Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Azaroak 10

Foru Komunitatearen egoerari buruzko eztabaida. Nafarroako Gobernuko lehendakariaren hitzaldia

Chivitek batasunerako deia egin du, Navarra Suma instituzionaltasunera itzul dadila eskatu, gizarte politikak azpimarratu, eta Komunitateak etorkizuneko erronkei aurre egiteko duen ahalmena nabarmendu du

Nafarroako Gobernuko lehendakari María Chivitek, Foru Komunitatearen egoerari buruzko X. legegintzaldiko hirugarren eta azken eztabaidari hasiera emanez, Nafarroa erkidego sendo eta indartsua dela nabarmendu du, "oparotasuna eskura duena, kaudimenduna eta ahaltsua ekonomian zein enpleguan. Jakina, ez gaude inflazioaren inpaktutik salbu; guri ere eragiten digu, Espainiako, Europako eta munduko gainerakoei bezala. Ez da kontsolamendu bat, zuzendu beharreko defizita baizik".

 

Chivite 92 minutuz aritu da hizketan, eta aitortu du "hilabete zailak" datozela "inflazioaren inpaktuagatik eta energiak, eguneroko erosketek, hipotekek, lehengaiek edota hornidura kateek dituzten prezioengatik". Kontu horiek guztiek "kezka eta lana ematen digute".

 

Lehendakariak aurrena eskerrak eman dizkie Parlamentuari eta Nafarroako erakunde guztiei "urte hauengatik, zeinetan, nahiz eta zailtasun izugarriei aurre egin, aurrerapauso garrantzitsuak lortu baititugu zerbitzu publikoetan, eskubideetan eta beste hainbat arlotan, Nafarroa izateraino bizi kalitate onena duen Espainiako erkidegoa eta pobrezia eta desberdinkeria tasa txikiena duena; nolanahi ere, desberdinkeria ezabatzeko gure konpromisoa ez da adierazle horietara mugatzen".

 

Chivitek azpimarratu duenez, "lehengo astean ezagutu dugu Gizarte Segurantzako afiliazioaren datua, eta errekorrak hautsi ditu, pandemia bat eta gerra bat tartean izanda ere. Gaur 1.993 afiliatu gehiago ditugu lehengo hilean baino, eta 5.709 gehiago duela urtebete baino. Guztira, 302.192", baieztatu du.

 

Gainera, nabarmendu duenez, "legegintzaldi honen hasierako akordio politikoa nafarrekiko gure kontratu soziala izan zen, eta gaur esan dezakegu akordio horretan jasotako neurrien % 89 jada beterik edo betetzeko bidean daudela. Hortaz, bizi izan dugun eta bizi dugun testuinguru konplexuan ere, konpromisoa betetzen ari gara. Baina ez hori bakarrik, askoz gehiago egiten ari baikara. Pandemiak eta gerrak eraldaketa azkartu eta lehentasunak birkokatu dituztelako, eta unean uneko premia berriak azaleratzen ari direlako, bideratu behar ditugunak".

 

Chiviteren ustez, datu horiek ikusita, alegia, "bizi kalitatea, Gizarte Segurantzako afiliazioaren errekorra eta legegintzaldiko akordioaren betetze maila handia ikusita, baieztatzen ahal dut Gobernu hau bete, jardun eta gidatu egiten duela, eta hori guztia aurrera begira egiten duela. Lehentasun sozial argi batzuei begira. Hazkunde zuzenaren eta oparotasun partekatuaren aldeko konpromisotik".

 

Hala ere, adierazi duenez, "errealitatean bizi den Gobernua gara, eta ez gara eroriko harrokeriaren edo bertan gozo egitearen tranpan, aitzitik, geure buruari galderak egiten dizkiogu egunero, entzun eta aztertu egiten dugu espiritu kritikoarekin, badagoelako zer hobetu eta zer egin, noski".

 

Horren haritik, "duela hiru urte hartutako bide honek iraupen-lasterketa baten hasiera izan behar du. Luze jotzen dute eraldaketek eta politika publikoen eta kudeaketa estrategikoaren inpaktuak. Eta dagoeneko emaitzak ikus ditzakegun arren, asko dugu oraindik egiteko eta finkatzeko", esan du.

 

Hala, Gobernuko buruaren hitzetan "hilabete batzuetako lana dugu aurrean, legegintzaldiko azken egunera arte lanean arituko baikara, premiei erantzunez, presako beharrei erantzuten, planifikatzen eta etorkizunaren oinarriak ezartzen".

