Noiz argitaratua Ostirala, 2020.eko Urriak 30

Eztabaidatutako 22 ebazpenetatik 12 onetsi dira eta horrenbestez amaiera eman zaio Komunitatearen egoerari buruzko 2020ko eztabaidari

Parlamentuak konpromisoa hartu du berreraikuntza sozio-ekonomikoarekin eta funtsezko zerbitzu publikoak berreindartzearekin, baina ez du adostasunik lortu bizikidetzaren eta fiskalitatearen alorretan

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak Foru Komunitatearen Egoerari buruzko 2020ko Eztabaidan aztertu diren 22 erabaki proposamenetatik 12 onetsi ditu. Horietatik bi elkarrekin aurkeztu dituzte PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk; beste bat aurrekoek I-Erekin aurkeztu dute; beste bat Podemos eta I-Ek elkarrekin aurkeztua da; 3 Navarra Sumarenak dira; 1 PSNrena; 1 Geroa Bairena; 1 EH Bildurena; 1 Podemos-Ahal Dugurenam, eta azkena I-Erena.

 

PSNk, GEROA BAIk eta PODEMOS-AHAL DUGUk elkarrekin aurkeztutako erabaki proposamenak

 

Lehenengo erabaki proposamena

 

1.- Nafarroako Parlmaentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du administrazio publikoa digitalizatzeko behar gorrian aurrerapausoak emateko beharrezkoak diren programak gara ditzan. Digitalizazioak ahalbidetuko ditu prozeduren administrazio-sinplifikazioa eta zerbitzu publikoen modernizazioa. Digitalizazio hori uztarturik egon beharko da bertako langileen prestakuntza egokiarekin eta herritar guztientzako irisgarritasun-bideekin.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du zerbitzu publikoen funtzionamenduan herritarrek parte-hartzea izan dezaten sustatzea, eta gardentasuna areagotzea komunikazioan, zeina inklusiboa izanen baita.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du oinarrizko osasun laguntza indartzea, giza baliabideak nahiz teknologikoak indartuz, erkidego-erizaintza aditua eta telemedikuntza ezarriz, bitarteko egokia direnez gero diagnostikoa hobetzeko, baina betiere babestuta utziz gaixoaren eta sendagilearen arteko harremana.

 

4.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du bere osotasunean gara dezan Medikuntza Pertsonalizatu eta Doitasunezkorako estrategia, zeinak paradigma-aldaketa bat baitakar osasungintzan, eta ahalbidetzen baitu eraginkorragoak eta seguruagoak izatea prebentzio-, diagnostiko- eta terapia-jardun medikoak, beharrik gabeko gastuak ekiditeko aukera emanik eta osasungintza-sistemen jasangarritasunari lagundurik.

 

5.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du dibertsitatea artatzeko hezkuntza-tresna guztiak indartu ditzan ikastetxe publiko guztietan; batez ere, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen edo desabantaila soziokulturalean dauden ikasleen portzentaje handienak dituztenetan. Halaber, egungo osasun-krisiaren ondorioz sor litezkeen zailtasun-egoerak azter eta aintzat har ditzan.

 

6.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroako hezkuntza publikoan presentzialtasunaren aldeko apustuari eusten jarrai dezan ikastetxe publiko guztietan, Covid-19ak sortu duen egoera dela-eta, xede harturik hezkuntza integrala eta aukera-berdintasuna bermatzea.

 

7.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Hezkuntzaren aldeko Itun Sozial eta Politiko bat bultza dezan, hezkuntza-sistemari zuzenbide-egonkortasuna emanen diona. Horretarako, solaskide hartuko dira gizartea, Nafarroako hezkuntza-erkidegoak eta hezkuntzako eragileak.

 

8.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du helburutzat pertsona duen artatze-eredua sendotu dezan mendekotasunaren arretarako sisteman, desgaitasunaren arretarakoan, eta arreta soziosanitario eta komunitarioko zerbitzu eta baliabide guztietan.

 

9.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du bultza dezan gizarteratze-politika aktiboak Covid-19aren ondoriozko egoera berrira egokiturik ezar daitezela, bai eta oinarrizko gizarte zerbitzuen zeregin teknikoa eta lagun egitekoa ere, ikusmolde prebentibo, integral eta komunitarioarekin.

 

10.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du gizarte zerbitzuen eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren arteko lan-eredu berria sendotu dezan.

 

11.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du haurrentzako eta nerabeentzako sustapenari, laguntzari eta babesari buruzko lege berri bat presta dezan, ikuspegi integral batetik, Haurren Eskubideei buruzko Itunak aitortzen duen eran.

 

PSNk, Geroa Baik eta Podemos Ahal Duguk aurkeztu dute. Navarra Sumaren, PSNren, Geroa Bairen eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin eta EH Bilduren eta I-Eren abstentzioarekin onetsi da.

 

Bigarren erabaki proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du datozen urteetan lerroka ditzan Gobernua osatzen duten departamentuen estrategiak Europatik estatuarekin koordinatuta trantsizio ekologikorantz markaturiko funtsezko ildoekin, horietan guztietan eragina duen gai transbertsala delako.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du beharrezkoak eta ezinbestekoak diren giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak para ditzan, eskura dauden baliabideak optimizatuz, Nafarroa Green estrategian planteatutako proiektu guztiak urgentziarik, azkartasunik, eraginkortasunik eta efizientziarik handienaz garatzeko.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du etxebizitza publikoen parkea handitu dezan kontsumo ia nuluko eraikinen parametroak erabiliz (nZEB), eta eraikinak birgaitzeko eta hiri eraikia berroneratzeko politikak areagotu ditzan.

 

4.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du eraikuntza industrializatzeko institutu bat sor dezan Nafarroan, garapen teknologikoa eta prestakuntza ekarriko dituena sektorea birmoldatzeko zereginean, kalitate handiagoko etxebizitzak, efiziente eta eskuragarriak, eskaintze aldera.

 

5.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du lankidetza publiko-pribatua susta dezan, Nafarroako enpresak –bere tamaina eta gaitasunetik harago– bere etorkizuneko garapena Europar Batasunetik diseinatutako ardatz nagusi horiekin uztartzeko.

