Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Urtarrilak 26

Gobernuak gardentasuna areagotzeko bere konpromisoa azpimarratu du

PSNren jabeldura bati erantzunez, non informazioa eskuratzeko kontrolaren eta kudeaketaren eta Foru Gobernuak kontuak ematearen inguruko arazoak aipatzen baitira

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak, María José Beaumontek, azpimarratu egin du Foru Gobernuak "gardentasunaren, parte hartzearen eta lankidetzaren” alde duen konpromisoa. "Ez da egia gardentasun maila 2014an baino beherago dagoela", adierazi du.

 

Gobernua lanean ari da araudi berri bat prestatzen, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Legearen gabeziak gaindituko dituena. Horixe esan du Kontseilariak Kontroleko Osoko Bilkuran, PSN parlamentu-taldeak gobernu irekiari eta gardentasunari buruz aurkeztutako jabeldurari erantzunez. Aste honetan bertan kontseilariak gaiaren gaineko azalpenak eman ditu batzordean.

 

Guzmán Garmendiak (PSN parlamentu-taldea) adierazi duenez, arlo horretan "kudeaketa arazo izugarria" eta "kontrol falta" dago. Erantsi du Nafarroako Gobernuaren informazioak guztien eskura egon behar lukeela, baina gaur egun parlamentu-taldeek ere ez dutela jasotzen eskatzen duten informazioa. Esan du Gobernuak ez duela wasapik eta Twitter "irratia balitz bezala" erabiltzen duela, Gobernu Irekiaren ataria "penagarria" dela eta Gobernuko kideek ez dutela  konturik ematen.

 

Beaumont kontseilariak Espainiako Nazioarteko Gardentasuna erakundearen txostena aipatu du, horren arabera Nafarroa autonomia erkidegoen gardentasun indizeari erreparatuta azken lekuan baitago, baina gero ohartarazi du 80 adierazle baino ez direla aztertzen, beste batzuk kontuan hartu gabe, eta ezin dela ondorioztatu erkidego bat bestea baino gardenagoa denik. "Gardentasuna ez da erakunde jakin batek hautatu dituen 80 adierazleen batura, erakunderik prestigiotsuena izanda ere". Gardentasuna da afera publikoen kudeaketari buruzko informazioa herritarren eskura jartzea eta haien parte hartzea sustatzea, baieztatu du.

 

Horren haritik, Beaumontek apustu egin du kudeaketa "gardena, marketin eragiketetatik eta zalaparta mediatikotik urrundua" sendotzearen alde, parte hartzea sustatzeko.

 

Parte hartzea areagotu egin dela nabarmendu du, horretarako berariazko guneak ireki baitira, barnean hartzen dituztenak prozesuaren diseinutik jardueren agendarainoko alderdi guztiak, inkestak bezalako tresnen erabilera tartean. Beaumontek baieztatu du lehentasunezkotzat jotzen duela informazioa herritarren eskura jartzea modu argian, formatu irekian eta berrerabiltzeko aukera emanez, eta ildo horretan Aurrekontu Orokorren webgunean jarri du azpimarra.

 

"Nola eginen dugu aurrera gardentasunean, honako hau gezurrak fabrikatzeko Gobernua bada?", galdetu du Sergio Sayasek (UPN parlamentu-taldea). Nafarroako lehendakaria eta Estatu Batuetakoa "berdin-berdinak" direla esan du, eta antzekotasunak aipatu ditu: "kultura eta hizkuntza jakin batzuk inposatzen" saiatzen dira, "nagusikeriazko estilo harroa" dute eta "nazionalistak dira, identitatearen zilborrari begira dauden horietakoak".

 

Patxi Leuzak (Geroa Bai parlamentu-taldea) honako hau adierazi du: “Ez da oso zorrotza adierazle batzuek balorazio baterako balio izatea eta besteek ez, baina, nolanahi ere, adierazleok kontuan hartzen badira, ezin da ondorioztatu gardentasuna galdu denik, aitzitik, areagotu egin da”.

 

UPNk eta PSNk gai horretan duten erantzukizuna aipatu du Arantza Izurdiagak (EH Bildu parlamentu-taldea). Egungo Gobernuarekin “garrantzizko urratsak egin dira, baina oraindik badago bidea egiteko, bereziki herritarren parte hartzearen arloan”, aitortu du.

 

Rubén Velascok (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea) esan du Gobernua lanean ari dela gai horietan, programa-akordioa betez.

 

"Diotena diotela, klaseko azkenak gara", baieztatu du Ana Beltránek (PPNko foru parlamentarien elkartea). Erkidego guztiak parametro berberen arabera konparatzen direla azpimarratu du. "Eta Nafarroa da txarrena. Obskurantismorako aldaketaren Gobernua dirudite", erantsi du.

 

José Miguel Nuinek (I-E) aurre egin die "azkenak garelako" mezuei, esanez egia dela "langabezia-tasan Espainiako azkenak garela", eta gardentasunari dagokionez aitortu du lan egiten ari dela, nahiz eta asko dagoen egiteko, baina ez azterlana egin duena bezalako "GKE opaku batek" hala agintzen duelako.