaren plan estrategikoa eta abeltzaintza estentsiboaren planeko neurriak garatuko dira, eta martxan jarriko da tokiko ekoizle txikien produktuetarako logistika eta banaketa zentro bat.
"Ureztaketen foru plana eta modernizazioa ere bultzatuko ditugu, bai eta ureztaketan energia berriztagarriak erabiltzea ere", esan du, sinetsirik baitago horrelako ekintzek lurralde kohesioa areagotuko dutela; azken horren balioa eta jada ezarrita dagoen toki finantzaketa berriarena nabarmendu du”.
Azpiegiturak eta zerga politika
Inbestidurako eztabaidan egindako hitzaldian, Nafarroako Gobernuko lehendakarigai María Chivite Foru Komunitateko azpiegiturak bultzatzen jarraitzearen alde agertu da. Autonomia fiskala eta neurri egokiak erabili nahi ditu “egonkortasuna, nahikotasuna eta progresibitatea” bermatze aldera.
Azpiegiturei dagokienez, Nafarroako Ubidearen bigarren fasea "hurrengo Gobernuaren mugarri nagusietakoa" izanen da. Halaber, Belateko tunelak bikoizteko, N-121-Ako obrak bukatzeko eta A-15ean Madrilekiko autobia bidezko lotura egiteko asmoa azaldu du. Horretarako "politika ekonomiko eta fiskal egokiak behar dira.
Kudeaketan erkidego arduratsua eta ongi aritzeko gauza gara. Aurreko legegintzaldian hazi egin gara, laguntzak eta inbertsioak handitu eta aldi berean zorra txikitu egin dugu. Beraz, kudeatzeko gaitasunaren, konfiantzaren eta jardunbide onaren eredu gara. Hori funtsezkoa da inbertsioak eta talentua erakartzeko, bizi kalitate oneneko erkidegoa izaten jarraitzeko, garapen jasangarria edo industriak BPGan duen pisua bezalako adierazleetan goian dagoena”, adierazi du.
Horregatik, tresna fiskal propioak erabilita familiei eta enpresen inbertsioari lagunduko zaiela agindu du. "Gutxieneko tasa bat ezarriko dugu sozietateen gaineko zergan. Segituko dugu iruzur fiskalaren aurka borrokatzen eta, esan beharrik ez dago, gure Hitzarmen Ekonomikoa eguneratzen, Estatuarekin izan dugun harreman hori dela medio; espero dut elkarren errespetuzko harremana izanen dela Espainiako hurrengo gobernuarekin ere”, esan du.
Foruzaingoa eta bizikidetza
Foruzaingoa, ETAren biktimentzako laguntza eta memoriaren arloko politikak intereseko puntuak dira hurrengo Nafarroako Gobernuarentzat, María Chivite lehendakarigai sozialistak adierazi duenez.
Inbestidurako eztabaidan egin duen hitzaldian Foruzaingoaren plan estrategikoaren proiektu bat iragarri du, eta horrekin loturik gogorarazi du iragan uztailaren 1ean lortu dela “hain luzaroan aldarrikatutako trafikoaren eta bide segurtasunaren arloko eskumena”, eta, beraz, abian jarri behar direla eskumen horren inguruko jarduketa guztiak.
Justiziaren arloan ere, Justizia Errestauratiboari, Bitartekaritzari eta Jardunbide Errestauratiboei buruzko Legearen garapena iragarri du, eta kulturari dagokionez, Kulturako Lanbideei buruzko Legea bultzatu eta bigarren plan estrategikoa prestatzeko asmoa du, Eskubide Kulturalei buruzko Legea garatzeaz gainera. "Eta jarraitu nahi dugu kultura Nafarroa osora eramaten, kohesiorako tresna gisa, oso emaitza onak izaten ari baita".
Hizkuntza politikari dagokionez, "daukagun legearen esparruan akordio sozial eta politiko zabala sustatu nahi dugu euskararen inguruan, errealitate soziolinguistikoa eta borondatezkotasuna abiaburutzat hartuta eta hizkuntza alderdikeriazko eztabaidekin nahasi gabe", azaldu du Chivitek.
Hala, bada, iragarri du bigarren plan estrategikoa onetsiko dela eta euskararen presentzia sustatuko dela hezkuntzan eta komunikabideetan, Euskarabidearen jarduerari eusteaz gain.
Hori guztia, bizikidetza oinarrian dela. Alor horretan konpromisoa agertu du “ETAren eta beste edozein talde terroristaren biktimentzako laguntzaren eta elkartasunaren alde”, eta esan du lanean jarraituko dutela elkarteekin batera eta hezkuntzaren eremuan “giza eskubideak, memoria partekatua eta iraganarekin erkagarria den kontakizuna sustatzeko”.
