Noiz argitaratua Ostirala, 2018.eko Urriak 19

Eztabaidatutako 26 ebazpenetatik 14 onetsi dira eta horrenbestez amaiera eman zaio Komunitatearen egoerari buruzko 2018ko eztabaidari

Toki Administrazioaren erreformaren, eskubide sozialen indartzearen eta enplegua, eskola publikoa eta lurralde kohesioa sustatzeko planen aldeko konpromisoa agertu du legebiltzarrak

Foru Komunitatearen egoerari buruzko 2018ko eztabaidan aurkeztu diren 26 ebazpen-proposamenetatik 14 onetsi ditu Parlamentuaren Osoko Bilkurak (2 UPNrenak, 4 PSNrenak, 1 Geroa Bairena, 1 EH Bildurena, 1 Podemos-Ahal Dugurena, 2 I-Erenak eta 3 laukoak adostuak).

 

GEROA BAI, EH BILDU, PODEMOS-AHAL DUGU-ORAIN BAI eta IZQUIERDA EZKERRAk aurkeztutako ebazpen-proposamenak

 

1.- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Gizarteratzeko eta Errenta Bermaturako Eskubideak arautzen dituen azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legean garatutako eskubideak mantendu eta finkatu ditzan, nafarrek baliabide ekonomiko egokiak eskura izaten jarraitzeko eta kalitatezko gizarteratze- eta laneratze-zerbitzuen onura jasotzeko. Eskubide horiek finkatzeak eragin positiboa du desberdintasuna eta pobrezia murriztean, batez ere haurrena, eta zailtasun gehien dituzten kolektiboak laneratzean, eta horrela gizarte kohesio handiagoa eta oparotasun handiagoa lortzen dira Nafarroako gizarte osoarentzat.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du nafarrentzako eskubide sozialen bermea finkatu eta sakondu dezan garrantzi handiko hainbat esparrutan: adinekoentzako arreta, mendekotasuna, desgaitasuna, gaixotasun mentala, haurrak, gizarteratzea eta abar. Horretarako behar diren arau aldaketak bultzatuko dira, halako moldez non eskubide horiek bermatu eta hedatuko baitira”.

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Ek aurkeztua. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren aurkako botoekin ONETSIA.

 

2.- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du nafarrei etxebizitza duinerako eskubide eraginkorra bermatzeko beharrezkoak diren politikak susta ditzan. Horretarako, behar diren arauzko eta legezko tresnak garatuko ditu, honako xede hauetan eragina izanen dutenak, besteak beste: etxebizitza hutsak baliaraztea, gazteei laguntzea emantzipazio prozesuetan, eta laguntza ematea hala behar duten Nafarroako familia guztiei”.

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Ek aurkeztua. Aho batez ONETSIA.

 

3.- “Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du tokiko erakunde sarea udal autonomiaren, subsidiariotasunaren, lurralde-orekaren eta finantza-nahikotasunaren oinarrizko printzipioetatik abiatuta egokitzeko lan egiteko eta lan horren beharra defendatzeko, eta Nafarroako toki entitateei beharrezkoak diren tresna teknikoak eta ekonomikoak emateko beren eskumenak garatu eta lurralde-oreka bermatu ahal izan dezaten Nafarroako eskualdeen garapen sozial eta ekonomikoan.

 

Nafarroako Parlamentuak beharrezkoa deritzo Toki Administrazioa erreformatzeari Gobernuak horretarako aurkeztu duen eta Parlamentuan izapidetzen ari den lege-proiektuan planteatutako baldintza orokorretan, eta uste du proiektu hori onesten denean emanen zaiola hasiera Nafarroak XXI. mendearen hastapen honetan behar dituen toki entitateen multzoaren konfigurazioari.

 

Nafarroako Parlamentuak berariaz aitortzen ditu Nafarroaren lurralde-aniztasuna, horren errespetua, kanonen homogeneizazioa inposatzea saihestuz, eta hura ikusgai egitearen aldeko apustua, Komunitate osoaren garapenerako aberastasunaren eta balio erantsiaren erakusgarri gisa. Halaber, Nafarroako Parlamentuak konpromisoa agertzen du lurralde-kohesioa jarduketa-printzipioa izan dadin bere legegintza-jarduera osoan”.

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Ek aurkeztua. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aurkako botoekin ONETSIA.

