Foru Gobernuak eskatu du ez dadila estigmatizatu bakarrik dauden adingabe atzerritarren kolektiboa
Geroa Bairen interpelazio bati erantzunez, hura ados baitago departamentuaren estrategiarekin “kriminalizazioaren eta salaketa orokor eta funsgabeen” aurrean
Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako kontseilari Carmen Maeztuk esan du 2021ean adingabeek egindako delituengatik ezarritako 251 neurri judizialetatik 16 baino ez direla 'mena' deituei egotzitakoak, eta "kolektiboa ez estigmatizatzeko" eskatu du.
"2011n 362 izan ziren gure komunitatean adingabeei ezarritako neurri judizialak, 2018an 335 eta 2019an 376, baina 2021ean 251 baino ez ziren izan, % 33 gutxiago", jakinarazi du. Aurretik esan du 2020an % 52 egin zutela behera, baina, urte berezia izanik, ezin dela erabili datuak erkatzeko, eta "2021eko 251 neurri judizial horietatik, bakarrik dauden adingabe atzerritarrei egotzitakoak 16 baino" ez direla.
Departamentuak bakarrik dauden adingabe atzerritarrei zuzendutako jarduketei buruz Geroa Baik egin duen interpelazioari erantzunez, Maeztuk erantsi du, aste honetan Enrique Maya Iruñeko alkateak zabaldutako datuez ari zela, Iruñean 2021ean izandako 4.000 eginbideetatik lautan egon direla nahasita Nafarroako Gobernuak tutoretzapean dituen adingabe atzerritarrak. "Lau kasu horiek ez zitzaizkion departamentuari jakinarazi aurretik adostutako moduan", gaineratu du.
"Etikak eta legeak ezarritako printzipio nagusi batek dio ez zaiela delituzko jokabiderik egotzi behar pertsona taldeei beren arraza, jatorria, estatus soziala edo adina aintzat hartuta", azpimarratu du Maeztuk, eta azpimarratu "beti pertsona zehatzek, eta ez herriek edo gizarteko taldeek" egiten dituztela delituak.
"Ez da onargarria adingabe hauei delituak leporatzea, talde bat estigmatizatzen ari delako; are gehiago, horrela jokatzea delitua ere izan daiteke", ohartarazi du Eskubide Sozialetako kontseilariak, eta deia egin du "oso adi egoteko eta gorrotoaren edo bereizkeriaren aldeko diskurtsoak hauspotu ditzakeen edozein adierazpen saihesteko".
Departamentuak egindako lanari dagokionez, Maeztuk azaldu du "babes sistemako gainerako zerbitzuekin bat eginda" ematen zaiola arreta kolektibo honi. Esan duenez, lurraldera iristen diren unetik egiten dira esku-hartzeak. "Ingurune egonkorra eskaini nahi zaie, helduaroko bizimoduaren oinarriak modu integralean eraiki ahal ditzaten, eta hala nahi badute Nafarroan gizarteratzeko eta gelditzeko aukera ematen zaie", azpimarratu du, departamentuak eskaintzen dituen baliabideak zerrendatu ondoren: egoitza- eta harrera-programak, prestakuntza arautua eta arautugabea, lanerako prestakuntza, hizkuntza ikastea, etab.
Isabel Aranburu (Geroa Bai talde parlamentarioa) departamentuaren estrategiarekin ados agertu da, eta ahalegina eskatu dio "adingabe horien errealitatea eta horiekin egiten diren ekintzak azaltzeko, eskuinaren eta eskuin-muturraren kanpainak indargabetze aldera. Ez ditugu onartzen kriminalizazioa eta salaketa orokor eta funsgabeak", erantsi du.
Marta Álvarezek (Navarra Suma talde parlamentarioa) "alkatearen hitzak aldrebestu izana" gaitzetsi du eta "onartezin eta bidegabeko"tzat jo du Mayaren kontra halako "xenofobia salaketa larria" egin izana. "Tribuna hau politika zitala egiteko" erabili dela kritikatu ondoren, esan du "gezur biribila" dela alkateak mezu xenofoboa zabaldu duelakoa. Ildo horretan esan du eztabaidagai izan behar lukeela ea departamentuaren politikek ongi funtzionatzen duten edo, aldiz, "porrot egin" eta "gazteen delinkuentzia areagotzen" laguntzen duten.
Nuria Medinak (PSN talde parlamentarioa) esan du kontseilariak emandako datuak "ukaezinak" direla, baina Navarra Sumari datu horiek ez diotela axola, "argi daukalako mezua eta bere aurreiritziak berretsiko dizkiona baizik ez duelako aditzen".
Patricia Peralesek (EH Bildu talde parlamentarioa) "eredu inklusiboa, pertsona guztiak hartzen dituen gizarte integratzailea" aldeztu du. Horretarako, "kultura askoren bizikidetza gakoa" dela esan du, eta bereziki garrantzitsutzat jo du "batzuek beren interesen alde elikatu nahi dituzten diskurtso arrazista eta xenofoboak indargabetzea".
Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkartea) esan duenez, Mayaren adierazpenak "une bateko okerra izan zitezkeen, baina legegintzaldiaren hasieratik ari ziren keinuak egiten adingabe atzerritarren auzian".
Marisa de Simón (talde parlamentario mistoa) ados agertu da esatean "gizarte babesaren sistema osoan arreta integrala" eman behar zaiela adingabe hauei. Aurretik azpimarratu du "botere publikoak direla esku hartu behar dutenak, argi eta garbi".