Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Urriak 31

Gobernu zentrala premiatu dute Ikus-entzunezko Komunikazioaren Lege Orokorra bete dezan

Legebiltzarrak exijitu du bermatu dadila ikus-entzunezko produktuen plataforma digitalek betetzen dutela hizkuntza koofizialetan ekoizteko ezarritako portzentajea

Parlamentuaren Osoko Bilkurak erabaki bat onetsi du gaur, Gobernu zentrala premiatzen duena “Ikus-entzunezko Komunikazioaren Lege Orokorra bete dezan eta bermatu dezan ikus-entzunezko produktuen plataforma digitalek betetzen dutela hizkuntza koofizialetan ekoizteko ezarritako portzentajea”. Alde bozkatu dute EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek; UPN, PSN eta PPN abstenitu dira eta Voxek, berriz, kontra bozkatu du.

 

Onetsi den erabakiak bigarren puntu bat zuen gobernu zentrala premiatzen zuena “Nafarroako Foru Komunitatean dokumentu ofizialen edizio elebiduna (gaztelania-euskara) baimendu dezan, hala nola NANan eta gidabaimenean”, baina ezetsi egin da UPN, PPN, eta Vox taldeek kontra bozkatu eta PSN abstenitu ostean.

 

UPNk eta PPNk ordezteko zuzenketa bana aurkeztu dute, eta ekimenaren titular izan den Geroa Baik biak ezetsi ditu, ez baita ados egon dokumentu ofizialen (hala nola NANaren eta gidabaimenaren) edizio elebiduna eremu euskaldunera mugatzeko exijentziarekin (PPN), “bat etorriz 18/1986 Foru Legearekin”.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatu duen erabakiak aipatu egiten ditu Nafarroako Gobernuaren bigarren lehendakariordeak Hizkuntza Ofizialen Batzordeak berriki izandako bilkuran egindako proposamenak, non eskatu zuen hizkuntza koofizialen presentzia handiagoa egon dadila –horien artean, euskararena– ikus-entzunezko produktuen plataforma digitaletan, eta berriz ere egin zuen dokumentu ofizialak (hala nola NANa eta gidabaimena) formatu elebidunean editatzeko baimena izateko eskaera “historikoa”.

 

Bestalde, sustatzaileak adierazi duen bezala, Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunari buruzko seigarren txostena (2017-2021) izapidetzeko prozesua eta Batzorde horrek 2022ko azaroan izandako azken saioan onetsi eta aurkeztu zen hizkuntzen PERTEaren garapena analizatzeko ere izan zen bilkura hori.