 

GEROA BAIk aurkeztutako ebazpen-proposamenak

 

1.- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Genero berdintasunaren aldeko Nafarroako Itun handi baten buru izan dezan, generoarengatiko bereizkeriak errotik ezabatzeko eta emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko lanean ari diren erakunde feministen eta emakume elkarteen eskutik, barruan bilduko dituena Nafarroako Parlamentua osatzen duten taldeak, Nafarroako toki entitateak, eragile ekonomiko eta sozialak eta zeregin horri ekiteko prest dauden erakunde eta elkarte guztiak”.

 

Geroa Baik aurkeztua. UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai (4), PSN, PPN eta I-Eren aldeko botoekin eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen (3) abstentzioarekin ONETSIA.

 

2.- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako autogobernuaren aldeko konpromiso irmoa eta Estatuaren edozein erasoren aurrean (judizializazioa, aurrekontu tutoretza, erregimen autonomikoa murrizteko neurriak eta abar) modu demokratikoan hura defendatzeko borondatea berresten ditu.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du hurrengo hilabeteetan areagotu egin dezan Foru Komunitateko Administrazioaren eta Estatuaren arteko elkarrizketa politikoa, Foruaren Hobekuntzako transferentzia jaso gabeak behingoz jasotzeko, bereziki trafiko eta bide-segurtasunaren, I+G+Baren eta espetxe-erakundeen alorretakoak.

 

Nafarroako Parlamentuak Estatuko Gobernua premiatzen du erabat errespeta ditzan legebiltzar honetatik sortutako legeak, nafarrenak diren eta erkidego honetako herritarren bizi kalitatea hobetu behar duten funtsekin inbertsioei ekitea xede dutenak”.

 

Geroa Baik aurkeztua. UPN, PSN eta PPNren aurkako botoekin, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen (4) abstentzioarekin eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai (3) eta I-Eren aldeko botoekin BAZTERTUA.

 

EH BILDUk aurkeztutako ebazpen-proposamenak

 

1.- “Nafarroako Parlamentuak bere konpromisoa adierazten du Nafarroan oraindik ere milaka pertsonak bizi duten pobrezia eta gizarte-bazterketako egoera leuntzeko behar diren neurriak hartzen eta legeak onesten jarraitzeko, eta Nafarroako Gobernua premiatzen du bere esku dituen egiturazko neurriak har ditzan laneratzea sustatzeko, langileen lan-baldintzak duintzeko eta “landun pobrearen” figura ezabatzeko, prozesuan parte harraraziz sindikatu eta ugazaba-elkarte guztiak.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du 6 hilabeteko epean azterketa sakona egin dezan Nafarroako pentsioen egoeraz eta urte anitzeko plan batean haien zenbatekoa 1.080 eurora igotzeko aukeraz, izan ere Europako Gutun Sozialak esan baitu horrenbestekoa izan behar dela gutxieneko pentsio duina. Azterketa horrek, gainera, aintzat hartuko du Gizarte Segurantzaren sistemaren eta ondorioz pentsioen kudeaketa ekonomiko propiorako aukera, Foruaren Hobekuntzan aurreikusita dagoen moduan.

 

Nafarroako Parlamentuak ohartarazten du indarrean dagoela azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legea, Nafarroako Foru Komunitatean osasunaren alorrean pertsonek dituzten eskubideei eta betebeharrei buruzkoa, eta, batez ere, pertsona guztiek dutela eskubidea osasun laguntza publiko, unibertsal eta kalitatezkoa jasotzeko, bakoitzaren egoera administratiboa edozein izanda ere. Horren harira, Nafarroako Gobernua premiatzen du behar diren jarraibideak eman ditzan modu eraginkorrean bermatzeko halako egoeran dagoen inori ez zaiola osasun zerbitzuetan aurkeztuko atzera eragiteko elementua izan daitekeen fakturarik.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du etxebizitza habitazionalei buruzko azterketa egin dezan 6 hilabeteko epean. Premiatzen du, halaber, etxebizitzarako eskubide subjektiboa lortu artean etxebizitza duina eta behar sozialetarako egokia eskuratu ahal izatea erraztu dezan.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio 2019an zuzendaritza berri bat sor dezan Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako Departamentuan, aniztasunaren arloko politikak diseinatu eta koordinatuko dituena, egiazko bizikidetzara iristeko, elkar ezagutu, ulertu eta aintzat hartzea oinarri hartuta.

