Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Ekainak 27

Ez da onetsi Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen aldaketa

UPN "ahalmen ekonomikoaren galeraz" eta "zerga-igoera mozorrotuaz" mintzatu da, behar adina babes lortu gabe, ordea, PFEZa KPIaren urtetik urterako bilakaeraren arabera doitzeko

Parlamentuaren Osoko Bilkurak errefusatu egin du gaur Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretua aldatzea. PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek kontra bozkatu dute eta UPNk, PPNk eta Voxek, berriz, alde.

 

UPNk aurkeztutako foru-lege proposamenak xede zuen PFEZa KPIaren urtetik urterako bilakaeraren arabera doitzea, halako moduan non, KPIa % 2koa baino handiagoa balitz, oinarri orokorrari aplikatu beharreko tarifa minoratzea ahalbidetuko bailitzateke, bai eta gutxieneko pertsonal eta familiarrengatiko kenkariei aplikatu beharrekoa ere.

 

Proposamenaren arabera, deflaktazioaren zenbatekoa, "hurrengo zergalditik aitzinako eraginez", KPIaren urtez urteko aldaketa-tasari erreparatuta eginen litzateke abenduan.

 

Zioen azalpenean adierazten da erosahalmenaren galera "2020ko abuztutik hona gutxi gorabehera % 20koa" izan dela KPIaren igoera metatuaren ondorioz, eta urtez urteko igoeraren "jaitsiera azkarraren" ostean zailtasunak daudela "% 3aren langa hautsi eta % 2aren helburura iristeko".

 

Gauzak horrela, behar adina doiketa egitea proposatzen zen, ekiditeko, errentetan KPIaren pareko igoerak egin ala ez, garestitzearen ondorioz zergadunek beren diru-sarrerei dagokiena baino gehiago ordaindu behar izatea zergetan, "bai goragoko tarte batera jauzi egiteagatik, bai errenta-proportzio handiago bat zergapetzeagatik tasa altu batera, bai PFEZa zergadunaren ahalmen ekonomiko gutxiagotura ez doitzeagatik".

 

Horregatik, PFEZa inflazioari egokitzeko eta zama gehigarriak ekiditeko errentak igo ez direnean, Nafarroak tributuen arloan daukan autonomiaren argudioa ekarri da hizpidera, zertarako eta, beste batzuetan egin den bezala, "zergen igoera mozorrotu baten aukera baztertzeko, karga-tasaren parametro nominalak egokituta".

 

Artikulu bakarraren bidez, hirurogeita hamargarren xedapen gehigarria gehitu nahi zitzaion PFEZari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru-dekretuari; honako hau, hain zuzen ere:

 

1. Foru lege honetako 59.1 artikuluko likidazio-oinarri orokorra deflaktatu eginen da Nafarroako Kontsumo Prezioen Indizearen bilakaera % 2 baino gehiagokoa denean. Deflaktazioaren zenbatekoa eginen da aintzat harturik Nafarroako Kontsumo Prezioen Indizeak abenduan agertzen duen urtearteko aldaketaren tasa, hurrengo zergalditik aurrerako eraginez.

 

2. Halaber, foru lege honetako 62.9 artikuluak hizpide dituen gutxieneko pertsonalagatiko eta gutxieneko familiarragatiko kenkarien zenbatekoak aurreko 1. apartatuan zehazturiko modu berean handituko dira".

 

Irakurketa bakarraren bidez izapidetu baita, NAON argitaratu eta hurrengo egunean sartuko zen indarrean PFEZari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru-dekretuaren aldaketa.