 

Chivitek esan du Foru Gobernuan jakitun direla "hilabete zailak datozela. Inflazioaren inpaktuak, energiaren, eguneroko erosketen, hipoteken, lehengaien, hornidura kateen prezioek... Kezka eta lana ematen digute. Eta egia da gure jarduteko tartea oso mugatua dela".

 

Ildo beretik azaldu duenez, "ezin dugu erabakirik hartu diru politikari buruz, esaterako, baina aztertu ahal dugu nola eragiten duten gure esku ez ditugun politika eta erabaki horiek nafarren eta enpresen egunerokoan, eta hor bai, gure esku dauden neurriak hartzen ditugu, ahalik gehien arintzeko prezioen inpaktu hori, eta jada hasiak ditugun eraldaketetan gizarteari laguntzeko; eraldaketa horiek aurrera jarraitu behar dute arlo publikoak bultzatuta, Nafarroa puntako eskualdea izan dadin Europan".

 

María Chivitek esan duenez, bere Gobernuaren jardunean "elkarrizketa eta akordioa dira egonkortasunerako eta konfiantzarako tresnarik onenak, eta erakusten dugu nola zentralitatearen eta elkar ulertzeko gaitasunaren bidez ziurtasuna eskaintzen ahal den ziurgabetasunaren garai hauetan".

 

Berariaz Navarra Sumari zuzenduta, adierazi du ulertzekoa dela "oposizioak bere lana egitea, Gobernuari txalo ez egitea, baina oposizioak ez luke galdu behar guztiok batzen gaituenaren haria. Legegintzaldiko une honetan, jada hauteskundeak hurbil direla, Navarra Sumari ez diot eskatzen norabide politikoa alda dezala, baina eskatzen diot itzul dadila behinola izan zuen instituzionaltasunera".

 

Chivitek adierazi duenez, "aurrean ditugun mehatxu ekonomikoak gorabehera, gure oinarriak sendoak dira. Erresilienteak izan eta batasuna agertu behar dugu. San Agustinek esan zuen bezala, 'batasuna funtsezko diren gauzetan, askatasuna funtsezko ez diren horietan'. Horregatik, Nafarroako lehendakaria naizenez, batasuna aldarrikatzen eta eskatzen dut. Batasuna erkidego gisa ditugun gauza ziur horietan, batasuna funtsezko diren gauzetan".

 

Lehendakariak azpimarratu du nola "Gobernuak Parlamentura onesteko ekarri dituen legegintza-ekimenetatik % 72k aurrera egin duten aurkako botorik gabe eta % 40k aho batez".

 

"Horra egonkortasunaren eta zentralitatearen argazkia. Parlamentuan gutxiengoa duen gobernu bat halako kredentzialak aurkezteko moduan dagoenean, esan nahi du gobernu horrek proposamen zentzuzkoak, gehiengo sozialari zuzenduak egiten dituela eta, gainera, hitz egiten eta entzuten duela hain zuzen ere babes zabala izan dezaten", nabarmendu du.

 

María Chiviteren esanetan, halaber, "aukera berdintasunaren eta gizarte kohesioaren aldeko konpromisotik abiatuta gobernatzen dugu, gure ustez kontu horiei lekua egin behar zaielako zuzentasunez eta orekaz aurrera egin nahi duen gizarte demokratiko orotan".

 

Baieztatu du orobat jarraituko dutela "lurralde kohesioa bultzatzen, jakinda erronka hori, erronka demografikoarekin batera, ibilbide luzeko lasterketa dela".

 

Bestalde, lehendakariak adierazi du bere Gobernuak segituko duela "bizikidetasuna sustatzen, betiere aniztasuna errespetatuz, desberdintasuna aberasten gaituen balioa delakoan".

 

"Banandu beharrean, sentsibilitateak batuz lan egin dugu, eta baiezta dezaket herritar gehienak bat datozela politika hauekin eta hitz egiteko eta entzuteko jardun honekin, eta Nafarroa ulertzeko modu honekin, bizikidetza hoberako errespetuarekin alegia, zeren, beti esaten dudan bezala, bizikidetasunik gabe ez baitago aberastasunik", adierazi du.

 

Hau ere baieztatu du Chivitek: "Gure autogobernua indartzeko lanean segituko dugu. Legegintzaldi honetan lehenagoko hogei urteetan baino aurrerapauso gehiago egin ditugu. Eta hori egin dugu estrategia argi bati eutsiz: konpromiso irmoa, elkarrizketa eta gure instituzionaltasunaren defentsa. Gobernu hau Nafarroan, Nafarroarentzat eta Nafarroarekin egina dagoelako".

