Noiz argitaratua Astelehena, 2022.eko Azaroak 14

Foru Komunitatearen Egoerari buruzko 2022ko Eztabaidan onetsitako ebazpenak (7)

Osoko bilkuran onetsi dira. 2022ko azaroaren 11n

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak Foru Komunitatearen Egoerari buruzko 2022ko Eztabaidan jorratu diren 23 erabaki proposamenetatik 7 onetsi ditu. Haietako hiru, "aniztasun politikari, trantsizio ekonomiko eta digitalari eta berdintasunari buruzkoak", PSNGeroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk adosturiko ekimenen ondoriozkoak dira. I-Ek, bestetik, bakarrik osasunaren gainekoa sinatzen du.

 

Onetsitako erabaki-proposamenen zerrenda:

 

PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguk adostutako erabaki-proposamenak

 

Lehen erabaki-proposamena

 

1. Nafarroako Parlamentuak adierazten du bere nahia dela Nafarroako hurrengo Gobernua gure erkidegoan dagoen aniztasunean oinarrituta eratzea, eta gobernu aurrerakoia, soziala, feminista, ekologista eta europazalea izatea, pertsonak izanen dituena ekintza politikoen ardatz, Nafarroako Foru Komunitateak aurrera egin dezan mundu-mailako erronka handietan.

 

2. Horretarako, Nafarroako Parlamentuaren iritziz, ezinbestekoa da fiskalitate-eredu progresibo eta birbanatzaile bat ezartzea, irabazi handieneko pertsonek eta enpresek ahalegin fiskal handiagoa egin dezaten, eta behar handiena dutenek laguntza gehiago jaso dezaten; gainera, gure autogobernua oinarri hartuta, baliabide publikoen nahikotasuna bermatu behar du, ongizate-sistema sendotze aldera, aukera-berdintasunerako tresna den heinean.

 

PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren kontrako botoekin onetsia.

 

Bigarren erabaki-proposamena

 

- Klima aldaketaren arloan, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du honakoetara:

 

1. Deskarbonizazioa sustatzera, energia berriztagarrien eta efizientzia energetikoaren bidez, ingurune guztietan. Toki entitateekin lankidetzan jardutera, energia-aurrezpenerako eta -efizientziarako neurriak abiarazteko eta energia berriztagarrien aldeko apustua egiteko.

 

2. Biltegiratzea eta energia alternatiboak sustatzera, hala nola hidrogenoa.

 

3. Lehentasuna ematera ekonomia zirkularreko eredu jasangarri baterantz iragateari, 0 hondakin helburua aintzat hartuta, eta urrezko 4 arauetan oinarrituta: murriztea, berrerabiltzea, konpontzea eta birziklatzea.

 

4. Honako hauen aldeko apustua egitera: eraikinen birgaitze energetikoa; hiri-berroneratzea, hiri finkatua, auzoak eta herriak leheneratzeko; eta eraikuntza jasangarri berria prozesu industrializatuetan, eraikuntza-prozesuak goitik behera aldatzen laguntzeko.

 

5. Ingurumenaren eta biodibertsitatearen babesa sendotzera, ekosistema guztiak eta horietan bizi diren espezie guztiak zaintzen direla bermatzeko, bai eta klima-aldaketaren inpaktuaren ondorioak minimizatzeko faktore gisa ere.

 

6. Lehen sektorearekin lankidetzan jardutea, nekazaritza ekologikoa sustatzeko, eta gure tokiko ekoizleak eta animalien ongizatea babestea, oreka lortzeko bidean, jomuga elikadura-subiranotasunean jarrita.

 

7. Landa-eremuetan digitalizazioa eta berrikuntza sustatzea, eremu horien despopulatzearen aurka borrokatzeko eta landa-eremuetan bizi-kalitate duina bermatzeko ardatz estrategiko diren heinean.

 

8. Mugikortasun-eredu jasangarriagoa sustatzera, lehentasuna emanez garraio publikoari eta gutxien kutsatzen duten garraiobideei.

