Hitzorduak bilkuran torturaren alderdi sexista aztertu da Parlamentuan, emakumeen aurkako indarkeriaren adierazpen zehatza den aldetik
Aznárezek “biktima bakoitza bere espezifikotasunetik” aitortzeko eskatu du eta Estatuari deia egin dio “torturak eta legez kontrako ekintzak” egin direla eta “batzuetan arduradunak funtzionarioak” izan direla onartzeko
Nafarroako Parlamentuan gaur Hitzorduak bilkuraren bigarren edizioa egin da. Foro Sozial Iraunkorrak sustatutako herritarrentzako saio horren bidez bizikidetasuna indartzen lagundu nahi da “bake justu eta iraunkorra sendotzeko” tarteko pauso gisa. Oraingoan, torturak emakumeengan duen eragina izan da jardunaldiko aztergaia, batez ere ikuspegi sexistatik, “isiltasunera daraman izurri ezkutu baten adierazpenik gordeena eta zigorgabeena” den aldetik.
Hasierako ekitaldian Ainhoa Aznárez Igarza mintzatu da. Eskuzabaltasuna, bakerako zubia izenburuko hitzaldian deia egin du “oroimen kritiko eta inklusiboaren” zimenduak ezartzeko. “Indarkeria helburu politikoetarako erabiltzea errotik erauzteko eta deslegitimatzeko berme gisa, oroimen horrek oinarrizko kontakizun bat hartuko du barruan, partekatua eta biktima guztien duintasunaren errespetuan ainguratua”.
Hala, “giza eskubideen defentsa integralean oinarritutako herri kulturaren eredu berri bat” onartu eta, horrenbestez, “gatazka gizarte dinamiko eta pluralen berezko errespetu-elementutzat” ikuste aldera, lehendakariak “biktima bakoitza bere espezifikotasunetik aitortzeko” eskatu du, “edozein direla ere haren jatorria eta eskubide eta askatasunen urratze bakoitzaren atzean dagoen babes soziala eta esanahia”.
Ainhoa Aznárezek ez du hitz egin nahi izan erasoaren “´ñabardurez”, eta, ildo horretan, gaitzetsi egin ditu “nekez uler daitezkeen zinismoa eta enpatia falta erakutsiz, torturak eta, areago, umiliazioak eragiten dituzten oinazeari eta bakardadeari ezikusiarena egiten dietenak. Indarkeriak ez du generorik bereizten, baina, zuek ongi dakizuenez, emakumeen aurka ingurune sexual batean erabiltzen da indarkeria. Horregatik bereziki eskertzen dizuet prest egotea ziur aski zuen bizitza osoan inoiz jasan duzuen esperientziarik mingarriena partekatzeko”.
Esandakoaren haritik, lehendakariak Eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek 1950eko urtarrilaren 1etik aurrera eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimenduari eta erreparazioari buruzko Foru Legea aipatu du (2015eko martxoaren 26an onetsi zen, UPNk eta PPNk aurka bozkatuta, eta Konstituzio Auzitegiak eten egin zuen). Gero, justifikaezintzat jo eta erabat gaitzetsi ditu “1936ko kolpezaleen, ETAren eta gainerako talde terroristen erailketak eta errepresaliak”, eta Estatuari eskatu dio aitor dezala “torturak eta legez kontrako ekintzak egin direla eta batzuetan funtzionario publikoak izan direla arduradunak”.
Amaitzeko, gizarteak “indarkeria tresna politiko gisa desnaturalizatzeko” duen eginkizunaren balioa nabarmendu ondoren, Ainhoa Aznárezek “beste biktima horiek egiarako, justiziarako eta ordainerako duten eskubidea” aldarrikatu du. “Giza eskubideen eta jardunbide demokratikoen errespetuan oinarriturik, edozein proiektu politiko planteatu eta garatzeko aukera egon behar da, proiektu horrek gizartean bil dezakeen atxikimendua beste mugarik gabe. Berriz ere, mila esker eta zorionak ezkututik ateratzeko eta komunikatzeko adorea izateagatik”.
Aurkezpenaren ondoren, lehen mahai-ingurua egin da, Emakume gisa torturatu naute izenekoa. Bertan aritu dira Gloria Bosque, Mertxe González, Mariló Gorostiaga, Ainara Gorostiaga eta Izaskun Juárez. Solasaldi horretan Yolanda Resano izan da moderatzailea.
Gloria Bosque 1973ko ekainean eta 1975eko irailean atxilotu zuten. Bere bi inkomunikazio aldietako bizipenak kontatu ditu, nola sentitu zen “iraindua” pertsona moduan, “emakumea izate soilagatik. Biluztu egin ninduten eta, kolpe eta mehatxuez gain, era guztietako umiliazio eta laido sexualak egin zizkidaten, hitzez eta egitez. Trauma psikologikoa, izua, hainbesterainokoak izan ziren non burua galdu eta zoratu eginen nintzela ere pentsatu nuen”.