 

Nafarroako Parlamentuak uste du hizkuntza-eskubideak giza eskubideak direla, eta, beraz, Nafarroako erakunde publikoen ardura dela eskubide horiek, besteak beste, asetzeko eta betetzeko behar diren pausoak ematea, euskarari lege estatus egokia emanez lurralde osoan eta, zehazki, euskarari hizkuntza ofizialaren izaera emanez Nafarroa osoan, lege bidez. Nafar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzea, bidezkoa eta zentzuzkoa izateaz gain, gizarte kohesioa hobetu eta sendotzeko bide eraginkor eta garrantzitsua da; beraz, Parlamentu honek konpromisoa hartzen du lan-ildo hori irmotasun eta eraginkortasunez sustatzeko”.

 

EH Bilduk aurkeztua. UPN eta PPNren aurkako botoekin, Geroa Bai, PSN, I-E eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen (3) abstentzioekin eta EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen (4) aldeko botoekin BAZTERTUA.

 

2.- “Nafarroako Parlamentuak bere konpromisoa agertzen du Nafarroako autogobernuaren aurrerapenaren alde, zeinaren ezaugarria baita Nafarroaren eta Espainiako Estatuaren arteko egiazko aldebikotasuna berdinen arteko harreman batean, Nafarroako herritarrak izanik bi administrazioen arteko harremanaren esparrua askatasunez definitzen dutenak. Zehazki, azaldutako printzipioekin bat, Nafarroako Parlamentuak hau eskatzen dio Espainiako Gobernuari:

 

Ez ditzala oztopatu Nafarroako Parlamentuak onetsitako 113 milioi euroko inbertsioak, Estatuak 2016an eta 2017an gordeta eduki dituen Nafarroako baliabide propioekin finantzatuak.

 

Berdinen arteko aldebikotasunari atxikita jardun dezala harreman ekonomikoen esparruan ere, indarrik gabe utziz aldeen arteko akordio librearen gainetik nagusitasun hierarkikoak jartzen dituen arau oro, batik bat Konstituzioaren 135. artikulua.

 

Jasotzeko dauden eskumen guztiak transferitzeko prozesua abian jar dezala.

 

Oinarrizko askatasunen narriadurari buelta eman diezaiola, behar diren neurriak hartuz preso politiko kataluniarrak askatzeko, parlamentuen aldarrikapen politikoetarako askatasuna errespetatzeko eta gaur egun Estatuan adierazpen-askatasuna nabarmen urratzen duten egoerak onbideratzeko”.

 

EH Bilduk aurkeztua. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aurkako botoekin ONETSIA.

 

PODEMOS-AHAL DUGU ORAIN BAIk aurkeztutako ebazpen-proposamenak

 

1.- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du lana banatzeko neurri zehatzak bultza ditzan, hala nola lanaldi indibidualak murriztea, lan-zamen euspena edo aparteko orduak kentzea, gure Foru Komunitateko lan arlo guztietan, eta bereziki Administrazio Publikoan, jakina baita horri lotutako gizarte kolektibo batzuek helburu horretarako lege-proposamenak aurkeztu dituztela berariaz”.

 

Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik aurkeztua. EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-Eren aldeko botoekin, Geroa Bairen abstentzioarekin eta UPN eta PPNren aurkako botoekin ONETSIA.

 

2.- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du berregituratu eta berrantolatu egin dezan Nafarroako enpresa sektore publikoa eta, zehatzago, beren eginkizuna eta jarduketak aldatu beharrean dauden enpresa publikoak. Adibidez, hor ditugu SODENA enpresa publikoa eta hura birmoldatzeko beharra, etorkizunean Nafarroako banku publikoa izan dadin.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du abian jar dadin negoziazio bat edo, kasua bada, prozesu judizial bat, SODENA enpresak izapidetutako abal hutseginengatik eta zenbait enpresa publikok zein Foru Administrazioak berak izapidetutako SWAP eta COLLAR izeneko kontratuengatik erantzukizuna duten finantza entitateen aurrean”.

 

Podemos-Ahal Dugu-Orain Baik aurkeztua. UPN, Geroa Bai, PSN eta PPNren aurkako botoekin eta EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aldeko botoekin BAZTERTUA.

