Ez da onetsi mozio bat, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena toki-entitateen titulartasuneko zaintza-baliabideen publifikazioa susta zezan.
Proposamenaren xedea zen zainketen krisiari erantzutea, eta gauzatuta egon behar zuen aurtengo irailaren 30a baino lehen, aurrez Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin negoziatuta.
Parlamentuko Osoko Bilkurak bazter utzi du gaur, UPN, PSN, Geroa Bai, PPN eta Vox Nafarroa taldeen aurkako botoekin eta EH Bildu eta Contigo Navarra-Zurekin Nafarroaren aldeko botoekin, mozio bat, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen, “2025eko irailaren 30a baino lehen proposamen-sorta bat aurkez zezan, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin adostuak, toki-entitateen titulartasuneko zaintza-baliabideen publifikazioa sustatzeko”.
Bazter utzitako mozioak bazuen bigarren puntu bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen baitzuen legegintzaldi honetan zehar “planifika zezan pertsonen autonomiarako arreta-ekipo espezializatu bat sortzea foru-titulartasuneko gizarte zerbitzu bakoitzean. Ekipo horrek gizarte zerbitzuen eremu bakoitzeko zaintza zerbitzuen koordinazio-lana egin beharko zuen”.
EH Bilduk aurkeztutako mozioaren zioen azalpenean, gogora ekartzen da mugimendu feministak zaintzen krisia jarri duela mahai gainean, eta, era berean, uste du lan hori ikusezin bihurtzen dela, balioa galtzen duela, prekarizatu egiten dela, eta kasu askotan ordaindu ere ez dela egiten.
Talde proposatzailearen iritzian, zaintza-lana ez dadin gehienbat emakumeen esku gera, aldaketa kultural sakona eman behar da, zaintzen sistema publiko eta komunitario sendo bat eratu bidenabar.
Horrekin lotuta, aipatzen dira talde horrek Nafarroako Gobernua osatzen duten talde politikoekin sinatutako aurrekontu-akordioetan jasotako proposamenetako batzuk, hala nola etxez etxeko laguntza-zerbitzua indartzea, eguneko zentroak sustatzea, zaintza-zerbitzuen lurralde-banaketaren mapaketa edota egoitza-ereduaren transformazioa.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (25. NPAO, 2025-03-04koa)