 

- Azpiegitura teknologikoen arloan, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du honakoetara:

 

1. Banda Zabalaren Planean xedatutakoa burutzera, eta Nafarroak biztanleriaren %100ek banda zabala izatea lortzera, legegintzaldiaren hasieran ezarritako epeak aurreratuz, eta herritarrei beharrezko konektibitatea eskainiz gure lurraldeko edozein lekutan bizi direla ere; horrela, enplegua, osasuna, hezkuntza, aisialdia eta beste hainbat gauza lortzeko aukera-berdintasuna bermatuko zaie.

 

2. Inklusio eta Gaikuntza Planean xedatutakoarekin jarraitzera, beharra duten herritar guztiak barnean hartuz, horren ezagutza eta hedapena sustatuz, Nafarroako Gobernuko departamentuekin elkarlanean, gertatzen ahal diren kasu guztiak hautemateko, eta, horrela, irtenbide bat eman ahal izateko.

 

3. 2030erako Nafarroako Estrategia Digitalean sartutako datuetan oinarritutako bilakaera teknologikoarekin jarraitzera, “datuetan oinarritutako erabaki” ahalik eta gehien hartzen ahaleginduz eta adimen artifizialaren parametrizazioa eta erabilera ustiatzea sustatuz, gure erkidegoan forma emanez Nafarroako Gobernu osoaren lankidetzari, Datuaren Bulegoaren eta Adimen Artifizialaren arloko Ikerketarako Nazioarteko Zentroaren inguruan.

 

4. Nafarroako Gobernuaren IKT azpiegitura guztiaren “green” erabilera egitera, ingurumenarentzat onuragarria den ardatz bat eraikiz, azpiegitura teknologiko berdea erabiliz, errespetuzkoa, energetikoki efizientea, eta Europak eta NBEk arlo horretan ezarritako berme guztiak beteko dituena, kontuan hartuta, oro har, Nafarroako Foru Komunitate osoko azpiegitura publikoak, izan Gobernuarenak, toki entitateenak, enpresa publikoenak, ikerketa-zentroenak edo unibertsitateenak. Energia-kontsumoa da gakoetako bat; kalkulatzen da mundu osoko prozesu-zentroek munduko energia ekoizpenaren %1 behar dutela IT zerbitzuak emateko. Nafarroa ere horren parte da, eta ulertzen dugu ekarpenak egiten ahal ditugula, onartuz gure kontsumo elektrikoa murrizten ahal dela, eta gure efizientzia hobetzen ahal dela, eredugarri izan nahi baitugu gure komunitateko enpresentzat eta beste administrazio batzuentzat.

 

5. Nafarroako Gobernuaren eraikin publikoen biki digitalak sortzera, eta toki entitateetara ere hedatzea, gune horien energia-efizientzia nabarmen hobetzeko. Biki digital bat datuen eredu digital bat da; horri esker, prozesuak simulatzen ahal dira horiek benetan ezarri beharrik gabe, eta hori oso lagungarria da plangintzak eta kudeaketa ingurune birtualetako simulazioetan oinarritzeko. Biki digitala eskalagarria izaten ahal denez, eta SIE kudeaketa-plataforma izanez, zehazten ahal da zer lekutan den premiazkoagoa energia berriztagarriak ezartzea, edo isolamenduak sortzea eta abar. Gaur-gaurkoz, Nafarroak dagoeneko baditu biki digitala garatzeko gunea eta unitate teknikoa: Berrikuntza Digitaleko Poloa, Energiako Zuzendaritza Nagusiaren eskutik. Hortaz, hortik optimizatu beharko da eraikin publikoen kudeaketa energetikoa.

 

Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin eta EH Bildu eta Izquierda-Ezkerraren abstentzioarekin onetsia.

