Gor-itsuei Laguntzeko Fundazioaren (FOAPS) X. urteurrena ospatzeko ekitaldia
Ainhoa Aznárezek esan du ONCEk lan handia egiten duela kolektibo horren alde, zeinak, “bere muga larriak eta guzti, laguntza egokiarekin bizimodu ona eta betea” lor baitezake
Nafarroako Parlamentuan gaur Gor-itsuei Laguntzeko ONCE Fundazioaren (FOAPS) X. urteurrena ospatu da, kolektibo horren historiaren, lanaren eta lorpenen berri zabaltzeko ekitaldi batean. Legebiltzarrak, Ainhoa Aznárez Igarza lehendakaria lekuko, gor-itsuen ikusgarritasuna areagotzen lagundu nahi du, “ezin zaiolako uko egin gizarteratze lanari”.
Amaierako hitzaldian lehendakariak ONCEri eskerrak eman dizkio gor-itsuekin egiten duen lanaren xehetasunak Parlamentuan azaltzeagatik. “Oso muga larriak dituzte, baina inola ere ez gaindiezinak, laguntza egokia jasoz gero ezerk ere ez baitie galarazten bizimodu ona eta betea izatea”.
Testuinguru horretan, Ainhoa Aznárezek “adorea, diziplina, iraunkortasuna, bizitasuna eta maitasuna” aipatu ditu “itxaropena, jakin-mina eta ikasteko gogoa elikatzeko. Egia da gor-itsutasunak zenbait premia berezi sortzen duela, baina erakutsi duzue bost zentzumenetatik hiru soilik izanik posible dela mugak saihestu eta inguratzen gaituen munduraino iristea”.
Hala, ONCEk bultzatutako sentikortze, laguntza eta hurbiltze lan bikaina goraipatu ondoren, lehendakariak nabarmendu du, azkenik, oso aspaldi ez dela ia erabat bakarturik bizitzera kondenatua zirudien kolektibo horrek orain aukera handiak dituela. Mila esker zuen bizipenak Nafarroako Parlamentuarekin partekatzeagatik”.
Aldez aurretik, FOAPSeko lehendakari Andrés Ramosek esan du beharrezkoa dela “gor-itsuak ikusgai bihurtzea, inklusiorako zubiak egitea gizartearen eta gor-itsuen artean, oso mugatzailea den gaitz horren ondorioak leunduko dituzten zerbitzuak eman ahal izateko. Oncek 79 urte daramatza lanean, kasu honetan fundazio honen bitartez. Dugun fundazio gazte eta txikitxoena da. Fundazioaren bitartekotza hil ala bizikoa da 400 pertsonarentzat, 100 bitartekariren laguntza jasotzen baitute”.
ONCEk jardunaldi horretan aurkeztu nahi izan ditu esku artean dituen ekimenak. Horien guztien helburua da gor-itsuen errealitatearen berri zabaltzea gizartean, heldu niri eskutik lema ahoan, zeinak zerikusia baitu komunikatzeko dituzten zailtasunekin: eskuen bitartez gainditzen dituzte zailtasunak, eskuak baitituzte komunikatzeko tresna nagusia. Jardunaldiaren osagarri gisa, zabalkunderako bideo bat proiektatu da (“gure eskuak noraino, haraino iristen da gure mundua”, dio gor-itsu batek).
Zehazki, gaur egun Nafarroako lau gor-itsuk jasotzen dute FOAPSen laguntza (2007an bi ziren), fundazioko bitartekari batek Foru Komunitatean egiten duen lanari esker.
Duela hamar urte sortu zenetik, FOAPSek Nafarroan 25.419 euro jarri ditu baliabideetarako, eta horrela egin ahal izan dira 2.092 bitartekotza-ordu, horietatik 122 ordu 2016. urtean. Estatu osoan 540.573 ordu izan dira, horietatik 83.384 iaz.
Gor-itsuei Laguntzeko Once Fundazioa (FOAPS) laguntza-erakunde bat da, 2007an sortua, gor-itsuen premia bereziei erantzuteko programen garapena sustatzea helburu duena. Ahalegin berezia egiten du hezkuntzaren eta enpleguaren arloetan, pertsonak gizarteratu eta laneratu daitezen eta bizi kalitate ona izan dezaten baita giza harremanen eta adimenaren aldetik ere.
Ekitaldia Parlamentuaren egoitzako erabilera anitzeko gelan egin da, eta bertan izan dira, beste agintari batzuen artean, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria, Ainhoa Aznárez; FOAPSeko lehendakaria, Andrés Ramos; ONCEren Nafarroako lurralde-ordezkaria, Jesús Buitrago, eta Lurralde Kontseiluko lehendakaria, Valentín Fortún. Gainera, gor-itsu nafar batek, Inmaculada Unzuek, lehen pertsonan kontatu ditu bere eguneroko bizipenak, bere bitartekari Aitor Arregiren eskutik.
Honako parlamentari hauek ere izan dira ekitaldian: Begoña Ganuza (UPN), Virginia Alemán, Rafael Eraso (Geroa Bai), Asun Fernández de Garaialde, Maiorga Ramírez (EH Bildu), Laura Pérez, Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu), Nuria Medina y Guzmán Garmendia (PSN).