 

"Zalaparta interesatuaren aldean, hor ditugu datuak", esan du Gobernuko lehendakariak. "Ukaezinak dira gure hazkunde eredua, gure kaudimen ekonomikoa, gizarte kohesioa, bizikidetzan eta eskubideetan egindako aurrerapenak, gure konpromisoa berdintasunarekin, etorkizunari itxaropenez begiratu ahalko dion gazteriarekin, gure aurrerapausoak azpiegitura estrategikoetan eta gure industria sarearen sendotasuna. Ziur nago, bizi izan ditugun urte gogor hauetan egin dugun bezala, aurrera eginen dugula, ikaskuntza baliotsua eta eguneroko ekintzaren bidez frogatzen dugun Nafarroarekiko konpromisoa direla medio".

 

Chivitek gaineratu duenez, "lanean jarraituko dugu, errealismoz, ziurgabetasuna ezaugarri duen egoera honetan, baina, aldi berean, itxaropenez.

 

Gutxiengodun gobernua gara, baina gai izan gara, elkarrizketa eta akordioa tarteko, ekimenak aurrera ateratzeko. Horrek badu balioa. Horri gehiengo soziala deitzen zaio. Baina, ezeren gainetik, laguntzen du demokrazia hobetzen, erakundeak indartzen eta politika baliagarriaren egitekoa aldarrikatzen guztion onuraren eta aberastasunaren zerbitzuan aritzeko", azpimarratu du.

 

María Chivitek adierazi du "lanean" segitzen dutela trafikoaren eta bide segurtasunaren arloko eskumena Foru Komunitateari emateko transferentzia "legegintzaldia amaitu baino lehen" gauza dadin.

 

Lehendakariaren hitzetan, "Nafarroan eskumen berririk gabe 20 urte baino gehiago eman ondoren, espetxe-osasuneko zerbitzuak eta bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren kudeaketa ekonomikoa eskualdatzeko akordioa egin dugu".

 

Haren hitzetan, "Nafarroako eskumenak irmoki defendatzen ari gara, zalapartarik gabe. Alde biko negoziazio batzordeko negoziazioari eta elkarrizketari esker, legegintzaldi honetan 11 akordio lortu dira Estatuak agertutako desadostasunen inguruan eta beste horrenbeste errekurtso saihestu Konstituzio Auzitegian".

 

Chivitek esan du legegintzaldiaren hasieratik ia % 30 hazi dela Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren aurrekontua; eta ekaineko suteak edo 2021eko uholde historikoak "paradigma aldaketa baten" froga direla, "klima aldaketaren ondorioz".

 

"Badakigu ekintza politikoaren erdigunean kokatu behar direla erantzuteko, prebenitzeko eta iragartzeko politikak; horregatik, irailaz geroztik buru belarri ari gara lanean zeharkako agenda batean", azaldu du; eta gaineratu du babes zibileko batzordeak ostiralean homologatuko duela Baso Suteengatiko Larrialdi Planaren aldaketa. "Funtsezko aldaketa ekarriko du kudeaketaren estrategian", azaldu du.

 

Foruzaingoa dela eta, esan du ezin izan dela inplementatu Poliziei buruzko Legearen garapena, "ezin dugulako Estatuko araudia urratu soldata-kostuak igotzeari dagokienez. Orain badugu Estatuko Aurrekontu Orokorren bidea, eta espero dugu baliabide horiek xedatzeko eta lanaldien eta ordainsarien erregelamendua aktibatzeko aukera emanen digula, jada idatzita baitago", esan du, eta azpimarratu du hazten jarraitzen duela Foruzaingoaren aurrekontuak: "55 milioitik 2023rako aurreikusitako 71 milioietara pasatu gara".

 

Azpiegituren arloan, Gobernuko lehendakari María Chivitek baieztatu du Nafarroako Ubideko bigarren fasearen eraikuntzak 3.500 lanpostu sortzea ahalbidetuko duela, eta espero duela Canasak obrak lizitatu ahal izatea datorren urtearen amaiera aldera.

 

Foru Gobernuko buruak berretsi egin du Nafarroako Ubidearen eta abiadura handiko trenaren aldeko apustua. Hori dela eta, azpimarratu du bere Gobernua beti egon dela engaiatua "gure komunitatearentzat funtsezko azpiegitura den Nafarroako Ubidearen alde", eta haien lehentasunetako bat dela eta izanen dela. "Gizartea eta lurraldea ardazten eta batzen ditu, eta garapen ekonomikoan aurrera egiten laguntzen digu", baieztatu du.