 

PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek adostutako erabaki-proposamena

 

1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Oinarrizko Osasun Laguntzarako hasitako estrategiak eta planak garatzera eta osatzera, eta izaten ari diren inpaktua ebaluatu eta horiek sakontzeko edo aldatzeko beharra dagoen aztertzera.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du neurri apartekoak eta koiunturalak hartzera, itxarote-zerrendak premiaz arintzera bideratuak, COVID-19aren pandemiaren ostean areagotu egin baitira; horretarako, epe motzeko eta ertaineko neurriak jasoko dituen plan bat behar da, klinikoki garrantzitsuagoak diren patologiei eta zirkuituei lehentasuna emate aldera.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Osasuneko foru lege berri bat sortzeko lanak hastera, lege hori 2024. urtearen hasiera aldera argitaratu ahal izateko, eta, unibertsaltasunaren printzipio orokorrez harago, osasun-laguntzarako sarbide ekitatiboa bermatzeko, Oinarrizko Osasun Laguntzan sakontzeko, komunitatearen ikuspegitik, eta osasuna politika guztietara eramateko, osasunaren baldintzatzaile sozialetan arreta berezia jarrita. Lege horrek irtenbideak eman beharko ditu honako xede hauetarako:

 

- Ikuspegi propio bat Nafarroako Gobernuaren Funtzio Publikoko politikaren baitan Osasunbidean, XXI. mendeko osasunaren alorreko erronkei hobeki erantzute aldera.

 

- Funtzionarioak berregituratzea edo egokitzea estatutupeko izateko, edo hitzarmena Estatuarekin.

 

- Osasuneko eremu bakar bat sortzea, eta espezialitateetako lana hobeki antolatzea.

 

- Osasunaren alorreko lankidetza publiko-pribatuan irizpideak eta mugak finkatzea.

 

- Osasuna politika guztietan, komunitate-ikuspegiz, eta ingurumen-osasuna ere barnean hartzea.

 

- Osasun-arretako eredu berri bat, giza baliabideen eta baliabide ekonomikoen birbanaketa ahalbidetuko duena, eta oinarrizko osasun laguntza ardatz izanen duena, hura autonomoago eginez eta ahaldunduz.

 

- Osasun-arreta modernizatzea digitalizazioaren bidez, baina pertsona ardatz duen arreta neurri handiagoan gizatiartuz.

 

- Langileriaren alorrean, plantillak egonkortu behar dira, lanpostuak fidelizatu, lanaldiak malgutu, norbanakoaren osasun txartelak birbanatu eta estaldura zaileko lanpostuak aitortu.

 

- Osasun-alorreko profesional guztien ibilbide profesionalak garatzea eta aitortzea.

 

4. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du osasun mentalean fokua jartzera, arreta behar duten pertsonei laguntza eta konpainia ematen zaiela bermatzeko, baina pertsonengan eragin txikitzailea izaten ari diren baldintzatzaile sozialei aurre eginez eta patologia horiek garatzea ekiditen duten elementu babesgarriak sustatuz.

 

5. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du osasun publikoa sendotzera, aurreikusteko modukoa baita klima-aldaketaren eraginez osasun-arazo eta -larrialdi berriak, epidemia ezezagunak eta abar sortuko direla.

 

6. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du eremu sozio-sanitarioa garatu eta hobetu dezan, adineko pertsonentzako, mendekotasun-egoeran daudenentzako edo desgaitasuna dutenentzako etxez etxeko laguntza indartuz, bai eta etxez etxeko telelaguntzako gailuak garatu eta hobetu ditzan ere, zerbitzu horren onuradunen zaintza areagotzeko, eta zahartze aktiborako politikak sustatu ditzan.

 

PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren kontrako botoekin onetsia.

 

PSN aurkeztutako erabaki-proposamena

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du:

 

1.- Landa-eremua eta hiriak elkarrekiko lotura hori ez duten bi esparru edo mundu bereizitzat dituen dikotomia hori apur dezan eta hirikoaren eta landa-eremukoaren artean dagoen arrakala hori itxi dezan, hori guztiz beharrezkoa baita.

 

2.-Erronka Demografikoaren Legearen onespena bultza dezan.

