Noiz argitaratua Asteazkena, 2023.eko Urriak 25

Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Batzordeak SEI (Servicio Socioeducativo Intercultural) elkartea bisitatu du

Entitateak eskatu du zerbitzu espezializatua sendotu eta oinarrizko laguntza indartu dadila migratzaileen gizarteratze prozesuak hobetzeko eta gatazkei eta bazterkeriari aurrea hartzeko

Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Batzordeak SEI (Servicio Socioeducativo Intercultural) elkartearen instalazioak bisitatu ditu gaur, Geroa Bai talde parlamentarioak eskatuta. Familiak berrelkartzeko prozesuetan eta migrazio doluan lagun egiten espezializatutako zerbitzua da, Iruñerrian migratzaileei laguntza ematen diena.

 

Batzordeko kide hauek joan dira: Ángel Ansa, Iñaki Iriarte (UPN talde parlamentarioa), Irati Jimenez, Javier Arza (EH Bildu talde parlamentarioa), María Solana, Isabel Aranburu (Geroa Bai talde parlamentarioa) eta Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa).

 

Parlamentuko ordezkariei harrera egin diete Maite Ziganda elkarteko koordinatzaileak, elkarteko langileek eta SEIk eskaintzen dituen programetan parte hartzen ari diren gazteek eta amek.

 

Bisitaren helburua, María Solanak adierazi duenez, elkartean ari diren profesionalen lana eta eskaintzen dituzten programak in situ ezagutzea izan da.

 

Maite Zigandak erakundearen historia eta bilakaera azaldu ditu. Herritar batzuen ekimenez eratu zen 1999an, gure komunitatera iritsi berri ziren neska-mutilei hezkuntzaren arloan lagun egiteko premiari erantzunez, eta dagoeneko “zerbitzu espezializatua da, seme-alaba nerabeak dituzten familia migratzaileei lagun egiten diena beren migrazio doluan eta familia berrelkartzeko prozesuan”. Nafarroako Gobernuarekin batera sarean lan egiten du, eta gaur egun 126 boluntario biltzen ditu.

 

Elkartekoek adierazi dutenez, 23 urte daramatzate lanean eta honezkero egiaztatu ahal izan dute “migrazio doluaren eta familia berrelkartzearen prozesuak konplexuak direla eta esku-hartze integrala behar dutela”. Horregatik, entitateak hainbat zerbitzu eta programa eskaintzen ditu, artatutako pertsonen gizarte, familia eta hezkuntza arazoei ekiten dietenak.

 

2023an SEIk 233 familiarekin esku hartu du orain arte, eta 86 familia daude itxaron zerrendan parte hartu ahal izateko. Familia gehienak (179) berrelkartu egin dira edo berrelkartzekoak dira; beste 49 familiak batera migratu dute; eta beste bost pertsona hemen familiarik ez duten adingabeak dira. 

 

Gainera, SEIk badu lege aholkularitzako zerbitzua (557 pertsona aholkatu ditu 2023an), eta oinarrizko laguntzako eta hezkuntzako profesionalei ere eskaintzen die aholkularitza. Elkartearen beste zerbitzu bat prestakuntza da. Profesionalei, ikasleei, guraso elkarteei, gazteei eta gainerako herritarrei eskaintzen die prestakuntza.

 

2020an, SEIk esku hartzeko Nazioz Haraindiko Eredu Ekosistemikoa (MET Process) garatu zuen, hiru fase dituena: harrera, kidetza eta sarrera.  Urte berean, NUPeko I-COMMUNITAS ikerketa institutuak eredua ebaluatu zuen, berrelkartzen ari diren familiei lagun egiteko aplikazioan, eta efizientzia eta eraginkortasun maila handiko emaitzak lortu ziren. Azterketa horretan 51 familiak osatutako ausazko lagina hartu zen. Familia horiek batez beste 13 urte zeramatzaten bananduta, eta kasuen % 92tan amek berrelkartu zuten familia. Ebaluazioak nabarmendu zuen, beste konklusio batzuen artean, SEIn parte hartu zuten familien % 100etan lortu zela familia-ingurunean irautea bermatzea; eta migratutako familietako gazteen eskola-uztea murriztea lortu zela.

 

Horregatik guztiagatik, SEI elkartekoek eskatu dute migratzen duten pertsonek abiaburutik jasaten duten desberdinkeriari heltzeko eta errealitate horren aurrean kalitatezko zerbitzuak garatzeko. “Ez da aintzat hartzen gure lana, Gizarte Zerbitzuen Zorrotik kanpo jarraitzen du, eta Gobernuaren egituran txertatutako zerbitzua ere ez da. Errealitate hori aitortzeak egindako lana aintzat hartzea dakar, are gehiago datuek eta ebaluazioek SEI garatzen ari den ereduaren eraginkortasuna egiaztatzen dutelarik”, azpimarratu du Zigandak.

 

Halaber, Parlamentuari eskatu dio inbertsioak egiten jarrai dezala NUP garatzen ari den lanean, Nafarroan familia immigratuak berrelkartzeko prozesuetarako oinarrizko laguntzako tresnen inplementazioaren inguruan. “Jarraipena izan dezala eta emaitza aplikagarriak izan ditzala, eta horiek ebaluatu daitezela, berariazko esku-hartzeetarako baliabide gehiagoz hornitutako sarea eraikitzen joateko guztien artean”.

 

Migrazioen alderdi anitzeko ezaugarriek “diziplina anitzeko lana” eskatzen dutela nabarmendu dute elkarteko kideek. Haien iritziz, “oinarrizko laguntza sarea indartu egin behar da, zerbitzu espezializatua finkatu, eta sareko lanaren planteamendu eraginkor eta efizientea egin behar da SEIren, Oinarrizko Laguntzaren eta hirugarren sektoreko tokian tokiko beste entitate batzuen artean, familiei berrelkartze prozesuetan laguntzeko”.

 

Hitza hartzeko txandan parlamentariek eskerrak eman dituzte azalpenengatik, eta informazioa bildu dute, beharrezkotzat jotzen dituzten aurrekontu-ekimenak abian jartzeko.