Geroago, 1977ko Amnistia Legearen babesean aske geratu zenean, Bosquek jendaurrean salatu zuen bere esperientzia, lekukotasuna eman zuen frankismoaren krimenen aurkako Argentinako kereilan, eta Iruñeko Udalak 1936ko kolpearen ondorioen kontra sustatutako auzian pertsonatu zen. “Nafarroako erakundeak beren gain hartzen hasi diren eskakizun memorialistekin bat egiten dut. Tortura errotik erauzteko, lehendabizi genozidio frankista gaitzetsi behar da”.
Mertxe González 1983ko urrian atxilotu zuten eta 9 hilabete egin zituen espetxean. Xehetasun osoz deskribatu ditu “tortura, jolas laidogarri eta mehatxu” andana, “adierazpen zuri bat sinatzera” eraman zuena. “Pistola baten klik hotsa sentitu nuen lokian, biluztera behartu ninduten, tampaxa ahoan sartzera, eskoba kirten bat sartu zidaten baginatik, ukitu egin ninduten… Ikararen ikaraz pixa egin nuen aldean. Espetxetik torturak salatu nituen, eta artxibatu egin zituzten. Absoluzioa eman zidaten”.
Lanpostura itzultzean “lekualdaketa eskatzera hertsatu ninduten ‘ez zegoelako lekurik terroristentzat’. Ez nuen onartu eta mahai batean hormara begira jarri ninduten, lanik eman gabe. Inork ez dit sekula barkamenik eskatu, inork ez du aitortu akusazioak gezurrezkoak zirela. Torturatzaileak identifikatzeko aukerarik ere ez zidaten eman”.
Ainara Gorostiaga, 2002ko otsailean Castellóko espetxean “preso politiko” bati bisita egin ondoren espetxeko sarreran atxilotu egin zuten eta “sekula ahaztuko ez ditudan bederatzi egun eman nituen inkomunikaturik. Bitarte hartan forentseak eta deklarazioa hartu zidaten bi poliziak baino ezin izan nituen ikusi. Gainerako denbora aurpegian mozorroa jarrita eman nuen, lehen hiru egunetan ez zidaten utzi ia beste ezer janzten. Poltsa, elektrodoak, pistola, borra, sandwicha jasan nituen, lau hankatan jarrita makila bat sartu zidaten uzkitik… Nire gorputzari buruzko iradokizunak etengabeak izan ziren”.
Bi urteko espetxealdiaren eta 15 urteko barne-borrokaren ondoren “ikasi dut harekin guztiarekin bizitzen. Nola eutsi ote nion? Gorputza anestesiaturik neukan, ez nuen sentitzen. Ezin nuen gehiago, hiltzeko esan nien, ez nekiela ezer. Ihes egiten saiatu nintzen burua engainatuz, gauzak asmatuz, baina jarraitu egin zuten harik eta gidoia idatzita ekarri zidaten arte. Horixe gainditzea kostatu zait gehien, nire adierazpena oinarri izan baitzen beste bost lagunek ere nik jasandakoa jasan zezaten. Torturei buruzko nire salaketa ere artxibatu egin zuten. Espero dudan bakarra da gizarteak begiak zabaltzea eta tortura ez dela Guantanamon soilik egiten ulertzea. Duela hamabost bat urte UPNk eta PSNk beren botoak batu zituzten gure testigantzari betoa jartzeko parlamentu honetan. Gaur, ordea, parlamentu honek ateak zabaltzen dizkigu hitz egin dezagun. Eskerrik asko”.
Izaskun Juárez 2010ean atxilotu zuten, 23 urte zituela, eta 15 hilabetez espetxean egon zen Valladoliden. “Dozenaka izen zituen zerrenda beltz bat erabilita 2008an gazteen kontra egin zen jazarpenaren biktima” dela aitortu du. “Prestatuta nengoela uste nuen, baina gertatu zitzaidanean izuak gaina hartu zidan. Erakusten dizute gauza asko egiteko gai direla eskuak dar-dar egin gabe, inpunitatea dute eta nahi dutena egiten dute zure gorputzarekin. Gero lotsa eta erru sentipena gelditzen zaizkizu, negarra besterik ezin duzu egin. Terapiaren beharra izan nuen, eta, nire hutsuneak gorabehera, nire buruak gogoratzeari uko egin arren, gauza izan nintzen salaketa jartzeko handik bi urte eta erdira, eta judizioan torturatzaileetako bat ezagutzeko. Bizitza osorako markatzen zaituzte, baina aurrera egin daiteke”.
1990eko hamarkadan atxilotu zuten Mariló Gorostiaga, eta besteen aldean “zorte ona” izan zuela adierazi du. Ni ez ninduten bortxatu ez biluztu. Nahi zuten deklarazioa buruz ikas nezan tematuta zeuden. Gero, jada Auzitegian, Garzónek berretsi zidanean lekualdaketa ere Guardia Zibilarekin eginen nuela, ez nintzen ausartu deklarazioa gezurtatzen. Haien eskuetan zaude. Carabanchelgo medikuak torturak salatu zituen, sinestezina iruditu zitzaidan, gibela handituta eduki arren. Epaileak, paretik kendu nahian, dena Iruñean egin nuen egonaldiari egoztea iradoki zidan. Azkenean artxibatu egin zen”.