 

6.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du urratsak egin ditzan enpresa-ehundurak, ezagutza-zentroek eta administrazioaren zentroek ere energia berriztagarrien eta mugikortasun berritzaile eta jasangarriaren alorretan osatzen duten ekosistema sendotzeko.

 

7.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du energia berriztagarrien erabilerari bultzada eman diezaion, ikatzetik eratorritakoen ordez, berotegi-efektuko gasen erabateko desagerpenerako helburuak erdiesteko, horretarako ezarritako epeetan.

 

8.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du jasangarritasuna sendotu dezan, eraldagarri gisa aplikatu ahal izateko gure ekoizpen-ereduari, gure kontsumo-moduei, eraikinak edo hiriak egiteko erei, industriari buruzko ikuspegiari, mugitzeko moduari edo gure natur ingurunearekin erlazionatzeko moldeei.

 

9.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du ekonomia zirkularra indartu dezan, kontsumo jasangarri eta arduratsua sustatuz, "zero kilometro" produktuetan oinarritua, horrenbestez hobeturik biodibertsitatearen kudeaketa eta kontserbazioa, hori izaki klima-aldaketaren efektuak borrokatzeko modurik onena, baliabide-erabilera oso errentagarriaren bidez.

 

10.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du energia ekoizteko sisteman eta horren kontsumoan aldaketa bat antolatzea, energia berriztagarriaren sorkuntza izan dadin inpaktu txikiagokoa eta ekoizpen eta kontsumoan hurbiltasun handiagokoa. Zerbitzu publikoa lehenetsi beharra dago; hortaz, ekoizpena bideratu behar litzateke lurraldearen eta herritarren premiak asetzera. Halaber, edozein proiektu berriri ekin baino lehen, azpiegituren optimizazioa sustatu behar da. Aintzat hartu behar da kontsumo-guneekiko hurbiltasuna eta autokontsumoaren, sistema zirkularraren eta energia-kontsumoaren gutxitzearen sustapena.

 

PSNk, Geroa Baik eta Podemos Ahal Duguk aurkeztu dute. Aho batez ONETSI DA.

 

PSNk, GEROA BAIk, PODEMOS-AHAL DUGUk eta IZQUIERDA EZKERRAk elkarrekin aurkeztutako erabaki proposamena

 

Erabaki proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du beharrezkoak diren egiturazko postuak bermatzea INAI-NABIk dituen erronkei aurre egiteko, hala nola departamentu ezberdinetan Berdintasunaren Unitateak ezartzea, ahalduntze-programak, azterlan eta ikerlanak, Enplegu Planeko transbertsaltasuna, despopulazio-estrategia, 2030 estrategia eta legegintza-garapen osoa.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du emakume eta neskato desgaituen ahalduntzerako prozesuak susta ditzan eta euts diezaien, haien balioa eta agintea ikusgai egiten eta aitortzen segitzeko erreferenteak sortuz.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Foru Ogasunak eta Ogasun Ministerioak negozia dezaten eta akordio batera irits daitezen, horrela Nafarroak jaso ditzan genero-indarkeriaren aurkako estatu-ituneko funtsak.

 

4.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du sexu-esplotaziorako emakume-salerosketaren aurkako Nafarroako Foroaren koordinaturik prebentzio eta onbideratzerako arreta integraleko planak taxutzea prostituzio-egoeran dauden emakume eta neskatoentzako, bizimodu-alternatibak antolatuz, laneratze-ibilbideen eta prozesu horretarako laguntza ekonomikoaren bitartez haiei ahalbidetze aldera prostituzio-egoeratik ateratzea, ikusmolde integral eta transbertsal baten bidez, genero-ikuspegitik, eta haien guztien segurtasuna eta giza eskubideen errespetua lehenetsiz.

 

5.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du beharrezkoak diren neurri guztiak har ditzan (heldurik Beijing 95 Ekintzarako Plataformak, Europako Parlamentuak, Europako Kontseiluak edo Kongresuak emandako gomendio eta ebazpenei), publizitatean neskatoen sexualizazioa amaiarazteko, joera profesional kaltegarria izaki, duela hainbat urtetik hona salatua eta, orokorki, emakumeen sexualizazioaren adierazpide muturrekoena.

 

6.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du baliabide publikoekin finantzatutako ikastetxe guztietan Skolae programa ezartzen segi dezan, bai eta horietan guztietan bermatzen ere, Nafarroako Gobernuak hezkidetzaren alde eginiko apustu argi bezala; ezen, programaren hasieratik bertatik, ikusi da hezkidetza lanabesik egokiena dela gure ikasleek beren bizitza-proiektua askatasunean eraiki ahal izan dezaten eta beren etorkizunaz erabaki ahal izan dezaten; laburbilduz, jakin ahal izan dezaten begiratzen, ulertzen, izaten, ongi tratatzen, sentitzen, bizitzen, eraikitzen, ekarpena egiten.

 

7.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du beren familien etxean LGTBIfobia pairatzen duten LGTBI+ gazteentzako baliabide gisa aldi baterako harrerako etxebizitzak abiaraztea, ez badaukate bizi ahal izateko behar beste baliabiderik. Horretarako, alokairu-araubideko babes ofizialeko etxebizitzetarako eskabideen baremazioan irizpide objektibo eta puntuagarri gisa sartuko da beren familiarengandik indarkeria LGTBIfobikoa pairatzen duten gazteak izatea.

 

8.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du politika aktiboak bultzatzea, xede dutenak bukaera ematea sexuaren araberako lan-zatiketari, lanbide-sektore feminizatuen lan-prekarietateari, gogoz kontrako aldi batekotasunari eta partzialtasunari eta emakumezkoen soldata-arrakalari.

 

9.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du zainketa-sistema bat antolatzea, halakoa non, erantzunkidetasun pertsonalean oinarriturik eta behar besteko egitura publikoen gerizpean, modua emanen baitu pertsona guztien pertsona-, familia- eta lan-aldiak bateragarri egitea, arreta berezia ipiniz emakumeek dituztenetan.

