Noiz argitaratua Astelehena, 2021.eko Azaroak 8

Foru Komunitatearen Egoerari buruzko 2021eko Eztabaidan onetsitako (10) erabaki proposamenak

Osoko bilkuran onetsia. 2021eko azaroaren 5ean

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak Foru Komunitatearen Egoerari buruzko 2021eko Eztabaidan aztertu diren 21 erabaki proposamenetatik 10 onetsi ditu. Horietatik bi elkarrekin aurkeztu dituzte PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk; beste bat aurrekoek I-Erekin aurkeztu dute; beste bi Podemos eta I-Ek elkarrekin aurkeztua da; 2 PSNrenak dira; 2 Geroa Bairenak eta 1 EH Bildurena.

 

Onetsitako erabaki proposamenak:

 

PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk elkarrekin aurkeztutako erabaki proposamenak

 

Lehenengo erabaki proposamena

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du:

 

1. Toki entitateak finantzatzeko eredu justuago, solidario eta nahiko baten alde egin dezan

 

2. Egonkortasuna bermatu, eta inbertsio guztien plangintza ahalbidetuko duen toki azpiegituren plan (TAP) berri baten alde egin dezan.

 

3. Toki Ogasunen Funtsa banatzeko beste eredu baten alde egin dezan. Eredu horrek ezaugarri hauek izan behar ditu:

 

a. Toki entitateen finantzaketaren arloko beharra eta gaitasuna aintzat hartzen duen banaketa-formula bat garatu behar du.

b. Aintzat hartu behar ditu udalek ematen dituzten zerbitzuak, hala nola ikastetxeak, 0-3 zentroak, liburutegiak edo montepioak.

c. Aintzat hartu behar du Foru Komunitate osoarentzat zein beste maila batzuetan traktore diren udalerrien berezitasuna.

 

4. Nafarroako herritar guztiei, bizi diren lekuak eragin gabe, kalitateko zerbitzu publikoak bermatuko dizkien finantzaketa eredu baten alde egin dezan.

 

5. Edonola ere, finantzaketa sistema hau lantzen denean, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak eta Nafarroako toki entitate guztietako ordezkariek esateko dutena entzun beharko da.

 

PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztua. PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin ONETSIA.

 

Bigarren erabaki proposamena

 

1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako eta Espainiako gobernuak premiatzen ditu ekonomia zirkularrean oinarritutako ekoizpen eta kontsumo eredurako trantsizioa diseina dezaten. Eredu horrek planetaren ingurumen jasangarritasuna eta gure ongizate estatua mantentzea eta hobetzea sustatu beharko du.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du eragile sozial eta ekonomikoekin lan egin dezan, trantsizio justu bat lortzeko, eta ekoizpen sistema berria kalitateko enplegua sortzeko gai izan dadin.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen du ahalik eta lasterren EBko 2018/2001 eta 2019/944 Zuzentarauak osorik txerta ditzan Komunitateko araudian, eta energia berriztagarrien sorkuntza, komunitate energetikoak, autokontsumoa eta sorkuntza banatua sustatu ditzan.

 

4. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroako Berrikuntza Digitalaren Poloa gauzatu dezan. Polo hori eragile erabakigarri bihurtu behar da Adimen Artifizialaren Zentroa eta Datuaren Nafarroako Agentzia garatzeko.

 

PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk aurkeztua. PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin ONETSIA.

 

PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek elkarrekin aurkeztutako erabaki proposamena

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du:

 

1. Berdintasunaren arloan beharrezkoak diren gaitasunak eman diezazkien administrazio publikoan zerbitzua ematen duten langileei, eta genero-ikuspegia txerta dezan administrazioak bere ohiko jardunean erabiltzen duen informazioaren bilketan, tratamenduan eta zabalkundean. Horretarako, modu progresiboan sartu beharko du berdintasunari buruzko ezagutza baldintza gisa, tresna ebaluagarriak sortu beharko ditu kontratazioan eta laguntza publikoetan genero-ikuspegia txertatzeko, eta behatoki bat sortuko du administrazio publikoetatik egiten diren jakinarazpenetan berdintasunaren zeharkakotasunaren jarraipena egiteko.

