Noiz argitaratua Ostirala, 2024.eko Irailak 13

Estellerriako garapen sozioekonomikoa aztertzeko ponentzian erabaki da agerraldiak, oro har, komunikabideentzat zabalik egotea

Javier Lecumberri sozialistak zuzentzen duen lantaldearen lehenengo saioa hilaren 27an izanen da, agerraldien egutegiari jarraikiz, zeina gai-multzotan banatu baita

Azaroaren 23an eratutako ponentziaren helburua “Estellerriako garapen sozioekonomikoa aztertzea eta hobekuntza-proposamenak ezartzea” zen; bada, gaur adostu da oro har, kide gehienek kontrakoa erabaki ezean, agerraldiak egiteko saioak zabalik egonen direla komunikabideentzat eta ikus-entzunezko baliabideen bidez emanen direla, lehenengo saiotik hasita, zeina irailaren 27an izanen baita.

 

Aurreikusitakoaren arabera, honako hauek bertaratuko dira lehenengo saiora, gonbidatu gisa: Nafarroako Industriaren Elkartea (AIN), Nafarroako Gizarte Ekonomiako Enpresen Elkartea (ANEL), Lizarrako Merinaldeko Enpresen Elkartea (LASEME), Denendako Sarea eta Lizarrako Merindadeko Behatoki Sozioekonomikoa.

 

Onetsitako arauen arabera, agerraldia egiten duten pertsonek gehienez hamabost minutu izanen dituzte ponentziari aurkezpena egiteko, eta ponentziako kideek hamar minutuko txanda izanen dute galderak egiteko edo haien iritzi orokorra finkatzeko, egun horretan agerraldia egin behar duten guztiek aurkezpena amaitutakoan.

 

Agerraldiak gai-multzotan garatuko dira eta eremu hauen arabera multzokatuko dira: gizarte-eremua, tokiko eremua, hezkuntza, osasuna, ekonomia-garapena, lurralde-kohesioa, turismoa nahiz kultura, ingurumena, komunikazioa, eta etxebizitza, gazteria nahiz nekazaritza-politikako eremua.

 

Hasiera batean, bost lansaio egitea aurreikusi da, eta egun bakoitzean bost pertsonak eginen dute agerraldia.

 

Erregelamenduko 64. artikuluaren arabera, ponentziak bere zereginak gauzatuko ditu eskatutako lana amaitu arte eta ponentzia eratzen denetik sei hilabeteko epealdia izanen dute lana amaitzeko eta txosten batean islatzeko; epealdi hori luzatu ahalko da. Ponentziak boto haztatuaren sistemaren bidez hartuko ditu erabaki guztiak. Javier Lecumberri sozialista arduratuko da lanak zuzentzeaz, zeina UPNren abstentzioarekin aukeratu baita.

 

Urri-amaieran eratu zen ponentzia, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Batzordean, UPN, PPN eta Vox alderdien aldeko botoekin, EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin alderdien abstentzioarekin eta PSNren aurkako botoarekin.

 

Zioen azalpenean, UPNk proposatutako ponentziak biztanleen galera eta haien zahartzea aipatu du. Hala, nabarmendu du “arlo soziosanitarioan premiazkoak eta espezifikoak diren politikak” behar direla lurraldearen zaurgarritasuna lehengoratze aldera; izan ere, lurraldeko udalen erdia baino gehiago “behartsu” gisa daude sailkatuta eta udalerri ugarik dute despopulazio-arrisku larria.

 

Horiek horrela, definitutako “estrategiarik” ez dagoenez, parlamentuko talde guztiei eskatu zaie Nafarroako Gobernuarekin eta Merindadeko udal- zein gizarte-sarearekin lankidetzan lan egin dezaten askotariko hobekuntza-ekintzak planteatze aldera.

 

Zehazki, osasun-etxeetako arazo “kronikoari” aurre egiteko eskatu da, larria baita Lizarrako Ospitaleko hainbat espezialitatetan, bai eta adina dela-eta tresna teknologikoetatik urrun dauden herritarrei horiek hurbiltzeko baliabideak ezartzeko ere.

 

Hauexek izan dira Javier Lecumberri (PSN) buru izan duen ponentziako kideak: Miguel Bujanda (UPN), Adolfo Araiz (EH Bildu), Blanca Regúlez (Geroa Bai), Maribel García Malo (PPN), Daniel López (Contigo Zurekin) eta Emilio Jiménez (Vox).