 

PSNk, Geroa Baik, Podemos Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztu dute. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin ONETSI DA.

 

PSNk aurkeztutako ebazpen-proposamenak

 

Lehenengo erabaki proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroa Suspertu Planean jasotako ekintzak egin ditzan, plan hori ezinbestekotzat jotzen baita hazkunde ekonomikoa berreskuratzeko, enplegua sortzeko, berreraikuntza ekonomiko sendo eta inklusiborako eta etorkizunaren erronkei erantzuteko.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du aurrerapausoak eman ditzan, oro har gizartearen eta, bereziki, enpresa-ehunduraren digitalizazio-prozesuan, banda zabaleko komunikazio-azpiegitura beharrezkoak sortuz, 5G teknologiari bultzada emanez, horren erabilerari buruzko prestakuntza emanez herritarrei eta enpresariei, kapital teknologikoa berrituz eta Administrazioa prestatuz nafar gizartearen premia berriei erantzun ahal izan diezaien.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du apustu tinkoa egin dezan landa-ingurunearen garapen ekonomikoaren alde, horretarako ur-, komunikazio- eta datu-azpiegiturak garatuz, bai eta Nekazaritza Politika Erkide berriak emandako aukerak aprobetxatuz ere, ingurumenaren nahiz ekonomiaren ikuspegitik jasangarriak izanen diren nekazaritza eta abeltzaintzaren bitartez, eta kalitatezkoa izanen den nekazaritzako elikagaien industria bat garatuz. Hori guztia, Nafarroa egituratzeko eta trinkoago egiteko, lurralde- nahiz gizarte-ikuspegietatik.

 

4.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du I+G+b susta dezan produktibitatea, enplegua eta ekoizpen-, gizarte- eta ingurumen-prozesuen modernizazio eta eraldakuntza akuilatzeko giltzarri gisa, halako moldez non teknologia eta berrikuntza Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osoraino iritsiko diren.

 

5.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du ekonomiaren suspertzerako, kalitatezko enpleguaren sorkuntzarako, lurraldearen egituraketarako eta despopulazioaren aurkako borrokarako giltzarri diren proiektutzat jo ditzan azpiegiturak, hala nola Nafarroako Ubidea, Prestazio Handiko Trena, Estellerriko 400 MWeko linea, banda zabaleko inbertsioa edo Berrikuntza Digitaleko Poloa.

 

6.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Espezializazio Adimendunerako S3 Estrategiako sektoreak indartu ditzan (automobilgintza eta mekatronika, elikakatea, energia berriztagarriak, osasuna, turismo integrala, sormen-industriak eta industria digitalak) Nafarroaren garapenerako sektore estrategiko gisa, eta gure enpresa eta produktuen nazioartekotzeari bultzada eman dieziaon.

 

7.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluaren baitan Enplegu Planaren prestaketarekin aurrera segi dezan, eta berritu dezan Enplegu Politika Aktiboei buruzko Akordioa, indarreko akordioaren emaitzak ebaluatu ondoren, halatan aurrerapausoak eman ahal izate aldera ekonomia moderno, lehiakor eta bidezko baterantz, zeinak enplegu egonkorra eta kalitatezkoa erakarriko duen.

 

8.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du aldeztu ditzan ekintzailetza kooperatiboko programak eta krisian dauden enpresak birmoldatzekoak, ekonomia sozialaren esparruan.

 

PSNk aurkeztu du. Navarra Sumaren, PSNren eta Geroa Bairen aldeko botoekin, eta EH Bilduren, Podemos Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin ONETSI DA.

 

Bigarren erabaki proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du jarrai dezan Espainiako Gobernuarekin duen aldebiko harremanean sakontzen, abiapuntutzat hartuz leialtasun instituzionala, gardentasuna eta gure autogobernua garatzea ahalbidetuko digun proposamen eraikitzailea.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du bultza dezan baterako gobernantza eta adimen kolektibo partekatua, akordioetan oinarritua, eremu guztietan elkarrekin parte hartzea baitakarte, gizarte erresiliente bat eraikitzeko bitarteko gisa.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du jarrai dezan Bizikidetza Plan Estrategikoa egiten, gizarte anitza, plurala, kohesionatua eta memoriaduna eraikitzeko.

 

PSNk aurkeztu du. Navarra Sumaren aurkako botoarekin, Geroa Bairen eta EH Bilduren abstentzioarekin eta PSNren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin EZETSI DA.

 

GEROA BAIk aurkeztutako ebazpen-proposamenak

 

Lehenengo erabaki proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du aurkez dezan 15 eguneko epean Klima Aldaketaren eta Trantsizio Energetikoaren Legea, Parlamentuan izapidetu dadin.

 

Geroa Baik aurkeztu du. Navarra Sumaren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta PSNren abstentzioarekin ONETSI DA.

 

Bigarren erabaki proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du areagotu dezan euskarazko prestakuntza-, kultura-, jolas- eta aisialdi-eskaintza, bai aurrez aurreko formatuan, bai ikus-entzunezko eta online formatuan, publiko guztientzat, batez ere haur eta gazteentzat, hizkuntza hori gehiago ezagutzen duten biztanleria-sektoreak diren aldetik.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du susta ditzan euskarazko hedabideen garapena eta digitalizazioa.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du erabaki ditzan herritar euskaldunak artatzeko Nafarroako Gobernuko departamentu guztietan behar adina plaza elebidun, eta aukera eman dezan nafarrek Nafarroako administrazio publikoekin bitarteko elektronikoen bidez dituzten harremanak gaztelaniaz eta euskaraz izan ahal ditzaten.

 

4.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzne du berma dezan euskararen ezagutza meritu gisa baloratua izan dadila Nafarroa osoan lehiaketa eta oposizio-lehiaketa bidez betetzen diren Gobernuko lanpostu guztietan, Euskarari buruzko Foru Legean ezarritakoaren ildotik, haren balorazioa errealitate soziolinguistikora egokituz.

 

Geroa Baik aurkeztu du. Navarra Sumaren eta PSNren aurkako botoekin, eta Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin EZETSI DA.

