Estatuko Gobernua premiatzen da Kode Zibila aldatzeko lege proiektu bat susta dezan, animaliei buruzko manu guztiak berridazteko
Animalien aurkako tratu-txarrak direla-eta herritarrak kontzientziatzeko kanpaina bat egin dezan eskatzen dio Legebiltzarrak Nafarroako Gobernuari,
Landa Garapenerako eta Ingurumeneko Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur PSN, Geroa Bai eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin, Navarra Sumaren abstentzioarekin eta EH Bilduren aurkako botoarekin (Izquierda-Ezkerra ez da saioan egon), zeinaren bidez Estatuko Gobernua premiatzen baita “Kode Zibila aldatzeko lege proiektu bat susta dezan, animaliei buruzko manu guztiak berridazteko, halako moduan non artikuluetan behar bezala jasoko baita animaliak sentitzen duten izaki bizidunak direla, eta lagun egiteko animaliak, gainera, animalia-mota berezi bat direla, gizakiarekiko duten afektuzko lotura bereziagatik, eta kontsiderazio horren araberako babesa eta tratamendu juridiko egokia emanen baitzaie”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Espainiako Gobernuari eskatzen dio “prozedura Zibilari buruzko urtarrilaren 7ko 1/2000 Legearen 605. artikulua aldatzea susta dezan, lagun egiteko animalien enbargaezintasuna jasotzeko”. EH Bilduk atal honen eta hurrengo hiruen alde bozkatu du.
Bestalde, Estatuko Gobernua premiatzen da “Hipoteka Legearen 111. artikulua aldatzea susta dezan, animalia horiek ere karga horretatik salbuesteko”.
Horrez gain, Estatuko Gobernuari eskatzen zaio “Zigor Kodearen 337. artikulua aldatzea susta dezan, artikulu horretan jasotzen diren delitu-tipoetan sartzen diren animalien definizioa hobetzeko eta tipo objektiboa berrikusteko, jokabide zigorgarriak zabalduz eta aurreikusitako zigorrak handituz.
Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen da “herritarrak animalien aurkako tratu-txarrak direla-eta kontzientziatzeko kanpaina bat egin dezan foru erkidegoko nahiz estatuko gainontzeko erakundeekin koordinatuta, zeinetan halaber eginen baitira informazio-hitzaldiak hezkuntza-mailan, ahal den herritar gehienganaino heltzeko”.
Zioen azalpenean, Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak sustatutako ebazpenak bere ekimena “animaliekiko tratu txarren aurkako salaketa kopuruaren igoeraren” baitan kokatzen du, gero eta ugariagoak baitira elkarteek nahiz partikularrek egindako salaketak, “sentiberatasun soziala legegilearen aurretik doala agerian utziz”. Hori dela eta, legedia berrikus dadin eskatzen du, “animaliak sentitzen duten izaki bizidunak direla onartzeko”.
Ebazpenak Europar Batasuneko Funtzionamendu Itunaren 13. Artikulua aintzat hartzen du, zeinakezartzen duen Europar Batasunak eta Europar Batasuneko estatuek oso gogoan izanen dituztela animalien ongizatearen arloko betekizunak, sentitzen duten izaki diren aldetik.
Sustatzaileak argudiatzen du animaliekiko tratu txarrengatik ezartzen diren epaiak “barregarriak direla”, eta defendatzen du ordezkari politikoen betebeharra dela “gizartea entzutea eta eskatzen duena bultzatzea”, kasu honetan, “animalien eskubideak babestea”.
Pablo Azcona (Geroa Bai) buru izan duen saioan egon dira Miguel Bujanda, Raquel Garbayo, Iñaki Iriarte, Elena Llorente, Isabel Olave, Juan Luis Sánchez de Muniáin (Navarra Suma), Javier Lecumberri, Virginia Magdaleno (PSN), Blanca Regúlez (Geroa Bai), Arantxa Izurdiaga (EH Bildu) eta Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu).
• Mozioa (101. NPAO, 2020-09-25ekoa)