 

Chivitek gogora ekarri du nola "jada 2020ko apirilean obrak berraktibatu genituen Azkoien parean, Argako Adarra deritzon horretan", eta 2021eko ekainean halaber Ubideko obrak berraktibatu ziren Estellerrian, Egako Adarrean. "Lanak hasita daude Leringo, Sesmako eta Carcarko udalerrietan", azpimarratu du.

 

Bestalde, gehitu duenez, "aurten argi berdea eman diogu Nafarroako Ubideko bigarren fasearen eraikuntza proiektuari, eta bermatuko du kalitatezko ura izatea Erriberan giza kontsumorako, ureztatzeko eta industriarako. Azpiegitura hori giltzarri izanen da Erriberako ekonomiarako, eta, gainera, bigarren fasearen obra horiek 3.500 lanpostu sorraraziko dituzte eraikuntza lanek iraun bitartean", azpimarratu du.

 

Hurrengo helburua Egako Adarreko obrekin jarraitzea izanen dela esan du, hura 2023an amaitzeko. Ubidearen bigarren faseari dagokionez, asmoa da "Foru Gobernuak laguntzea eta adi egotea gure esku dagoen orotan, Canasak datorren urtearen amaieran lizitatu ahal ditzan obrak".

 

AHTari dagokionez, hau esan du Chivitek: "Nafarroan prestazio handiko trenaren obretan aurrera egiteko Estatuak duen konpromisoa eta ematen duen bultzada egitateetan eta zenbakietan nabari dira. Next Generation funtsetan gutxienez ere 145,5 milioi euro aurreikusten dira. Datorren urterako 72 milioi daude. Aurtengo urtea PHTaren obren exekuzio handienekoa izanen dugu gure erkidegoan. Zortzi hilabetean, 35,4 milioi euro", nabarmendu du.

 

Nafarroako Gobernuko lehendakariak esan duenez, "gure erronka da PHTa gure erkidegora irits dadin sustatzen jarraitzea, eta, bereziki, fokua jarriko dugu Tafalla-Campanas tarteko obren lizitazioan, 2023rako aurreikusia, bai eta Castejón-Zaragoza eta Campanas-Zuasti tarteetan ere, datorren urteko lehen hiruhilekorako aurreikusten baita horiek jendaurrean jartzea".

 

Errepideak direla eta, Chiviteren esanetan "argi daukagu Nafarroak azpiegitura onak eta lehiakorrak behar dituela pertsonen eta enpresen konexiorako. Gizarte moduan aitortu behar dugu bide azpiegituretan inbertitzea zerbitzu publiko batean inbertitzea dela. Ez da berriz gertatu behar Errepide Plan Zuzendari bat onestea eta % 92 gauzatu gabe gelditzea.

 

Gobernuko buruak esan du legegintzaldi honetan aurrerapen garrantzitsuak ditugula. Lehenik aipatu du "finantzaketa sistema berri bat errepideak zerbitzu publiko gisa hobetzeko. Enpresa publiko batek, Nafarbidek, bidesariak ezarri eta kudeatuko ditu, ibilgailu astunentzat bakarrik, edukiera handiko bost errepidetan, Europako Batzordeak ezarritakoaren ildoan", azaldu du.

 

Chivitek esan duenez, "beste aurrerapauso garrantzitsu bat izaten ari da N-121-A errepidea guztiz eraberritzea segurtasuna hobetzeko. Espainiako Gobernuarekiko lankidetzari eta haren babes ekonomikoari esker, 2+1 errepide bilakatzen ari da Nafarroako errepideetako gune beltzetako bat".

 

Belateko eta Almandozko tunelei buruz hau azaldu du: "Gobernura iristean erabaki genuen horiek bikoiztea, eta departamentuak aurreikusten du laster lizitatzea Belateko tuneleko obrak. Okerrik ezean, obrak 2023ko lehen seihilekoan hasiko dira".

 

María Chivitek esan duenez, "tunelak bikoizteko inbertsioa 180 milioitik gorakoa da, eta horietatik Estatuak dagoeneko 40 milioi agindu ditu; baina, gainera, jada 40 obra baino gehiago burutu ditugu hiru urtean, horietako asko Laugarren Plan Zuzendariaren barruan".

