Noiz argitaratua Asteartea, 2019.eko Irailak 24

Euskaltzaindiak bere Mendeurrenaren ospakizunaren itxiera ekitaldira gonbidatu du Nafarroako Parlamentua

Euskaltzaindiak euskararen garapen eta zaintzan egiten duen lana goraipatu du Unai Hualdek, eta bi erakundeen arteko lankidetza mantentzeko borondatea agertu du

Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak, Unai Hualdek, Euskaltzaindiaren ordezkaritza bati harrera egin dio gaur, besteak beste Andrés Iñigo Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariari, Sagrario Aleman diruzain eta Sustapen Batzordeko Lehendakariari, Erramun Osa idazkariordeari eta Patxi Zabaleta Akademiako kideari.

 

Andrés Iñigok azaldu duenez, protokolozko bilkura hau probestu nahi izan dute “datorren urrian Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikin nagusian eginen duten Mendeurrenaren ospakizunaren itxiera ekitaldira Nafarroako Parlamentua gonbidatzeko”.

 

Bestalde, Eusko Legebiltzarrarekin eta Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiako Batzar Nagusiekin batera Parlamentuak burututako hiztegi juridiko-parlamentarioaren unifikazioaren inguruan, Nafarroako Parlamentuan 2020an egingo duten azalpenean laguntzeko, Unai Hualderen esanetara jarri da Euskaltzaindia.

 

Unai Hualdek, berriz, Euskaltzaindiak euskara ikertzeko, garatzeko eta zaintzeko egiten duen lana goraipatu du, eta orain arte bi erakundeek hizkuntza ikustarazteko elkarlanean egindako hezkuntza eta kultur proiektuekin aurrera jarraitzeko asmoa agertu du Hualdek.

 

Euskaltzaindia lau lurralde historikoetako aldundien babesean sortu zen 1919an, euskara zaindu, aztertu, zabaldu, batu eta hobetzeko helburuarekin. 2018ko irailetik mendeurrena ospatzen ari da erakundea, eta urrian Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikin nagusian amaiera emanen diote ospakizunari. Nafarroako Parlamentua Euskaltzaindiaren Mendeurrenaren Ohorezko Patronatua osatzen duten 21 erakundeetako bat da.