Ez da aintzat hartu gizarte ekimeneko ikastetxeen finantzaketa publikoaren araudia aldatzen duen Foru Lege proposamena
Podemos-Ahal Duguk eta EH Bilduk soilik babestu dute I-Eren asmoa, ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeei kontzertuak kentzea gauzatzekoa
Parlamentuaren osoko bilkurak baztertu egin du gaur, Navarra Sumaren, PSNren eta Geroa Bairen aurkako botoekin eta EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldekoekin, 17/2012 Foru Legea, urriaren 19koa, aldatzen duen Foru Lege proposamena aintzat hartzea. Haren bidez, Batxilergoa, erdi mailako heziketa zikloak eta gizarte garantiako programak irakasten dituzten gizarte ekimeneko ikastetxeen finantzaketa publikoa arautzen duen uztailaren 3ko 11/1998 Foru Legea aldatu zen.
Irakurketa bakarrean izapidetuta, Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak sustatutako legeak 3/2020 Lege Organikoaren 84. artikulua gauzatzeko helburua du. Ikasleak arrazoi sozioekonomikoengatik edo bestelako arrazoi batzuengatik bereiztea saihesteko beharrezko neurriak hartzeari buruzkoa da artikulua. Horretarako, xedapen gehigarriaren 3. idatz-zatia kentzea proposatzen da, izan ere, “matrikulatutako ikasleen jarraipena bermatzeko, derrigorrezko hezkuntza-etapak amaitu arte itunak luzatzeko aukera ematen baitu”. Dispentsa horrek Nafarroako Gobernuaren akordio arrazoitua eskatzen du.
Zioen azalpenean, sustatzaileak dio aipatutako dispentsak “Hezkuntza Departamentuarekin hartutako konpromisoa eta araua urratzen” dituela, ikastetxe jakin batzuek Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleak eta irakasleak beren ikasgeletan sexuaren arabera bereizita edukitzea ahalbidetzen baitu.
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Foru Lege proposamena (111. NPAO, 2021-10-01ekoa)