Gobernuak 11,2 milioi bideratuko ditu aurten tokiko azpiegiturak hobetzera
PSNren interpelazio bati erantzun dio, zeinak “erronka demografikoari" erantzuteko nahikoa inbertsio eta politika aktibo ezartzeko ardura politikoa eskatu duen
Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilari Bernardo Cirizak ziurtatu du Foru Gobernuak 11,2 milioi euro bideratuko dituela aurten Nafarroako udalerri desberdinetako 130 azpiegitura proiektuetara. Era berean, Tokiko Azpiegitura Plana lantzen ari direla baieztatu du.
"Lurraldeen arteko oreka lortzeko, ezinbestekoa da herrietan zerbitzuak eta azpiegiturak hobetzea", esan du Cirizak, PSNk despopulazioaren inguruan aurkeztu duen interpelazio bati erantzunez.
Arlo horretan, ur-hornidurarekin, hondakin-tratamenduarekin eta banda zabalarekin lotutako proiektuetan kokatu du 11,2 milioi euroko gastua. 130 proiektu horiei jarduketa gehiago gehituko zaizkie datozen hilabeteetan, 16,6 milioi euroko zenbatekoa agortu arte.
Bestalde, Cirizak errepideen mantentze-lanetan egindako inbertsioaren garrantzia azpimarratu du, eta gogorarazi du duela gutxi Nafarroako Gobernuak 5 milioi euro iragarri zituela hamar errepidetako bide-zatietan zorua berritzeko. Aurreratu duenez, bost milioi euro horiei beste bi gehituko zaizkie, "despopulazio arriskuan dauden eremuetan hainbat errepide hobetzeko".
Kontseilariak adierazi duenez, "biztanleria finkatzeko beharrezkoa da tokian bertan jardutea, eta bermatu behar duguna da landa-eremuan geratu nahi dutenek hiri-eremuan dituzten aukera berberekin garatu ahal izango dutela beren bizi-eredua. Nafarroako Gobernutik erronka demografikoari ikuspegi transbertsal batetik aurre egiten diogu".
Cirizak azpimarratu duenez, bere departamentua tokiko finantzaketa-sistema berri bat diseinatzen ari da, "finantzaketa hori tokiko erakundeentzako egonkortasunean eta horien arteko elkartasunean egituratu behar da, eta finantzaketaren zati bat tokiko erakundeek ematen dituzten zerbitzuen arabera eta justizia sozialeko eta lurralde-berdintasuneko irizpideen arabera egituratuko da, hau da, bidezko finantzaketa Nafarroako tokiko erakunde guztientzat".
Jorge Aguirrek (PSN) ohartarazi duenez, "Nafarroako lau udalerritatik bat biztanlerik gabe geratzeko arriskuan dago", Nafarroako Gobernuak berak aurkeztutako ikerketa baten arabera. “Erronka demografikoak Legebiltzarreko talde guztien konpromiso bateratua eskatzen du, besteak beste, osasun, hezkuntza edo kultura azpiegituretan inbertitzea ekarriko duten politika aktiboak babesteko".
Miguel Bujandak (Navarra Suma) adierazi duenez, "hiriaren eta landa-eremuaren arteko aldeari heltzea premiazko lehentasun politikoa da, eta neurriak hartzen hasi behar gara". Hala ere, "PSNk EH Bildu aukeratu du bazkidetzat, eta argi dago Bilduk ez duela landa-ingurunearen aurrerapenaren, ongizatearen eta iraunkortasunaren alde egiten. Hauek dira pentapartitoak saskiak egiteko erabiltzen dituen zumeak. Gu Nafarroako Ubiderako eta azpiegitura handietarako izango gaituzte, baina ez elkarte horretan Bildu badago, Bildu edozein garapen iraunkorraren aurka baitago", berretsi du.
Pablo Azconak (Geroa Bai) aurreko legegintzaldian despopulazioari aurre egiteko hartu ziren neurriak azpimarratu ditu, hala nola tokiko inbertsioen plana, "fruituak ematen ari baita; horregatik, kontseilariak orain Toki Azpiegituren Plan horren barruan amaitzen ari diren obra asko bisita ditzake. Gogoratu nahi dut Navarra Suma eta PSNk despopulazioaren aurkako borrokan eragin handia izan duen plan horren aurka bozkatu zutela. Oinarrizkoa iruditzen zaigu toki-erakundeei laguntzen jarraitzea, erakunde horiek garatuko baitituzte beharrezko politika publikoak", gaineratu du.
Adolfo Araizek (EH Bildu) "eskualde bakoitzaren ahalmenak sustatzean oinarritutako lurralde-eredu berri bat" bultzatzearen alde egin du, "gure herri guztiak hobeto garatu ahal daitezen bizitza publikoko sektore guztietan, duintasunaren, justiziaren eta hiri-eremuarekiko ekitatearen parametroetan, landa-eremuan ere industrializazioaren, merkataritzaren eta zerbitzu publikoen arloko eskaera globalei aurre egiteko baliabide nahikoarekin. Zentralismo forala baztertzea da helburua", adierazi du, biztanleria galtzen ari diren lurraldeei buruzko foru lege bat egiteko beharra planteatzeko.
Ainhoa Aznarezek (Podemos-Ahal Dugu) ohartarazi duenez, "Nafarroako 174 udalerri despopulazio arriskuan daude, Foru Erkidegoaren azaleraren bi heren hartzen dituzte, eta gure alderdiak lanean jarraituko du despopulazioa errealitate bat izan ez dadin". Horrez gain, Nafarroako Gobernua abiadura handiko trena eraikitzeko egiten ari den apustuarekin ados ez dagoela gaineratu du.
Azkenik, eta trenaren hariari eutsiz, Marisa de Simonek (Izquierda-Ezkerra) esan du landa-eremuak behar dituen neurrien artean mugikortasuna dagoela, baina "mugikortasuna ez da abiadura handiko trena, baizik eta lurraldea egituratzen duena, tren konbentzionala da, urteak eta urteak daramatza bertan behera, eta birmoldaketa bat behar du. Landa-eremuak aukera asko eskaintzen ditu, baina horretarako Iruñerriko herrietan lan eta ongizate aukera berdinak izatea bermatu behar da".