Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Azaroak 8

Foru Administrazioaren zerbitzuko langileen arloko neurriei buruzko 1/2018 Foru Lege Dekretuaren baliozkotzea

Osoko Bilkuran onetsia. 2018ko azaroaren 8an

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen arloko neurriei buruzko 1/2018 Foru Lege Dekretuaren baliozkotzea onetsi du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren abstentzioekin.

 

Gobernuak aurkeztutako testuan zenbait lanposturen mailen eta ordainsari osagarrien igoerak jasotzen dira. Aurreikusten da, zehazki, administrari laguntzaileei C mailan integratzeko osagarri iragankor bat esleitzea, % 7,91koa.

 

SOS Nafarroako koordinazioko operadore laguntzaileei, berriz, lanpostuko osagarria % 4,06 handituko zaie, eta aretoko buruei % 6,73; azken horiei, gainera, bateraezintasuneko % 35eko osagarria esleitzen zaie.

 

Basozaintzako langileen arrisku bereziko osagarria % 5 handituko da, ordainsari-kontzeptu horrengatik guztira % 10era iritsi arte.

 

Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuan, % 5eko arrisku bereziko osagarri bat esleitzen zaie Programen Jarraipenerako Atalari atxikitako prestakuntzako eta enpleguko erdi mailako tituludunen hiru lanpostuei.

 

Bestalde, errepideetako zaintzaileak C mailan sartuko dira, eta horrenbestez lanpostuko osagarria % 8,35 handituko zaie. Hori gorabehera, lanpostu batzuek esleiturik dituzten arrisku bereziko osagarriei eutsiko zaie.

 

Azkenik, E mailako langileak D mailara igaroko dira. Horientzat eta errepideetako zaintzaileentzat xedatutakoak ez du berekin ekarriko ukitutako langileek orain arte bete dituzten eginkizunak betetzeari uztea, ezta beste lanpostu baten eginkizunak esleitzea ere.

 

Urriaren 24ko 1/2018 Foru Lege Dekretua, Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileen arloko neurri batzuk onesten dituena, argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean, eta atzeraeragina izanen du, 2018ko urriaren 1etik.

 

1/2018 Foru Lege Dekretuak Foru Administrazioaren eta LAB, CCOO eta UGT sindikatuen artean lortutako urte anitzeko akordioari erantzuten dio. Akordio hori 2018-2021 bitartean gauzatu beharko da, betiere une bakoitzean indarrean diren legeei loturik.

 

2018ko aurrekontu ekitaldiari dagokionez, Estatuko 2018rako Aurrekontu Orokorrei buruzko uztailaren 3ko 6/2018 Legearen 18.Bi artikuluak xedatzen ditu, besteak beste, behar diren gaikuntzak, posible izan dadin gauzatzea arestian aipatutako urte anitzeko akordioan 2018rako aurreikusten diren neurriak; hortaz, bidezkoa da neurri horiei arau maila ematea foru lege dekretu baten bidez.