Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren 30. urteurrena ospatu du Unicefek Nafarroako Parlamentuan
Hualdek erakunde publikoen ardura nabarmendu du eta adingabeak babestuko dituzten aurrerapen sozialak adostu asmoz akordioetara iristeko deia luzatu du
Azaroaren 20an ospatzen den Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunaren karietara, Nafarroako Parlamentuak eta Unicefen Nafarroako Batzordeak Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren 30. urteurrena ospatzeko ekitaldia egin da.
Ekitaldia Legebiltzarraren egoitzako atarian izan da eta bertan izan dira Parlamentuko Mahaiko kideak, talde parlamentarioetako parlamentariak, Unicefen Nafarroako Batzordeko kideak eta Jesuitas Ikastetxeko ikasleak.
Unai Hualde Legebiltzarreko Lehendakaria izan da ekitaldiari hasiera eman diona, eta adierazi du Hitzarmenarekin “pausu erraldoi bat eman zela haurren eskubideak babesteko”. Nafarroan dagoen “gizarte eragileen sare garrantzitsua” nabarmendu du, aipatzeko “haien esperientzia eta ezagutza baliatuz” instituzioetatik pausuak ematen jarraituko dutela.
Adin txikikoengan eragina duten afera desberdinei buruz hausnarketa egin du Hualdek, tartean lagundu gabeko adingabeak kriminalizatzen dituzten diskurtsoen inguruan, esanez “ez dutela errealitatea islatzen eta indarkeria sustatu besterik ez dutela egin”, eta diskurtso hauen aurrean erakunde publikoen ardura eta konpromisoa defendatu ditu.
Gazteek sustatutako mugimenduen indarra azpimarratu du Lehendakariak, “Fridays for future” delako mugimendua bezalakoak, eta Nafarroan aurreko legegintzaldian irekitako bideak Madrilen aurrera egin dezan eskatu du, “izen eta sigletatik haratago, adingabeak babestuko dituzten aurrerapen sozialak adostu asmoz akordioetara iristeko”.
Mikel Aguirrek, Unicefen Nafarroako Batzordeko lehendakariak, orain hogeita hamar urte Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena “aho batez” onetsi zela nabarmendu du, “orain arte babes zabalena eduki duen ituna” izanik.
Aguirrek hitzarmenaren oinarrian dagoen ideia azpimarratu du, zeinak dioen haurrak “eskubide propioak dituzten norbanakoak direla” eta salatu du egun milioika haurren eskubideak urratzen direla.
Haurrek gaur egun aurre egin beharreko mehatxuak zeintzuk diren azaldu ondoren, Aguirrek adierazi du “haurren eskubide urraketekin amaitzeko orain 30 urte gobernuek hartutako konpromisoak betetzeko garaia dela”.
Ondoren, Jesuitas ikastetxeko Alain Pérez, Leyre Aramendia, Jon Fernández eta Joaquín Burga ikasleek hitzarmena betetzen ez dela salatu dute, eta parlamentarioei dei egin diete egoera hau hobetzeko konpromisoa har dezaten.
Ondoren, bertaratu diren ordezkari parlamentarioei Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenaren ale bana banatu diete ikasleek.
Amaitzeko, talde parlamentarioetako ordezkari gisa Marta Álvarez (Navarra Suma), Nuria Medina (PSN), Isabel Aramburu (Geroa Bai), Patricia Perales (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra) parlamentarioek pasa den urriaren 14an Eledunen Batzarrak onetsitako adierazpen instituzionala irakurri dute.
Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:
“Nafarroako Parlamentuak bere erabaki irmoa berresten du:
1. Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren esparruan aldarrikatutako eskubide eta printzipioak aldeztu eta babesteko, eta horien erabateko baliagarritasuna lortzeko neurri zehatz, eskuragarri eta mugatuak hartzeko.
2. Konbentzioaren printzipio zuzendariak errespetatzeko: ez diskriminatzearen printzipioa, haurren interes gorena lortzea izatea haurrekin zerikusia duten ekintza guztien xede nagusia; haurren berezko bizitzeko, bizirauteko eta garatzeko eskubidea; haurren eskubidea beren iritzia askatasunez emateko beraiekin zerikusia duten gai guztietan eta iritzi horri merezi duen balioa ematea.
3. Foru eskumenei dagokienez ahal diren ahalegin guztiak egiteko, haien edukia betetzen dela ziurtatze aldera, haur-politikak taxutu eta garatzea bultzatuz, gizarte bidezkoago eta berdintasunezkoago baterantz hurbildu ahal izateko.
4. 2016ko maiatzaren 2an hartutako konpromisoak garatzeko, egun horretan sinatu baitzen Haurren aldeko Nafarroako Aliantza.
5. Haurren aldeko ekintzak eta emaitzak areagotzea tokiko, nazioko eta nazioarteko mailan. Haurrekiko zuzeneko konpromisoa aldarrikatzea mundu osoan: haur bakoitzarekin, eskubide bakoitzarekin, eta xede hori lortzeko ahalegin bateratu bat hedatzea”.
Horrez gain, gaur iluntzean parlamentuaren aurrealdea urdinez argiztatuko da (18:30-24:00) Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunarekin bat egiteko.