 

2. Administrazio publiko guztietan arauetan ezarritako ordezkaritza parekidearen printzipioa sartzeko neurriak hartu ditzan, bereziki erabakiak hartzeko organoetan: politikoetan, sozialetan, hezkuntzakoetan, ekonomikoetan, kulturaletan, kirolekoetan...

 

3. Emakumeen erakundeak eta/edo erakunde feministak eta berdintasunerako beste partaidetza espazio batzuk aitortu ditzan eta eragin sozio-politikoan erakunde horiei laguntza ematen jarrai dezan.

 

4. Identitate maskulino askotarikoak, berdintasunaren sortzaileak, maskulinitatearen eta edozein indarkeriaren arteko lotura inpugnatzen dutenak sustatu ditzan. Horretarako, gizonen kontzientzia kritikoa bultzatuko du jarauntsian jasotako pribilegioen gainean, Nafarroako, herrialdeko eta nazioarteko gizon berdinzaleen genealogia ezagutuko du, eta maskulinitate berdinzaleak gizarte justuagoa, humanoagoa eta garatuagoa lortzeko dituen onurak ikusaraziko ditu.

 

5. Desgaitasunen bat duten emakumeak eta neskatoak ahalduntzeko prozesuak sendotu ditzan, erreferente izan daitezen, haien ekarpenak eta aldarrikapenak onar daitezen eta beren bizi ibilbideei dagozkien eremu guztietan lider izateko aukera izan dezaten. Horretarako, haien autonomia pertsonala, bizimodu independentea eta komunitarioa sustatzeko laguntza materialak eta giza laguntzak bermatu behar dira.

 

6. Emakumeen sexu-esplotaziorako salerosketaren aurkako Nafarroako Foroarekin koordinatuta, prostituzio egoeran dauden emakumeen eta neskatoen arloko prebentziorako eta errekuperaziorako arreta integrala emateko plan guztiak sendotu ditzan. Plan horiek laneratzeko ibilbideak eta behar besteko euskarri ekonomikoa bermatu behar dituzte prozesu osoan zehar, prostituzioa uzteko aukera izan dezaten.

 

7. 14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIARI AURRE EGITEKOA, garatzen jarrai dezan, emakumeen aurkako indarkeriei zilegitasuna kentzeko eta indarkeria horiek desnaturalizatzeko, antolaketa soziala zeharkatzen duten eta egiturazko sustraiak dituzten indarkeriak baitira. Ez dira ustekabeko indarkeriak, pasadizozkoak, gertaera hutsak edo izurriteak edo pandemiak, ezta gaitzak ere, elkarren artean loturak dituzten indarkerien multzo bat baizik.

 

8. LGTBI+ pertsonen benetako berdintasunaren aldeko eta sexu-orientazioan, genero adierazpenean eta sexu- edo genero-identitatean oinarritutako edozein diskriminazioren kontrako bidea egiten jarrai dezan Nafarroako Gobernuaren eta toki entitateen eskumeneko eremu guztietan.

 

9. Baterako hezkuntza garatzen jarrai dezan Nafarroako hezkuntza sistemaren ardatz nagusi gisa eta gizarte berdinzaleago bat eraikitzeko, genero rolak eta estereotipoak apurtzeko, emakumeak eremu guztietan ikusgai bihurtzeko eta indarkeria matxistak desagerrarazteko funtsezko tresna gisa.

 

PSNk, Geroa Baik, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkeztua. PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin ONETSIA.