Memoriaren legeak garatzea eta Bizikidetza Plan Estrategikoarekin jarraitzea, terrorismoaren biktimei buruzko egungo legearen aldaketa bultzatzea eta lege hori biktimen egungo arazoetara egokitzea. Ildo horiek guztiak iragarri ditu, motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko legearen garapenarekin batera.
Eta atal hau bukatzeko, Chivitek irmo defendatu du "gure muina, Foru Komunitatearen izaera. Gure ikurrak, gure autogobernua eta gure eskumenen garapen betea defendatzeko konpromiso argitik abiatzen gara”. Eskumen horiek Foruen Hobekuntzan jasorik daude, eta talde batzuek auzitan jarri izana, are kentzeko mehatxua ere egin izana “demokraziarentzat oso larria” dela salatu du, “frankismoak egin zuena berriz egin nahi dutelako”.
Une horretan mezu argia bidali die "espainiar jator eta abertzale usteko horiei, lehenik eta behin legeak errespetatu behar bailituzkete. Nafarroa maitatzea eta Espainia maitatzea ez baita eskumuturrekoa jantzi eta sare sozialetan aldarrika aritzea. Aitzitik, legea egin, errespetatu eta betetzea da, eta ulertzea zer garen eta, bereziki, herritarrek beren botoarekin zer esan nahi duten".
Horregatik, iragarri duenez, bere gobernuak "defentsa zorrotza eginen du, eta, argi gera dadila, Zuzenbide Estatuak eskaintzen dizkigun tresna guztiak erabiliko ditu, behar izanez gero. Espero dut horrenbesteko larritasun instituzionaleko gatazkei aurre egin beharrik ez izatea. Baina talde edo gobernuren batek bide ematen badu, dena emanen dugu Nafarroaren alde".
Hala, "egoki"tzat jo du ponentzia parlamentario bat sortzea, esparru konstituzionalaren barnean Foruen Hobekuntza eguneratzeko.
Elkarrizketa
PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeekin egindako akordio “garden eta zintzoa” dela medio Nafarroako lehendakaritzarako hautagai den María Chivitek Legebiltzarraren konfiantza eskatu du “gehiengo sozialaren eta zentraltasun politikoaren” gobernua osatzeko. “Hitz egiteko eta adosteko, entzuteko, aditzeko eta ulertzeko gai izanen den gobernua. Gobernu egonkorra”.
Inbestidurako eztabaidan egindako lehen hitzaldiaren azkenean esan du hori. Gobernua “gizarte osoaren zerbitzuan” arituko dela aldarrikatu du. “Politika publikoei buruzko ikusmolde aurrerakoiarekin, dagoeneko abian diren eta hurrengo urteetan garatu behar diren eraldaketetan gidari eta laguntzaile izanen da”.
"Kudeaketan gobernu eraginkorra" izanen da, eta berrikuntzan, garapen jasangarrian eta horrelako arloetan Espainiako aitzindari eta Europako eskualde aurreratuenen artean kokatzen gaituzten adierazle ekonomiko eta sozialak hobetzen jarraituko du.
"Leialtasuna eta lana” tarteko, gobernu horrek Espainiako gobernuarekin, beste erkidego batzuetako gobernuekin eta udal gobernuekin koordinaturik jarraituko du "lan gehiago egiteko eta hobeki aritzeko", eta "Europa indartsua” lortzeko ahaleginean.
Legebiltzarrean bere hautagaitza onartuz gero, konpromisoa hartu du sinatutako akordioa eta “herritarren borondatea” betetzeko eta “erkidego honetako erakunde guztiak errespetatzeko; jarraitu behar dugu haiei indarra eta zilegitasuna ematen hain zuzen ere begirunearen eta zintzotasun politikoaren bidetik".
Horretarako, eta puntu honetan hunkidurari eutsi ezinik, Chivitek bere konpromisoa adierazi du "lan egiteko, nire onena emateko, lantalderik onena osatzeko eta beti nafarren zerbitzurako prest egoteko. Gizarte osoarekin hitz egiteko, elkarrekin bidea egiteko elkartzen gaituen proiektu honetan, nork bere ideiak eta bere sentimenduak ekarrita”.
Inbestidurako saioan izan dira, palkoko beste gonbidatu batzuen artean, Amelia Salanueva, Alberto Catalán eta Antonio Magdaleno Nafarroako senatariak, Adriana Maldonado europarlamentaria eta Joseba Asirón Iruñeko Udaleko zinegotzia.
Archivos adjuntos