Noiz argitaratua Asteartea, 2024.eko Irailak 10

Ez da onetsi despopulazioaren aurkako foru-lege bat taxutzeko ponentzia bat sortzea

Lurralde Kohesiorako Batzordeak errefusatu egin du gaur despopulazioaren aurkako foru-lege bat taxutzeko ponentzia bat sortzea. PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek aurka bozkatu dute, eta UPNk, PPNk eta Voxek, berriz, alde.

 

UPN talde parlamentarioaren proposamenak Kontuen Ganberaren txostena zerabilen gogoan. Txosten horren arabera, 166 udalerri daude despopulazio-arriskuan, eta hori dela-eta, "egiturazko nahiz zeharkako neurriak" hartzera premiatzen du, halako moduan non, beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak jarriz gero, arazoa konpontzen lagunduko baitute.

 

Halatan, erakundeen, alderdi politikoen eta kolektibo interesdunen arteko lankidetzarako dei egiten da, "ikuspuntu guztiak" jaso daitezen eta "eraginkortasuna" lor dadin "gure nortasuna bera arriskuan jartzen duen mehatxuari aurre egiteko, hala ekonomiaren, gizartearen eta naturaren arloan nola bizikidetzaren beraren arloan".

 

Bilkuran, zeina PSNko Maite Esporrín andrearen lehendakaritzapean egin baita, honako hauek parte hartu dute: Mario Fabo, Juan Luis Sánchez de Muniáin (UPN talde parlamentarioa), Javier Lecumberri, Inma Jurío (PSN talde parlamentarioa), Mikel Zabaleta, Adolfo Araiz (EH Bildu talde parlamentarioa), Pablo Azcona, Mikel Asiain (Geroa Bai talde parlamentarioa), Irene Royo (PPN talde parlamentarioa), Daniel López (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa) eta Emilio Jiménez (Vox foru parlamentarien elkartea).