Noiz argitaratua Osteguna, 2013.eko Urriak 10

Haustura hidraulikoaren teknika erabiltzea gas ez-konbentzionala ikertzeko eta erauzteko teknika gisa debekatzen duen Foru Legea onetsi dute

Arauak jada emanda dauden baimenei edo izapidetzen ari direnei ere eragiten die eta ez dator bat fracking-a babesteko lege prozesuan aurrera egiteko asmoz Gorteetara helarazitako Foru Lege proiektuarekin

Parlamentuko Osoko Bilkurak SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin eta UPNk eta PPNk haren aurka emandako botoekin, Nafarroan haustura hidraulikoaren teknika debekatzen duen Foru Legea onetsi du gaur.

Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak aurkeztutako Foru Lege proposamenaren xedea da “Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osoan haustura hidraulikoaren teknika edo fracking-a erabiltzea debekatzea, alegia, gehigarri kimikoen injekzioaren bidez gas ez-konbentzionala ikertzeko eta erauzteko teknika gisa debekatzea”.

Lurraren erabilera okerra ekartzeagatik, teknika hori erabiltzea “hirigintzako arau-haustetzat” hartuko da, Nafarroako Lurraldearen Antolamenduari eta Lurzoruaren Hirigintza-araubideari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean xedatutakoari jarraikiz.

Legean xedaturikoa aplikatzekoa izanen zaie “jada emanda dauden baimenei edo izapidetzen ari direnei”, bai “legea indarrean sartu eta gero aurkezten diren” eskaerei ere.

Arauan xedatzen denez, hidrokarburo ez-konbentzionaltzat hartuko dira, “harri aman itxita dauden eta 1 millidarcy baino baxuagoko iragazkortasuna duten eta likido edo gas egoeran dauden hidrokarburoak; bai eta ikatz edo harrikatz zainetan lotuta daudenak eta gehigarri kimikodun presiopeko ur kantitate handiak txertatu gabe aterako eta askatuko ez liratekeenak”.

Zioen azalpenean, “bai osasunaren ikuspuntutik bai ingurumenaren babesaren ikuspuntutik” planteatzen dituen galderetan babesten da, 2011ko ekainean Europako Parlamentuko txosten batek azpimarratzen duen bezala. Horrez gain, azpimarratzen da “gizartean kezka” badela teknika horrek ekar ditzakeen arriskuak direla-eta. Izan ere, Nafarroaren kasuan “nekazaritza eta nekazaritzako elikagaien industria” ukitu dezake, bai eta “landa-turismoaren arloan nazioko erreferente” gisa duen maila ere.

Lege honen eraginez, Nafarroa fracking-a debekatzen duen hirugarren autonomia erkidegoa da (Errioxaren eta Kantabriaren atzetik). Alabaina, legearen edukia ez dator bat Foru Lege proiektuarekin, zeina teknika honek ingurumenean duen eragina gehiago kontrolatzeko iragan abuztuaren 29an Gorteetara helarazi zen, era horretan, haustura hidraulikoa babesteko lege prozesuan aurrera eginaz.

Horretarako, gobernu zentralak teknika hori erabiltzen den proiektu ororen eraginak ebaluatzea aurreikusten du, era horretan “prozedurak sinplifikatuz eta azkartuz eta epeak murriztuz”. Horri dagokionez, ingurumenaren ebaluaziorako prozesu osoa bi urtetik lau hilabetera murriztea aurreikusten da.

www.parlamento-navarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 37. zk., 2013-04-09koa)
• Zuzenketen argitalpena (NPAO, 80. zk., 2013-07-19koa)
• Irizpenaren argitalpena (NPAO, 99. zk., 2013-09-12koa)