Noiz argitaratua Osteguna, 2012.eko Otsailak 23

Gobernua 2012rako Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren eta IPREMaren izoztea baliogabetzera premiatzen duen ebazpena onartu dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak onetsi du gaur, SN, Nabai, Bildu eta I-Ek alde emandako botoekin eta UPN eta PPNk kontra emandako botoekin, Espainiako Gobernua “2012rako Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata eta Ondorio Askotarako Errenta Adierazle Publikoa (IPREM) baliogabetzera eta haren eguneratzera ekitera” premiatzen duen ebazpena.

Onartutako ebazpenak bigarren puntu bat du, non, halaber, Gobernu zentralari eskatzen zaion “LGSa batez besteko soldataren %60ra pixkanaka hurbiltzeko plana ezar dezala, EINaren Lan-Kostuaren Urteroko Inkestaren balioespenei jarraiki kalkulatuta”.

Era berean eta hirugarren atal batean, aurrekoa bezala Nabai taldeak aurkeztutako zuzenketa bati batu zaiona, Espainiako Gobernua premiatzen da “IPREMa LGSra hurbiltzeko programa ezar dezan, biak guztiz parekatu arte”.

IPREMa Espainian, besteak beste, laguntzak, bekak, diru-laguntzak eta sorospenak emateko erabiltzen den indizea da. Indize hau 2004.urtean sortu zen laguntzok emateko orduan Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata ordezkatzeko.

Zioen adierazpenean, SN taldeak bultzatutako mozioak azpimarratzen du Espainiako LGSa (hileko 641,40 euro) Europar Batasuneko baxuenetako bat dela, 180.000 langile baino gehiagori eragiten diela eta hitzarmen kolektiboetan ordainsari kontzeptuak ezartzeko adierazle moduan erabiltzen dela. Hortaz, neurria “atzerakoi, bidegabeko” eta alferrikakotzat jo dute; “zeharka Gizarte-Segurantzaren kotizazioen diru-bilketa gaitasuna lermatzea eragiteaz gain, ez baitu defizit publikoa murrizten laguntzen”.

Aurkeztu duen taldeak azpimarratzen du “1980tik eman den LGSaren lehendabiziko izoztea dela”; aldiz, aurreko Gobernuaren zazpi urteetan emandako “%17ko igoera izan zuen”.

· www.parlamento-navarra.es
· Mozioaren argitalpena (NPAO, 10. zk., 2012-01-27)