Inbestidurako eztabaida. Eledunen txanda eta hautagaiaren erantzuna
PSNk, Geroa Baik, Ahal Duguk eta I-Ek oinarrizko beharren mapari lotutako "gizarte politikekiko" konpromisoa adierazi dute, Navarra Sumak "iruzurraz" hitz egin du eta EH Bilduk "oposizio irmoa" iragarri du
Hautagaiaren diskurtsoaren ostean eta Legebiltzarreko Lehendakariak eskainitako bi orduko etenaldiaren ostean, Talde eta elkarte Parlamentarioetako eledunen parte-hartze txandari ekin zaio, handienetik txikienera eta 30 minutuko tartearekin. María Chivitek, ohikoa ez den bezala, sei eledunei banaka erantzuteko hautua egin du, eta hauek 10 minutuko tartea eduki dute erantzuteko.
Navarra Sumak programaren gainetik eserlekua lehenetsi izana egotzi dio Chiviteri
Javier Esparzak (Navarra Suma) programaren gainetik eta ETAren biktimen gainetik “eserlekua lehenetsi” izana egotzi dio Chiviteri, baita EH Bildu “lehentasunezko solaskide” bihurtu izana ere, Foru Erkidegoko botoen %37 lortu duen taldearekin hitz egiteari uko egin dion bitartean.
Esparzak adierazi du Chivitek ez diola aurreko lauko gobernuari “kritika bat bera ere egin”, eta aurreko gobernua zoriondu du maiatzaren 26ko porrotaren ondoren “politika berak egiten jarraituko dutelako”.
“EH Bilduren magalera joan zara Nafarroako alderdi nagusia alde batera utziz”, leporatu dio Esparzak, eta erabaki honek “inflexio puntu bat” dakarrela adierazi du, “konstituzionalisten arteko akordioak zapuztu dituen sozialista izatearen meritua edukiko duzu".
Eta “hau guztia lehendakari eserlekua lortzeagatik, beste guztiak ez dizuelako axola. Bildu eta abertzaleak zoriontsu daude. Hausnartu ezazu zergatik txalotzen zaituzten Arnaldo Otegi edo Uxue Barkosek, edo zergatik goraipatzen zaituen Otegik eta biktimek aldiz kritikatu”.
Esparzaren ustez, “EH Bilduk erabakiko ditu Chiviteren Gobernuaren proposamen guztiak”, eta leporatu dio “horregatik egon dela ezkutuan, agian lotsa ematen dizu Lehendakari izateak zure kideen erailketak gaitzetsi ez dituztenen botoekin”.
Ildo horretan, Esparzak nabarmendu du Chivitek “maila berean jarri dituela ETAren erailketak justifikatzen dituztenak eta Navarra Suma”, eta hau “barkaezina” dela.
PSNk alderdiaren interesa herritarrenaren gainetik jarri duela kritikatu du. Nafarroa “konstituzionalista da eta zuei ez zaizue irakurketa hori interesatu, aitzitik, Geroa Bairen eta lauko gobernuaren programa irentsi duzue”.
Hori dela eta, PSNren kideei zuzendu zaie esanez “euren hitzak ez duela baliorik, orain arte “erregimena” zirelako eta orain horren parte izatera pasa direlako”.
“Politika sektorialei” buruz hitz egitean, Javier Esparzak azpimarratu du ez dela Enplegu Planei buruz hitz egin, Administrazioan zenbait postutarako euskara exijitzen jarraituko dela, Nafarroako sinboloen defentsa desagertuko dela eta 2021 urtera arte tokiko mapari “ostiko” bat eman zaiola.
Esparzak adierazi du Navarra Sumak Parlamentutik salaketa politika egingo duela eta “inkoherentzia guztiak argitara emango dituela”, eta bere burua eskaini du abertzaleak ez diren nafar guztien “ahots” bihurtzeko.
María Chivitek erantzun dio “23 20 baino gehiago dela” eta horrek ematen diola Gobernuari zilegitasuna, “ez duela akordioari buruzko ezer entzun”, eta “gaiztoen eta onen txartelak banatu dituela” Foru Erregimena “desagerrarazi nahi dutenen kide” den bitartean.
