Harrera ofiziala, Memoria Historikoari buruzko Mugaz gaindiko VII. Topaketen hasiera dela eta
Ainhoa Aznárezek "egiaren arloko estatu politikarik eza" deitoratu du eta "114.000tik gora desagertuentzako ordaina eskatzen jarraitzeko” deia egin du
Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteak antolatuta, Iruñean igandera arte Memoria Historikoari buruzko Mugaz gaindiko VII. Topaketak egiten ari dira. Hori dela eta, Nafarroako Parlamentuak harrera ofiziala eskaini du, hala eskertu nahi izan baitu “urte luzeetako negoziazio etengabean inoiz etsi gabe 114.000tik gora pertsona desagertuentzako justiziaren eta ordainaren bila ari direnen lana”, Ainhoa Aznárez Igarzaren hitzetan.
Hasierako hitzaldian, Foru Legebiltzarreko lehendakariak “egiaren arloko estatu politikarik eza” deitoratu du, gogora ekarri ditu trabak sortu direla “Amnistiari buruzko Legearen interpretazio murriztailearen ondorioz, NBEko errelatore bereziak argi eta garbi baieztatu duenez”, eta “biktimak berreskuratzearen beharra edo baliagarritasuna eztabaidan jartzera ausartzen direnen jokabidea” gaitzetsi du.
Ainhoa Aznárezek azpimarratu egin du Espainiako Estatuak uko egin diola “bere eginbeharra betetzeari, baita Bortxazko Desagertzeen aurkako Nazio Batuetako Batzordeak berariaz eskatutakoan ere”, eta gero botere publikoei zuzendu zaie, “konponbidea baino gehiago maiz traba jartzen duzuen horiei”, argitzeko eta kaltea ordaintzeko mekanismoak ezartzeko konpromiso sendoagoaren eske.
Azkenik, Pirinioen bi aldeetako elkarte memorialistek “oroimen historiko demokratikoaren” defentsan darabilten “ikuspegi globala” goraipatu du lehendakariak, eta “krisia bezalako aitzaki zitalen gainetik” erne eusteko adorea eman die. “Ez etsi zuen ahaleginean Administrazioak basakeria haren biktima guzti-guztiak aitortu arte”.
Ana Ollok, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak, “Nafarroako Gobernuak giza eskubideak bultzatu eta sustatzeko hartu duen konpromisoa” berretsi du, eta esan du jardunaldietan aukera bikaina dagoela “elkarrizketa emankorrean aritzeko elkarteen mailan, maila akademikoan nahiz instituzionalean, bai eta balantzea egiteko ere”.
Jokin de Carlos Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko lehendakariak esan du balio handikoa dela “kontzientzia hartzea, gizartearen gehiengoa hurbiltzea” behinola tabua ere izan den eta oraindik “laguntza, babesa eta konpromisoa” eskatzen dituen auzi batera. “2015az geroztik gorpuak lurpetik ateratzea dugu xede nagusia. Nafarroako Gobernuak bere gain hartu du, eta hori berez bada familienganako ordain keinu bat. Asko egin da aurrera, egia da, baina ez da nahikoa”.
Azkenik, agur “errepublikanoa” egin ondoren, Raymond Villalbak, erbesteko elkarte memorialisten ordezkariak, “ideia errepublikanoak ez ahazteko” eskatu du, aitzitik, “gorrotorik eta mendeku nahirik gabe memoria historikoa berreskuratu behar da, eta amaierako puntua jartzeko legeen aurka borrokatu, 1977ko Trantsizioa eta orduko isiltasun ituna ere barne direla. Orria pasatu behar da, bai, baina aldez aurretik orria idatzi eta irakurri behar da”.
Ondoren mahai-ingurua egin da, Exhumaciones tempranas (años 70/80)/Hasierako hobitik ateratzeak izenburukoa. Manuel Pastor, Emilia Salvatierra, Fermín Arellano, Ana Eguizábal eta Olimpia Plaza izan dira parte-hartzaileak. Moderatzaile aritu da Olga Alcega, Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko lehendakari ohia.
Ekitaldia Legebiltzarraren egoitzako atarian egin da, eta bertara bildu dira, besteak beste, Ana San Martín (UPN), Unai Hualde, Koldo Martínez, Patxi Leuza, Virginia Alemán, Isabel Aranburu (Geroa Bai), Maiorga Ramírez, Bakartxo Ruiz, Asun Fernández de Garaialde, Arantza Izurdiaga, (EH Bildu), Mikel Buil, Laura Pérez (Podemos-Ahal Dugu), Inma Jurío, (PSN), José Miguel Nuin eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra) parlamentariak.