 

Bere hitzaldian María Chivite 2023rako Nafarroako Aurrekontuez ere aritu da. "Aurrekontu historikoak ditugu", esan du, hain zuzen ere 5.748 milioitik gorakoak, eta "horietatik ia 2.800 bideratuko dira gastu sozialera. Eta 249 milioitik gora, Europako Next Generation funtsekin zerikusia duten ekimenetara, dela SEM bidez dela REACT bidez".

 

Chivitek bere mintzaldian azpimarra jarri du aurrekontu proiektuari gehitutako neurri fiskaletan: lanaren errentetarako ezohiko kenkaria, zeina "297.000 pertsonarengana" iritsiko baita, edo ekintzailetzaren eta talentuaren sustapena, edota ondarearen gaineko zergaren igoera "aldi baterako eta ondare jakin batzuetarako".

 

Esan duenez, bai Aurrekontuak bai neurri fiskalak "zerbitzu publikoak, inbertsio eraldatzailea eta kohesioa gero eta gehiago indartzeko tresnak dira. Lortutako akordioak bide horretan irmo aurrera egitea ahalbidetzen digu. Larrialdiei erantzuteko, estrategia eta plangintza ahaztu gabe", adierazi du. 

 

Izan ere, lehendakariaren hitzetan, "kontua da zergak arintzea errenta ertain eta txikiak dituzten familiei eta ahalegin handiagoa eskatzea ahal dutenei. Horixe da birbanaketa eta justizia fiskala. Zergen bidez ez ditugu zerbitzuak eta prestazioak bakarrik finantzatzen, baizik eta pertsona, familia eta enpresentzako laguntzak ere bai".

 

Chivitek esan du, gainera, departamentu horretan legegintzaldiko mugarrietako bat dela "Hitzarmen Ekonomikoari buruzko Legea eguneratzea. Seigarren aldiz eguneratu da 1990eko Hitzarmena, eta horrela indartu egin da Nafarroako foru araubidea zergen eta finantzen arloan". Gehitu duenez, "Estatuaren eta Nafarroaren arteko Hitzarmen Ekonomikoari buruzko Legearen eguneratzeak berrikuntzak dakartza bai tributu arloan bai finantza arloan".

 

Halaber, Hitzarmen Ekonomikoaren oinarri-urtea eguneratzeko lanean ari direla esan du, eta espero du legegintzaldiaren azkenerako bukatu ahal izatea.

 

Nafarroako Gobernuko lehendakariak adierazi du oraindik bidea dagoela egiteko osasun arloan, itxaronaldiei eta itxarote zerrendei dagokienez.

 

Izan ere, bere hitzaldian Chivitek aitortu du beharrezkoa dela "itxarote zerrendak hobetzen jarraitzea. Bidea dugu egiteko, nahiz eta, udatik hona bigarren hilabetez jarraian, urriko lehen kontsulten adierazleek beheranzko joera hartu duten berriz, urte hasieran bezala".

 

Osasunaren arloan, lehendakariak esan du "ahaleginak biderkatu" behar direla Oinarrizko Osasun Laguntzan, pandemiaren "inpaktua" jasan ondoren. Azaldu duenez, berariazko ekintza plan bat prestatu da, Oinarrizko Osasun Laguntzaren Erronka deitua, "dagoeneko abian dena, eta hor lanean jarri dira profesionalak, teknologia eta antolatzeko eta kudeatzeko sistemak, daukagun zereginari heltzeko".

 

Bestalde, "hiru ospitaleak modernizatzen" ari direla esan du, "apustu teknologiko garrantzitsua eginda, batez ere Nafarroako Ospitale Unibertsitarioan, bere lidergoa finkatu eta bere prestakuntza eta ikerketa profiletan aurrera egin baitu".

 

Profesionalei buruz, Chivitek adierazi du "ahalegina" egiten ari dela sistema kapitalizatzeko, "profesionalen faltaren arazoaz eta horren ondorioez jabeturik. BAME postu gehiago sortzen ari gara, kontratazioak eta LPEak egiten ari gara, eta horrenbestez deialdietan lanpostu finko gehiago eskaini ditugu hiru urtean aurreko hamar urteetan baino. Zehazki 1.369 dira". Gaineratu du 2.000 lanpostu inguru egonkortzea aurreikusten dutela Administrazioko prozesu orokorraren barnean.

