Noiz argitaratua Osteguna, 2012.eko Ekainak 14

Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Legea onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk eta PPNk alde emandako botoekin, I-Eren abstentzioarekin eta Nabai-k eta Bildu-k kontra emandako botoekin, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko Foru Legea onetsi du gaur.

Gobernuak garatutako Lege proiektuaren helburua da arau bakarrean ezaugarri eta “oinarrizko” printzipio ezberdinak biltzea Administrazio Publikoan zein Gobernuan “herritarrekin gardentasunean oinarritutako erlazio era berri” bat ezartzeko.

Horri dagokionez eta Administrazioaren beraren “zilegitasuna indartzeko” asmoz, informazioa eskuratzeko eskubide “ez hain murriztaile” bat taxutzen da eta neurriak aldezten dira, jarduera publikoak eta administrazioaren kudeaketa argiagoak izan daitezen, herritarren “parte-hartzea eta elkarlana” sustatzeko; hori guztia ‘Gobernu Ireki’ deitzera setatu den ezartze “eraginkorrari” begira.

Lege proiektua osatzen da hainbat berme “administratibo, judizial eta estrajudizialekin” eta Jarraipen Batzorde baten sorrerarekin, Gardentasuna eta Gobernu Irekia egiaz ezartzeko. Gainera, ordainsari, diru-sarrera, bidaia-sari eta kargu-uzte pentsioen kobratzean publizitate, gardentasun eta muga irizpide berriak hartzea aurreikusten da.

Lehendakaritzako, Administrazio Publikoetako eta Barneko batzordeak garatutako arauan jasotzen diren herritarren parte-hartze eta elkarlan tresnen artean, besteak beste, ‘Gobernu Irekiaren’ Ataria dago: interneten bidez herritarren eskaerak eta iritziak biltzera, haien parte hartzea bideratzera eta informazioa “denbora errealean eta manipulatu gabe” eskaintzera xedaturiko gunea.

Aldi berean, Legea indarrean jarri eta sei hilabetetako epean, Herritarren Parte-hartzerako eta Elkarlanerako Erregistro bat sortzea aurreikusten da. Bertan, Administrazioaren eskumeneko gai zehatzetan interesa duten herritarrek eta herritarren entitateek izena eman dezaten, eta, horrela, Lege honetan aurreikusten diren bitartekoetan aktiboki parte hartu ahal izan dezaten: kontsulta-foroetan, herritarren paneletan eta herritarren epaimahaietan.

Kontsulta-foroak politika publikoak aztertu eta haien inguruan eztabaidatzeko guneak dira, non herritarren taldeek edo herritarren entitateek parte hartzen baitute. Herritarren talde edo entitate horiek demokratikoki hautatuko dira, Herritarren Parte-hartzerako eta Elkarlanerako Erregistroan inskribaturik daudenen artean, Administrazioak aurretik deialdia eginda.

Erregistroaren kideek ere herritarren panelak osatu ahalko dituzte. Panelak Administrazioak aldi baterako sortzen dituen “etengabeko eta berehalako” informazio guneak dira eta horrek interes publikoko edozein gairen gainean egindako kontsultei erantzuna ematea dute helburu; bereziki, herritarren “etorkizunerako itxaropenen” ingurukoak.
Gainera, Administrazioak herritarren epaimahaiak osatuko ditu. Epaimahai horiek ekintza, proiektu edo programa jakin baten ondorioak neurtzeko azterketa-taldeak izango dira. Bertako kideak ere, gehienez ere hamar (erdiak herritarrak, erdiak entitateak) erregistroan inskribaturik daudenen artean aukeratuko dira, haren sorrera eragin duen gaiari dagokion arloan.

Bestalde eta erregelamenduzko ekimenak sustatzeko eskubidearen esparruan, herritarrek erregelamenduzko izapidetze proposamenak aurkeztu ahal izateko aukera aztertzen da. Aipatu proposamenek 2.000 pertsonen sinaduren babesa izan beharko dute. Hiru hilabetetan, proposamenaren inguruko txostena egingo da eta izapidetuko denetz erabakiko da.

Legean txertatutako Administrazioa Sinplifikatzeko Plan Orokorrari dagokionean, Departamentuarteko Batzorde bat sortzea aurreikusten da. Batzordeak Plana “sustatzea, planifikatzea eta haren diseinua eta egikaritza koordinatzea” zein, planean berean jasoko diren adierazleak erabiliz, helburuak nola betetzen ari diren ebaluatzea helburu du. Batzordeak Lehendakaritzako gaietan eskumena duen Zuzendaritza Nagusia izango du buru eta Administrazioaren departamentu guztien ordezkariak izango ditu eta, hala badagokio, beharrezkotzat jotzen diren kanpoko pertsona eta entitateak.