 

IZQUIERDA-EZKERRAk aurkeztutako ebazpen-proposamenak

 

1.- “Nafarroako Parlamentuak Gobernu zentralari eskatzen dio lehenbailehen ekin diezaiola Espainiako eta Nafarroako herritarren lan eta gizarte eskubideak eta askatasunak murriztu dituzten lege hauek indargabetzeari:

 

Espainiako Konstituzioaren 135. artikulua, eta Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoa.

 

Lan merkatua erreformatzeko presako neurriei buruzko ekainaren 16ko 10/2010 Errege Lege Dekretuaren bidez onetsitako lan erreforma.

 

Hasiera batean 2012ko otsailaren 10eko 3/2012 Errege Lege Dekretuaren bidez onetsi zen lan erreforma, gerora, Diputatuen Kongresuak dekretu hori baliozkotu ondoren, uztailaren 6ko 3/2012 Legearen bidez onetsi zena.

 

Abenduaren 23ko 23/2013 Legea, Gizarte Segurantzaren pentsio sistemaren jasangarritasun faktorea eta errebalorizazio indizea arautzen dituena.

 

Martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoa, herritarren segurtasuna babestekoa (Mozal Legea).

 

Abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoa, hezkuntzaren kalitatea hobetzekoa (LOMCE).

 

Apirilaren 20ko 16/2012 Errege Lege Dekretua, Osasun Sistema Nazionalaren iraunkortasuna bermatzeko eta haren prestazioen kalitatea eta segurtasuna hobetzeko premiazko neurriei buruzkoa.

 

Apirilaren 20ko 14/2012 Errege Lege Dekretua, hezkuntza publikoaren arloko gastu publikoa arrazionalizatzeko premiazko neurriei buruzkoa.

 

Abenduaren 26ko 17/2014 Errege Lege Dekretua, autonomia-erkidegoen eta toki-erakundeen finantza-iraunkortasunerako neurriei eta bestelako neurri ekonomikoei buruzkoa”.

 

Izquierda-Ezkerrak aurkeztua. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aldeko botoekin, PSNren abstentzioarekin eta UPN eta PPNren aurkako botoekin ONETSIA.

 

2.- “Nafarroako Parlamentuak erabakitzen du Espainiako Gobernua premiatzea erreferendum deialdia egin dezan, herritarrek demokratikoki hautatu ahal izateko zein estatu mota nahi duten, monarkia ala errepublika.

 

Nafarroako Parlamentuak erabakitzen du Diputatuen Kongresua premiatzea Juan Carlos I.a errege ohiaren ondarearen iturrien inguruko ustezko irregulartasunak eta praktika ustelak ikertzeko batzorde bat sor dezan”.

 

Izquierda-Ezkerrak aurkeztua. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aurkako botoekin ONETSIA.

 

UPNk aurkeztutako ebazpen-proposamenak

 

1.- “Nafarroako Parlamentuak Konstituzioaren, Foruaren Hobekuntzaren eta Nafarroak bereak dituen sinboloen aldeko konpromisoa agertzen du, eta horregatik esku-sartzea irizten diogu Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuan Nafarroa sartzeari; halaber, Konstituzioaren laugarren xedapen iragankorra kentzearen alde gaude”.

 

UPNk aurkeztua. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aurkako botoekin, PSNren abstentzioarekin eta UPN eta PPNren aldeko botoekin BAZTERTUA.

 

2.- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du familientzako zerga-beherapena egin dezan, eta prozedura egokia antola dezan Nafarroako emakume zergadunek eskatu ahal izateko itzul diezaietela preskribatu gabeko zergaldietan bidegabeki ordaindu dutena, zergaldi horietan kobratutako amatasuneko prestazio publikoak PFEZaren aitorpenetan salbuetsi gabeko prestazio gisa jaso izanaren ondorioz”.

 

UPNk aurkeztua. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aurkako botoekin, PSNren abstentzioarekin eta UPN eta PPNren aldeko botoekin BAZTERTUA.

 

3.- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Espainiako Gobernuarekin elkarlanean Estatuko 2018rako aurrekontu orokorren aurrekontu-exekuzioa burutu dezan Nafarroako Foru Komunitatearekin zerikusia duten gai guztiei dagokionez (AP-15 autobidea, N-121 A errepidea, Abiadura Handiko Trena eta abar), eta finantza aldetik jasangarriak izan eta Nafarroako Parlamentuak onetsi dituen inbertsioak egin ditzan”.

