Gizarte-bazterketako egoeran dauden zenbait pertsona bileran izan dira parlamentari batzuekin, beren eskaera eta beharrizanen berri emateko
Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sareak pertsona zaurgarrien parte-hartze politikoa erreibindikatzen du, eta kezka adierazten du txirotasun-arriskuaren gorakadarengatik
Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sareak topaketa bat antolatu du Nafarroako Parlamentuan, parlamentariek eta gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonek parte hartzekoa, ziotzat harturik 30 urte gizarte aldaketaren alde bere proiektua, bere 30. urteurrena dela-eta.
Parte-hartze ekitaldian, talde desberdinetako parlamentariek aukera izan dute solasaldi patxadatsuetan mintzatzeko Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sarekoak diren entitateen erabiltzaile diren zenbait pertsonarekin, zeinak zaurgarritasun-egoeran baitaude.
Raquel Garbayo (UPN t.p.), Carlos Mena (PSN t.p.), Javier Arza (EH Bildu t.p.), Isabel Aramburu (Geroa Bai t.p.), Maribel García Malo (PPN t.p.) eta Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin t.p.) izan dira gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonen eskaerak, beharrizanak eta erreibindikazioak entzuteaz arduratu diren talde parlamentarioen ordezkariak.
Eskaerak aldez aurretik izan dira gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonekin landuak, Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sareak dinamizaturiko topaketa desberdinetan. Horietan pertsona zaurgarrien parte-hartze politikoa sustatu da, gure egunerokotasunean legeek duten garrantziari buruz hitz eginez.
Bileren ostean, baterako prentsaurrekoa egin dute Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek eta Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako sareko lehendakari Andrea Corerak, alde batetik elkarte-ehundurarekin Nafarroako Parlamentuak egiten duen hurbiltasunezko politikaren balioa nabarmentzeko, eta bestetik, Nafarroan pobrezia dela-eta dauden azken datuak analizatzeko.
Ekimenari Unai Hualdek "jardun politiko on" iritzi izan dio, "Nafarroan daukagun elkarte-ehundura muntadunarekiko lankidetzan Nafarroako erakundeek astero aurrera eraman ohi dituzten jarduera ugarien arteko beste bat". Horiei balio die lan parlamentarioa hobeto ezagutzeko, eta guri, errealitate sozial desberdinak bertatik bertara ezagutzeko; kasu honetan, gizarte-bazterketarekin zerikusia duena".
Horri buruz, lehendakariak erreibindikatu du "Parlamentuak Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Itunarekin eta, horrenbestez, 2030 Agendarekin” duen konpromisoa, eta adierazi du uste osoa duela Gizarteratze Plan Estrategikoa lagungarri izanen dela "txirotasun edo gizarte-bazterketako arriskuan dauden pertsonei buruzko azken datuak alderantzikatzeko".
Andrea Corerak, bestalde, azpimarratu du zer garrantzi daukan ordezkari politikoen eta gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonen arteko topaketak sustatzeak, kalitatezko politika publikoak taxutzean pertsona guztien beharrizanak kontuan izateko.
"Gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonen parte-hartzea eskubide bat da, beharrezkoa garapen inklusibo eta jasangarri bat erdiesteko; horrenbestez, funtsezko deritzogu Nafarroan horrelako topaketak egoteari", azpimarratu du Corerak.
Sareko lehendakariak berretsi du politika publikoak taxutzeko prozesuetan pertsonek parte-hartze aktiboa izatearen garrantzia; are gehiago, kontuan harturik Estatistikako Institutu Nazionalak eginiko Bizi Baldintzei buruzko azken Inkestak ematen dituen txirotasun-datuak, zeinen arabera gora egin baitu txirotasun eta/edo gizarte-bazterketako arriskuan bizi diren nafar biztanleen kopuruak.
"Nafarroan txirotasuneko edo gizarte-bazterketako arriskuan dauden pertsonen kopuruak gora egin du, % 14,5etik % 17,2ra. Alegia: txirotasuneko eta/edo gizarte-bazterketako arriskuan dauden pertsonen kopuruak % 2,7ko igoera izan du, eta Nafarroa da portzentaje horretan gehien igo den erkidegoa. Horrela, 2014az geroztik, alegia, erregistroak daudenetik, daturik altuena da", jakinarazi du Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sareko lehendakariak.
Sareak errepikatu du kezkatuta dagoela txirotasun-arriskuan dauden pertsonen gorakada horrekin; izan ere, "esan nahi du nafar populazioaren ia % 14 bizi dela kontsumo-unitate bakoitzeko 10.088 € baino gutxiagoko diru-sarrerak dituen etxe batean (840,6 € hilabeteko). Datu oso kezkagarria; are gehiago, kontuan hartzen badugu inflazioaren ondoriozko prezio-gorakada", nabarmendu du Corerak.
Alde horretatik, Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sareak eskerrak eman dizkio Nafarroako Gobernuari hurrengo Gizarteratze Plan Estrategikoaren prestaketari ekain honetan abiarazteagatik. Plan horrek gizarteratze-eskubidea gauzatzeko ekintza-ildoak ezartzen ditu, eta halaber zehazten ditu eskubide hori bermatzeari loturiko zerbitzuak, programak, baliabide ekonomikoak, prozesu- eta inpaktu-adierazleak, eta transbertsalki jasotzen ditu gizarteratzearekin lotura duen alor bakoitzeko jarduketak.
Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sarean asko eskertzen dugu Nafarroako Gizarteratze Plan honen plangintzari ekin izana, horrek bermatuko du-eta gizarte-bazterketako egoeran edo arriskuan dauden pertsonek daukaten eskubidea, beren gizarteratze-prozesuetan lagunduak izatekoa", esan du Rípodasek, zeinak berretsi baitu Sarea prest dagoela parte hartzeko eta beharrezkoak diren bideetan Nafarroako Gobernua aldezteko.
"Espero dugu plan honek kontuan hartuko dituela pertsonarik zaurgarrienen beharrizan guztiak, eta planaren prestaketarako aintzat hartuko direla txirotasunaren eta gizarte-bazterketaren kontrako borrokan zeresana duten eragile desberdinak", amaitu du Sareko lehendakariak.
Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sarearen 30. urteurrena dela-eta, zenbait jardunaldi, elkarrizketa, jarduera eta ekitaldi eginen dira 2024. urtean zehar, populazio sentsibilizatze aldera Nafarroan pobrezia eta gizarte-bazterketa sortzen eta ekartzen duten problematika desberdinei buruz.
Gizarte-bazterketak zio anitz dauzka. Alegia, arrazoi desberdinengatik sor daiteke, hala nola langabeziagatik, tratu txarrengatik, arrazakeriagatik edo are aporofobiagatik. Halaber, dimentsio aniztuna da: etxebizitza, osasuna edo hezkuntza bezalako dimentsioak ukitzen ditu. Hori dela-eta, zenbait jardunaldi, ekitaldi eta jendaurreko elkarrizketa eginen dira Hirugarren Sektoreko profesionalekin, eragile politikoekin eta gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonekin, eta haietan halaber parte hartuko dute Sarea osatzen duten entitateek berek.