 

PODEMOS-AHAL DUGUk eta IZQUIERDA EZKERRAk elkarrekin aurkeztutako erabaki proposamena

 

Erabaki proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du bultzada handia eman diezaion, legegintzaldian geratzen den honetan, irakaskuntza publikoaren garapenari, Nafarroako Foru Komunitateko eskaintza publikoaren eta ikasle publikoen hazkundearen mesedetan, guztiontzako kalitatezko hezkuntza sozializatzailearen berme gisa:

 

Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Haur Hezkuntzako lehen zikloko hezkuntza eskaintza publiko bat ezar dezan, halako moduz non bermatuko baita herritar guztiek irakaskuntza horiek jaso ahal izatea kalitateko, ekitateko eta iraunkortasun-bermeko baldintzetan, aurrera eginez hezkuntza etapa hori Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren mendeko ikastetxe publikoen sarean sartzeko bidean.

 

- Unibertsitatez kanpoko hezkuntza-eskaintza publikoa diseinatzea eta garatzea, honako hauen bidez:

 

- Onarpen-prozedura bidezkoa eta inklusiboa, gurasoen bizilekuan/lantokian eskolatze inklusiboa sustatzen duena.

 

- Euskarazko eta gaztelaniazko eskaintza publiko nahikoa.

 

- Irakaskuntza publikoan eskolatzea sustatzea, hau da, eskola-unitate publikoak ez kentzea, eskolatze-eskaera guztia kontuan hartuta, eta ikastetxe publiko batean plaza bat eskatzen duten ikasle guztiei eskola-plaza bat bermatzea.

 

- Hezkuntza-jarduerak garatzeko beharrezkoak eta nahikoak diren azpiegitura publikoak hornitzea.

 

- Eremu bakoitzeko ikastetxe publikoetako ikasleen bizikidetzarako hezkuntza-testuinguruak sustatzeko eta ezartzeko plana diseinatzea.

 

- Erlijioaren irakaskuntza eta haren alternatibak legez ezarritako gutxienekora murriztea.

 

- Irakaskuntzako profesionalen lan-baldintzak eta prestakuntzarako sarbidea hobetzea.

 

- Helduen etengabeko hezkuntzako euskara-ikastaroa 2020-21 ikasturtean hasiko dela bermatzea.

 

Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztu dute. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin ONETSI DA.

 

PODEMOS-AHAL DUGUk aurkeztutako erabaki proposamena

 

Erabaki proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du gara dezan Lagun egiteko animaliak babesteari buruzko apirilaren 4ko 19/2019 Foru Legea eta onar dezan 2021eko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan jasoko den plan estrategikoa.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du herritarrak animalien aurkako tratu-txarrak direla-eta kontzientziatzeko kanpaina bat egin dezan foru erkidegoko gainerako erakundeekin koordinatuta, zeinetan halaber eginen baitira informazio-hitzaldiak hezkuntza-mailan, ahal den herritar gehienganaino heltzeko.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du indarkeriaren biktima diren emakumeen eta neskatoen lagun egiteko animalien aldi baterako edo behin betiko harrera-sarea sor dezan.

 

Podemos-Ahal Duguk aurkeztu du. Aho batez ONETSI DA.

 

IZQUIERDA-EZKERRAk aurkeztutako ebazpen-proposamenak

 

Lehenengo erabaki proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak Gobernu zentralari eskatzen dio lehenbailehen ekin diezaiola herritarren lan eta gizarte eskubideak murriztu dituzten lege hauek indargabetzeari:

 

- Espainiako Konstituzioaren 135. artikulua, eta Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzko apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoa.

 

- Hasiera batean 2012ko otsailaren 10eko 3/2012 Errege Lege Dekretuaren bidez onetsi zen lan erreforma, gerora, Diputatuen Kongresuak dekretu hori baliozkotu ondoren, uztailaren 6ko 3/2012 Legearen bidez onetsi zena.

 

Izquierda-Ezkerrak aurkeztua. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin ONETSI DA.

 

Bigarren erabaki proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak erabaki du erreferendum baten deialdiari babesa ematea, herritarrek monarkiaren edo errepublikaren artean aukera dezaten.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak erabakitzen du bere babesa ematea Espainiako Estatuan errepublika federal eta solidarioa eratzeko prozesu politikoa has dadin, Nafarroako herritarrek erabakitzeko duten eskubidean oinarrituta.

 

Izquierda-Ezkerrak aurkeztua. Navarra Sumaren eta PSNren aurkako botoekin eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin EZETSI DA.

 

Hirugarren erabaki proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak Erreforma Fiskala babesten du, justizia fiskaleko irizpideak aplikatuz diru-sarrera gehiago sortuko dituena, eta Nafarroako Gobernua premiatzen du Parlamentuari aurkez diezaion, eztabaidatu eta onar dezan. Erreforma horrek Sozietateen gaineko Zergari eta ondare handien tributazio handiagoari heldu beharko die.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak finantza-zerbitzuetarako sarbidea demokratizatuko duen eta gure erkidegoko garapen ekonomikoaren finantzaketan esku hartuko duen banku publiko bat sortzearen alde egiten du, eta Nafarroako Gobernua premiatzen du behar diren ekintza guztiak egin ditzan hura abian jartzeko.

 

Izquierda-Ezkerrak aurkeztua. Navarra Sumaren eta PSNren aurkako botoekin, Geroa Bairen abstentzioarekin eta EH Bilduren, Podemos Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin EZETSI DA.