 

UPNk aurkeztua. UPN, Geroa Bai eta PPNren aldeko botoekin, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aurkako botoekin eta PSNren abstentzioarekin ONETSIA.

 

4.- “Nafarroako Parlamentuak Gobernua premiatzen du Nafarroako hezkuntza sisteman aukera-berdintasuna eta ekitatea bermatuko dituen politika gara dezan. Horretarako, unibertsitate ikasketa gehiago ezarriko ditu Tuterako campusean; Lanbide Heziketako (LH) plaza kopurua handituko du erdi eta goi mailako gradurik eskatuenetan, ikasleek prestakuntza jasotzen jarraitu ahal izan dezaten, eta gaztelaniazko eskola publikoaren langile eta material premiak aseko ditu, atzerriko hizkuntzen programa ezarriz, batez ere ingelesezkoa (IIP), bertan eskolatzen baitira hezkuntza premiak dituzten eskola-ume gehien.

 

Era berean, Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten du Nafarroako Gobernuak darabilen hezkuntza politika, alderdikoia delako, inposaketan oinarritua eta Nafarroako hezkuntza sistemaren benetako premietatik urrundua; eta apustu egiten du aukera berdintasunaren alde, familiek beren seme-alabentzat nahi duten hezkuntza libreki hautatzearen alde eta euskara nazio eraikuntzarako tresna gisa ez erabiltzearen alde”.

 

UPNk aurkeztua. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aurkako botoekin, PSNren abstentzioarekin eta UPN eta PPNren aldeko botoekin BAZTERTUA.

 

5.- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du ekonomia bizkortzeko eta enplegua sortzeko neurriak har ditzan, eta horretarako enplegu plan berri bat egin dezan, sindikatuekin eta Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioarekin (CEN) lankidetzan”.

 

UPNk aurkeztua. UPN eta PPNren aldeko botoekin, Geroa Bai, PSN eta I-Eren abstentzioekin eta EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen aurkako botoekin ONETSIA.

 

PSNk aurkeztutako ebazpen-proposamenak

 

1.- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroako Foru Komunitateko Eskola Publikorako Plan Estrategikoa sor dezan, osagai hauek jasoko dituena:

 

Ikasle behartsuen kontzentrazio tasak murrizteko eta ikasle horiek funts publikoekin mantendutako ikastetxe guztien artean modu egokian banatzeko egutegia eta prozedura.

 

Hezkuntza inklusiboaren berariazko mapa bat, giza baliabide eta antolaketa-baliabide gehigarriak orientatuko dituena.

 

Ratioen murrizketa konplexutasun handiko ikastetxeetan.

 

Ikasleen eskolatze berantiarra aintzat hartzen duen plangintza, plantillak taxutzeko orduan.

 

Ikastetxeen funtzionamendu gastuaren gehikuntza.

 

Lurralde-lankidetzako estrategia berariazko bat landa-eskola babesteko, toki administrazioen laguntzaz. Bertan aztertuko dira behar diren baliabideak, irakasleen berariazko prestakuntza, ikastetxe bakoitzeko zerbitzu osagarriak eta, arreta bereziz, garraioaren, jantokiaren eta ikasleentzako laguntza materialaren beharra”.

 

PSNk aurkeztua. EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN, Geroa Bai eta PPNren abstentzioekin ONETSIA.

 

2.- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du:

 

Foru Komunitatea jendegabetzearen erronkari aurre egiteko estrategia bat ezar dezan.

 

Nafarroako landa-eremuetan bizi diren pertsonen bizi maila eta kalitatea igotzeko proposamenak egin ditzan, gure Komunitatean berdintasuna eta gizarte- nahiz lurralde-egitura hobetzeko, langabeziaren, jendegabetzearen eta zahartzearen azaroei aurre eginez.

 

Foru Administrazioa, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa eta zehaztu beharreko beste erakunde batzuk bilduko dituen batzorde bat sor dezan, jendegabetzearen aurkako eta lurraldea egituratzearen aldeko talka-plan bat egiteko eta Nafarroako araudiaren exekuzioa eta landa-eremuetan benetan duen eraginkortasuna ebaluatzeko”.

 

PSNk aurkeztua. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren abstentzioekin ONETSIA.

 

3.- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du:

 

Berma dezan kalitatearen estandar gorenekin iritsiko direla Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osora oinarrizko hornidurak, hala nola argindarra edo ura, bai eta banda zabala ere, dela lurretik, dela gaur egun garatzen ari diren aireko bide berrietatik.

