Eztabaidatutako 29 erabaki-proposamenetatik 11 onetsita, amaiera eman zaio Erkidegoaren egoerari buruzko 2024ko eztabaidari
Legebiltzarrak bere gain hartu du Ongizatearen Estatuaren defentsa, honako hauek abiaburu: osasun-zerbitzuen prestazioa, garapen jasangarria, gizarteratzea eta etxebizitza lortzea errazagoa egitea
Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak Foru Komunitatearen Egoerari buruzko 2024ko Eztabaidan aztertu diren 29 erabaki proposamenetatik 11 onetsi ditu. Horietatik hiru –osasungintzari, etxebizitzari eta bizikidetzari buruzkoak– PSNk, Geroa Barik eta Contigo-Zurekinek adostutakoak dira. Horietako beste zazpi, Gobernua zuzenean nahiz zeharka babeste dituztenek aurkeztu dituzte. Hamaikagarrena, berriz, UPNk aurkeztu du. UPNren gainontzeko beste lauak bai eta PPNk eta Voxek aurkeztutako guztiak, ezetsi egin dira.
ONETSITAKO ERABAKIEN ZERRENDA
Lehenbiziko erabakia
1. PROPOSAMENA - UPN
1.- Nafarroako Parlamentuak honako hauek egiteko konpromisoa hartzen du: bizikidetza, errespetua eta berdintasuna sustatuko du Nafarroako esparru eta toki guztietan eta pertsona guztien giza eskubideekiko errespetua defendatuko du.
2.- Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten ditu ETA talde terroristak eragindako hilketak eta indarkeria, terroristei espetxetik irteten direnean egindako errekonozimendu eta gorazarre ekitaldi guztiak eta horiek hauteskunde-zerrendetan nahiz erakunde publikoetan sartzea.
3.- Nafarroako Parlamentuak, halaber, gaitzetsi egiten du gizartean gertatzen den indarkeriazko egintza eta adierazpen oro, bereziki emakumearen aurkako indarkeria eta generoa, sexu-joera, arraza edo ideologia politikoa direla-eta gertatzen dena.
4.- Nafarroako Parlamentuak adierazpen-eta prentsa-askatasunarekiko, kazetarien lan independentearekiko eta informazioa-aniztasunaren sustapenarekiko konpromisoa adierazten du.
5.- Nafarroako Parlamentuak adierazten du kezkatuta dagoela gero eta sarriago gertatzen direlako gizartea ezegonkortzea eta sumina eragitea bilatzen duten gezurrak eta desinformazioa, batez ere sare sozialetan, eta Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroako gizarte osoaren alfabetatze mediatikoa susta dezan, batik bat kolektibo zaurgarrienen artean.
6.- Nafarroako Parlamentuak botere-banaketa errespetatzeko eta errespetarazteko konpromisoa hartzen du, botere-banaketa sistema demokratiko batean oinarri-oinarrizkoa den aldetik.
Onetsia, UPN, PSN eta PPNk alde bozkatu baitute; EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin-ek, berriz, aurka bozkatu dute, eta Vox abstenitu egin da.
Bigarren erabakia
6. PROPOSAMENA - PSN
1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du aurrera egin eta gizarteratzeko eskubidea sendotu dezan; hartara, Gobernua premiatzen du:
1.1 Enplegurako pizgarriak hobetu ditzan, egin den ebaluazioan jasotako gomendioekin bat.
1.2 Lan-merkatuan sartzeko moduan dauden pertsonen enplegurako eskubidea bultzatzen lagunduko duten mekanismoak jar ditzan.
1.3 Arrisku egoeran eta/edo gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonen akonpainamendu soziala indartuko duten neurriak ezar ditzan eta trebakuntza pertsonal eta sozialeko baliabideak nahiz baliabide okupazionalak hobetu ditzan, pertsonek gizarteratze-ibilbideetan aurrera egiaz egin ahal izan dezaten.
2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du enplegu-politika aktiboak sendotu ditzan elkarrizketa sozialaren esparruan, funtsezko tresna diren aldetik gizarte-bazterketako egoeran dauden pertsonen enplegagarritasuna handitzeko, bai eta orientazio- eta bitartekaritza-eredu berria ere, askoz ere pertsonalizatuagoa.
Onetsia, UPN, PSN eta Geroa Baik alde bozkatu baitute; Voxek, berriz, aurka bozkatu du, eta Contigo-Zurekin eta EH Bildu abstenitu egin dira.
Hirugarren erabakia
7. PROPOSAMENA - PSN
Hortaz, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du:
1. Hartu beharreko neurriak har ditzan Nafarroako Funtzio Publikoaren Estatutuaren testu berri bat taxutzeko xehez eratutako mahaiek lanean jarraitzeko, halako moduan non erantzuna emanen zaien nafarren beharrizanen araberako administrazio moderno, humanista, malgu, efiziente eta eraginkor baten beharrizanei, hori baita administrazioa egotearen arrazoi nagusia, betiere administrazioaren zerbitzuko langileen eskubideak errespetatuta.
2. Egin beharreko lanen egutegia ezar dezan, non inplikatutako eragile guztiek parte hartuko baitute. Adosten den testua Parlamentuan erregistratuko da, eztabaidatu eta bozkatzeko.
Onetsia, PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinek alde bozkatu baitute; UPN eta Voxek, berriz, aurka bozkatu dute, eta EH Bildu eta PPN abstenitu egin dira.
Laugarren erabakia
8. PROPOSAMENA - PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin
• Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du bizikidetza baketsua, aniztasunarekiko errespetua eta giza eskubideen defentsa sustatzeko ekintzak indartu ditzan, gorrotoz-diskurtsoak ugaltzen ari baitira.
• Nafarroako Parlamentuak gorrotoa sustatzen eta bultzatzen duen ordezkari publikoen adierazpen politiko oro gaitzesten du, gorroto horren oinarrian zernahi ere dagoen: jaioterria, arraza- edo etnia-jatorria, sexua, erlijioa, sinesmena edo iritzia, sexu-orientazioa edo -identitatea nahiz beste edozein baldintza edo inguruabar pertsonal edo soziala.
• Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten du gorrota sustatzen eta bizikidetza demokratikoa gaizkitzen laguntzen duten gezurrak eta mezuak prestatzea eta hedatzea.
Onetsia, UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, Contigo-Zurekin eta PPNk alde bozkatu baitute; Voxek, berriz, aurka bozkatu du.
Bosgarren erabakia
9. PROPOSAMENA - EH Bildu
1.- Nafarroako Parlamentuak berdintasunaren arloan sustatutako legeak garatzeko eta baliabideak paratzeko konpromisoa hartzen du, azpimarra jarrita Gizonen eta Emakumeen arteko Berdintasunerako Plan Estrategikoaren garapenean eta plan horren lau ildo estrategikoetan.
2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du gobernantza-eredu ireki eta feminista gara eta susta dezan, beharrizan sozial eta politiko berriei erantzunen diena, zertarako eta esparru politiko-instituzionala herritarrei eta eragile politiko eta sozialei hurbilarazteko.
Onetsia, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinek alde bozkatu baitute; UPN, PPN eta Voxek, berriz, aurka bozkatu dute.
Seigarren erabakia
11. PROPOSAMENA - EH Bildu
Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du:
- Despopulatzearen aurkako borrokarako eta landa garapenerako foru legearen proiektuak aintzat har ditzan Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak eginen duen parte-hartze prozesuaren ondorioak, eta despopulatzearen aurkako borrokak beharrezkoa duen zeharkako ikuskera jaso dezan.
- Etxebizitza Eskuratzeko Plana zehaztu dezan 5.000 biztanletik beheitiko udalerrietarako, Tentsiopeko Etxebizitza-eremuen Aitorpenetik automatikoki kanpo geratu baitira.
- Nafarroako Kontuen Ganberak egiten dituen gomendioekin bat, Pirinioen Plan Estrategikoaren ebaluazio osoa egin dezan eta eredu hori despopulatze-arriskuan dauden beste eremu batzuetara eraman dezan.
-2025ean hiriarteko garraioaren bi linea, gutxienez ere, lizita ditzan eta esleitzeko dauden linea guztiak legegintzaldi honetan eslei ditzan.
- Landa eremuetan belaunaldien arteko erreleboa erraztera bideratutako neurri zehatzak eta lehen sektorea nahiz baso-kudeaketa jasangarria sustatzeko neurriak bultza ditzan.
Onetsia, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinek alde bozkatu baitute; PPN eta Voxek, berriz, aurka bozkatu dute eta UPN abstenitu egin da.
Zazpigarren erabakia
15. PROPOSAMENA - Geroa Bai
1. Klima aldaketari aurre egiteko Nafarroaren ibilbide-orrian eta Nafarroako 2030erako Energia Planean sakontzea. Jarraipenerako eta kontrolerako tresnak, eta erreferentziakoak.
2. Klima aldaketaren interpretaziorako gune bat sortzea: ibiltaria, interaktiboa eta klima aldaketaren gaineko dibulgaziokoa, Nafarroa osoan barrena ibiliko dena.
3. Etxebizitzen eta eraikin publikoen zaharberritze efizientea bultzatzen jarraitzea.
4. Garapen Sozial Jasangarriaren eredu ekonomikoari buruzko Europako legedia egokitzea.
5. Europar Batasuneko zuzentarauak arau bidez albait lasterren garatzea eta betearaztea –denak, baina bereziki trantsizio ekologikoarekin lotutakoak–.
6. Energia-komunitateak bultzatzea.
7. Mugikortasun jasangarriaren aldeko apustu zalantzarik gabearekin jarraitzea, Nafarroan Mugikortasun Elektrikoa Bultzatzeko Agendaren bidez, Nafarroako Mugikortasun Jasangarriaren 2018tik 2030era bitarteko Plan Zuzendarian sakonduz.
8. Intermodalitatearen sustapena bultzatzea, bidaiaren eta salgaien garraioen arteko trukeak optimizatzetik abiatuta.
9. Heldu diren urteotan Moves Planari jarraipena eman dakion eskatzea, mugikortasunaren elektrifikazioaren aldeko apustu irmoaren erakusgarri.
10. I+G+Bren aldeko apustua egitea energia alternatiboen sorkuntzaren eta biltegiratzearen arloan; esaterako hidrogeno berdearen aldekoa.
11. Albait lasterren abiaraztea Nafarroako Trantsizio Energetikoaren Agentzia.
12. Ekonomia Zirkularraren Hub-a eratzea, enpresen, hezkuntza-entitateen eta zentro teknologikoen ahaleginak batuko dituena, prestakuntza aurreraturako eta Navarra Zirkular ekimenaren esparruan proiektu estrategikoak garatzeko.
13. Bultzatzea, lehen sektorearekin batera, nekazaritza birsortzaileko, laborantza ekologikoko edo elikadura osasungarri eta jasangarriko ekimenak, bai eta tokiko eragile ekoizleen sustapena eta babesa eta merkaturatze-kanal laburreko neurrien garapena ere, elikadura-subiranotasunean jarrita begirada.
14. – Landa-berrikuntzako ekimenak edo digitalizazioa garatzea, eremu horien despopulatzearen aurka borrokatzeko eta landa-eremuetan bizi-kalitate duina bermatzeko ardatz estrategiko diren heinean.
Onetsia, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinek alde bozkatu baitute; Voxek, berriz, aurka bozkatu du eta UPN eta PPN abstenitu egin dira.
Zortzigarren erabakia
16. PROPOSAMENA - Geroa Bai, PSN eta Contigo-Zurekin
1. Profesionalen, talde parlamentarioen, sindikatuen, lanbide-elkargoen, paziente-elkarteen eta osasun-arloko enpresen eskutik lan egitea osasun-sistema publikoa modernizatzeko eta Osasun Sistema Nazional osorako ezarritako erronkak gainditzeko hartu beharreko erabakiak hartzeko, ahal den adostasun handienarekin hartu ere.