 

NAVARRA SUMAk aurkeztutako erabaki proposamenak

 

Lehenengo erabaki proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du planetatik ekintzetara pasa dadila eta Europako funtsak balia ditzala Nafarroako enpresek, langileek, administrazio publikoek eta gizarteak, oro har, aurrera egin dezaten beren jarduerak digitalizatzeko prozesuan, teknologia berriei buruzko prestakuntza-programen, IKTetan inbertitzeko pizgarrien, interneten erabileraren eta konektibitatearen hobekuntzaren bidez. Horrela bakarrik lortuko dira produktibitate-estandarrak, eskualde egokituenei etorkizuna gidatzeko aukera emanen dietenak. Nafarroak horietako bat izan beharko du, duela 15 urte izan zen bezala.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du lan egin dezan energia berriztagarrien esparruko lidergoa berreskuratzeko, arlo horretan lankidetza publiko-pribatuko planak eta proiektuak sustatuz. Une honetan, zalantzarik gabe, elektrizitate berdea energia sortzeko iturri nagusi izanen duten prozesu guztiak bultzatzen dituen sektorea da. Nafarroan kokatuta dauden CENER eta sektoreko enpresa nagusien presentziak pizgarri bat izan behar du krisiaren aurretik existitu zen eta orain berriro abiarazi behar den industria-sare oso bat garatzeko.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du erraztu dezan nekazaritzako elikagaien industria egokitu dadila laborantzako, eraldaketako eta banaketako ingurumen-eskakizun berri eta ukaezinetara, dibertsifikazioari ekarpena egiten jarraitzeko, Nafarroako lehen sektoreko jarduerari eutsiz eta landa-eremuko biztanleriari eusten lagunduz.

 

4.- Nafarroako Parlamentuak adierazten du ikus-entzunezko ekoizpena bultzatzearen alde egiten duela. 2014an ezarritako pizgarria industria hasiberri baten ernamuina izan da, eta orain hura zurkaiztu beharra dago eta industria horri lotutako prestakuntza-graduak garatzeko balio behar du.

 

5.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du beharrezkoak diren inbertsio-ahaleginak egin ditzan lurraldearen orekarako eta iraunkortasunerako beharrezkoak diren bi azpiegiturak ahalik eta lasterren amaitzeko: AHTa eta Nafarroako Ubidea. Merkantziak eta pertsonak bitarteko azkar, seguru eta jasangarrien bidez komunikatzeak lurraldeak berdintzen ditu eta aukera berriak zabaltzen ditu. Era berean, ureztatze eraginkorrerako, edateko eta industriarako ura izateak aukera emanen dio Nafarroako Erriberari Iruñeko merindadearekiko duen distantzia ekonomikoa murrizteko; izan ere, Iruñetik urrun dagoenez, ez du hartatik onurarik ateratzen.

 

6.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du gida dezan mugikortasun elektrikorako trantsizioa, gure erkidegoan automobil-sektoreak hasitako eraldaketarekin bat etorriz. Automobilen elektrifikazioari buruz iragarritako proiektuek ez dute garapen esanguratsurik ekarri, eta baliabideek ez dute emaitzarik izan. Orain ez da zentro edo institutu espezifikoen garaia. Munduko automobilaren industriak bere erabakia hartu du, eta guri dagokigu hura babestea. Administrazioek, orain, energia nahikoa izatea eta energia hori lurralde osoan modu egoki eta orekatuan banatzea ahalbidetuko duten proiektuak erraztu behar dituzte, eta berrikuntza elektrikoa modu progresibo eta ordenatuan errazteko lankidetzan jardun behar dute sektorearekin batera, alde batera utziz gure industria- eta lan-errealitatea aintzat hartzen ez duten eta nahi den azken helburua —automobilaren industriak etorkizuneko ereduak sortzen jarrai dezan— eragotziko duten helburu handi eta azkarrak.

 

7.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du banda zabaleko bigarren plana amai dezan, lankidetza publiko-pribatua sustatzeko, nafar guztiek eta Nafarroako enpresek zuntz optikoa eskura izan dezaten eta digitalizazioaren aroan benetan parte hartu ahal izan dezaten. Era berean, zuntzaren garapen hori aprobetxatu beharko du 5G teknologiaren ezarpena eta garapena errazteko.

 

Navarra Sumak aurkeztu du. Navarra Sumaren, PSNren eta Geroa Bairen aldeko botoekin, eta EH Bilduren, Podemos Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin ONETSI DA.

 

Bigarren erabaki proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du lehiakortasun fiskala berreskura dezan, zergapetze-esparru erakargarri batekin, urte askoan inbertsioa sortzea eta erakartzea eta, beraz, enplegua sortzea ahalbidetu zuenaren modukoa. Ekonomiaren susperraldian eta epe ertain eta luzeko hazkunde ekonomikorako oinarri lehiakorrak ezartzean pentsatu behar dugu.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du, gaur erabaki fiskalak hartzen dituenean, begira dezan etorkizunean zer eragin izanen duten; hala, pandemiaren muturreko inguruabarrak gainditzen direnean, Nafarroa autonomia-erkidego oparoenen artean kokatzeko prest egonen da, inbertsiorako zerga-esparru erakargarri batekin, zeina lagungarria izanen baita Nafarroak hazkunde-eredu modernoago eta iraunkorrago baterantz egin behar duen eraldaketan.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du ez diezaion lehentasuna eman epelaburkeriaren araberako dirubilketa-ahaleginari; izan ere, halako eredu batez, zerga gehiagoko sistema batean oinarriturik eta zergek eragin dezaketen pizgarri-gabetzeari behar den arreta jarri gabe, Nafarroa inbertsiorako erakargarritasun gutxiko helmuga bihur daiteke, eta arriskuan jar daitezke susperraldia eta enpleguaren sorrera, zeinak bateragarriak baitira helburu izan behar dugun hazkunde iraunkorraren ereduarekin, Nafarroako gizartearen aurrerabidea bermatze aldera.

 

Navarra Sumak aurkeztu du. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin eta Navarra Sumaren aldeko botoekin EZETSI DA.

 

Hirugarren erabaki proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak erakusten du konpromisoa duela etengabeko elkarrizketa sozialarekin Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta ordezkaritza handieneko sindikatu- eta enpresaburu-erakundeen arteko topaketarako, partaidetzarako eta negoziazio instituzionalerako organo gorena baita; izan ere, kontseilu horrek izan behar du aurre egin beharreko erronkei aurre egiteko beharrezkoak diren erreforma ekonomiko eta sozialen indar eragilea.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du esparru horretan lehentasuna eman diezaion Enplegu Plana presaz onartzeari.

 

Navarra Sumak aurkeztu du. Navarra Sumaren eta PSNren aldeko botoekin, Geroa Bairen abstentzioarekin eta EH Bilduren, Podemos Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin ONETSI DA.

