Ezetsia izan da mozio bat, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen defenda dezan Nafarroak gainerako autonomia-erkidegoen tratu bera jaso dezala zor publikoaren barkamenean
UPNk, PPNk eta Voxek zalantzan jartzen dute amortizazio-neurria, alderdikoia eta arduragabea dela iritzita, baina ez dute lortu Hitzarmenaren bidez tratu ez-diskriminatzaile bat negoziatzeko gehiengorik
Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak mozio bat ezetsi du gaur, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, Contigo-Zurekin Nafarroa eta Voxen aurkako botoekin eta UPN eta PPNren aldeko botoekin; horren bidez, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen zuen “aldeztu dezan, Espainiako Gobernuak iragarri duen zor publikoaren barkamenari dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateak Espainiako gainontzeko autonomia-erkidegoen tratu bera jasotzen duela eta ez dela kalteturik aterako; horretarako, aldebiko akordioak lortu beharko dira Nafarroaren eta Estatuaren arteko Hitzarmen Ekonomikoaren esparruan”.
Ezetsitako mozioaren bigarren puntuan honako hau eskatzen zen: “negoziazio horretara eraman dezan eta defenda dezan ez bakarrik gainontzeko autonomia-erkidegoen zorra barkatzeko parametro berberak aplikatzea Nafarroari, ezpada Nafarroak duen egoera berezia ere, zeren Estatuari egiten diogun ekarpenean gure gain hartzen baitugu Espainiako Erresumak sortzen duen zorraren interesen % 1,6 ere; hortaz, Estatuaren zorra handitzen baldin bada araubide erkideko autonomia-erkidegoei zorra barkatzen zaielako, gure ekarpena ere handituko da, eta horrek egoera bidegabea eraginen du gure foru-errealitateari dagokionez, zuzendu egin behar dena”.
Era berean, hirugarren atalean, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “Nazioko Gobernuak egiten dituen planteamendu hauek sorrarazten dioten ezinegona helaraz dezan, ez baitute bilatzen ez guztion onura ez lurralde-oreka ere, ezpada interes partidista eta boterean prezioa zein ere den mantentzea, eta mezu negatibo bat botatzen baitute, bai atzerrira begira bai gauzak gaizki egin dituena eta beren zor-maila kontrolatu ez duena saritzeari begira. Jokabide politiko gaitzesgarri eta arduragabea da, inondik ere, salerosian ibiltzea eta autonomia-erkidego askoren egoera konplexuaz baliatzea, horien guztien arteko akordioak bilatu beharrean, autonomia-erkidegoen finantzaketarako eredu bat lortze aldera”.
EH Bilduk aldatzeko zuzenketa bat aurkeztu du, baina ekimenaren titularrak ez du onetsi. Zuzenketa horren bidez, Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion “2025-2029 bosturtekoaren oinarri-urteko negoziazioan, Estatuaren zorren interes eta amortizazio-kuotak Foru Komunitateak bere gain hartu gabeko kargatzat jotzeari dagokionez, horien zenbaketatik kanpo utz daitezela Zerga eta Finantza Politikako Kontseiluak 2025eko otsailaren 26an hartutako erabakiaren ondorioz sortzen ahal diren kopuruak; erabaki horren bidez, onetsi zen Estatuak bere gain hartuko zituela araubide erkidego autonomia-erkidegoen zorraren 83.352 euro, oinarri-urte horretarako zein zorra bere gain hartze horren eraginpean egoten ahal diren urteetarako”.
Era berean, ez da onetsi PPNk lehenengo puntuari eginiko gehitzeko zuzenketa, zeinaren bidez jasota utzi nahi baitzen honako hau: “Nafarroara estrapolatzekotan, araubide erkideko komunitateen zor-barkamena kalkulatzeko metodoak, edonola ere bidegabea eta desorekatua denak, kalte eginen lioke Nafarroari”.
UPN TPak sustatutako mozioaren zioen azalpenean, araubide erkideko autonomia-erkidegoka xehatzen dira Estatuko Administrazio Orokorrak bere gain hartuko dituen zor publikoaren 83.252 euroak.
Zentzu horretan, talde proposatzailearen iritziz, “Espainiako Gobernuak arduragabekeriaz jokatu du, interes partidistak direla-eta Kataluniarekiko negoziazioa soilik bilatu duelako, eta ez guztien arteko akordioa, finantzaketa-eredu berri bat lortzeko autonomia-erkidego guztien egungo beharrizanei erantzun bat emanen diena”.
Era berean, aldarrikatzen dute “ezinbestekoa” dela Nafarroako Gobernuak Parlamentu honen babesa izatea Estatuarekin modu aldebikoan negoziatzean nola eraginen dion erabaki horrek Foru Komunitateari.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (25. NPAO, 2025-03-04koa)