Gobernua premiatzen da Autokontsumo eta Biltegiratze Elektrikoari buruzko plan bat taxutu dezan
Autokontsumorako laguntza guztietan klausula sozial bat gehitzea eskatzen da, autokontsumorako ekoizpen elektrikoaren zati bat pobrezia energetikoko kasuak murriztera bideratzeko
Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur UPN, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai (4), PSN eta PPNren aldeko botoekin eta Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen (3) abstentzioekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Autokontsumo eta Biltegiratze Elektrikoari buruzko Plan bat taxutu dezan, kontuan hartuz energia garbien ezarpena maximizatzea Gobernuaren eraikin, egoitza edo eremu guztietan eta soberakina biltegiratzea, halaber ekimen hori gainerako administrazioetara helaraziz”.
Onetsitako ebazpenak bigarren puntuan Foru Gobernuari eskatzen dio “irmoki lagundu ditzan autokontsumo eta biltegiratze elektrikorako ekimenak, gure herrialdean jadanik daudenak, laguntza ekonomikoak, kudeaketa administratiboa eta aholkularitza teknikoa eskainiz”.
Era berean, hirugarren atalean Gobernua premiatzen da “eguzki-energia, eolikoa, geotermikoa, hidroelektrikoa edo biomasakoa ekoizteko instalazio berrien ezarpena sustatzea Nafarroako toki administrazio guztietan, horietarako ere laguntza ekonomikoak, kudeaketa administratiboa eta aholkularitza teknikoa emanez”.
Ebazpenean gainera, Gobernuari eskatzen zaio “autokontsumorako laguntza guztietan klausula sozial bat gehitzea, zeinaren bidez autokontsumorako ekoizpen elektrikoaren zati bat bideratuko baita pobrezia energetikoko kasuak murriztera, etxebizitza horiek berezko sarera lotuz edo, bestela, soberakinaren diru-sarrerak xede horretara bideratuz”. Atal hau UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai (4) eta I-Eren abstentzioekin eta Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen (3) aurkako botoekin onetsi da.
Azkenik, Gobernua premiatzen da “Nafarroako herri eta hirietan eguzki panel fotovoltaikoen instalazioa mugatzen duten ebazpenak atzera bota ditzan, zehazki, 225, 239, 262, 281, 282, 283, 301 eta 302 ebazpenak, 2007koak eta Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiarenak”. Atal hau aho batez onetsi da.
Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak aurkeztutako mozioak Trantsizio energetikorako eta kontsumitzaileen babeserako presako neurriei buruzko urriaren 5eko 15/2018 Errege lege dekretua aipatzen du, zeinaren bidez “eguzki-energia, eolikoa, geotermikoa, hidroelektrikoa edo biomasatik sortua ekoizteari oztopoak kentzen zaizkion eta banaketa-enpresen gaineko tasa eta gainkostu justifikatu gabeak kentzen diren”, eta hori dela eta, Administrazio publikoei dei egiten die “2015ean 195 estatuk sinatutako Klima-aldaketari buruzko Parisko Ituna bete dezaten”.
Sustatzaileak eguzkiaren gaineko zerga kentzeak “ingurumenari ekarri dizkion onurak baita onura ekonomikoak ere” aipatzen ditu, “argindarraren faktura merketzeak pobrezia energetikoa murriztea ekarri baitu”, eta Mendabia, Carcar eta Sesma energia fotovoltaikoaren aldeko apustua egin duten herrien eredu gisa aipatu ditu.
Amaitzeko, oroitarazten da Nafarroak 2030era begirako Energia Plana eta Klima-aldaketaren Ibilbide-orria 2017-2030-2050 baditu ere, “ez duela estrategia politiko argirik autokontsumo elektrikoa sustatzeko instalazio publikoetan eta biltegiratzekoetan” eta horregatik, toki entitateekin elkarlanean aritzeko eskaera egiten da.
-
Mozioa (131. NPAO, 2018-11-02)