Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Urtarrilak 16

Hezkuntza-sistema laiko baten aldeko apustua egiteko estatu mailako legegintzako herri ekimena baztertu da

Kongresuan 7/1980 eta 2/2006 lege organikoen erreforma defendatzeko akordio bat bilatzea zuen helburu, erlijio konfesionala eskola curriculumetik ateratzeko

Parlamentuko Osoko Bilkurak baztertu egin du gaur, Navarra Sumaren aurkako botoekin, PSNren abstentzioarekin eta Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin, Erlijio Askatasunari buruzko uztailaren 5eko 7/1980 Lege Organikoa eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa erlijioaren irakaskuntzari dagokionez aldatzeko Lege Proposamena. Proposamenak erlijio konfesionala eskola curriculumetik ateratzeko helburua zuen.

 

Geroa Baik bultzatutako Lege proposamenaren helburua zen 7/1980 eta 2/2006 lege organikoak aldatzea, erlijio- eta kultu-askatasuna deritzonerako eskubidea eta erlijio-laguntza eta heziketa ahalbidetzeko betebeharra konbinatzen dituztenak, Konstituzioaren 16.3 artikuluak ezartzen duen akonfesionalitatea “XXI. mendeko balioetara moldatzeko, besteak beste hezkuntza sistema laikoaren aldeko apustua egiteko”.

 

Zentzu horretan, beharrezko lege aldaketak egiteko deia luzatzen zen, eskola curriculumetik erlijio konfesionala eman ez dadin.

 

Nafarroako Parlamentuak IX. Legegintzaldian Diputatuen Kongresuari izapidetzeko igorritako zortzi legeen artean dago hau, pasa den maiatzaren 26ko foru hauteskundeen ondoren Ganbara berriaren osaketarekin iraungi egin baita.

 

Ez da Erlijio Askatasunari buruzko uztailaren 5eko 7/1980 Lege Organikoa eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoa erlijioaren irakaskuntzari dagokionez aldatzeko saiakera egiten den lehen aldia. 2018ko ekainaren 21ean, orduan irakurketa bakarrean, Parlamentuko Osoko Bilkurak Geroa Bairen ekimena onetsi zuen. EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aldeko botoa eman zuten, PSN abstenitu egin zen eta UPN eta PPNk aurka bozkatu zuten. Ez zen gauza bera gertatu 2019ko urriaren 31n, Navarra Sumaren eta PSNren aurkako botoek ekimena baztertu egin baitzuten.