 

María Chivitek esan duenez, lanean ari dira "detekzio goiztiarreko programen erritmoak lehengoratzeko. Bularreko minbiziaren kasuan, aurten aurreikusten dugu pandemia aurrekoen antzeko miaketa-datuekin ixtea urtea". Eta koloneko minbiziaren prebentziorako programan egunean jartzeko asmoa dutela gehitu du.

 

"Gainera, gogorarazi nahi dut jaioberrien baheketa indartu egin dugula eta umetoki-lepoko minbiziaren prebentziorako etorkizuneko bahetze programaren pilotajea abian jarriko dugula datorren urtearen hasieran. Arriskua duten pazienteei birikako minbiziaren baheketa egiteko etorkizuneko programa ere aztertzen ari gara", erantsi du.

 

Osasunaren esparruan, Chivitek aipatu du, halaber, lanean jarraitzen dutela osasun garraioko enpresa publikoa sortzeko asmotan. "Datorren urtearen hasierarako baliteke jada eratuta egotea enpresa publikoa", esan du.

 

Nafarroako Gobernuko lehendakariak "bihotzez errespetua eta babesa" agertu die berriz ere terrorismoaren biktimei.

 

Chivitek adierazi du ETAren biktimei laguntzen ari zaizkiela bulegoaren bitartez, eta hitzarmenak sinatu dituztela Terrorismoaren Biktimen Elkartearekin eta Terrorismoaren Biktimen Fundazioarekin, "eta lankidetza instituzionala sustatzen 'Terrorismoaren Biktimen Omenezko Zentroa' Fundazioarekin".

 

Esan du, gainera, azterlan bat daukatela Nafarroako alderdi demokratikoetako kide eta kargudun publikoen kontrako terrorismoari eta jazarpen politikoari buruz. "Urrats horiek beharrezkoak dira, zalantzarik gabe, ezinbestekoa den arlo honetan jarduketak garatzen jarraitu ahal izateko, terrorismoaren biktimei bihotz-bihotzez gure errespetua eta babesa erakutsiz", adierazi du.

 

Chivitek azaldu du giza eskubideen aldeko programak garatzen ari direla eta behatoki iraunkor bat sortu dutela. "Eta motibazio politikoko biktimen errekonozimendurako batzordea ere sortu da", erantsi du.

 

Baieztatu duenez, "legegintzaldi honetako mugarri batzuk dira horiek, baina baditugu beste zeregin batzuk", hala nola, Memoria Eskolen Sarea handitzeko akordioa garatzea, Bizikidetza Plana garatzen jarraitzea, lankidetza eta koordinazio akordio egonkorra egitea Barne Ministerioko Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Bulegoarekin, garatzea Memoria Demokratikoaren Estatu Idazkaritzarekiko akordioak eta hitzarmenak, eta lanean jarraitzea eskuin muturreko taldeek edo funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen errekonozimendurako eta erreparaziorako batzordean.

 

Halaber, hau adierazi du: "Legegintzaldi honetako mugarrietako bat da Bizikidetzarako lehen Plan Estrategikoa; proposamen partekatua eta eraldatzailea, gure erkidegoan bizikidetza eta giza garapena hobetzeko beharrezkoak diren aldaketa sozial, politiko eta instituzionalak helburu dituena".

 

Azaldu du, bestalde, aurrera eramaten ari direla indarkeria frankistaren biktimak hobietatik ateratzeko plana eta biktima horien identifikazioa, bai eta ikur frankistak kentzeko plana ere, eta garatzen ari direla Memoriaren Tokiei buruzko legea. "Bakearen eta Bizikidetzaren aldeko Eskola Memoriadunen Sarea sortu dugu, Hezkuntzarekin batera lanean, beste programa eta unitate didaktiko batzuetan egiten dugun bezala", esan du.

 

Nafarroako Gobernuko lehendakari María Chivitek baieztatu duenez, Europako Next Generation funtsak Nafarroara iristen ari dira "boikot saioak gorabehera, eta haien etorrerari buruzko diskurtso faltsuz inguraturik egon arren".

 

Hala ere, Komunitatearen egoerari buruzko eztabaidan Gobernuko buruak esan duenez, "ahalegin handiagoa egin behar dugu funtsak bizkortzeko eta haien helburua azaltzeko, badirelako hainbat jarduketa –egunerokoak, kasu askotan– baliabideak funts horietatik jasotzen dituztenak, eta, beraz, herritar, administrazio eta enpresak jada funts horiek baliatzen ari garelako".