 

Nafarroako komunikazio-azpiegiturak eguneratu ditzan, ahalik gehien erraztuz abiadura handiko trena laster iristea eta inbertsioak eginez foru errepideak zaharberritzeko, gune beltz guztiak kenduz eta arreta berezia jarriz ibilgailuen trafikoa handitu den tarteetan.

 

Nafarroako biztanleen murgiltze digitala susta dezan, haien adina, bizilekua edo egoera soziala gorabehera, eta ikastetxeak horni ditzan behar dituzten tresnez eta ikasgaiez, eta gauza bera egin dezan gainerako kultura edo gizarte zentroetan.

 

Azter dezan Nafarroan digitalizazioaren arloan dagoen prestakuntza eskaintza, baita arlo horretako lan-merkatuaren oraingo eta geroko beharrak ere; ikasketa horiek sustatu eta herritarren eskura jar ditzan, eta emakumeak profil horietan sartzeko pizgarriak ezar ditzan.

 

Enpresen digitalizazioa ahalbidetu dezan, Nafarroako Gobernutik jarraipena egiteko eta aholku emateko protokoloa ezarriz, haien guztien autodiagnostikoa bermatuz eta haien guztien eraldatze digitala erraztuz”.

 

PSNk aurkeztua. EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aurkako botoekin, UPN eta PPNren abstentzioekin eta Geroa Bai eta PSNren aldeko botoekin BAZTERTUA.

 

4.- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du:

 

Susta ditzan, elkarrizketa sozialaren esparruan, lan denborak eta lanaldiak arrazionalizatzearekin zerikusia duten neurrietarako pizgarriak.

 

Langileen bizitza profesionalaren eta pertsonalaren arteko oreka hobetze aldera antolaketan berrikuntzak egiteko ekimenak dituzten enpresei laguntzeko funtsa sor dezan. Antolaketa berritzeko programen barruan laguntza lerro berezi bat ezarriko da lanaldi malgua edota telelana sustatzeko aplikazioen garapenerako.

 

Enpresei telelana eta kontratu erdi-presentzialak garatzen lagun diezaien, pizgarriak emanez.

 

Enpresa guztietan berdintasunerako planak abian jartzea susta dezan, behar den aholkularitza teknikoaren, jarraipenaren eta ebaluazioaren bitartez. Plan horietan beti jasoko da enpresaren barruan berdintasunerako politikak sustatzea eta abian jarritako bateratze neurrien berri zabaltzea gizonezko langileen artean.

 

Lan Autonomoaren Nafarroako Kontseiluarekin ados jarrita, araugintzako neurri fiskal, tributu-neurri, lan arloko neurri eta abarrekoen zerrenda aurkez dezan, langile autonomoek familia, lana, bizitza soziala eta bizitza pertsonala bateratzeko duten eskubidearen eta zainketen erantzukidetzaren babesean aurrera egiteko.

 

Funtzio publikoaren esparruan: amatasun eta aitatasun baimenak pareka ditzan, berdinak eta besterenezinak izateko. Telelanaren eta ordutegi malguaren mekanismoa sustatu eta aplikatu dezan, ahal den sektoreetan.

 

Egungo Reconcilia zigilua berrikusi eta hobetu dezan, berdintasunari eta bateratzeari dagokienez proposatutako ekintzak zigiluari atxikitako erakunde guztietan beteko direla eta, batez ere, emaitzak izanen dituztela bermatzeko.

 

Eskubide Sozialetako Departamentuak kudeatzen dituen egungo laguntzak berrikus ditzan, erantzukidetzari buruzko irizpideak ezartzeko eta laguntzen eskuragarritasuna bermatzeko”.

 

PSNk aurkeztua. EH Bildu eta PSNren aldeko botoekin, UPN, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai (3), PPN eta I-Eren abstentzioekin eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen (4) aurkako botoekin ONETSIA.

 

5.- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du:

 

Alde biko harreman leiala, gardena eta eraikitzailea ezar dezan Espainiako Gobernuarekin, Estatuaren eskumenekoak izanik batera kudeatu edo landu daitezkeen gaietan Nafarroaren interes orokorraren aldeko akordioak lortzeko.