2. Osasunari buruzko foru lege berria aurreratu eta onestea, Paziente Kroniko eta Pluripatologikoaren Estrategia berreskuratzea eta Zainketa Aringarrien Estrategia bultzatzea.
3. Itxaron-zerrendak Murrizteko Plan Integralarekin jarraitzea. 2024an abiarazitako plana ebaluatzea, estrategia osagarri berriak jasota, premia klinikoan oinarritu eta digitalizazioarekin, laguntza-profil berriekin eta bereizmen handiko zirkuituekin optimizatutako laguntza orientatuko dutenak.
4. Oinarrizko osasun-laguntzaren eginkizuna bultzatzea, laguntzaren lehen maila den heinean. Zeregin horretan lagunduko duten profil sanitarioak eta ez-sanitarioak zabaltzea. Eskuragarri dauden baliabideak optimizatzea, lurralde osoan laguntzarik hoberena bermatzeko. Oinarrizko Osasun-laguntzako hitzorduen eskuragarritasuna hobetzea eta jada ezarritako neurriak zabaltzea (esaterako, telefonogune adimentsua) foru-erkidegoko kontsultategi handienetara.
5. Betetzen zailak diren lanpostuak identifikatzea eta horietarako pizgarriak ezartzea, hala Oinarrizko Osasun-laguntzan nola ospitalekoan.
6. Eta, profesionalei, lan-baldintzei eta talentua erakartzeari dagokienez, 2023 eta 2024ko lan-eskaintza publikotik heldu diren deialdiak onesten jarraitzea; kontratazio-eskaintzak hobetzea eta optimizatzea; betetzekoak zailak diren lanpostuei buruzko araua garatzea, C eta D mailako osasun arloko langileen lanbide karrera garatzea, mugikortasunaren arloko araudi berria aplikatzea behin onetsita, eta talentua erakartzeko eta atxikitzeko beharrezkoak diren neurri guztiak hartzea, baita arau-arlokoak ere.
Onetsia, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinek alde bozkatu baitute; UPN, PPN etaVoxek, berriz, aurka bozkatu dute.
Bederatzigarren erabakia
22. PROPOSAMENA - Contigo-Zurekin
Nafarroako Parlamentuak uste du funtsezkoa dela Nafarroako Gobernuak bultzatzen jarraitzea bere lidergo estrategikoa Nafarroaren industria-ereduaren planifikazioari eta zuzendaritzari dagokienez. Hortaz, Parlamentuak ongi ikusten du Gobernuak ekimena hartzea Nafarroako industriari buruzko lege berezi bat izan dezan, gure erkidegoaren industria-politikan eragiteko esparru bat taxutzeko xedez, honako hauetan oinarrituta:
- XXI. mendeko lehiakortasun-faktore nagusiak bultzatzea: I+G, giza kapitala, digitalizazioa eta energia garbi, merke eta bertan ekoitzia.
- Espezializazio adimentsua balio-kate osoak ezartzeko, lurraldean zehar banatuak eta eskualdean nahiz herrian sustraituak.
- Zirkularitatean, ekonomiaren supertzean eta balio sozial erantsian oinarritutako garapen jasangarria.
- Ekonomiaren demokratizazioa, honako hauen bidez: ekonomia sozialaren sustapena, elkarrizketa soziala, organizazioen barne demokrazia eta kapitalaren banaketa, enpresa txiki eta ertainei nahiz autonomoei lagunduta.
Alegia, apustu egitea industria-eredu aurreratua, berdinzalea, ingurunearekiko begirunetsua, behar den moduko enplegu-sortzeailea, sortzen den balio erantsia banatzeko gauza dena, bai eta gure erkidegoa kohesionatzeko ere, eta, hortaz, nafar guztiei ahalbidetuko diena politika ekonomiko orok bilatu behar duen helburua lortzea: hobeki bizitzea.
Onetsia, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinek alde bozkatu baitute; UPN, PPN eta Voxek, berriz, aurka bozkatu dute.
Hamargarren erabakia
23. PROPOSAMENA - Contigo-Zurekin
1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du albait lasterren eta osorik gara dezan Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Foru Legea, gure erkidegoak klima aldaketaren aurka ekiteko daukan ibilbide berekia den aldetik.
Onetsia, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinek alde bozkatu baitute; UPN, PPN eta Voxek, berriz, aurka bozkatu dute.
Hamaikagarren erabakia
24. PROPOSAMENA - Contigo-Zurekin, PSN eta Geroa Bai
1. Nafarroako Parlamentuak Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentua premiatzen du Etxebizitzaren Behatokia sor dezan, etxebizitzaren merkatuaren egoeraren jarraipena egiteko tresna izan dadin.
Onetsia, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinek alde bozkatu baitute; UPN, PPN eta Voxek, berriz, aurka bozkatu dute.
BAZTERTUTAKO EBAZPEN-PROPOSAMENEN ZERRENDA
2. EBAZPEN-PROPOSAMENA (UPN)
1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio lehen mailako arretaren ereduaren erreforma egin dezala, Osasun Departamentuak lehen mailako arretara bideratzen duen aurrekontua igota; hurrengo bi urteetan % 20ra iritsi beharko du.
2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio uztailaren 2ko 14/2008 Foru Legean espezialistarekin lehen hitzordua izateko eta ebakuntza kirurgikoa egiteko ezarritako gehienezko itxarote-epeak bete ditzala; gehienezko itxarote-epeak (gaur egun dago halakorik) ezar ditzala berrikuspen-kontsultak eta proba osagarriak egiteko, eta herritar guztientzat irekian argitara ditzala azterketa eta proba osagarri horietarako itxarote-denborak.
3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio abian jar dezala Nafarroako lan-ezbeharren aurkako premiazko txoke-plan bat, neurri berritzaileak izango dituena barne, hala nola IoT erabiltzea, berdinen arteko segurtasun-mentoreak edo “akats seguruaren kultura” garatzea.
4. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio Osasunbideko egungo produktibitate-sistema eraldatu eta emaitzetan eta osasun-balioaren sorreran oinarritzen diren pizgarrien sistema bihur dezala; Osasunbideko langile guztien ordutegi-kontrola ezar dezala; C eta D mailetarako karrera profesionala ezartzeko hartutako konpromisoak bete daitezela, eta prestakuntzan dauden profesionalak (BAME, BAFE, BAEE, etab.) karrera profesionaleko sisteman lehenbailehen sar daitezela.
5. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio Landa Osasuneko Plan Integrala gara dezala, lantzen ari den Osasun Plan berriaren barruan, eta, plan horretan, besteak beste, landa-eremuan osasun-arloko profesionalak (bereziki, medikuak) erakartzeko eta atxikitzeko programa espezifiko bat jaso dezala, bai eta landa-eremuko osasun-azpiegituren hobekuntza ere.
6. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio Tuterako eta Lizarrako ospitaleetako osasun-zerbitzuen deribazioa lehengoratzeko herri horietatik kanpo, eta Erriberriko osasun-etxeko larrialdi-zerbitzua berreskuratzeko.
7. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio ezar dezala Gazteen Osasun Mentaleko Plan Integrala; areagotu ditzala osasun mentaleko zerbitzuetarako baliabideak gazteei arreta emateko, profesional espezializatuen kontratazioa ziurtatuz; indartu ditzala Haur eta Gazteen Osasun Mentaleko Zentroak; eman diezaiela larrialdi-zerbitzuei gazteen osasun mentaleko krisietan arreta espezializatua emateko unitateak, eta gara dezala Hautemate Goiztiarreko eta Hezkuntza Inguruneetako Arretako Programa, Hezkuntza Departamentuarekin lankidetzan.
Baztertua, PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinen kontrako botoekin, UPN, PPN eta Voxen aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin.
3. EBAZPEN-PROPOSAMENA (UPN)
1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio Etxebizitzaren aldeko Mahaia sor dezala. Organo horretan, Nafarroako Gobernuko ordezkariek parte hartuko dute, eskariaren presioak gehien eragiten dien udalerrietako ordezkariekin batera, bai eta sektoreko eragileekin eta kontsumitzaile eta erabiltzaileekin ere, etxebizitza babestu gehiago izateko eta horiek azkarrago eskuratzeko neurriak adoste aldera.
2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio gastu-partida handi bat izan dezala etxebizitzarako lurzorua erosteko, etxebizitza babestua gauzatzeko premiazko txoke-plan bati ekitearren.
3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio ahalik eta gehien bizkortu ditzala etxebizitza babestu nahikoa izateko plangintza-tresnak, eta, horretarako, epeak eta izapideak labur ditzala, bereziki AHTren UGPSko garapenarekin lotutakoa.
4.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio eraikin zaharretako etxebizitza- eta bizigarritasun-araudian aldaketak onets ditzala, birgaitzeak eta/edo erabilera-aldaketak errazteko, etxebizitza gehiago sortu eta eraikinak egungo bizimoduetara egokitze aldera.
Baztertua, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinen kontrako botoekin eta UPN, PPN eta Voxen aldeko botoekin.
4. EBAZPEN-PROPOSAMENA (UPN)
1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio bultza dezala familiek beren haurrak haur-hezkuntzako lehen zikloan doan eskolatzeko duten eskubide UNIBERTSALA, eta, horretarako, Hezkuntza Departamentuak baimendutako zikloko ikastetxe pribatuetako plazak aprobetxa daitezela, eta, hala badagokio, laguntza-deialdiak bultza daitezela ikastetxeen sarean, beren instalazioak zikloan bertan indarrean dagoen araudira egokitu eta haur-eskola gisa baimenduak izan daitezen.
2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio maiatzaren 4ko 11/2022 Foru Legearen laugarren xedapen gehigarria betetzeko bidean aurrera egin dezala, eta ikasturte honetan IIP programan ezarritako aniztasunari erantzuteko neurriak ebalua ditzala, programa Nafarroako hezkuntza-sistemaren beste hizkuntza-eredu bat bihurtzeko prozesua hasi ahal izateko eta ikastetxeetan pixkanaka ezartzen hasteko 2025/2026 ikasturtetik aurrera.
3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio hurrengo onarpen-aldian (2025/2026 ikasturtea) Nafarroako hezkuntza-sistemaren eskaintza familien eskarira egokitu dezala, eta, horretarako, PSN, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinen artean indarrean dagoen gobernu-akordioaren bidez Nafarroan aplikatzen ari den itunpeko sarean lerroak areagotzeko debekua kendu dezala, Espainiako Konstituzioaren 27. artikuluaren 3. puntuaren aurka egiten baitu, non familiek beren haurrentzat nahi duten hezkuntza mota aukeratzeko duten eskubidea ezartzen den.
Baztertua, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinen kontrako botoekin eta UPN, PPN eta Voxen aldeko botoekin.
5. EBAZPEN-PROPOSAMENA (UPN)
1- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio alda dezala Errenta Bermatuaren Foru Legea, subsidio bat jasotzeari dagokionez pertsonak kronifikatuko ez dituen eta subsidio horiek jasotzen dituzten pertsona gehienak laneratzera eta lan-merkatuan sartzera bultzatuko dituen gizarte-inklusioko errentaren eredua izateko.
2- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio itun sozial bat susta dezala Nafarroan eta estrategia presta egin dezala emakumeen eta gizonen arteko soldata- eta pentsio-arrakala ezabatzeko.
Baztertua, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinen kontrako botoekin, UPN eta PPNren aldeko botoekin eta Voxen abstentzioarekin.
10. EBAZPEN-PROPOSAMENA (EH Bildu)
1. Zainketa-sistema publiko-komunitario bat eraikitzearen alde egitea:
• Zerbitzuak publiko egiteari dagokionez aurrera eginez.
• EELZren, eguneko zentroen eta komunitate zaintzaileak sortzen dituzten udal-programa komunitarioen funtzionamendua indartuz.