Gaineratu du Navarra Sumak “ez duela programan bilatzen zuena aurkitu”, adostutakoak “Nafarroaren autogobernua, gure sinboloak eta esparru instituzionala bermatzen baititu, aniztasunari errespetua dio eta terrorismoaren gaitzespen tinkoa egiten baitu, eskuinak biktimekin egiten duen manipulazio politikorik” gabe.
Amaitzeko, deia luzatu dio inbestidura honen “oihartzun mediatikoa pasatzen denean bere koalizioaren izena erabil dezan eta “gehitzera” batu dadin.
PSNk "hitzez eta printzipioez" hitz egin du
Ramón Alzórrizek (PSN) baieztatu du “gizarte politikak direla gobernu honen lehentasuna” eta azpimarratu du sozialistak “harro, ziur eta lasai” daudela euren hitza bete dutelako.
Navarra Sumak “abertzaleekin akordioetara iritsi izana” egotzi ondoren, Alzórrizek “lasaitasun” mezua igorri nahi izan die herritarrei, “Lehendakari sozialista bat edukiko baitugu”.
Sozialistak egun “historiko eta zoriontsu” gisa definitu du gaurkoa eta azpimarratu du sozialisten konpromisoa beti “espazio komunak bilatzea” izan dela, “gure lurraldean dauden identitate anitzak errespetuz onartu eta elkarbizitzan oinarritu daitezen”.
“Garai berriak dira, kontsentsuen politika garaian gaude, sozialista nafarrek elkarrizketen aldeko apustua egiten dugu, negoziazioaren eta akordioaren aldekoa, herritarren bizitza hobetuko duten aurrerapausoak emateko”.
Alzórrizek baieztatu du PSNk Nafarroa bere “ikurrinarekin, sinboloekin eta bere hizkuntzen aberastasunarekin” maite duela, “inposiziorik gabe. Nafarroaren marko instituzionala eta autogobernua defendatzen dugu, beti ere Espainiako Gobernuari, LORAFNAri eta Konstituzioari zor zaion leialtasun instituzionaletik”.
Alzórrizen ustez “Nafarroako gizartea nekatuta dago gatazkez eta beharrezkoak ez diren eraso politikoez”, eta gaineratu du zenbait taldek “errealitatea errespetatu beharrean gorrotoa sortarazten dutela, gezurrak eta irainak esanez”.
“Hori da haien politika egiteko modua eta haien gobernatzeko modua. Zorionez, beste lau urtetan ezin izango dute egin”.
María Chivitek, erantzunean, lortutako akordioa nabarmendu du. Baieztatu du prozesua “luzea” izan den arren “erraza” izan dela, “ezberdintasunak” arazo bihurtu beharrean “amankomuneko puntuak bilatzen” saiatu direlako.
Uxue Barkosek “identitate eztabaida faltsuak” ekidin daitezen eskatu du
Uxue Barkosek (Geroa Bai) Chiviteri eskatu dio koalizio gobernu berriak “gainbeheran dagoen eskuinak” sortzen dituen “identitate eztabaida faltsuak” ekidin ditzan.
Geroa Bairen konpromisoa “finkoa da elkarbizitzan eta politika aurrerakoietan”, eta hori dela eta, “erronka etorkizunera begiratzea eta eztabaida identitario faltsuak ekiditea da, eskuinak gatazka bilatzen baitu bere gainbehera ezkutatzeko”, adierazi du Nafarroako Gobernuko jarduneko Lehendakariak.
Barkosek gaineratu du “gaur egun bakean bizi garela eta ETAren biktima guztiak aitortuak daudela. Nafarroa bere etorkizunaren jabe da eta nafarrok nahi duguna bezalakoa izango da”. Nafarroaren arazoetako bat euskara dela ukatu egin du, “ez da egia bere inposizioa, bai, ordea, eduki dituen oztopoak”.
Barkosek bere taldea zoriondu du “irmoki lan egin baitu” Nafarroan bi gobernu aurrerakoi eraikitzeko, bai oraingoan eta baita aurreko legegintzaldian ere, “aniztasunaren eta gizarte politiken” aldeko apustua egin duten akordioen bidez.
“Batzuek aniztasuna arazotzat jotzen dute”, eta azpimarratu du “gizartearen eskaera izan dela aniztasunaren kudeaketa Nafarroaren errealitate gisa ulertzea, demokrazia libreago bat eraikitzeko orduan”.