 

María Chivitek baieztatu duenez, "COVIDaren pandemiak areagotu egin du eredu sozial eta ekonomiko berritzaileago, berde eta kohesionatzaile baterantz jotzeko beharra", eta, testuinguru horretan, Europar Batasunak, pandemiaren ondorioei erantzuteko, "asmo handiko programa bat, Next Generation izenaz ezagutzen duguna" sustatu duela. "Funts horiek inondik ere aukera ematen digute Nafarroa modernizatu eta aurrera bultzatzeko, eta aipatu dudan ildo horretatik ibiltzeko, digitalagoa, jasangarria eta kohesionatzailea", adierazi du.

 

Gobernuko buruak esan du jada proiektu batzuk gauzatzen ari direla. "Next Generation funtsek dagoeneko badituzte mugarri eta helburu jakin batzuk finkatuta, eta horien ardatzak dira inbertsio pribatuaren sustapena, ETE eta enpresentzako babesa eta herritarrentzako babesa; guztia ere Nafarroan ekonomia eta gizarte indartsu eta erresilienteagoak lortzeko".

 

Chivitek ohartarazi du erronketako bat dela Europako finantzaketa lortzeko "hautatzeko moduko" proiektuak aukeratzea, "Europako erakundeek ezarri dituzten helburuekin bat datozen inbertsioak eraginen dituztenak, eta eraldatzaileak, betiere". "Kontua ez da proiektu azkarrak, bat-batekoak edo gutxi egituratzen dutenak finantzatzea. Bizkortasuna garrantzitsua da, baina garrantzitsuena da funts horietatik ahalik eta errentagarritasun handiena lortzea, ekonomia eta gizarte eredua eraldatzeko inbertsio gisa", azpimarratu du.

 

Gainera, Chivitek adierazi du, Nafarroako Gobernuaren Gardentasunari buruzko legearekin bat etorriz, hilero argitalpenak agendaratu direla, beren eguneratzeekin, bai www.nextgeneration.navarra.es webgunean bai Gardentasun Atarian.

 

Gobernuko buruak zehaztu du Estatuak kudeatzen dituen PERTEak Europako funtsetako zeharkako pieza bat direla, eta nabarmendu du Nafarroa ederki kokatuta dagoela zenbait proiektu estrategikotan, esaterako ibilgailu elektriko eta konektatuen PERTEan, non Volkswagen Navarra ez ezik sektoreko beste enpresa batzuk ere proiektuak aurkezten ari baitira".

 

Azaldu du, halaber, nekazaritzako elikagaien PERTEan neurriak jarri direla egokitze digitalaren eta berrikuntzarako eta ikerketarako laguntzaren prozesua babesteko, Nafarroako nekazaritzako elikagaien sektorea "lehiakorragoa izan dadin bere kate-begi guztietan". "CNTAk gidatzen duen proiektua erreferenteetakoa da zalantzarik gabe, eta lider izanen da ikusten ari garen eraldaketa honetan", nabarmendu du.

 

Nafarroak Ekonomia Sozialaren eta Zainketen PERTEan ere parte hartzen du, berdintasun eta inklusio politikak indartzeko.

 

Chivitek Abangoardiako Osasunaren PERTEan ere jarri du azpimarra, horretan Nafarroa lehiakorra baita, "doitasuneko medikuntza pertsonalizatua bultzatzeko proiektu batzuei esker, tartean dela Osasun Publikoko Zaintza Sarearen Informazio Sistema, osasun larrialdietan Nafarroako Osasun Zerbitzuaren erantzuteko gaitasuna areagotzea xede duena". "Nazio eremuko hiru programatan parte hartzen ari gara doitasuneko medikuntza sustatzeko, zeinean O-NOZeko, Naserticeko edo Navarrabiomedeko profesionalak lankidetzan arituko baitira Medikuntza Genomikoaren, Medikuntza Iragarlearen eta Datuen Zientziaren arloetan", esan du.

 

Bestalde, Chivitek nabarmendu du PERTE Aeroespaziala "berebiziko aukera" dela Nafarroako sektorearentzat, eta gogora ekarri du nola Foru Gobernuak hautagaitza aurkeztu duen Espainiako Espazio Agentziaren proiektua Lizarran kokatzeko.

 

Gainera, Gobernuko lehendakariak esan duenez, "ez dira hor amaituko Next Generation funtsak". "Europako Batzordearen gomendioei jarraituz, Suspertze Planaren gehigarriak jarraipena emanen die Europako Planeko asmo handiko erreforma eta inbertsioei. Dagoeneko ia 60 proposamen bidali ditugu, Gobernuko departamentu guztienak", esan du.

