Noiz argitaratua Osteguna, 2025.eko Urtarrilak 16

Gobernuak errenta bermatuaren erreformarako proiektua bilkuraldi honetan zehar aurkezteko asmoa dauka

PSNren interpelazio bati erantzunez, zeinak apustu egiten baitu gure gizarte-babeseko sistemaren ekintzen eraginkortasuna berrikustearen alde

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak, Carmen Maeztuk, adierazi du: "Gobernu honen asmoa da bilkuraldi honetan zehar lege-proiektu bat aurkeztea, Errenta Bermatua aldatzekoa", eta "horretarako, beharrezkoa zaigu behar adinakoak diren adostasunak lortzea, lanabes eraginkorrago eta efizienteago baterantz aurrerapausoak emateko modua emanen digutenak".

 

PSNk ostegun honetako Osoko Bilkuran aurkezturiko interpelazio bati erantzunez, Maeztuk azaldu du: "datozen asteotan talde parlamentario guztiekiko bilkuretarako egutegi bat ezarriko dugu, proposatzen dugun aldaketaren edukia xehetasunez aurkezte aldera".

 

"Gobernua sostengatzen duten taldeekiko lehen harremanak landuko ditugu, aldezten dugun erreforma proposatzeko, kontuan harturik gai honi buruz programa-akordioan jasotzen dena. Gero, gure aurrekontu-lagunarekin bilera egin eta, azkenik, Legebiltzar honetako gainerako talde politikoei ere aurkeztuko diegu proposamen hau", iragarri du.

 

Maeztuk adierazi duenez, Gobernuaren proposamenak "xede du hartzaile diren pertsonei hobeto lagun egitea, haien laneratzearen denbora-egokitzapen hobea egitea eta halaber elkarbizitzarekin hobeto bat egitea, bizitzeko gutxieneko errentaren bitartez". Horrez gain, asmoa da "burokrazia eta papereria murriztea eta profesionalei denbora gehiago uztea, pertsonei lagun egin ahal izan diezaieten".

 

Kontseilariak hizpide hartu du Kontuen Ganberak atzo, asteazkenez, ezagutarazi zuen txostena ere, "zeinari buruz jadanik eskatua baitut agerraldi bat, azalpen guztiak ematekoa". "Gobernuak beti hartzen du kontuan, eta baloratzen, Kontuen Ganberak egiten duen edozein fiskalizazio-txosten, eta bertako gomendioak aintzat hartzen ditu" baieztatu du, nahiz eta erantsi duen: "ezin dugu irakurketa katastrofista bat egin, ikusten dugunez Parlamentu honetako zenbait talde jadanik egiten ari diren bezalakoa, badago-eta egin egiten den lan asko, bai eta ondo funtzionatzen duten gauza ugari ere".

 

Hori guztia dela-eta, Maeztuk esan du espero duela "behar adinako aldezpena" lortuko dela erreforma hau aurrera ateratzeko, eta "talde politiko guztien adostasun politikorik handienarekin". Ohartarazi ondoren ezen "aldaketa bat proposatzea" ez dela "gauzek  funtzionatzen ez dutelako aitorpenik", baizik eta "aurrerapausoak egin nahi izatea, hobetu nahi izatea" dela, adierazi du bere nahia dela "guztiok ahalmena izan dezagula soilki politikoak diren jarrerak eta geldozalekeria gainditzeko, eta guztion ongian pentsatzeko".

 

Olga Chuecak (PSN talde parlamentarioa) aipatu du Kontuen Ganberak eginiko txostena, "non agerian uzten baita nolako ahuleziak dituen kudeaketa konplexu batek, konplexutasun hori datorrelarik helburu bera duten baina araubide desberdinen pean dauden bi prestazio, errenta bermatua eta bizitzeko gutxieneko errenta, egotetik". "Lehendakaria –Nafarroakoa, María Chivite– eta Kontuen Ganbera ados daude bi prestazio horiek bateratzearen bidearekin", azaldu du, apustu egin ondoren "gure gizarte-babeseko sistemako ekintzen eraginkortasuna berrikustearen alde".