Hori dela eta, Nafarroa “Estatuko politikak erabili” izana deitoratu du, Nafarroaren izena “zikintzen saiatu baitira Estatuko erakundeen arazoak estaltzeko”.
Barkosek bere gobernuaren balantze positiboa egin du, pobrezia eta langabezia tasen murrizketa azpimarratuz, ekonomia zirkularraren sustapena eta menpekotasuna dutenen babesa indartu izana nabarmenduz.
Balantze hau dela eta Chivitek aitortu du Nafarroa egun “hobe dagoela”, nahiz eta “erronka larriak” dituen oraindik ere, klima aldaketa eta gazteen pobrezia, esaterako.
Erantzuteko izan duen txandan, María Chivitek aipatu du “herentzia jasotzeko prest” dagoela, eta Geroa Baik proposatutako erronkak elkarbanatzen dituela, adieraziz euren apustua “argia, sakona eta irmoa” dela.
EH Bilduk oposizio “irmoa” iragarri du
Bakartxo Ruizek (EH Bildu) Nafarroako Lehendakaritzako hautagaiari eskatu dio azter dezan Geroa Bairekin, Podemos-Ahal Dugurekin ta I-Erekin adostutako akordioa “zabala, eraikitzailea, solidoa eta luzerakoa” den edo ez, eta iragarri du bere formazioak oposizio “irmoa” egingo duela.
Ruizek oroitarazi du “EH Bildu gabe eskuinarekiko alternatiba bat eraikitzea ezinezkoa dela”, eta jakinarazi du formazioa “oposizioan egongo dela. Oposizio irmoa egingo dugu beharrezkoa denean eta eraikitzailea zenbait aferatan aurrera egiteko aukera dagoenean”, azaldu du.
Ildo horretan, baieztatu du “eskuineko oposizio” bat egongo dela, Navarra Suma, eta “ezkerreko bat”, EH Bildu. “Gobernuak erabakiko du norantz begiratzen duen, eskuinera edo ezkerrera”.
Halaber, baieztatu du “elkarrizketarik gabe” EH Bilduk ez duela “programa akordioarekin inolako loturarik edukiko. PSNk zerbait erakutsi nahi badu, erakuts dezala, hitzak haizeak eramaten baititu”.
Gainera, “erregimen zaharraren agindu eta premisak alde batera uzteko” orduan Chivitek erakutsitako “ezintasuna” kritikatu du, eta sozialisten ibilbidearen errepaso bat egin du, zeintzuk, Ruizen ustez, “20 urtetan eskuinari men egin dioten”.
“Ezezkoa hautatzeko milaka arrazoi zeuden arren”, Ruizek adierazi du EH Bilduk inbestidura ahalbidetuko duela “behar diren abstentzio zehatzekin”, batez ere, UPNren gobernu bat ekiditeko.
Horrez gain, salatu du PSNko zenbait “sektorek” EH Bilduren ezezkoa bilatu dutela “errudun” bat eraikitzeko. “Ez diegu gustu hori emango, ez dugu zuen inbestidura blokeatuko”, baieztatu du, azpimarratuz formazioak garrantzia handia izango duela erabakitzeko orduan.
Bestalde,departamentuen banaketa kritikatu du, bere ustetan “parte guztiak pozik uzteko” egin baita, eta "alperrikako diru xahutze" gisa definitu du banaketa.
Erantzuteko txandan, María Chivitek esan du “ez duela inor kanpoan utzi, jarrera politikoak hartu dituztela baizik”. Horregatik, hala erantzun dio: “ez zuek, ezta Navarra Suma ere ez zaudete gobernu programan. Ezberdintasun garrantzitsuak daude, nahiz eta zenbait politiketan iritzi bera eduki”.
Podemos-Ahal Duguk ez du gobernu autoritariorik nahi
Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu) bere formazioak Maria Chiviteren inbestidurari emango dion babesa defendatu du, gizartearen gehiengoak ez duelako “gobernu autoritariorik” nahi, nahiz eta bere alderdiarentzat akordioa adostea ez den “erraza” izan.