 

3.- Neurriak bultzatzen jarrai dezan, landa-eskolak gizarte-kohesiorako egituratze-elementu gisa garatzea eta sustatzea errazte aldera. Horretarako, lan egin behar dugu hezkuntzako zerbitzu osagarriak –eskola-jantokiaren zerbitzua; eskola-garraioa; haur hezkuntzaren hobekuntza; doakotasunaren zabalpena, hezkuntza-sistemaren digitalizazioa...– eskola horietako benetako kohesio- eta garapen-elementu bihurtu daitezen.

 

4.- Toki-esparruan berdintasuneko politika publikoak bultzatzen eta koordinatzen jarrai dezan, ezinbesteko politikak baitira landa-eremuko emakumeak ahalduntzeko eta erantzuna emateko pairatzen duten eta haien proiektu pertsonalak zailago egiten duen diskriminazio bikoitzari.

 

5.-Hiriarteko garraioa garatu dezan, osasun, hezkuntza, kultura eta abarreko zerbitzuak eskura izatea errazte aldera, arreta berezia jarrita garraio-txartel bateratuaren garapenari eta aurrerapenari, garraio publikoaren erabilera sustatzen baitu.

 

6.- Etxebizitza publikoen kopurua handitzea ahalbidetzen duten politikak garatu ditzan, etxebizitzak birgaitzearen eta alokairurako edo salmentarako etxebizitzak eraikitzearen bidez, bai eta udalerrien gune historikoak lehengoratzeko politikak ere, betiere aintzat hartuta ukitutako toki entitateak.

 

PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren kontrako botoekin onetsia.

 

EH Bilduk aurkeztutako erabaki-proposamena

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du berehala har ditzan beharrezkoak diren baliabideak Nafarroako herritarrek arlo hauetan dituzten beharrizanak betetzeko, helburu hauekin:

 

- Premiazko Plan bat prestatzea, parte-hartzea izanen duena, Nafarroako osasungintza publikoak dituen erronkei aurre egitea ahalbidetuko duena, gure erkidegoko Osasun Sistema Publikoaren suspertzea modu esanguratsuan indartuz, bai giza baliabideei dagokienez (behin-behinekotasuna desagerraraziz eta plantillak Nafarroako herritarren osasun beharrizanetara egokituz), bai ekipamenduei dagokienez, bereziki oinarrizko osasun laguntzan, premia bereziko egoeran baitago.

 

- Nafarroak gaur egun bizi duen egoera ekonomikoan, pobreziaren datuei buruzko premiazko azterketa bat egitea eta inflazioaren eta egoera sozioekonomiko berriaren eraginez pobrezia pairatzen ari diren edo pobrezia pairatzeko arriskuan dauden pertsonen profilak identifikatzea. Azterketa horrek balio behar du Errenta Bermatuan aldaketak egiteko, pobreziaren errealitateari eta beharrizan berriei erantzute aldera.

 

- 0tik 18 urtera bitarteko kalitatezko hezkuntza baten aldeko apustu sendoa egitea, aukera berdintasuna bermatuko duena eta modu estrukturalean helduko diena eskola segregazioari eta hezkuntza-konpentsaziorako beharrezkoak diren neurriei.

 

- Etxebizitza babestuaren aldeko apustuari dagokionez, etxebizitza berrien eraikuntzatik haratago, alokairuzko etxebizitzen parkea eta poltsa publikoa eta etxebizitzen zaharberritzea sustatzen jarraitzea, bai eta merkatu pribatuko alokairuaren prezioak modu eraginkorrean mugatzeko beharra aldeztea.

 

- Zainketen gaineko paktuan jasotakoa betetzeko prozesuaren plangintza egitea departamentu guztietan, non ezarritako diren epe labur eta luzean honako hauetarako beharko diren baliabide ekonomikoak eta materialak:

 

a. Zainketen Paktuan onartutako konpromisoak gauzatzeko.

 

b. Zainketen arloko profesionalen lana duintzeko eta beren lan baldintzak hobetzeko, bereziki hirugarren adinaren sektorean lan egiten duten pertsonen lan baldintzak.