 

PSNk aurkeztutako ebazpen-proposamenak

 

Lehenengo erabaki proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du gure zerbitzu publikoen sistemak behar dituen egiturazko erreformak egiten jarrai dezan, ongizate estatu modernoa, kalitatekoa, bermatzailea eta unibertsala eratzeko, zeinak, bere ekintza babeslea zabaldu eta osatzeko, egoera ahulagoan dauden pertsonentzako arreta indartuko baitu eta pertsona guztiei aukera berdintasuna eskainiko dien errekuperazio eta eraldaketa justua bermatuko baitu.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du lanean jarrai dezan oinarrizko osasun laguntza modernizatu eta indartzeko, prebentziorako eta detekzio goiztiarrerako funtsezkoa den heinean. Aurrez aurreko zerbitzua bermatu behar dugu, eta, aldi berean, osasun laguntza modernizatu behar dugu, teknologia berriek eta telemedikuntzak eskaintzen dizkiguten abantaila diagnostikoak erabilita.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du lanean jarrai dezan iraupen luzeko zainketetan eredua aldatzeko. Horretarako, pertsonan zentratutako arreta eredua orokortzeko, hurbileko zerbitzuak zabaltzeko eta autonomia sustatzeko eta berreskuratzeko politikak hedatzeko aurrerapausoak eman behar dira.

 

4.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du hezkuntza sistema publikoa indartzen jarrai dezan, ezinbesteko tresna baita aukera berdintasuna bermatzeko. Arreta berezia jarri behar da 0 urtetik 3 urtera bitarteko hezkuntza unibertsal bihurtzeko.

 

5.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Lanbide Heziketa sustatzen jarrai dezan. Horren barruan, LH lan merkatuaren beharrizan berrietara egokitu behar da, prestakuntza praktikoa sustatu behar da LH dualaren bidez eta arreta berezia jarri behar da gazteriaren gaikuntzan, gazteak laneratzeko funtsezko tresna baita.

 

PSNk aurkeztua. PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin ONETSIA.

 

Bigarren erabaki proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du gure gizartean bizikidetza sustatzen duten programak garatu eta jarduketak egin ditzan, bizikidetza sistema demokratiko baten berezko eta oinarrizko osagaia den heinean. Halako programak eta jarduketak egitea ezinbestekoa da gizarte osasuntsu bat eratzeko, eta, ideologia, erlijioa, kultura edo beste edozein arrazoi dela medio, ezberdina denarekiko errespetuan oinarrituta egon behar dute. Ildo horretan, elkarlan berezia sustatuko da toki erakundeekin eta arlo honetan lan egiten duten gizarte zibileko organismoekin.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroako hezkuntza sisteman programak sustatzen eta zabaltzen jarrai dezan, sistema hori memoria demokratikoko politika publiko bat baliatzeko gai izan dadin eta bere xede eta helburuetako bat izan dadin herritar demokratikoentzako hezkuntza eskaintzea. Hala, curriculumean aldi berean txertatuko ditu iraganaren egiari buruzko ezagutza objektiboa eta balio zibiko eta etikoen inguruko prestakuntza, ikasleek modu eraginkorrean eskuratu dezaten herritar gaitasuna. Gaitasun hori ezinbestekoa da indarkeriazko gertaerak, jokabide autoritarioak eta giza eskubideen urraketak saihesteko, baita iraganeko antzeko gertaera tamalgarriak prebenitzeko eta berriro ez gertatzeko ere.

 

PSNk aurkeztua. PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin ONETSIA.

 

Geroa Baik aurkeztutako ebazpen-proposamenak

 

Lehenengo erabaki proposamena

 

1. Nafarroako Parlamentuak beharrezkoak diren neurri guztiak sustatuko ditu Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoan ezarritako eskumenak erabat garatzeko.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Estatuak transferitu ez dituen eskumenak negoziatzeko eta transferitzeko behar den guztia egiteko eskatzen du.

 

3. Nafarroako Parlamentuko Lehendakaritzak jarduera hauek sustatuko ditu 2022an Foruen Hobekuntzaren berrogeigarren urteurrena beteko dela eta:

 

a. Foru autogobernuaren eta Foruen Hobekuntzaren indarraldiaren balantzeari buruzko jardunaldiak, irakaskuntzako eta unibertsitateko adituekin.

b. Batzorde txostengile bat sortzea, Foru Parlamentuan ordezkaritza duten talde eta elkarte guztiekin, Foruen Hobekuntzaren eguneratzea azter dezan.

 

Geroa Baik aurkeztua. PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin ONETSIA.

