Hezkuntza Batzordeak bisita egin du Luzaideko ikastetxe publikora
Ikastetxe horretako ikasleek programazioa eta ikasgelak partekatzen dituzte Arnegiko ikasleekin, komunikazio-gaitasunen hobekuntzan oinarritzen den mugaz gaindiko proiektu baten esparruan
Hezkuntza Batzordeak Luzaideko ikastetxe publikoa bisitatu du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta PSN parlamentu-taldeek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak eskatuta. Ikastetxeak 14 ikasle (5 Haur Hezkuntzan eta 9 Lehen Hezkuntzan) ditu, eta programazioa eta ikasgelak partekatzen ditu Arnegiko (Nafarroa Beherea) eskolarekin (9 eta 14 ikasle, hurren hurren), besteak beste, hiru hizkuntza ofizialetako (gaztelania, euskara eta frantsesa) hizkuntza-murgilketaren sustapenean oinarritzen den mugaz gaindiko proiektu baten esparruan.
Bisitan Luis Zarraluqui (UPN parlamentu-taldea), Isabel Aranburu (Geroa Bai parlamentu-taldea), Miren Aranoa (EH Bildu parlamentu-taldea), Laura Pérez (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea) eta Carlos Gimeno (PSN parlamentu-taldea) parlamentariek hartu dute parte.
Parlamentuko ordezkaritzari harrera egin diote Anabel Elizondo Luzaideko ikastetxe publikoko zuzendariak eta Ramontxo Etxebeste irakasleak.
Laura Pérezek zehaztu duenez, bisitaren helburua “Luzaideren eta Arnegiren artean abiarazi den lankidetza-sistema berria in situ ezagutzea” izan da, sistemaren helburua izanda “landa-eskolaren mamiari eutsita, despopulatzeari aurre egitea harreman soziokulturala indartuz eta irakaskuntzaren kalitatea optimizatuz, hizkuntzen aldeko arrazoizko apustuan eta mailen banaketa orekatuagoan oinarrituta”.
Ondoren egindako bileran, Anabel Elizondok proiektu berri, punta-puntako eta esportagarri horren ildo nagusiak azaldu ditu, eta esan du proiektua ondoko Arnegiko eskolak proposatuta sortu dela, Frantziako eskola-sistemaren berregituraketa-testuinguru batean, non eskola-taldeak bultzatzen diren.
Zuzendariak zehaztu duenez, haren ideia “Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako zikloak mugatzea zen, herri bakoitzean etapa bat ezarrita. Horrela planteatuta bideraezina zen, baina azkenean formula misto bat adostu genuen; horren arabera bi ikastetxeetako Haur Hezkuntzako ikasleek goizez ikasten dute Luzaiden eta Lehen Hezkuntzakoek, berriz, arratsaldez eta Arnegin. Horrek guztiak familien oniritzia eta bertan esku hartzen duten alderdi guztien jarraitutasun-konpromisoa jaso ditu”.
Irakaskuntza mailan, Luzaideko ikastetxe publikoko zuzendariak adierazi du dagoeneko hasi direla “aldeko bilakaera bat sumatzen frantsesaren ikaskuntzan. Arnegiko ikasleei dagokienez, gaztelaniaz hitz egiteko motibazioa areagotu dela antzeman da. Komunikazio-gaitasunen hobekuntza horren atzean lan handia dago, ordutegiak eta egutegiak bateratu behar izan baitira. Izan ere, proiektuak bi ikastetxeek batera dituzten 143 eskola-egunetan baino ez du funtzionatzen”.
Premisa horiei helduta, Anabel Elizondok uste du “Luzaide-Arnegi ikastetxea finkatzeko bidean abiatu beharko genukeela. Aukera ezin hobea da. Proiektu honek oihartzun handia izan du Frantzian, eta dagoeneko horretaz konturatu dira han. Nafarroan, beharbada, ez hainbeste. Apirilean gure esperientzia aurkeztuko dugu Nafarroako Eskola Kontseiluaren jardunaldietan. Ezin dugu esan Hezkuntza Departamentuaren babesa izan ez dugunik, baina inplikazio pertsonal handia behar da, hau aurrera ateratzeko”.
Hitz egiteko txanda izan dutenean, UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta PSN parlamentu-taldeen eledunek irakasleen inplikazioa eta “mugaz gaindiko lankidetza-eredu oso interesgarri eta garrantzitsu horren berezitasunak” nabarmendu dituzte.
Bilera bukatu ondoren, parlamentariek ibilbide gidatua egin dute Luzaideko ikastetxe publikoko geletatik.