• Nafarroako Gobernutik, bidezko lan-baldintzak bermatuko dituzten hitzarmen kolektiboak sinatzea eta betetzea bultzatuz, zainketen eremuko langileen kolektiboarentzat.
2. Pobreziaren eta gizarte-bazterkeriaren aurkako borrokan aurrera egitea, adingabeak dauden etxeetan arreta berezia jarrita:
• Errenta bermatuaren eta bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren estaldura eta babes-ahalmena sendotuz, eta prestazio horien kudeaketa- eta jarraipen-prozesuak arinduz.
• Gizarte-inklusiorako eskubidea bermatuko duten programak eta baliabideak indartuz: gizarte-zerbitzu eta -erakundeetatik akonpainamendu soziala ematea; enplegurako pizgarriak eta lana aktibatzeko neurriak aplikatzea; etxebizitza eskuratzeko eta mantentzeko laguntza ematea.
3. Nafarroako hezkuntza-sistema publiko-komunitarioa indartzea, herritar guztien aukera-berdintasuna bermatzen duen oinarrizko eskubide gisa, aniztasunean, inklusioan eta gizarte-kohesioan arreta jarrita. Helburu hori lortzearren, erronkari elkarrizketa sozialetik heldu behar zaio, eta neurri erabakigarriak hartu behar dira hezkuntza-kalitatean eta sektoreko lan-baldintzetan aurrera egiteko.
4. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio osasunaren foru-lege berria egiteko prozesuan partaidetza soziala, sindikala, profesionala eta abar inplementa dezala. Eragile guztiei Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordera jotzeko aukera bermatuz, osasunaren lege berriaren ikuspegi integrala/holistikoa izateko ekarpenak eta iradokizunak egin ditzaten, ahalik eta adostasun handiena lortze aldera. Horretarako, kronograma bat ezarriko da, 2027ko legegintzaldia amaitu baino lehen prozesua amaitzeko eta osasunaren lege berria onesteko.
Baztertua, PSN, UPN, PPN eta Voxen kontrako botoekin, EH Bildu eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin eta Geroa Bairen abstentzioarekin.
12. EBAZPEN-PROPOSAMENA (EH Bildu)
Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da klima aldaketaren aurkako borrokan egungo egoerak eskatzen duen anbizioarekin jardutea.
Horretarako, Nafarroako Gobernuari eskatzen dio:
a).- Energia-trantsizio planifikatu, ordenatu eta demokratikoari ekitea, Nafarroako 2030erako Energia Planaren eguneratzearen barruan.
b).- 2025eko abenduaren 31 baino lehen, Nafarroako Energia Agentzia abian jartzeko foru-legearen proiektua igortzea, bai eta hura garatzen duten estatutuak eta jarduketa-plana ere. Horiei esker, hau egin ahalko da:
▪ 1).- Energia-efizientzia, -kudeaketa eta -aurrezpenaren arloko jarduerak sustatu eta gauzatu, baita energia berriztagarrienak ere.
▪ 2).- Energia aplikatzekoa den araudiaren arabera merkaturatu.
▪ 3).- Klima-aldaketari eta energia-trantsizioari buruzko azterlanak eta analisiak egin.
▪ 4).- Energia-subiranotasunean aurrera egingo duen energia-ekimen publikoa eta komunitarioa sustatzeko esku-hartu.
c).- Fiskalitate ekologikoa bultzatzea, zerga-sistema ingurumen-ikuspegitik positibotzat jotzen diren portaera-aldaketak sustatzeko bitarteko gisa erabil dadin, eta baliabide horiek energia-trantsizioa finantzatzeko erabiliz.
d).- Eskualdeko eztabaida-prozesuak bultzatuko dituzten mekanismoak ezartzea, eremu horietako energia-beharrak zehazteko eta horientzako konponbideak modu demokratikoan, bidezkoan eta ekitatiboan planteatzeko, herritarrek energia-trantsizioan duten protagonismoa erraztuz.
e).- Benetako ekonomia zirkularrerantz bideratutako neurri eraginkorrak hartzea, eta, horretarako, Nafarroako herritarren kontsumo-ohituretan aldaketak bultzatzea, eta hurbileko produktuak, hondakinen errebalorizazioa eta birziklapena, zirkuitu laburrak eta ahalik eta emisio-prezio baxuenak dituzten produktuen kontsumoa sustatzea.
f).- Elikagai-subiranotasunerako trantsizio agroekologikoari ekitea, nekazaritzako eredu autonomoagoak eta jasangarriagoak bilatuz, tokikotik jendearentzako elikagaiak ekoizteko.
g).- Nafarroako industriaren eta mugikortasunaren elektrifikazioa erraztea, eta, horretarako, energia fosilen eskaria murriztea, eta elektrizitatearen pisua handitzea foru energia mixaren barruan, deskarbonizazio-konpromisoetarantz joz.
Baztertua, UPN, PSN, PPN eta Voxen kontrako botoekin eta EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin.
13. EBAZPEN-PROPOSAMENA (EH Bildu)
1.- Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du Nafarroa, subjektu politiko gisa, bere autogobernua eta Nafarroaren eta bere herritarren erabakitzeko ahalmena defendatzeko, gizartearen benetako arazoak konpontzeko politika zehatzak diseinatzeko, garatzeko eta aplikatzeko gure tresnarik onenak diren aldetik.
2.- Nafarroako Parlamentuak autogobernua bultzatzea erabaki du, Nafarroako herritarren borondatea aitortuz eta errespetatuz, bai eta etorkizunerako gehien komeni zaizkien eredua eta neurriak politikoki, ekonomikoki eta sozialki erabakitzeko duten gaitasuna ere.
3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroaren eskumen historikoak defendatzearen aldeko apustua egiten du, bai eta bere subiranotasun osoa berreskuratzearen aldekoa ere. Hori foru-berezitasunaren aitorpenean oinarritu beharko da, klabe asimetrikoan, elkarrekiko aitorpenaren eta errespetu instituzionalaren printzipioaren bitartez, alde biko berme-sistema berri bat hartuz.