 

Bigarren erabaki proposamena

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideak bermatzeko foru lege bat egin dezan. Lege hori desgaitasunari buruzko foru araudiaren ardatza izanen da, Desgaitasunen bat duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioarekin bat eta konbentzio horrek desgaitasunari ematen dion ikuspegia –giza eskubideei eta oinarrizko eskubideak baliatzeko berme integralari loturako gai gisa– aintzat hartuta.

 

Geroa Baik aurkeztua. PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin ONETSIA.

 

EH Bilduk aurkeztutako ebazpen-proposamena

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du berehala har ditzan beharrezkoak diren baliabideak Nafarroako herritarrek arlo hauetan dituzten beharrizanak betetzeko, helburu hauekin:

 

– Gure osasun-sistema publikoan arreta duina eta kalitatekoa bermatzea, lehentasuna emanda oinarrizko osasun laguntzaren zuzeneko arretari eta lurralde ekitateari. Ezinbestekoa da oinarrizko osasun laguntzarako eta etorkizuneko arreta jarraiturako eredu bat diseinatzea: espezialitate berriak (fisioterapia, psikologia, geriatria...) sartu behar dira, osasun zentro/kontsultategi gehiago jarri behar dira eta berrikuntza teknologikoa sustatu behar da.

 

– Talka plan bat egitea familia-medikuntzako, pediatriako, espezialitateetako, erizaintzako... plazak premiaz betetzeko. Horretarako, azkartu eta erraztu egin behar da lan publikoaren eskaintza masiboen izapidetzea; aldatu egin behar dira merezimenduen baremoak, errealitate sozialera eta profesionalera egokitzeko; irizpide argiak ezarri behar dira betetzeko zailak diren landa eremuetan profesionalak fidelizatzeko.

 

– Beharrizanen mapak eta diagnostikoa egitea, adinekoentzako eta/edo desgaitasunen bat duten pertsonentzako baliabide publikoen –eguneko zentroak, adibidez– sarea zabaltzeko, tokiko erakundeekin elkarlanean.

 

– Baliabide eta zerbitzu publiko gehiago jartzea, daudenak indartzea eta berriak sortzea, lana eta familia bateragarri egiteko aukera eta pertsona guztiei zainketa duinak bermatzeko.

 

– Arreta publikoa emateko eredu berri baten alde egitea modu eraginkorrean, beharrezkoa den finantzaketa ezarrita eta arauetan egin beharreko aldaketak eginda. Eredu horrek pertsonetan zentratuta egon behar du eta baliabide berriak behar ditu, hala nola tutoretzapeko apartamentuak, etxeak, etxebizitza publikoa edo etxekidetza.

 

EH Bilduk aurkeztua. PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin ONETSIA.

 

PODEMOS-AHAL DUGUk eta IZQUIERDA EZKERRAk elkarrekin aurkeztutako erabaki proposamena

 

Lehenengo erabaki proposamena

 

1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du irakaskuntza publikoa garatzeko bultzada sendoa eman dezan legegintzaldia amaitzeko geratzen den denboran. Horretarako, eskaintza publikoa eta egonkortasuna handitu behar da, Nafarroako Foru Komunitateko eskola publikoen sarea hedatu behar da, guzion eskola arrakasta eta gizarteratzea lortzeko lan eginen duen hezkuntza gizarteratzailea, inklusiboa eta laikoago bermatzeko elementu gisa.

 

– Haur Hezkuntzako lehen zikloko hezkuntza-eskaintza publikoa, non bermatuko baita herritar guztiek irakaskuntza horiek jaso ahal izatea kalitatea, ekitatea eta iraunkortasuna bermatzeko baldintzetan, aurrera eginez hezkuntza-etapa hori Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publikoen sarean sartzeko bidean.

– Behar besteko eskaintza publikoa euskaraz eta gaztelaniaz, unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzako maila guztietan.

– Onartzeko prozedura justu eta inklusiboa, bizilekuaren eremuan/aitaren edo amaren lantokiaren eremuan eskolatze inklusiboa sustatzen duena.