 

c. Zerbitzu publiko berriak ezartzeko, xede izanen dutenak pertsona zaharrak eta/edo mendekotasuna dutenak beren gertueneko ingurunean mantentzea Nafarroako eskualde guztietan.

 

d. Zerbitzu publikoen eskaintza handitzeko eta pertsona zaharrentzat eta/edo mendekotasuna dutenentzat bestelako etxebizitza ereduak sortzeko, hala nola apartamentu babestuak, abegi etxeak, etxebizitza publikoak edo cohousing-a.

 

PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren kontrako botoekin onetsia.

 

Podemos-Ahal Duguk aurkeztutako erabaki-proposamenak

 

Lehen erabaki-proposamena

 

1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du landa-eremuko emakume eta emakume nekazarientzako proposamenak eta eragin- eta jarduera-esparruak identifikatzera:

 

- Esparru familiar-pribatuko eragina.

 

- Antolaketa- eta gobernantza-esparruko eragina.

 

- Esparru instituzionaleko eragina.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du gizonen eta emakumeen benetako berdintasun eraginkorrerako politika eta ekintzei ematen dien bultzada sendotzera, Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egiteko apirilaren 10eko 14/2015 Foru Legea, LGTBI+ pertsonen berdintasun sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legea eta Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea garatzeko konpromisoan egindako aurrekontu-areagotzearen bide beretik jarraituz.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du sekzio arteko eta zeharkakotasunezko politikak lantzen jarraitzera, eta departamentu guztietan horiek sendotzera, berdintasun-unitateen eta departamentu arteko batzordeen eskutik.

 

4. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du toki entitateei laguntzen eta horiek koordinatzen jarraitzera, berdintasun-politika publikoak garatze aldera, bereziki bultzatuz emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorrean Nafarroako Foru Komunitateko administrazioak eta Nafarroako toki entitateak koordinatzeko batzordea sortzeko foru-dekretuaren lanketa. 17/2019 Foru Legean aipatzen da batzorde hori, erkidegoko eta tokiko administrazioek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alorrean gauzatzen dituzten politikak eta programak koordinatzeaz arduratuko den organo gisa. Foru dekretu proiektu horren xedea da, orobat, koordinaziorako batzorde horren funtzioak, osaera eta funtzionamendu-araubidea xedatzea.

 

5. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du emakumeen ahalduntzerako eta parte-hartze sozial eta politikorako programak bermatzen jarraitzera, Nafarroako gizarteari zuzendutako ezagutarazte- eta sentsibilizazio-jarduerak gauzatuz jendartea ohartarazteko parte-hartze hori oso garrantzitsua dela benetako berdintasuna lortuko badugu, eta, halaber, emakumeen presentzia eta parte-hartzea sustatzera Nafarroako Foru Komunitateko erakunde politikoetan eta sindikaletan eta Nafarroako elkarteen sarean.

 

6. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du tokiko entitateei laguntza eta aholkularitza ematera Kontziliaziorako Tokiko Itunen programatik Zaintzen aldeko Toki Itunera iragan daitezen behar besteko finantzaketaz, eta laguntza eta aholkularitza ematera Zaintzen aldeko Toki Itunera atxiki nahi duten entitate eta organismo guztiei.

 

PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren kontrako botoekin onetsia.

 

Bigarren erabaki-proposamena

 

1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du ahalik eta lasterren eta erabakitasunez bultza dezan berriz aztertu daitezela –oraindik ere ez baita egin– Nafarroako erakundeek erregimen frankistari emandako babes edo laguntzaren ondorioz onura ekonomiko handiak –edo bestelakoak– lortu zituzten agintari eta pertsona guztiei egindako omenaldi, aintzatespen eta kondekorazio oro.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du behar diren mugimendu politiko guztiak egin ditzan Erorien Omenezko Monumentua –Estatuko bigarren monumentu frankistarik handiena– Memoria Demokratikoaren Legean berariaz jasota datorren inbentarioan sartu eta monumentu babestuaren katalogazioa galtzeko.

 

PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren kontrako botoekin onetsia.