 

Espainiako Gobernuarekin akordioak lor ditzan, betiere Nafarroan adostasun zabala jaso behar dutenak, autogobernuan sakondu eta aurrera egiteko.

 

Elkarrizketaren eta akordiorako borondatearen alde apustu egin dezan Espainiako Gobernuarekiko harremanetan”.

 

PSNk aurkeztua. PSN eta Geroa Bairen aldeko botoekin, UPN eta Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen abstentzioekin eta EH Bildu, PPN eta I-Eren aurkako botoekin ONETSIA.

 

PPNk aurkeztutako ebazpen-proposamenak

 

1.- Nafarroako Parlamentuak bere konpromisoa agertzen du Foru Komunitateak bereak dituen sinbolo ofizialen, Nafarroako banderaren eta Nafarroako Gorteen ereserkiaren alde.

 

Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten du gure Komunitatetik kanpoko sinboloak Nafarroan inposatzea.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako errealitate instituzionala errespetatzeko eta Foruaren Hobekuntza eta Espainiako Konstituzioa errespetatzeko eskatzen du”.

 

PPNk aurkeztua. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin BAZTERTUA.

 

2.- “Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten du ETAren terrorismoa, eta ebatzi gabe dirauten krimenak argitzen laguntzeko eskatzen dio talde terroristari.

 

Nafarroako Parlamentuak ETAren terrorismoaren biktimekiko konpromisoa agertzen du, izuak eragindako kaltea ahantziko ez dela bermatzeko.

 

Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernuari eskatzen dio ez dezala negoziatu ez ETAko presoen hurbilketarik ez beste inolako prebendarik”.

 

PPNk aurkeztua. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin BAZTERTUA.

 

3.- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroako garapen ekonomikoa sustatzeko neurriak har ditzan, presio fiskala arinduz, enpresa berriak ezartzea erakargarriagoa izan dadin.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio Nafarroak behar duen enplegu plana negozia dezala Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluaren esparruan, orain hura geldirik baitago sindikatu abertzaleen presioen ondorioz.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroako garapen ekonomikoa ahalbidetuko duten azpiegituren alde apustu egin dezan, hala nola Abiadura Handia, Espainiako gainerako lurraldeekin eta Europarekin lotzeko, edo Nafarroako Ubidearen bigarren fasea, gehieneko edukierarekin.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du 2018rako aurrekontuan Nafarroari eragiten dioten partidak martxan jartzea eska diezaion Espainiako Gobernuari.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du hobarien sistema bat jar dezan, AP-15 autobidea guztiz doakoa izateko”.

 

PPNk aurkeztua. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-Eren aurkako botoekin, PSNren abstentzioarekin eta UPN eta PPNren aldeko botoekin BAZTERTUA.

 

4.- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du gurasoen hezkuntza askatasuna errespeta dezan, haiek aukeratu behar baitute seme-alabentzat nahi duten hezkuntza.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du aukera-berdintasuna berma dezan, ikasle guztiek Hizkuntzak Ikasteko Programan sartzeko aukera berdinak izateko, eta neurri egokiak har ditzan programa hori hezkuntza-eredu bihurtzeko.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio ikasgeletako doktrinatzea galaraz dezala eta amaiera eman diezaiola Nafarroako ikastetxe guztietan genero-ideologia sarrarazi nahi duen Skolae programari.

 

Nafarroako Parlamentuak bere babesa agertzen dio itunpeko hezkuntzari, Espainiako Gobernuaren aldetik azkenaldian jaso dituen erasoak direla eta”.

 

PPNk aurkeztua. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN eta PPNren aldeko botoekin BAZTERTUA.

 

5.- “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du bere ekintza politikoaren erdigunean familia jar dezan, familien gaineko inpaktuari buruzko txostenak eginez Nafarroako Foru Komunitateak egiten dituen araudi guztietarako.

 

Nafarroako Parlamentuak Gobernua premiatzen du 2014tik kobratu diren amatasuneko prestazioen atxikipenak itzul ditzan eta, halaber, araudia alda dezan halako moduan non prestazio horiek etorkizunean zerga ordaindu beharretik salbuetsiko baitira.

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatzen dio Familiaren aldeko Laguntza Integralari buruzko Legea susta dezan, eta Familia Ugariei buruzko Legea egunera dezan, 2003koa baita”.

 

PPNk aurkeztua. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN eta PPNren aldeko botoekin BAZTERTUA.