4.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio amaitu dezala 2018ko abuztuan egindako “LORAFNAren eskumen-esparruari eta erreformari” buruzko txostenean jasotzen diren eskumen guztiak transferitzeko prozesua. Ildo horretan, lehentasuna emango zaio trafikoaren eta bide-segurtasunaren, espetxe-osasunaren eta I+G+Bren arloko eskumenak esklusiboki gauzatzeari. Gainerako eskumenekin egutegi bat egingo da, legegintzaldia amaitu baino lehen transferentzia egiteko prozesuan egon daitezen, eta bereziki aipatuko da Gizarte Segurantzaren, Laneko Ikuskaritzaren, enplegu-politika aktiboen eta espetxe-erakundeen kudeaketa ekonomikoa.
5.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio indartu dezala euskararen aldeko hizkuntza-politika, foru-komunitatearen berezko ondarea eta haren nortasunaren eta idiosinkrasiaren berezko zatia delako, eta sustatu dezala euskararen ofizialtasuna lurralde osoan bermatuko duen lege-aldaketa, zonakatzeak dakarren diskriminazioa gainditzeko, eta, horrela, euskararen hauskortasuna iraultzeko eta euskararen ikaskuntza eta erabilera Nafarroa osoan sustatzeko.
6.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio, hiru hilabeteko epean, akordio baten negoziazioa bultza dezala langileen ordezkarien eta enpresa-batzordeko kideen ehuneko 10 edo gehiago lortu duten sindikatuekin eta administrazio publikoetako dagokien organoekin, lurraldeko errealitate sozial eta ekonomikoarekin bat datorren Nafarroako LGS bat finkatu/defendatzeko, lan-prekarietateari aurre egiteko. Neurri horren helburua da bermatzea, negoziazio kolektiboaren esparruan egin daitezkeen akordioez harago, Nafarroako Gobernuaren eta aipatutako sindikatuen artean gutxieneko erreferentzia bat egongo dela soldata duinak eta soldata-igoerak bermatzeko, KPIaren arabera.
7.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio, Lan Ministerioaren eta hainbat eragile sozialen artean egin daitekeen negoziazioari kalterik egin gabe, hiru hilabeteko epean lan-mahai bat eratzeko Nafarroako eragile ekonomiko, sozial eta sindikal guztiekin, lanaldiaren murrizketa ezartzeko plan sektorialak landu eta adosteko helburuarekin, soldatak jaitsi gabe. Sektore publikorako mahai espezifiko bat egingo da.
8- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio, beste erakunde publiko batzuei dagozkien jarduketei kalterik egin gabe, 9 hilabeteko epean txoke-plan bat egin dezala, ibilgailu elektrikorako trantsizioak enpleguan izan ditzakeen inpaktu negatiboei aurre egiteko. Horretarako, lan-mahai bat eratuko da, ukitutako enpresetako ordezkariekin eta sektorean ordezkaritza duten sindikatuekin.
Baztertua, UPN, PSN, PPN, Contigo-Zurekin eta Voxen kontrako botoekin eta EH Bildu eta Geroa Bairen aldeko botoekin.
14. EBAZPEN-PROPOSAMENA (Geroa Bai)
1) Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat hartzen du Nafarroako Gobernuak 2023-2027 legegintzaldian indarrean dagoen LORAFNA erabat garatzeko beharrezko neurri guztiei ekitea, eta, horretarako, 2025ean Estatuarekin negoziazio-egutegi bat egin eta argitara ematea, transferitu gabeko eskumenak eskatuz, epe horretan horretarako behar diren eskualdatzeak burutzeko helburuarekin.
2) Nafarroako Parlamentuak beharrezkotzat jotzen du LORAFNAren erreforma eta eguneratzea egitea, autogobernuan eta demokrazian sakontzeko, nafarren eskubideak zabaltzeko eta babesteko eta eskubide horiek benetan betetzen direla ziurtatzeko beharrezkoak diren aldebikotasun-mekanismoak diseinatzeko.
Baztertua, UPN, PSN, PPN eta Voxen kontrako botoekin, EH Bildu eta Geroa Bairen aldeko botoekin eta Contigo-Zurekinen abstentzioarekin.
17. EBAZPEN-PROPOSAMENA (PPN)
1- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio Nafarroako Foru Komunitatearen estatus juridikoa defenda dezala, nafarren interesak edozein interes alderdikoiren gainetik babestuz eta beti Espainiarekiko eta bere erakundeekiko leialtasuna bermatuz.
Baztertua, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinen kontrako botoekin eta UPN, PPN eta Voxen aldeko botoekin.
18. EBAZPEN-PROPOSAMENA (PPN)
1. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio estrategia integral bat defini dezala, guztiek etxebizitza duina izango dutela bermatzeko:
- Lurzorua mobilizatzeko eta egiteke dauden hirigintza-garapenen izapideak arintzeko administrazio-prozesuak hobetzea.
- Lankidetza publiko-pribatua sustatzea, etxebizitza publikoak arrazoizko prezioetan eraikitzea eta alokairua sustatzea bultzatzeko.
- Etxebizitza alokatzeko eta erosteko laguntza fiskalak ezartzea.
- Gazteei etxebizitza eskuratzen laguntzeko neurri zehatzak aztertzea.
- Sektorea eraldatzen laguntzea, etorkizunerako funtsezkoa den unea den heinean.
- Sektoreko merkatuko tentsio-eremuak zehaztetik eta interbentzionismotik ez igarotzea.
Baztertua, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinen kontrako botoekin eta UPN, PPN eta Voxen aldeko botoekin.
19. EBAZPEN-PROPOSAMENA (PPN)
Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio:
1. Irisgarritasuna hobetzea lehen mailako arretan. Horretarako, biztanleriaren banaketa geografikoaren eta zerbitzu medikoen eskariaren azterketa xehatua egingo da, biztanleria-dentsitate handiena duten eremuak identifikatuko dira, eta lehen mailako arretako zerbitzuen egungo erabilgarritasuna aztertuko da, zerbitzu-gabeziak dituzten eremuak lehenetsiz, lehen baliabideak eremu kritiko horiei esleitzeko, eta datu demografikoak eta epidemiologikoak erabiliko dira, etorkizuneko beharrak aurreikusteko.