 

Raquel Garbayok (UPN talde parlamentarioa) PSNri erantzun dio esanez ezen Kontuen Ganberaren txostena "nahi duen bezala apaindu dezakeela; nahi badu, begizta bat jar diezaioke, baina errealitatea oso burugogorra da". "Kontuen Ganbera etorri behar izan da zuei errieta egin eta esatera zer eta UPNtik orain dela urte askotik esaten ari gatzaizkizuena, zeina baita errenta bermatuaren eredu honek ez duela funtzionatzen. Ez bakarrik ez duela funtzionatzen, baizik eta modu negargarrian kudeatu dela, eta prestazio horien alorrean zure departamentuaren kontrolik eza asaldagarria dela", azpimarratu du.

 

Javier Arzak (EH Bildu talde parlamentarioa) ohartarazi du errenta bermatua "inbertsio hagitz ona dela, samurtu egiten du-eta gure biztanleriaren % 5 inguruaren egoera". "Ez goaz errenta bermatuaren babes-ahalmena ahulduko duen ezein eredu-aldaketa aldeztera, horixe baita eskuinek lortu nahi dutena", nabarmendu du. "Jakina gauza franko dagoela hobekizun" erantsi ondoren, azaldu du "prest" daudela "kudeaketako burokrazia murrizteko" edo "prestazio desberdinen arteko bateragarritasuna hobetzeko", besteak beste.

 

Isabel Aranburuk (Geroa Bai talde parlamentarioa) jo du errenta bermatuaren "kontrol ona ezinbestekoa" dela, "diru publiko guztiarena" bezalaxe, baina ohartarazi du ezen Geroa Baik ez duela bat eginen ezein ildorekin, baldin "irispidea izateko baldintzak zorroztu, prestazioa murriztu edo bizitzeko gutxieneko errentarekin bat etorrarazteko ildoa baldin bada; ez oinarrizko gizarte-zerbitzuentzako zama administratiboa arintze aldera, ez eta izapidetzea gehiago sinpletze aldera ere". "Helduko dion ildoa babes-ahalmena areagotzearena eta lege honek aitortzen dituen eskubideetarako irispidea eraginkorrago egitearena izanen da", esan du.

 

Maribel García Malok (PPN talde parlamentarioa) adierazi du ezen "Gobernutik sakon berrikusi behar dela gutxieneko errenten eta gizarteratzearen politika hau". "Ez dago beste biderik, Kontuen Ganberaren txostenaren eta horren emaitzen ondoren. Politika integral bat behar da, besterik gabeko dirulaguntza hutsetan oinarrituriko ikusmoldea gaindituko duena, agerian geratzen ari baita ezen, soluzio izan eta pobrezia desagerraraztetik urrun, hori areagotzen eta kronifikatzen ari dela", ohartarazi du.

 

Carlos Guzmanek (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa) komentatu duenez, "ez gara batere sineskorrak, eta ondotxo dakigu politika konkretu guztiek badutela hobekizunik ikuspegi teknikotik eta kudeaketarenetik". "Atzo argitaraturiko Kontuen Ganberaren txostenak afera interesgarriren bat begietaratzen digu, eredu hau hobetzeko langai hartzeko modukoa dena. Guk esaten segitzen dugu koalizio honen proposamena dela gizarte-eskubideen alorreko politika hauek indartu, adostu eta zabalagotzea. Ez goaz hartzaile direnak inondik inora ere estigmatizatzera", iragarri du.

 

Emilio Jimenezek (Vox foru-parlamentarien elkartea) esan du "txit argi dagoela legearen espirituak eta helburuak kale egin duela", eta "gizarteratzeari dagokion partea ez dela lortzen". Dioenez, Kontuen Ganberaren txostenak dioena "birrintzailea" da. "Zer laburpen egin dezakegu? Kontrolik eza eta axolagabekeria, lehendakari andrea. Eragingabetasuna, diru-xahuketa, balio deuseza. Eta problema ez da zuek eragile deusezak izatea, baizik eta nafarrei egiten diezuen kaltea", jaulki du.