 

Laugarren erabaki proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du egin dezan SARS-CoV-2 detektatzeko testen kopuru nahikoa, testaren positibotasun-tasa %4koa edo txikiagoa izan dadin modu iraunkorrean, horixe baita Osasun Ministerioak eta autonomia-erkidegoek normaltasun berrirako adostutako atalasea, zeina Osasunaren Mundu Erakundeak eta Gaixotasunak Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Europako Zentroak gomendatutako mugen nahiko antzekoa baita.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du ahalik eta gehien laburtzeko COVIDaren sintoma susmagarriak dituzten pertsonen osasun-sistemarekin lehen harremana izan eta proba hori egin zaion pertsonari baieztapen diagnostikoaren testaren emaitza zuzenean bidali arte igarotako denbora; denbora hori ez da sekula 24 ordutik gorakoa izanen.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du era egonkorrean indartu ditzan arakatzaileen baliabideak eta testak egiteko materiala, teknologia eta giza baliabideak, berehalako erantzuna eman ahal izateko isolamendu goiztiarrak egiten eta pandemia kontrolatzen lagunduko duen anbizio handiko arakatze arin eta eraginkor bati, kasua berresten denetik testaren emaitza arte igarotako denbora 24 ordura baino gutxiagora laburtuz.

 

4.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du sentsibilizazio-kanpaina eraginkorrak egin ditzan berariaz gazteei eta nerabeei zuzenduta, bai eta arrisku bereziko beste kolektibo batzuei ere, lagun dezaten gizartea sentsibilizatzen eta inplikatzen birusa transmititzea saihesteko prebentzio-neurrietan.

 

5.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du argitara dezan pandemiaren bilakaerari buruzko informazio guztia, eta ebaluazio independente bat egin dezan egindako akatsak aztertzeko eta hobetu beharreko arloak hautemateko.

 

Navarra Sumak aurkeztu du. Navarra Sumaren, EH Bilduren eta I-Eren aldeko botoekin eta PSNren, Geroa Bairen eta Podemos Ahal Duguren aurkako botoekin ONETSI DA.

 

Bosgarren erabaki proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak osasun-, hezkuntza- eta gizarte-sistemarekiko konpromisoa adierazten du, arretaren bikaintasuna bilatzen duten zerbitzu publiko unibertsal eta kalitatezkoen bidez, horretarako lankidetza publiko-pribatuak eskaintzen duen giza kapital eta esperientzia guztia baliatuz.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Nafarroako osasuna nazio mailako erreferente gisa berreskura dezan, kalitatezko oinarrizko osasun laguntzako eredu bat bermatuz, pandemiak iraun zuen bitartean Osasun Departamentuak ezarritako bereizketarik gabeko bereizketa administratibo eta arreta ez-presentziala kenduz; Nafarroan osasun-arloko profesionalak erakartzeko eta atxikitzeko neurri eraginkorrak ezar ditzan; lehen kontsultan, kirurgian eta proba diagnostikoetan egungo itxarote-denborak murriztu ditzan. itxarote-bermeen legea betez, eta Nafarroako herritarrei, eskubide gisa, berrikuspen-kontsultetan gehieneko itxarote-denborak berma diezazkien.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du bultza dezan kalitatea eta ekitatea bermatuko dituen hezkuntza-sistema bat, familiek beren seme-alabentzat nahi duten hezkuntza aukeratzeko duten askatasuna errespetatuko duena, eta berriz erreferentzia-posizioa berreskuratuko duena hezkuntza-berrikuntzan eta aniztasunaren arretan

 

4.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du indartu dezan gizarte-zerbitzuen sistema publikoa, gizarte-eskubideak gauzatzeko, itxarote-zerrendekin amaitzeko, irisgarritasun unibertsala bermatzeko eta benetan integratzaileak diren kalitatezko zerbitzuak eskaintzeko.

 

Navarra Sumak aurkeztu du. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin eta Navarra Sumaren aldeko botoekin EZETSI DA.

 

EH BILDUk aurkeztutako ebazpen-proposamenak

 

Lehenengo erabaki proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du urgentziazko eta partaidetzazko plan bat egin dezan, pandemiari aurre egiteko aukera emango duena kutsadurak arakatzeko eta haien jarraipena egiteko sistema nabarmenki indartuz, ahalik eta azkarren diagnostikatu eta isolatu ahal izateko, eta baliabideak ezar ditzan arreta espezializatuan eta lehen mailako arretan, herritarren arreta arrunta eta COVID-19aren inguruko arreta bermatzeko.

 

EH Bilduk aurkeztu du. Navarra Sumaren aurkako botoekin, PSNren eta Geroa Bairen abstentzioarekin eta EH Bilduren, Podemos Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin EZETSI DA.

 

Bigarren erabaki proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak Hezkuntza Departamentua premiatzen du pandemiaren larrialdiak artatzera.

 

- Etxeko hezkuntza-arreta bermatzea eritasun kroniko larriak dituzten haur arriskudunei, txosten medikoetan gomendatuta badute eskolara ez joatea, koronabirusaren hedapenagatik.

 

- Apustu eraginkorra egitea eskola-taldeak ikasleen eta ikastetxeen ezaugarrien arabera murriztearen alde, espazio gutxiago eta ikasle txiroagoak edo premia berezi handiagoak dituztenak lehenetsiz, eta bigarren hiruhilekotik aurrera irakasle-kontratazio handiagorako aurreikuspena eginez.

 

- Dibertsitatearen arreta bermatzea beharrezkoak diren giza eta material-baliabideei dagokienez.

 

- Irakasleak FFP2 maskaraz hornitzea haur eta lehen hezkuntzako elkarbizitza-talde egonkorretan.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du lan-mahai bat era dezan, Nafarroako hezkuntza-komunitateko eragileen eta talde parlamentarioen parte-hartzearekin, legegintzaldian zehar estrategikoki heltze aldera azken urteotan jada identifikatuak izaten ari ziren premia eta erronkei, garrantzi handiagoa hartu dutenak hilabeteotan, gure hezkuntza-sistemaren egitura-arazoak agerian geratu diren egoera honetan, zeinak halaber erakutsi baitu paradigma berri baterako eta inor atzean utziko ez duen kalitatezko hezkuntza baterako erantzunen beharra. Gune horretan landu beharreko ardatzak hauek lirateke, besteak beste:

 

- XXI. mendeko hezkuntza-erronketarako finantzaketa publiko nahikoa blindatzea, egoera ekonomikoen mende egon ezin dena.

