Hizkuntza planen onespena geldi zezan eta onetsitako planak deusezta zitzan Nafarroako Gobernua premiatzen zuen mozioa baztertu da
Navarra Sumak “dozenaka lanpostutan euskara jakitearen eskakizuna” saihestu nahi zuen, “berdintasun printzipioa urratzen dela” sinetsita
Parlamentuko Osoko Bilkurak mozio bat baztertu du gaur, PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin, eta Navarra Sumaren aldekoekin, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena “berehala geldiaraz zezan Nafarroako Gobernuko departamentuetako eta haien erakunde publikoetako hizkuntza planen onespena, zeinak prestatu baitira Nafarroako administrazio publikoetan, haien erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren 6. artikulua aplikatuz, eta deusezta zitzan jadanik onetsita daudenak”.
Onetsi ez den mozioak bigarren atalean Foru Gobernuari eskatzen zion “berehala indargabetu zezan 69/2019 Foru Agindua, maiatzaren 23koa, Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak emana, zeinaren bidez publizitatea ematen baitzaio betetzen ari diren lanpostuaren hizkuntza-eskakizuna aldatzearen eragina jasan lezaketen langileei dagokienez jarraitu beharreko prozedurari, zerk eta Nafarroako administrazio publikoetan, haien erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuak xedatzen duenagatik nahitaezko euskarazko hizkuntza-eskakizuna esleitzearen ondorioz”.
Era berean, hirugarren atalean Gobernua premiatzen zen “berehala geldiaraz zezan azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren 25.3 artikuluari, maiatzaren 23ko 69/2019 Foru Aginduari eta Nafarroako Gobernuko departamentuetako eta haien erakunde publikoetako hizkuntza planei jarraikiz plantilla organikoan egite bidean dagokeen edozein aldaketa”.
Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako mozioak aipatzen du Nafarroako Parlamenturako hauteskundeen egun berean, Nafarroako Gobernuak 69/2019 Foru Agindua onetsi zuela, eta honekin batera Nafarroako “aukera-berdintasuna urratzen duten” plan batzuk onetsi zirela, “hizkuntza eskakizuna aldatzen baitzuten Foru Komunitateko Administrazioko dozenaka lanpostutan, haiei euskaraz nahitaez jakitearen eskakizuna ezarrita”.
Ildo horretan, sustatzaileek salatzen dute “errealitate soziolinguistikoa ez dela Nafarroako Gobernuak plan horietan jasotzen duena, “askoz ere murritzagoa baizik, nafarren % 6,7k erabiltzen dute euskara ohiko moduan”, eta hori dela eta, “populazioaren gehiengo handi bat diskriminatzen dutela” azpimarratzen dute.
Amaitzeko, otsailaren 15etik apirilaren 9ra bitartean 69/2019 Foru Aginduaren prozedurako negoziazioa “sindikatu askok ez dutela bidezkotzat jotzen” aipatzen da, azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretua, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, haien erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan, errekurrituta baitago.
-
Mozioa (10. NPAO, 2019-09-06koa)