2. Lankidetza publiko-pribatua bultzatzea, nafar guztiek osasun-zerbitzuetarako duten estaldura eta sarbidea handitzeko; gizarte-ekitatea eta osasun-sistemaren jasangarritasuna sustatuko da, eta, horrela, sistema kolapsatzea saihestu.
3. Osasun mentalerako irisgarritasuna erraztea lehen mailako arretatik, lantaldeetan giza baliabide gehiago ipiniz eta arreta berezia jarriz haur eta gazteengan.
4. Berrikuntza teknikora bideratutako aurrekontuaren ehunekoa handitzea, batez ere ekipamendu-ondasunetan, kostuak murrizteko eta efizientzia hobetzeko.
5. Burokrazia murriztea osasungintzan eta, bereziki, lehen mailako arretan. Horretarako, bilerak egingo dira asistentzia-mailekin eta inplikatutako eragileekin.
6. IA erabiltzea gure osasunean. Adimen artifizialak funtsezko zeregina du gizartearen eraldaketa digitalean eta, hortaz, gure osasunean. EBren lehentasuna izatera igaro da. Espero da hura erabiltzeko moduek aldaketa handiak ekarriko dituztela osasun-zerbitzuen prestazioan. IA gure bizitzetan dago jada, eta, beraz, osasunean ere egon beharko du.
Baztertua, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinen kontrako botoekin, PPN eta Voxen aldeko botoekin eta UPNren abstentzioarekin.
20. EBAZPEN-PROPOSAMENA (PPN)
1. Nafarroako Parlamentuak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan (PFEZ) presio fiskala murrizteko eskatzen dio Nafarroako Gobernuari, honako ekintza hauen bidez:
- PFEZren tarteen eta gutxieneko pertsonal eta familiarren deflatazio automatikoa, zerga-karga bizitzaren kostura egokitzeko eta zergadunen erosahalmenaren higadura saihesteko.
- Lan-errenten zerga-oinarriaren murrizketa handitzea: murrizketa 800 €-tik 1.400 €-ra aldatzea 10.500 €-tik beherako etekin garbietarako, eta 400 €-tik 700 €-ra, aldiz, 50.000 €-tik gorako etekinetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko zerga-ereduari jarraituz, Nafarroako familiei bidezko zerga-tratua emate aldera.
2. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio enpresa handientzako sozietateen gaineko zergaren gaineko zerga-tasa % 25era murrizteko, Espainiako gainerako erkidegoetakoarekin parekatuz. Enpresa-inbertsiorako ingurune fiskal lehiakorrago eta erakargarriagoa izaten lagunduko du.
3. Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio neurri fiskal espezifikoak ezar ditzala autonomoen karga fiskala arintzeko, eta, hala, berrinbertitzeko eta hazteko duten gaitasuna hobetzeko:
- Inbertsio eta modernizazioagatiko kenkari fiskalak: ekipamenduak eta teknologia berritzea eta sektore estrategikoetan autonomoak gaitzea erraztuko duten kenkari fiskalak ezartzea.
- Zerga-karga murriztea diru-sarrera txikiak dituzten autonomoen tributazioan edo tokiko ekonomiarentzat funtsezkoak diren jardueretan, hala nola nekazaritzan eta hurbileko merkataritzan.
Baztertua, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinen kontrako botoekin, PPN eta Voxen aldeko botoekin eta UPNren abstentzioarekin.
21. EBAZPEN-PROPOSAMENA (PPN)
1. Abiadura Handiko Trena (AHT): Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio:
• Garraio Ministerioarekin lankidetza estuan aritzea, AHTa 2030a baino lehen irits dadin Iruñera, Espainiako Gobernuaren konpromisoen arabera.
• AHTren Nafarroako tartean inbertsioak handitzeko eskatzea, lanak data hori baino lehen egin ahal izateko finantzaketa-erritmo egokia ziurtatuz.
• Nazioarteko zabalerak dituen abiadura handikoa izatea eskatzea eta ziurtatzea, bai eta Nafarroako AHTaren eta Euskal Y-aren loturaren (Ezkiotik) definizioa eta lizitazioa ere. Funtsezkoa da Nafarroa Europan barnako garraio-sarean sartzeko.
2. Errepideak (A-15 eta A-21-A22-A23): Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio:
• Espainiako Gobernuarekin kudeaketak azkartzea, Castejón-Almazán eta Iruñea-Jaka-Huesca-Lleida (A-21-A22-A23) tarteetan A-15 autobiaren banaketa osatzeko, Estatuko inbertsio-planetan sartzea lehenetsiz.
• Obren egutegi argia bultzatzea eta aurrerapenak ikuskatzen direla ziurtatzea, Nafarroak edukiera handiko bideak izan ditzan, konektibitatea eta lehiakortasuna hobetzeko.
3. Nafarroako ubidea: Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio:
• Nafarroako ubidearen bigarren faseko administrazio-prozesua amaitzea, eta hura gauzatzeko behar diren funtsak bermatzea, Nafarroako Gobernuaren eta Espainiako Gobernuaren arteko akordio eguneratu baten bidez; lehen faserako eta hura zabaltzeko sinatutakoaren antzekoa izango da akordioa.
• Ebroko Konfederazio Hidrografikoari eskatzea ebazteke dauden espedienteak lehenbailehen ebazteko, eta CANASA enpresa publikoari eskatzea, behin finantza-arazoak konponduta, dela Europako funtsekin, dela beste bitarteko ekonomiko batzuk erabilita (kredituak, maileguak edo beste edozein formula), obrak lehenbailehen lizitatzeko, eraikitzen amaitu ondoren, foru-komunitateko segurtasun hidrikoan laguntze aldera.