Builek adierazi du “nafarren gehiengoak ez duela gobernu autoritariorik nahi eta ados jartzeko gai direla adierazi dutela, heldutasuna agertu baitute ongizatearekiko konpromisoa adierazteko”.
Jakinarazi du Ahal Dugurentzat ez dela “erraza” izan “ideologia, proiektua eta politika egiteko moduarekin hainbeste gatazka eduki dituen” alderdiarekin konpromisoa hartzea, nahiz eta “ikuspegi desberdinez haratago –aitortu dio Chiviteri- jarrera baikorra adierazi duten, interes orokorrari eta Erkidegoak dituen erronkei lehentasuna emanez”.
Politika sektorialei dagokienez, Builek adierazi du Chivite buru izango duen koalizio gobernuak “jendearen bizitza duina bermatu behar duela, etxebizitzaren, energiaren, elikagaien eta kulturaren prezioak murriztuz”.
Builek, era berean, azpimarratu du nahiz eta aurreko gobernuak adierazle positiboak utzi dituen, “milaka pertsona daudela oraindik ere egoera larrian eta ezin direla autokonplazentzian erori”.
“Lurraldearen garapen desorekatua” kritikatu du, soldata arraila ere bai, prostituzioaren negozioa eta enpresa handien “ihesa” ahalbidetzen duen zerga politika ere bai.
Ahal Duguk “aberastasunaren banaketa babes publikoaren mesedetan” egin nahi du, enplegua sortuz, soldatak hobetuz, soldata arrailak murriztuz eta gazteen eta 55 urtetik gorakoen enplegua ahalbidetuz.
Bere helburu nagusia ongizatea dela adierazi du Ahal Dugu taldeko eledunak, eta horretarako oinarrizko beharren mapa bat eta landa lurraldeen aldeko neurriak eskatu ditu, eskola publikoa, laikoa, eleanitza eta genero ikuspegia edukiko duena ere eskatuz.
Chivitek erantzun dio programa akordioa lau indar sinatzaileek osatu dutela eta Buili leporatu dio “inbestidura prozesu hau Pedro Sánchezenaren erreferentzia batzuekin nahastu” izana.
I-Ek dio programa akordioa egokia dela baina “urritasunak” dituela
Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra) baieztatu du PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk adostutako akordioa “gutxiengoen akordioa dela, aurreko legegintzaldiaren bultzada mantentzeko nahikoa”, baina “urritasun larriak” dituela adierazi du eta I-Ek nahiko lukeen “programa ezkerti eraldatzailetik” oso urrun dagoela.
Akordioak duela 4 urte martxan jarritako gizarte politikei, aniztasunean eta elkarbizitzan oinarritutakoei “jarraipena” eman zekiokeen arren, De Simónen iritziz “urritasun ugari dago. Akordio hau ez da I-Eren gobernu programa bat, ezberdinen arteko akordio bat da alderdien adosteko gaitasunagatik posible izan dena, inposiziorik gabe, jendearen bizi baldintzak hobetzen jarraitzeko konpromiso politiko garrantzitsuak dituena”.
PSNk EH Bilduri jarritako betoa salatu du, “akats politiko bat da, Nafarroaren errealitate sozial eta politikoa ukatzen baitu eta beto hori ezin izango da mantendu inbestiduraren hurrengo egunean”. Ohartarazi du “Parlamentu honetan 7 eserleku dituen eta 50.000 boto jaso dituen ezkerreko indar bat existituko ez balitz bezala” jokatzea akats larria dela.
Bestalde, hautagaiari buruz esan diren “gezurrak” eta jasan dituen “irainak” salatu ditu Izquierda-Ezkerrako eledunak.
Bestetik, azaldu du formazioak gobernuan ez sartzea erabaki duela “hauteskundeetako emaitza txarrak” direla eta, eta adostutako programa “ez da nahikoa I-Eren askatasuna koalizio gobernu baten presentziara murrizteko”.
Amaitzeko, adierazi du “Barkos anderearen gobernua ez zela hiltzaileen laguna eta hau ere ez dela izango”, eta “ez zela abertzalea eta hau ere ez dela izango. Nafarroako aniztasunarekiko konpromisoa zuen gobernua zen, eta zureak ere hala behar luke izan”, adierazi dio Chiviteri.