Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Urriak 5

Foru Gobernuak errepideen kontserbaziorako inbertsio handiaren beharra dagoela aitortu du

PSNren interpelazio bati erantzunez, zeinak jarrera etsia salatu, eta “propaganda egiteari utzita errepide sarea mantentzeko dirua bila dadila” eskatu baitu

Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomikorako lehendakariorde Manu Ayerdik aitortu du Foru Komunitateko errepideen kontserbaziorako "inbertsio handiaren beharra" dagoela, baina errefusatu egin du "egoera hondamendi gisa ikustea, errepideetako istripu kopuruari eta arriskuari dagokienez". Ildo horretatik, iragarri du Gobernua 2018an edukiera handiko sareari eta finantzaketari buruzko azterlana egiteko asmotan dela.

 

Manu Ayerdik PSNren interpelazio bati erantzun dio Kontroleko Osoko Bilkuran. Azaldu duenez, 2017an kontserbaziorako aurrekontuan zortzi milioi gehiago jarri dira 2016an baino, eta beste jarduketa batzuei ekiten ari zaie, esate baterako N-121-A errepideko tunelen hobekuntzari, 2,1 milioi euroko aurrekontuarekin.

 

Hala ere, errepideen egoeraren "behin betiko konponbideak hain du munta ekonomiko handia ezen eztabaida politiko eta sozial zabal-zabala egin behar baita finantzaketa iturriei buruz".

 

Manu Ayerdik adierazi duenez, orain arte, "aurrekontuko baliabideen faltagatik", konpontzeko kontserbazioa egin da, hau da, gune jakinetan egin dira obrak, "narriadura ekiditeko premia larria edota erabiltzaileentzako arriskua egon denean. Horrelako jarduketak eraginkorrak izanagatik ere, ezin izan da prebentziozko jarduketarik egin, metatuz joan da jarduketen defizita, eta dagoeneko 150 milioi euro ingurukoa da".

 

Hurrengo urteetako jarduketak aurrekontuko baliabideek baldintzatuko dituztela erantsi du lehendakariordeak, eta horren harira honako hau ohartarazi du: "ez gaude azken hamar urteetan metatutako defizit osoari edo horren zati bati aurre egiteko aurrekontu-estrategia bermeduna eta sendoa planteatzeko moduan".

 

Guzmán Garmendiak (PSN) esan du lehendakariordea "etsiak hartuta” agertu dela. Errepideen kontserbaziorako "aurrekontuan behar adina baliabide izatetik oso urrun gaude", gehitu du. "Bi urtean Gobernuak ez du ezer ere egin, beti bezala. Planez, idazteaz, egoerari ekiteaz hitz egiten du, eta bitartean ez du ezer egiten eta Nafarroako errepideak gero eta hondatuago daude. Handitu al da aurrekontua? Adorez ekin al zaio egoerari? Ez zaio aurre egin arazoari, eta horrexek kezkatzen gaitu”.

 

Bitartean "sufritzen ari dira Nafarroako herritarrak, enpresaburuak, langileak, sindikatuak", kritikatu du Garmendiak, eta 2017aren lehen erdian zirkulazioko istripuen kopurua 2.290era igo dela gogorarazi du. 2016ko epe berean 2.204 istripu gertatu ziren. "Utikan propaganda eta iragarkiak. Errepideak mantentzeko dirua bilatu behar da", nabarmendu du.

 

Lehendakariaren iritziz, Garmendiak "halako arinkeria batez" lotu ditu zirkulazioko istripuak errepideen egoerarekin. "Errepideetako heriotzen eboluzioa beherantz doa nabarmen, nahiz eta kopurua beti izanen den gehiegizkoa", adierazi du.

 

Luis Zarraluquik (UPN) arazoari "errealismoz eta aurrera egiteko gogoz" ekitea proposatu du, eta beharrezkotzat jo du "finantzaketa iturri berriak bilatzea".

 

Rafael Erasok (Geroa Bai) esan du "bistakoa" dela departamentuak errepide sarearen hobekuntzaren alde egindako apustua. Ondoren, arlo horretako aurrekontuak handitzearen alde mintzatu da.

 

Maiorga Ramírezek (EH Bildu) azpiegituren arloan nola jokatu den hausnartzeko eskatu du, eta behar bezala jokatzeko, akats berak berriro gerta ez daitezen.

 

Carlos Cousok (Podemos-Ahal Dugu) esan du errepideen hondatzea ez dela azken bi urteetako arazoa, urte luzeetan metatutakoa baizik, eta UPNk eta PSNk arazo horretan duten erantzukizuna gogorarazi du.

 

Javier Garcíaren (PPN) iritziz, azken hilabeteetan "hobetu ordez egoerak okerrera egin du". Aurrekontuko kontu-sailak handitzeko ahalegina eskatu du.



José Miguel Nuinek (Izquierda-Ezkerra) adierazi duenez, gaur finantzaketa arazoa dagoela aitortu da, baina PSNk ez du "inolako proposamenik" aurkeztu eta, beraz, berdin jarraitzen dugu.