Noiz argitaratua Asteazkena, 2020.eko Otsailak 5

Hezkuntza Batzordeak Tafallako Zentro Integratu Politeknikoa bisitatu du

Zentroa 1959. urtean jarri zen martxan, eta gaur egun 389 ikasle daude bertan. Hain zuzen ere, erdialdeko industriaren garapenerako eta hazkunderako eragile nagusietako bat da

Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordea bisitan izan da gaur, Navarra Suma talde parlamentarioaren ekimenez, Tafallako Zentro Integratu Politeknikoan. Zentroa 1959. urtean jarri zen martxan, eta gaur egun 389 ikasle daude bertan; 240 erdialdean bizi dira (99 Tafallan). Guztira, 57 irakasle dituzte (% 77 bitartekoak).

 

Batzordekide hauek joan dira: Pedro González, Jorge Esparza (Navarra Suma talde parlamentarioa), Inma Jurío (PSN talde parlamentarioa), María Solana (Geroa Bai talde parlamentarioa), Adolfo Araiz (EH Bildu talde parlamentarioa), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra).

 

Honako hauek egin diete harrera Parlamentuko ordezkariei: Pedro Flamarique (zentroko zuzendaria), Isabel Sorbet (ikasketaburua), Iker Aramendía (Elektrizitate Departamentuko burua), Esther Grávalos (Haur Hezkuntza eta Mendekotasuna), Sara Fernández (ile-apainketako irakaslea) eta Begoña Cortés (orientatzailea).

 

Pedro Gonzálezek azaldu duenaren arabera, bisitaren xedea da zentroaren «egoera zuzenean ezagutzea»; izan ere, zentroa erdialdeko enpresa-ehunaren zerbitzura dagoen prestakuntza-eskaintza gisa sortu zen (mekanika, elektrizitatea eta administrazioa), baina hazten joan da eremuko industriaren garapenerako eragile nagusietako bat izatera iritsi arte.

 

Jarraian, bilera egin dute, eta Pedro Flamariquek ikasleak akademikoki eta profesionalki gaitzeko erabiltzen diren prestakuntza integralerako ildoak zehaztu ditu, zeinen bitartez lan-bizitzara eta goi-mailako ikasketetara sartzeko bideak garatzen diren.

 

Testuinguru horretan, zuzendariak lanbide-heziketako ikastetxearen hezkuntza-proiektuaren bereizgarri diren eta ikasleen gaitasunak eta enplegagarritasuna optimizatzeko balio duten eskolaz kanpoko jardueren eta ekintza osagarrien eskaintza zabala nabarmendu du, non Europar Batasuneko hezkuntza- eta lan-zentroen arteko mugikortasuna sustatzen duten.

 

«Ikasleen ia % 100ak lana aurkitzen du lehenengo sei hilabeteetan, titulua lortu ondoren. Kalitatea eta etengabe hobetzea da gure asmoa, eta metodologia motibatzaileak eta eraginkorrak erabiltzen ditugu ikasleak gizarteratzea eta laneratzea lortzeko eta sustatzeko», azpimarratu du.

 

Horrela, Politeknikoko eskaintza akademikoa berrikusi ostean, zuzendariak parlamentari guztiengana jo du «baliabideak kudeatzeko sentsibilitate pixka bat gehiago» aldarrikatzeko. Zentroan, erdiko mailako sei ziklo eta goi-mailako lau ziklo eskaintzen dira, bai eta oinarrizko Lanbide Heziketa, enplegurako prestakuntza eta Lantokiko Prestakuntza ere. «Asko inbertitzen da irakasleengan (6,8 irakasle ikasle bakoitzeko), baina gutxi ekipamenduan».

 

Horri dagokionez, eta lurralde-kohesiorako politikei dagokienez, Flamariquek ohartarazpen hau egin du: «Tafallak ordaintzen du Iruña-Tutera dikotomia. Tafalla eta eskualdea suspertu behar ditugu, eta, adituek dioten bezala, lanbide-heziketako ikastetxea eremuko katalizatzaileetako bat izatea erdietsi, kasu honetan, hezkuntzaren alorretik. Zentroaren eragin-eremua inguruko 54 herrialdeetara iristen du, hau da, 38.500 biztanlerengana».

 

Aipatutakoaren haritik, Politeknikoko zuzendariak eskatu du lanbide-heziketako ikastetxea handitzeko eta bateratzeko; izan ere, gaur egun bi eraikinetan dago banatuta, Nagusia (270 ikasle) eta Egoitza (119). Urrun daude eta errepide nazional batekin bananduta, «arrisku-faktore gehigarri bat», alegia.

 

Azaldu duenaren arabera, irtenbidea izanen litzateke 20 urte inguru erabili gabe egon den Egoitzan azken urteetan ezarri diren Ile-apainketako, Mendekotasun-laguntzarako eta Haur Hezkuntzako zikloak lekuz aldatzea, eta beste ikasgela-eraikin bat eraikitzea eraikin Nagusiko sarbidearen alboan dagoen bi mila metro karratuko orubean. Inbertsio hori justifikatuta egonen litzateke lehenengo eraikinaren funtzionaltasun ezagatik eta irisgarritasun-mailagatik.

 

Ondoren, parlamentariek ibilbide gidatua egin dute lanbide-heziketako ikastetxearen eraikin Nagusiaren bulegoetatik. Zuzendaritza- eta irakasle-taldeko kideek lagundu diete, eta, horren bitartez, Egoitza araudira egokitu gabe dagoela egiaztatu ahal izan dute.

 

Bisita amaitu baino lehen, Pedro Flamarique zuzendariak lanbide-heziketako ikastetxearen 60. urteurrena ospatzeko ekitaldira gonbidatu ditu Hezkuntza Batzordeko kideak. Ekitaldia martxoaren 18an izanen da.

 

Navarra Suma, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E talde parlamentarioetako eledunek azalpenak eskertu dituzte eta informazioa bildu dute, behar diren ekimenak gauzatzeko, hala badagokio.