Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Martxoak 30

Foruzaingoari erretiro aurreraturako murriztapen-koefizienteak aplikatzeko eskatu dio Parlamentuak Espainiako Gobernuari

Horretarako, polizia-jarduera arriskuko lanbide gisa aitortu ondoren toki polizientzat prestatzen ari den errege dekretuan Foruzaingoa ere sartu behar da

UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin, PSNren abstentzioarekin eta PPNren aurkako botoarekin Nafarroako Parlamentuak gaurko osoko bilkuran onetsi duen erabaki batean Espainiako Gobernuari eskatzen zaio “Nafarroako Foruzaingoaren lanbidea sartzeko jarduera nekagarri, arriskugarri, osasungaitz edo toxikoetan, halatan erretiro-adina aurreratzeko moduko zuzentze-koefizienteak ezarri ahal izateko”.

 

Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan EH Bildu eta PPN abstenitu egin dira. Bertan Nafarroako Gobernua premiatzen da “Espainiako Gobernuari eska diezaion Nafarroako Foruzaingoa ere sartzeko toki polizien erretiro-adinaren murriztapen-koefizienteak ezartze aldera prestatzen ari den errege dekretuan, behin araudian ezarritako nahitaezko azterlana egin ondoren: istripu tasa orokorra adinaren arabera, istripu tasa orokorra bajaren iraupenaren arabera eta muturreko istripu tasa bajaren uneko langile kopuruarekin lotuta”.

 

Bestalde, PPNk eskatuta gehitu den laugarren atal batean Espainiako Gobernua premiatzen da “ahalik gehien erraz dezan arauan (1698/2011 ED) jasotako prozeduraren aplikazioa, lehenbailehen emaitza ona lortzeko”. EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu abstenitu egin dira, eta gainerako taldeak alde agertu dira.

 

Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio, gainera, “Hitzarmen Ekonomikoaren negoziaziorako Batzorde Mistoan akordioa egiteko, Estatuak finantza ditzan, urtero, erretiro-adina aurreratzearen ondoriozko kotizazio galeragatik eta erretiro aurreratuko urteetako prestazioen gehikuntzagatik ezarri behar liratekeen errekarguak, Estatuko segurtasun kidego eta indarretako kideek erretiro aurreratua hartzen dutenean klase pasiboen araubidean Estatuko Administrazioak ordaintzen duen adina diru jarriz”.

 

Hain zuzen ere, “kontingentzia arruntak direla-eta langileen kotizazioaren igoera portzentaje gisa ordaindu beharreko zenbatekoa eta Nafarroako Foru Administrazioak ordaindu beharreko portzentajea negoziazio esparru egokian aurkeztuko dira”.

 

PSN parlamentu-taldeak eskatu du atal hori gehitzeko, eta UPNk, ekimenaren titularrak, onartu egin du gehitze-zuzenketa. Bozketan EH Bildu abstenitu egin da eta beste talde guztiek aldeko botoa eman dute.

 

UPN parlamentu-taldeak bultzatutako erabakiaren zioen azalpenean adierazten denez, polizia-jarduera arriskuko lanbide gisa aitortua izateko prozedura 2012an hasi zen Espainiako tokiko polizientzat, eta geroago Kataluniako, Kanarietako eta Nafarroako polizia autonomikoetara hedatu zen (Ertzaintzari 2010ean aplikatu zitzaion). Hori dela eta, “Konstituzioan jasota dagoen berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioari jarraikiz”, Foruzaingoari ere aplikatu behar zaio errege dekretu hori, toki polizietarako prestatzen ari dena, Enpleguaren eta Gizarte Segurantzaren Ministerioaren eta Udalerri eta Probintzien Federazio Nazionalaren artean aldez aurretik akordioa iritsita.