Ezetsia izan da mozio bat, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen udaberrian Nafarroako Ubidearen bigarren fasea lizita dezan
UPN eta Voxen babesa jaso badu ere, ez da nahikoa izan, eta ez du aurrera egin egungo proiektuan sartutako udalerri eta eremu ureztagarriak hedatzeko PPNk eginiko eskaerak
Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak mozio bat ezetsi du gaur, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa talde parlamentarioen aurkako botoekin, UPNren abstentzioarekin eta PPN eta Voxen aldeko botoekin; horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “Espainiako Gobernuarekin batera lehenbailehen eman diezaion konponbidea CANASA sozietate publikoaren finantza-egoerari, udaberrian lizitatzeko Nafarroako Ubidearen bigarren fasearen obra, Chivite lehendakariak iragarri zuen eran”.
Ezetsitako mozioaren bigarren puntuan, eskatzen da “bi gobernuek sinatu dezatela ‘Lankidetza hitzarmenaren eguneratzea’, non jasoko baitira obra honekiko konpromiso ekonomikoak eta finantzarioak, bai eta ekarpen ekonomikoen handitzea ere, lehenengo fasean eta haren hedapenean egin zen eran”. Gainerako epigrafeetan bezala, UPN, PPN, eta Voxen babesa ez da nahikoa izan, gainerakoak aurka agertu baitira.
Era berean, hirugarren atalean, Nafarroako Gobernua premiatzen den “Gobernu zentralari eta haren erakunde publikoei exijitu diezaien ebatz ditzatela egiteke dauden izapide guztiak, balizko lizitazioa ez dadin geldiarazi”.
Bestalde, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “azter dezan bigarren faseko proiektuan sartutako udalerri eta eremu ureztagarriak zabaltzeko aukera, onurak Nafarroako zati handi batera hedatu ahal izateko horrela”.
PPN TPak sustatutako mozioaren zioen azalpenean, gogorarazten dute 2024ko urrian, Nafarroako Gobernuko lehendakari María Chivitek iragarri zuela Nafarroako Ubidearen bigarren fasearen balizko lizitazioa eginen zela 2025eko udaberrian.
Ildo horretatik, hau azpimarratu du talde proposatzaileak: “Proiektu hau estrategikoa eta biziki garrantzitsua da Nafarroako Erdialdeko zati bateko eta Erribera osoko hiri-, industria- eta nekazaritza-hornidurarako”.
Era berean, “CANASA sozietate publikoak zor-bolumen izugarri handia du gaur egun, eta horren ondorioz, ezin du lizitaziorik egin. Gainera, merkatuan kredituak eskuratzeko ziurgabetasun eta arrisku handia du”, azpimarratu dute mozioan.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (20. NPAO, 2025-02-21ekoa)
- Enlace con las imágenes de la videoteca