Gardentasuna eta Gobernu Irekia ezartzeko Jarraipen Batzordea sortzen da, Departamentuarteko Batzordeari esleitu zaizkion eginkizun zehatz eta berariazkoak deusetan galarazi gabe. Unitate horren ardura izanen da Lege honetan jasotako neurriak oro har bultzatzea eta neurri horien ezarpen maila baloratzea, eta baita foru lege honetan jasotako xedapenak bete eta erabat eraginkorrak izan daitezen behar diren jarduketa zuzentzaile guztiak sustatzea ere, hain zuzen, foru legeak indarra hartu eta hiru urteko epean gehienez.

Jarraipen Batzordeko burua Lehendakaritza arloan eskumena duen Kontseilaria izanen da, eta horrez gainera, kide hauek ere izanen dira batzordean: Lehendakaritzaren eta Gobernu Irekiaren eta Teknologia Berrien arloetan eskumenak dituzten zuzendaritza nagusietako titularrak eta Departamentu bakoitzetik ordezkari bat bederen, gutxienez zuzendari nagusi izanen direnak.

Arrazionalizazio eta sinplifikazio testuinguru honetan berean, “ahal den heinean” administrazio-isiltasun positiboa zabaltzeko borondatea dago. Arauen bat egite tresnen erabilera handiagoaren bidez “legegintza esparrua hobetzeko eta sinplifikatzeko” nahia ere adierazten da. Gainera, Administrazioa errazteko neurriei buruzko 15/2009 Foru Legearen indarrean dagoela oroitarazten da.

Era berean, Gobernuari mandatu bat proposatzen zaio 4/2005 Foru Legea eta haren garapen araudia berrikus dadin, jarduera, irekitze eta obra baimenen izapidetzea errazteko eta, era horretan, jarduera ekonomikoen erabilera eta hazkundea erraztuz.

Informazio publikoari eta haren mugei dagokionean, Administrazioak, oro har, herritarren eskura era “eskuragarri, argi, objektibo eta eguneratuan” jarri behar duen informazioaren artean antolaketaren egitura dago, “haren organoen egoitza zein harremanetan jartzeko bide desberdinak” zehaztuz. Beste hainbeste “sozietate publikoei eta fundazio publikoei” dagokienez.
Halaber, beharrezko ikusten da langileen ordezkarien organoetako kideak eta liberatu sindikalen kopurua identifikatzea, haien sindikatua zein den adieraziz, bai eta liberazio horiek Departamentuei zein erakunde publikoei sortzen dizkieten kostua identifikatuz.
Langile publikoek jasotako ordainsarien zenbatekoen inguruko informazio orokorra eskaini beharko da, “ordainsarien zati eta mailaren zein lanpostuen” arabera antolatuta. Administrazio Publikoari “haren gobernu organoen kideen guztien ordainsariak, administrazio eta helbide eta haien urteroko kontuei” buruzko informazioa emateko beharra islatzen da, “honek publiko egin ahal izan ditzan”.

Gainera, kontratazio publikoa gardenagoa egiteko betebeharra hartzen da. Horretarako, enpresekin egindako kontratuen inguruko informazio eguneratua bilduko duen sarbide libreko datu base bat sortuko da. Datuek enpresa bakoitzak Administrazioarekin mantentzen duen kontratu kopurua islatuko dute, adjudikatutako proiektua edo zerbitzua, adjudikazio-aurrekontua eta ematen duen departamentua adieraziz.

Amaitzeko, Nafarroako hainbat Administrazio Publikori eta haien gainontzeko erakundeei urte beteko epea ematen zaie, haien eskumenen esparrua errespetatuz, Lege honen printzipioekin eta aurreikuspenekin bat gardentasun neurriak eta herritarren parte-hartze zein elkarlan neurriak har ditzaten.

Erakunde publizitateari dagokionez, arauak Gobernua premiatzen du hiru hilabetero ezagutzera eman dezan aurrekontuak nola gastatzen diren sailka, atalka eta programaka, “erakunde publizitate kanpainetan egindako gastu publikoa xehetasunez islatuz”.

· www.parlamentodenavarra.es
· Foru Lege Proiektuen argitalpena (NPAO, 30. zk., 2012-03-23koa)
· Osoko zuzenketen argitalpena (NPAO, 42. zk., 2012-05-03koa)
· Zatiko zuzenketen argitalpena (NPAO, 43. zk., 2012-05-04koa)
· Irizpenaren argitalpena (NPAO, 54. zk., 2012-05-31koa)