4. Aliantza estrategikoak: Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio:
• Aragoi, EAE, Errioxa, Gaztela eta Leon, Katalunia eta Valentziako autonomia-erkidegoekin batera ahalegina egitea Espainiako Gobernuari eskaera bateratua egiteko, eta komunikazio-azpiegituretako eta pertsonen eta salgaien garraio-azpiegituretako inbertsioak handitzeko eskatzeko, tartean diren eskualde guztien onerako.
Baztertua, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinen kontrako botoekin eta UPN, PPN eta Voxen aldeko botoekin.
25. EBAZPEN-PROPOSAMENA (Vox)
1. Osasunbideko medikuen eta osasun-langileen lan-baldintzak hobetzea eta lan-prekarietatearekin eta kontratuen behin-behinekotasunarekin amaitzea.
2. Medikuen eta, oro har, osasun-langileen lana erraztuko duten azpiegiturak eta puntako teknologia instalatzea, eta administrazio-gainkarga murriztea, izapideak arinduko dituzten eta medikuei pazienteari arreta emateko aukera emango dieten kudeaketa digitaleko sistemen bidez.
3. Landa-eremuetara medikuak erakartzea pizgarri ekonomiko espezifikoekin; adibidez, ostatua, garraioa edo antzeko onurak ematea biztanle gutxien duten eremuetan lan egitea aukeratzen dutenei.
4. Lan-giro positiboa sortzea eta egindako lana aintzat hartzea, errespetuaren, adiskidetasunaren eta laguntzaren kultura bultzatuz.
5. Osasun mentaleko eskariari erantzuteko programa espezifikoak garatzea, psikologo eta psikiatra gehiago barne, batez ere lehen mailako arretan.
6. Prebentzioko eta osasun-hezkuntzako kanpainak bultzatzea obesitatea, gaixotasun kronikoak, osasun mentala eta antzeko gaien inguruan, bai eta herritarren artean ohitura osasungarriak sustatzeko hezkuntza-programak ere.
Baztertua, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinen kontrako botoekin, UPNren abstentzioarekin eta PPN eta Voxen aldeko botoekin.
26. EBAZPEN-PROPOSAMENA (Vox)
1. PFEZa % 15eko tasa murriztu bakarrera murriztea, 70.000 eurotik beherako zerga-oinarrien kasuan, eta % 25eko tasa arruntera, kopuru horretatik gorako zerga-oinarrien kasuan. Horrez gain, PFEZaren salbuespena aplikatzea, 22.000 eurotik beherako urteko lan-errentei dagokienez. Gainera, seme-alaba bakoitzeko lau puntuko murrizketa aplikatuko da zerga-tasetan.
2. Sozietateen gaineko zerga % 25eko zerga-tasa orokorreraino murriztea, oinarri negatiboen denbora-muga kentzea eta enplegurako kenkariak sartzea, Nafarroa inbertsiorako eta enpleguaren sorrerarako erakargarriagoa izan dadin.
3. Oinordetzen eta dohaintzen gaineko zerga kentzea. Horrela, familiek beren ondareari eusten ahal diote, eta zerga hori kendu den Espainiako beste eremu batzuetara lekualdatzea saihesten da.
4. Ondarearen gaineko zerga kentzea, familien aurrezteko ahalmenaren aurka doalako.
5. Autonomoen kuota murriztea eta hobariak ematea, haien diru-sarrera garbiak lanbide arteko gutxieneko soldatara iristen ez direnean.
Baztertua, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinen kontrako botoekin, Voxen aldeko botoarekin eta UPN eta PPNren abstentzioekin.
27. EBAZPEN-PROPOSAMENA (Vox)
1. Enpresei eta autonomoei zergak murriztea.
2. Zerga-arinketak ezartzea funtsezko sektoreetan inbertitzen duten enpresentzat.
3. Leihatila bakarra sortzea, enpresen sorrera sinplifikatzeko eta lizentzia eta baimenen prozesuak arintzeko.
4. Prestakuntza dualeko akordioak sustatzea unibertsitateekin eta prestakuntza teknikoko ikastetxeekin, trebetasun modernoak eta industriaren beharretara egokituak dituzten langileak prestatze aldera.
5. Interes txikiko maileguak eskaintzea berrikuntzan, digitalizazioan eta teknologia berrietan inbertitzen duten enpresei.
6. ETE-ei laguntza eskaintzea kreditu-lerro irisgarrien, izapideen murrizketaren eta prestakuntzaren bidez.
Baztertua, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinen kontrako botoekin eta UPN, PPN eta Voxen aldeko botoekin.
28. EBAZPEN-PROPOSAMENA (Vox)
1. Landa-eremuak hiriguneekin lotzen dituzten errepideak berritzeko plan bat ezartzea, asfaltatzea hobetuz eta bide-segurtasuna areagotuz.
2. Abiadura Handiko Trenaren (AHT) proiektuaren garapena azkartzea, Iruñea beste hiri garrantzitsu batzuekin lotzeko eta abiadura handiko sare nazionalerako sarbidea errazteko.
3. Nafarroako ubidearen bigarren fasea interes orokorreko proiektutzat jotzea, eta, horri esker, proiektua gauzatzeko administrazio- eta lege-prozedurak sinplifikatzea.
4. Zuntz optikoa eta 5G sareak eskualde osoan hedatzeko plan bat ezartzea, landa-eremuei lehentasuna emanda.
Baztertua, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekinen kontrako botoekin eta UPN, PPN eta Voxen aldeko botoekin.
29. EBAZPEN-PROPOSAMENA (Vox)
1. Segurtasun publikoko benetako plana ezartzea, kale seguruak eta legea betetzea bermatzeko.
2. Egoera irregularrean dagoen eta Espainian legez kanpo sartu den inor ez jasotzea Nafarroan, atzerritarrei buruzko legea eta indarrean dagoen araudia zehazki betez.
3. Segurtasun-indar eta -kidegoei beharrezko baliabide guztiak ematea, legearen eta administrazioen laguntza eta babes osoarekin beren funtzioa segurtasun pertsonaleko eta laneko segurtasuneko baldintza onenetan bete ahal izan dezaten.
Baztertua, UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekinen kontrako botoekin eta Voxen aldeko botoarekin.