 

- Ratioak murriztea eta irakaskuntza-baliabideak handitzea.

 

- Irakasleak egonkortzearen eta bitartekotasuna murriztearen aldeko apustua.

 

- Sexuaren araberako segregazioa egiten duten ikastetxeekiko hezkuntza-hitzarmenak berrikustea, hitzarmen horiek ez berritzea xede.

 

- Digitalizazioa.

 

- Berrikuntza pedagogikoa eta metodologikoa, gaitasunen bidezko ikaskuntza sustatzea, lan kooperatiboa eta hezkuntza-ebaluazioko sistema.

 

- Curriculuma.

 

- 0-3 zikloa Haur Hezkuntzako etapa integral baten barruan sartzea.

 

- Eskola-jangelak hezkuntza-gune gisa.

 

EH Bilduk aurkeztua. EZETSI EGIN DA, Navarra Suma eta PSNren aurkako botoekin, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren abstentzioarekin eta EH Bilduren aldeko botoarekin.

 

Hirugarren erabaki proposamena

 

1.- Parlamentuak beharrezko deritzo Nafarroak sistema fiskal bidezkoa, aurrerakoia, ekitatezkoa eta solidarioa eusteari, zeinak bermatuko baititu sektore publikoaren bideragarritasuna ziurtatzeko beharrezkoak diren diru-sarrerak, oinarri harturik progresibitate errealaren printzipioa eta iruzurraren aurkako borrokarekiko benetako konpromisoa. Aberastasunaren birbanaketa ahalbidetuko duen sistema fiskala, solidaritate-printzipioa gauzatuko duena; pertsona fisikoen gaineko sistema fiskala, non errentetarako zerga-karga bera izanen den, jatorriagatik bereizkeriarik egin gabe; sozialki aurreratuen dauden Europako herrialdeetatik hurbil dagoen presio fiskala izanen duen sistema. Halaber, beharrezkoa da, gaur egun eta etorkizun hurbilenean, ingurumen-fiskalitate progresibo bat diseinatzea eta ezartzea, baliabide naturalen gehiegizko ustiapenari pizgarria kentzeko eta, aldi berean, klima-krisiari eta ekosistemen degradazioari aurre egiteko. Hori ere tresna estrategikoa izanen da trantsizio ekologikoa finantzatzeko, trantsizio horretan ezinbestekoa izanen baita zientzian eta teknologian inbertitzea.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du nafar herritarren kontsumo-ohiturak alda daitezen sustatzera, horretarako aldeztuz hurbileko produktuak, ibilbide laburrak eta isurgaitan eta CO2n neurtutako prezio ahalik eta baxuenak dituzten kontsumo-ondasunak. Horretarako abiaraziko ditu prestakuntza-planak, kontzientziazio-kanpainak eta merkatari txikien nahiz bertako turismoaren babeserako neurriak.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du urgentziaz ekin diezaion Nafarroako Industria Plana eta espezializazio adimendunerako S3 estrategia aldatzeari.

 

- Jasangarritasun eta ekonomia zirkularreko irizpideak txertatuz.

 

- Lanabesak garatuz, bideratuak jarduera estrategikoak lokalizatzera, birlokalizatzera edo lokalizatuta mantentzera.

 

- Erabakiguneak eta negozio-aukerak Nafarroan kokatzearen aldeko apustua eginez.

 

- Gure produkzio-ehunduraren dibertsifikatzea sustatuz.

 

- Arlo estrategiko gisa hartuz arretagunea pertsonen zaintzan jartzen duten jarduera guztiak eta beren jarduera ekonomia zirkularrean oinarritzen dutenak.

 

- Nafarroako enpresetan CO2aren nahiz berotegi efektuko gasen isurketa murrizteko plan bat taxutuz eta ingurumenarentzako mehatxu argia diren enpresa-proiektuak berrikusiz.

 

• Sektore publikoa gidaritza emanez, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzako estrategian, planak taxutu eta lehentasunak ezartzeko.

 

- Ekonomia suspertzeko planetan gizarte-ekonomiako enpresentzako lehentasunak eta neurriak txertatuz.

 

- Lan elkartuko kooperatiba berriak eta sozietateak eratzeko pizgarriak eta babesa emanez.

 

4.- Nafarroako Parlamentuak Espainiar Estatuko Gobernua premiatzen du lan erreforma berehalakoan indargabetzera.

 

5.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du enplegua babestu eta mantentzeko plan bat taxutu eta gara dezan, halatan irauliz iraganeko krisien ondorioz lan-baldintzek pairaturiko okertzea.

 

- Nafarroako Enplegu Zerbitzuak lan-bitartekotzako organo gisa duen zeregina indartuz, xede harturik kontratazio-prozesu publikoak, gardenak, parekideak eta egiaztagarriak bultzatzea, laneratzeko aukera-berdintasuna bermatuz eta irizpide objektiboetan oinarrituriko hautaketa-prozesuak taxutuz.

 

- Sustatuz eta pizgarriak emanez enpresa pribatuek kalitatezko enplegua sortzeko. Enpleguaren kalitatea betekizuna izanen da edozein laguntza edo dirulaguntza publiko eskatu ahal izateko, eta, urraketa kasuan, laguntza horiek bertan behera utzi ahalko dira.

 

- Dirulaguntzei buruzko lege berri bat bultzatuz, non bermeak ezarriko baitira oinarrizko lan-araudia eta aplikatzekoak diren hitzarmen kolektiboak betetzeko, Kontratu publikoei buruzko Legeak ezartzen duenarekin bat, eta zigorrak ezarririk urraketa-kasuetarako, bai eta kontrol-bide egokiak bermaturik ere.

