Noiz argitaratua Astelehena, 2024.eko Irailak 9

Ez da onetsi Foru Hobetzearen aldaketa babesteko adierazpen instituzional bat

Kongresuan trafikoaren arloko eskumena bozkatzeko bezperan, PPNk eta Voxek ez dute babestu PSN, Bildu, Geroa Bai eta C-Zren ekimena; UPNk bai, ordea

- Eledunen Batzarrak ez du onetsi adierazpen instituzionala egiteko proposamen bat. Horren arabera, Nafarroako Parlamentuak babestu egin behar zuen Foru Hobetzearen aldaketa, eta babesa eskatzen zien Diputatuen Kongresuan ordezkaritza daukaten talde parlamentarioei. PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioek aurkeztu dute.

 

PPk eta Voxek aurka bozkatu dute,  eta UPNk, PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek aldeko botoa eman dute.

 

Onetsi ez den adierazpen instituzionalak honako hau dio:

Nafarroako Parlamentuak babestu egiten du Foru Hobetzearen aldaketa, eta babesa eskatzen die Diputatuen Kongresuan ordezkaritza daukaten talde parlamentarioei.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Alzheimerraren Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Alzheimerraren Nazioarteko Eguna ospatzearekin.

 

2. Nafarroako Parlamentuak uste du funtsezkoa dela ikerketa sozial, sanitario eta biomedikoaren aldeko apustua egitea, pertsonen bizi kalitatea hobetzeko xedez.

 

3. Nafarroako Parlamentuak ekitaldi bat eginen du heldu den irailaren 20an, ostirala, 13:00etan, AFAN elkartearen parte-hartzearekin.

 

4. Nafarroako Parlamentuak irailaren 21ean, larunbata, fatxada magenta kolorez argiztatzea erabaki du.

 

- Eledunen Batzarrak ez du onetsi adierazpen instituzional bat egiteko proposamena. Horren arabera, Nafarroako Parlamentuak bere elkartasuna adierazi behar zion Venezuelako herriari. PPN talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

EH Bildu abstenitu egin da, Contigo-Zurekinek aurkako botoa eman du, eta UPNk, PSNk, Geroa Baik, PPNk eta Voxek alde bozkatu dute.

 

Onetsi ez den adierazpen instituzionalak honako hau dio:

1. Nafarroako Foru Parlamentuak, Nafarroako herriaren izenean, bere elkartasuna, gertutasuna eta estimua adierazten dizkio Nafarroako venezuelar diasporari, eta bere egiten du Venezuelaren askatasunaren eta demokraziaren aldeko kausa goresgarria.

 

2. Nafarroako Parlamentua kezkatuta dago lehendakaria hautatzeko hauteskundeen ondotik Venezuelan bizi den egoera dela-eta, gero eta gehiago baitira atxiloketa arbitrarioak eta herritarren aurkako jazarpen etengabea. Horrenbestez, Venezuelako agintariei eskatzen die berehala buka dadin oposizioaren protesta baketsuen aurkako errepresio- eta xaxatze-ekitaldi oro, bai eta atxiloketa arbitrarioak, errepresioa nahiz oposizioko eta gizarte zibileko kideen aurkako indarkeriazko erretorika ere. Halaber, preso politiko guztiak askatzea eskatzen du.

 

3. Nafarroako Foru Parlamentuak Venezuelako agintariei eskatzen die hauteskunde-kontaketaren akta guztiak argitara ditzan, nazioarteko erkidegoak zenbatu ahal izan ditzan. Venezuelako herriaren borondatea errespetatzea da, oraindik ere, Venezuelan demokrazia berrezartzeko eta egungo krisi humanitario eta sozioekonomikoa konpontzeko bide bakarra.

 

- Eledunen Batzarrak ez du onetsi adierazpen instituzional bat egiteko proposamena. Horren arabera, Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egin behar zituen Venezuelako hauteskunde-iruzurra eta Maduro jaunaren tiraniak Venezuelako herriaren aurka darabilen abusua. Vox Nafarroa foru parlamentarien elkarteak aurkeztu du.

 

PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik, eta Contigo-Zurekinek aurka bozkatu dute; UPNk, PPNk eta Voxek, alde.

 

Onetsi ez den adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

1. Nicolás Maduro Morosen erregimen diktatoriala egiten ari den hauteskunde-iruzurra gaitzesten du.

 

2. Askatasuna eta, askatasunaren adierazpen diren aldetik, hauteskunde-emaitzak aldezteko borrokan Venezuelako herriaren aurka baliatzen ari den errepresioa gaitzesten du.

 

3. Venezuelako erregimenari exijitzen dio bozketa-mahai guztietako aktak argitara ditzan, 2024ko uztailaren 28ko hauteskundeetako emaitzak egiaztatu eta baliozkotu ahal izateko.

 

4. José Luis Rodríguez Zapatero lehendakari ohiaren jarduna gaitzesten du, giza eskubideak urratzen dituen eta gizateriaren aurkako krimenak egiten dituen erregimen bat babesten duelako.

Archivos adjuntos

Archivo adjuntoDeclaración Institucional