Lehen eztabaida amaitu ondoren, Begoña Uharte Nafarroako Foro Sozial Iraunkorra erakundeko kideak hitzaldia egin du Gizarte zibila eta bake prozesuaren erronkak gaiari buruz. Ohartarazi du garrantzitsua dela “gizarteari eta erakundeei ordaina eta aitortza eskatzera ausartzea. Ikusezintasunetik atera behar da, mendeku asmorik gabe, desberdintasunak desberdintasun elkarrekin bizi gaitezkeela frogatzeko. Torturari gizartetik heldu behar zaio. Nafarroan bildutako 693 testigantzak eta EAEn bildutako beste 4.009k agerian jartzen dute ezkutuko sufrimendu horren neurria. Hemendik gure poza adierazi nahi dugu ETAren armagabetzeagatik eta Nafarroako Gobernua zein legebiltzar honetako gehiengoa laguntzeko prest agertzeagatik”.
Bigarren mahai-inguruan Emakume torturatuak eta bizikidetzaren eraikuntza gaiari ekin zaio eta Expe Iriarte aritu da moderatzaile. Maider Caminos, Artearen Historiako lizentziaduna, LAB sindikatuko langilea eta ekintzaile soziala, eta Jeannette Ruiz Goikotxeta psikologoa mintzatu dira.
Emakumeen torturaren espezifikotasunean sakonduz, Maider Caminosek baieztatu du emakumeak “bi aldiz torturatuak izaten direla, batetik beren disidentzia politikoagatik eta bestetik beren generoagatik, horrexek bihurtzen baititu subjektu politiko aktibotzat hartu nahi ez dituen sistema patriarkalaren biktima”.
Horren harira, “gizonak altxatzen direnean eta ezarritako ordenari erronka jotzen diotenean gizon ausart eta indartsu moduan jarduten dute. Emakumeen matxinadak, aldiz, esanahi negatiboa du, gure rola jarduteari baino lotuago dagoelako izateari eta egoteari eta horrek erru sentipen handiagoa sortzen digulako”.
Jeannette Ruiz Goikotxetak, bestalde, tortura bezalako egoera traumatiko batek sortzen dituen ondorio psikologikoak azaldu ditu. “Ahitze emozional eta kognitiboa eragiten du. Hasierako nahasmenduaren ondoren, mina gainditzeko beldurra dator. Atxilotuak ez du ulertzen zer gertatzen ari den eta hautsi egiten da. Genero desberdintasunak bistan daude, sexua erabiltzen da laidotzeko, bortxatuko zaituzten mehatxu eginez, funtsean”.
Istanbuleko Protokoloa “tortura eta beraren ondorioak dokumentatzeko lehen arau multzoa da. Giza Eskubideen aldeko Nazio Batuen Goi Komisarioaren Bulegoak onartu egin zuen 2000an, torturatu dituzten pertsonak ebaluatzeko, ustezko tortura kasuak ikertzeko eta aurkikuntzak justiziari edo ikerketa-agentziei jakinarazteko nazioarteko gida izan dadin. Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ikerketan arau horiek erabiltzen dira”.
Nafarroako Foro Sozialean biltzen diren erakunde eta pertsonek bide luzea egin dute giza eskubideen defentsan, eta prest daude modu inklusibo eta horizontalean lan egiteko lau ardatzen inguruan: desegitea eta armagabetzea; preso eta iheslarien gizarteratzea; giza eskubideen sustapen bermatzailea; eta etorkizuneko bizikidetasuna sustatzea, egiaren eta memoriaren oinarri bidezkoen gainean.
Gaur arratsaldeko ekimena bigarrena izan da, iragan azaroaren 4an hainbat indarkeria motaren biktimen artean egindako bileraren ondoren, eta beraren bidez “bultzada eman nahi da herritarrek zuzenean parte har dezaten bake bidezkoa eta iraunkorra sendotzeko prozesuan”. Eginbeharraren “konplexutasuna” dela eta, “herritarren, erakundeen eta adituen” ekarpenak behar dira, hori guztia ikuspegi “arduratsu, plural eta autokritiko” batetik.
Osoko Bilkura Sozialean 150 bat lagun batu dira, horien artean Joseba Asirón Iruñeko alkatea, Arturo Goldaracena Tafallako alkatea, Koldo Leoz Lizarrako alkatea eta Unai Lako Agoizko alkatea, Álvaro Baraibar Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia, eta Koldo Martínez (Geroa Bai), Miren Aranoa, Bakartxo Ruiz, Asun Fernández de Garialde, Maiorga Ramírez, Arantza Izurdiaga, Esther Korres (EH Bildu), Laura Pérez eta Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu) parlamentariak.