– Irakaskuntza publikoan eskolatzea sustatzea, hau da, eskola-unitate publikorik ez kentzea eskolatze eskaera aintzat hartuta, eta ikastetxe publikoan lekua eskatu duten ikasle guztiei eskolan leku bat bermatzea.

– Erlijioaren irakaskuntza eta haren alternatibak legez ezarritako gutxienekora murriztea.

– Eskolako curriculumean heziketa afektibo-sexualaren, indarkeriarik ezaren, elkarbizitzaren eta herritar aktiboak eta arduratsuak izateko edukiak sartzea.

– Irakaskuntza publikoko profesionalen laneko baldintzak eta prestakuntza eskuratzeko baldintzak hobetzea.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du ikastetxe pribatu itunduekin sinatutako ituna kendu diezaien ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten eskola-unitateei, HLOALOn gai hori dela-eta ezarritakoarekin bat.

 

Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztua. PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin ONETSIA.

 

Bigarren erabaki proposamena

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du pausoak eman ditzan:

 

• Gazteen independentzian eta haien eskubideen aitorpenean, aniztasun sozial, linguistiko eta kultural ororen defentsan eta sustapenean, berdintasunean eta bizitzaren eta zaintzaren iraunkortasunean, balio solidarioen sakontzean eta aukeren garapenean oinarritutako eraldaketa sozialaren aldeko apustu argia egiten duten politika publikoak diseinatzea.

• Gizarte eta lurralde kohesioarekin lotutako balioak eraldaketa sozialaren eta gazteen independentziaren ikuspegitik sustatzen dituzten politikak, programak eta jarduketak indartzea aurrekontuaren bidez.

• Gazteei unibertsaltasuna eta berdintasuna bermatzea baliabideak eskuratzeari dagokionez, eta edozein arrazoi edo baldintza dela-eta gazteek jasaten duten edozein gizarte-bazterketa/gutxiespen murriztea. Ildo horretan, irisgarritasun unibertsalerako prozesuak indartzen jarraitu beharko dugu beste eremu sozial batzuekin sinergiak sustatuta, desgaitasunen bat duten gazteen inklusioa sustatzen jarraitzeko.

• EmanZipa programa mantentzea, gazteei bizimodu autonomoa eta independentea izateko aukera ematen dien emantzipazio sozialerako prozesuaren parte baita etxebizitza bat eskuratu ahal izatea. Horrez gainera, gazteei aukera eman beharko zaie beren etxean bizitzeko. Funtsezkoa da gazteen eta, oro har, biztanle guztien beharrak asetzen dituen eskaintza lortzea etxebizitzari dagokionez. Horretarako, etxebizitzen parke publikoa handitu behar da eta alokairu sozialak sustatu behar dira.

• Lan-merkatua erreformatzeko premiazko neurriei buruzko otsailaren 10eko 3/2012 Errege Lege Dekretua indargabetzea, mugatu egiten baitu gazteei bizimodu independenteari ekiteko aukera emanen dien kalitateko enplegua lortzea. Gainera, ezinbestekoa da bestelako ekimenak babestea gazteen laneratzea sustatzeko, hala nola autoenplegua edo ekintzailetza soziala, bereziki landa eremuetan, non lanerako aukerak are urriagoak baitira, baina enplegua sortzeko aukera ugari baitaude baliabide endogenoen ustiapenetik.

• Genero-indarkeriaren arloko informazioari eta baliabideei buruzko gazteentzako gida zabaltzen jarraitzea; emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko IGUALA programa, emakume gazteak ahalduntzeko IMPULSO-TAUPADA programa eta ZIBERERASOei buruzko kanpaina lantzen jarraitzea.

• Ongizate Emozionalari buruzko Aholkularitza bat martxan jartzen dela bermatzea. Doako zerbitzua izanen da, gazteei eta nerabeei laguntza pertsonalizatua emateko, une kritiko batean daudenean eta beren autoezagutza eta autorregulazio emozionala sendotzea eta beren buruenganako konfiantza berreskuratzea behar dutenean, laguntza hori ongizate pertsonala eta bizitza sozial pozgarriagoa lortzeko bidea baita.

 

Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztua. PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin ONETSIA.