 

6.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du BPGaren %3an ezar dezan I+G+b helburua legegintzaldi honetan zehar.

 

7.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du egiazki herritarren oinarrizko eskubidetzat har dezan kulturarako irispidea, eta konpromisoa har dezan arlo horretako jarduera bultzatzearekin, garatzearekin eta babestearekin, urgentziaz baliabide gehiago horretarako ipiniz Nafarroako Aurrekontu Orokorretan historikoki bideratu izan direnak baino.

 

EH Bilduk aurkeztua. EZETSI EGIN DA, Navarra Sumaren eta PSNren aurkako botoekin eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin.

 

Laugarren erabaki proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak bere gogobetetasuna adierazten du Nafarroako Gobernuak Nafarroako Elkarbizitza Demokratikorako I. Plana prestatzeko abiarazi duen prozesua dela-eta, eta berretsi egiten du horrekiko konpromisoa. Hori horrela, beharrezkotzat jotzen du:

 

- Gure gizarteko pertsona eta eragile ahalik eta gehienei parte harrarazteko egoki diren bideak ipintzen segitzea, haiek kutsu positiboko ekarpenak egin ahal izan ditzaten Nafarroan elkarbizitza eraikitzeko, alderdikeriak eta sektarismoak uxatuz.

 

- Elkarbizitza-politikak ikusmolde integral eta transbertsal batetik itxuratzearen erronkari hel dakion, halako moldez non modua egonen baita Nafarroako elkarbizitzaren erronkak haien jatorritik eta zergatietatik aztertzeko, haien adierazpiderik problematikoenetaraino, halatan soluzio erreal eta eraginkorrak planteatzeko.

 

- Dibertsitate eta aniztasunaren aitorpena aldeztu dadin, identitate, politika, kultura, arraza, hizkuntza eta abarren arloetan, eta aldarrikapen-lan bat egin dadin bizikidetza integratzaile eta inklusibo baten alde, pertsona guztien eskubideen errespetutik.

 

- Apustua egin dadin bakearen, giza eskubideekiko begirunearen eta gatazkak elkarrizketaren bidez modu baketsuan ebaztearen aldeko kultura bat sustatzearren.

 

- Apustua egin dadin memoria inklusibo baten alde, zeinak aintzat hartuko baititu giza eskubideen urraketaren biktima guztiak, eta bideak urra daitezen haiek guztiek egiarako, errekonozimendurako, ordainerako eta memoriarako daukaten eskubidea bermatzea xede, horrelako indarkeriazko gertakariak ez daitezen errepika.

 

- Espetxe-politika berri baten alde egin dadin, preso dauden pertsonen familia- eta gizarte-loturei mesede eginen diena.

 

EH Bilduk aurkeztua. EZETSI EGIN DA, Navarra Sumaren eta PSNren aurkako botoekin eta Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin.

 

Bosgarren erabaki proposamena

 

1.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du egungo zerbitzu publikoak indartzeko neurri urgenteak ezartzera, Nafarroako familiek adingabeak eta/edo mendeko pertsonak zaintzeko duten premiari erantzuteko.

 

2.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du eskaintza publikoa indartu eta zabalduko duten zerbitzu publikoen sorkuntza progresiboa diseinatzeko plan bat egitera, adingabeen eta/edo mendeko pertsonen zaintza bermatzeko.

 

3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du beharrezko baliabideak jartzera eta aurreko legealdian onetsitako berdintasun-legeak garatzera: Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea eta LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzko ekainaren 19ko 8/2017 Foru Legea.

 

4.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du indarkeria matxistaren biktimen harrerarako eredu berriari ekin diezaion.

 

5.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du desgaitasun-plana osoki garatzera.

 

6.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du krisiaren ondorioz sortu diren premia larrienei erantzuteko langile gehiago jartzera; esate baterako, errenta bermaturako eskaerak azkarrago izapidetzeko, zerbitzu psikologikoak emateko, koordinazioa hobetzeko, larrialdietarako laguntzetarako eta premia horiek identifikatzeko.

 

7.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du Errenta Bermatuaren egungo Legea alda dezan, halako moldez non haren iraupena bermatu eginen baita langabezia edo behar adinako diru-sarrera ekonomikorik eza dagoen bitartean.

 

8.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du etxebizitza duin baterako eskubidea bermatuko duten neurri eraginkorrak hartzera.

 

- Etxebizitza hutsen errolda egiten amaitzera.

 

- Baliabide indartuak bideratzera alokairuko etxebizitzen sare publiko bat garatzeko, haien baldintzak hainbat kolektiboren beharretara egokituko dituena.

 

- Legeria propio eta eraginkorra aktibatzera, alokairu-prezioekin abusatzea eta espekulatzea eragotziko duena eta kolektibo guztiei sarbidea bermatuko diena.

 

- Etxebizitza hutsak zaharberritzeko ezohiko neurriak aktibatzera, jarduera horri lehentasuna emanez sustapen berrien garapenaren aurretik.

 

- Bizikidetza-eredu berriak bultzatu eta horiei estaldura emanen dien araudia garatzea.

 

EH Bilduk aurkeztu du. ONETSI EGIN DA, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkako botoarekin.

 

Osoko Bilkuren Aretoaren edukiera % 30era murriztuta egonda, bilkura mistoa izan da (presentziala eta telematikoa), eta Unai Hualderen lehendakaritzapean egin da, laguntzaile zeuzkala Inma Jurío eta Yolanda Ibáñez lehendakariordeak eta Juan Luis Sánchez de Muniáin eta Maiorga Ramírez idazkariak. Talde parlamentarioen ordezkari aritu dira Javier Esparza, Carlos Pérez Nievas, José Suárez (Navarra Suma), Ramón Alzórriz, Ainhoa Unzu (PSN), Uxue Barkos, María Solana (Geroa Bai), Adolfo Araiz, Patricia Perales (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra). Gobernuko lehendakaria, María Chivite, bere bi lehendakariordeek –Javier Remírezek eta Jose Mari Aierdik– lagun egiten ziotela agertu da.

 

PSN-PSOEko diputatu Santos Cerdánek gonbidatuen palkotik jarraitu du bilkura.