 

Hartara, María Chivitek baieztatu duenez "Europako funtsak errealitate dira, galderak planteatzen dizkiguten erronkak dira, eta eskatzen digute, erantzun gisa, uste sendoa izatea bestelako kudeaketa publiko baterantz aurrera egiteko, oinarri izan behar dituena plangintza egokia, prestazioaren kalitatea eta administrazioen arteko  lankidetza eraginkorra, bai eta prozedurari buruzko ikusmolde berritzailea ere, haren funtzioari eta helburuei dagokienez". "Eta, bereziki, erakunde publikoek elkarrekin eta arlo pribatuarekin elkarlanean jarduteko kultura berria, kontu-ematean oinarritua, administrazio onerako tresna gisa", erantsi du.

 

Nafarroako Gobernuko lehendakariak baieztatu duenez, Next Generation funtsak "epe luzeko ibilbidea duen aukera dira, tresna likidoa, etengabe eboluzionatzen ari dena, munduko ekonomiak aurrean dituen erronka handietara egokituz doan tresna bat; erronka horiek ekonomiaren indarberritzea sustatzen ari dira eta erakunde- eta egitura-eredu berri baten oinarriak eraikitzen".

 

Komunitatearen egoerari buruzko eztabaidaren hasierako hitzaldia bukatzeko, María Chivitek baieztatu du "lan handia eginda eta lanean jarraitzeko beste proiektu batzuk esku artean" hurbiltzen ari direla legegintzaldiaren amaierara. "Apokalipsiaren iragarleek beren mantrari helduta jarrai dezakete, errealitateak gezurtatuko baititu".

 

Ordu eta erdi luzetxo iraun duen hitzaldian, Chivitek hau adierazi du: "Uste dugu bide honetan oraindik kilometro asko egin behar ditugula, eta herritarren eskutik egin nahi ditugu, gizarte osoa lagun, zeren, egiaztatzen ari garenez, garai zailetan inoiz baino garrantzitsuagoa baita elkarlana, elkarri lagundu, baliagarri izan eta guztien onerako lan egitea".

 

"Une zailak" bizi ditugula nabarmendu ondoren, lehendakariak esan du gauza bat dela "funtzionatzen duen zerbait hobetzea eta beste bat, guztiz bestelakoa, hondamendia predikatzea, ez baita halakorik gertatzen ari, bistan denez".

 

Chivite "harro" dago Nafarroaz. "Aurrera egiten ari da" Nafarroa, eta "hurrengo urteetan bizkorrago ibili eta jauzi kualitatibo oso nabarmena eginen du; hein handian, Nafarroa Suspertu Plana edo Next Generation funtsak bezalako inbertsio eta eraldatze apustuei esker".

 

Eskatu du jarrai dadila "elkarlanaren zirkulu bertutetsuak eraikitzen. Erakundeak izan daitezela toki baliagarriak, topaguneak, elkarrizketa eraikitzailerako guneak, herritarrei irekiak", esan du Chivitek, eta eskatu du "politika ona egin dadila nafarrentzat, jende ona baitira".

 

"Gaur hemen egotearen ohorea eta erantzukizuna aitortuta, egin dezagun aurrera irmo eta adoretsu, gure gaurko Nafarroa biharko Nafarroaren itxaropena ere izan dadin", esan du lehendakariak, azkenik.

 

Gonbidatuen tribunatik eztabaida entzuten izan dira, besteak beste, Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaria, José Luis Arasti; Santos Cerdán (PSN) eta Bel Pozueta (EH Bildu) diputatuak; Alberto Catalán (UPN), Toni Magdaleno (PSN), eta Koldo Martínez (Geroa Bai) senatariak; Adriana Maldonado (PSN) europarlamentaria; udaletako hainbat kargudun, besteak beste Enrique Maya, Iruñeko alkatea; Alejandro Toquero, Tuterako alkatea; Rubén Medrano (Navarra Suma), Azagrako alkatea; Raúl Bator, Berriobeitiko zendeako alkatea; Jon Gondán (Geroa Bai), Zizur Nagusiko alkatea; Gorka Azpíroz, Lekunberriko alkatea; Joseba Asirón, Ana Elizalde eta María Caballero Iruñeko zinegotziak, Joseba Orduña Eguesibarko zinegotzia, eta Begoña Alfaro, Podemos - Ahal Duguren hautagaia hurrengo hauteskunde autonomikoetarako.