Noiz argitaratua Asteartea, 2022.eko Ekainak 14

Hezkuntzako Batzordeak Artaxoako HLHIPa bisitatu du

Ikastetxeak berariazko prestakuntza, curriculum-baliabideak eta materialak eskatu ditu Ingelesez Ikasteko Programaren (IIP) kalitatea hobetzeko eta ikasleen aniztasunari erantzuteko

Hezkuntzako Batzordeak gaur Artaxoako Reina Urraca HLHIPa bisitatu du. Ingelesez Ikasteko Programa duen ikastetxea da, eta Haur Hezkuntzako 2. zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikasmailak ditu (3-12 urte bitartekoak). Guztira 116 ikasle eta 16 irakasle biltzen ditu. 

 

Batzordeko kide hauek bertaratu dira: Javier García (Navarra Suma talde parlamentarioa), Jorge Aguirre (Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioa), María Solana (Geroa Bai talde parlamentarioa), Patricia Perales (EH Bildu talde parlamentarioa) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra talde parlamentarioa).

 

Parlamentuko ordezkariei harrera egitera azaldu dira Asun Aurquía ikastetxeko zuzendaria, José Ramón Elorz Artaxoako alkatea eta Sara Armendáriz, Fernando Azcona, Maite Goñi eta Merche Cañas irakasleak.

 

Bisitaren helburua, talde guztiek eskatuta, “2.000 biztanle baino gutxiago dituen landa-herri bateko ikastetxearen antolaketa eta funtzionamendua in situ ezagutzea” izan da. “Herrian bizi diren askotariko ikasleak artatzen ditu, eta hezkuntza eskaintza osoa du”.

 

Jarraian bilera egin dute eta irakasleek ikastetxeko hezkuntza proiektuaren ildo nagusiak aurkeztu dituzte. “Herri eskola gara, eta batez besteko ratioak baino askoz txikiagoak izanda (10-15 ikasle gelako) hobeki erantzuten ahal diegu ikasleen beharrei, metodologia aktiboak erabiltzen ditugu eta herriko bizitzarekin harremanetan ari gara, jardueretan parte hartuz, etengabeko koordinazio eta elkarlanean”.

 

Ikastetxeko kideek, ordea, Ingelesez Ikasteko Programaren ezarpenaren ondoriozko zailtasunak nabarmendu dituzte. “Berariazko prestakuntzarik, curriculum-egiturarik eta irizpiderik ezak zaildu egiten du irakasleen lana”.

 

“Kalitatezko hezkuntza eskaini nahi dugu Ingelesez Ikasteko Programaren (IIP) barnean, baina horretarako curriculum-egitura egokia ezarri behar da, eta irakasleentzako berariazko prestakuntza, curriculum-baliabideak eta berariazko materialak behar dira. Horrez gain, ikastetxe honetan sartu berriak diren ikasle askok zailtasunak dituzte ingelesa ikasteko, ez dutelako inoiz ingeles eskolarik jaso edo beste maila bat dutelako, eta Hezkuntzatik halako kasuetarako konponbidea eman behar digute”.

 

Ikastetxeak eskatu du, gainera, segida eman dakiola Hezigarri programari. 2018an ezarri zen, hiru urteko iraupenarekin, eta helburu honekin: “Eskola-porrot eta eskola-uzte goiztiarren kontra borrokatzea eta ikasle guztien hezkuntza-inklusioa eta eskola-arrakasta sustatzea, hobekuntza proiektu bat ezarriz eta gauzatuz, zeina jasoko baita ikastetxe bakoitzaren eta Nafarroako Hezkuntza Departamentuaren arteko lankidetza kontratu batean”.

 

Eskatu dute Irakaskuntza Partekatuaren proiektua gauza dadila “horretarako berariazko prestakuntza jada egina duten” ikasgeletan, ez baita oraindik martxan jarri proiektu hori.

 

Halaber, irakasleen behin-behinekotasunak “hezkuntzaren eta ikasleentzako arretaren kalitateari” eragiten diola azpimarratu ondoren, irakasleek salatu dute ez dutela Hezkuntza Departamentuaren “laguntzarik” jasotzen bideratu behar dituzten egoerei aurre egiteko, “eskola absentismoari edo ikasleen premia bereziei, esaterako”.

 

Mintzatzeko beren txandan, Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu eta I-E taldeetako eledunek azalpenengatik eskerrak eman dituzte eta informazioa bildu dute, etorkizunean ekimenak abian jartzeko, hala badagokio.